Ostruka
Ostruka (Struthio camelus) gaur egungo hegaztirik handiena da, bi metro eta erdi garaierara iristen da. Afrikako basamortu eta sabana eremuak kolonizatu ditu. Hiru azpiespezie ditu eta Struthio generoaren barnean existitzen diren bi ostruka espezieen artean ugariena da. Bestea ostruka somaliarra (Struthio molybdophanes) da.
Ostruka | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Struthioniformes |
Familia | Struthionidae |
Generoa | Struthio |
Espeziea | Struthio camelus |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Mugimendua | bipedalism (en) |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | ostrich egg (en) , ostrich plume (en) eta ostrich meat (en) |
Masa | 1,5 kg (pisua jaiotzean) arra: 115 kg (helduen pisua) emea: 100 kg (helduen pisua) |
Kumaldiaren tamaina | 7,4 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 42 egun |
Genomaren kokapena | dnazoo.org… |
Ostrukak Ratiteen ondorengoak dira. Ratiteak Kretazeoan edo Tertziarioaren hasieran agertu ziren. Gaur egun Ozeanian aurkitzen dira talde horretako kideak[1]. Ostruka 70 km/h-ko abiaduraz lasterka egiteko gauza da.
Hedapena eta habitata
Afrikako sabana lehor eta sasi lehorretan bizi da[2], beren habitateko tenperatura aldaketa bortitzei eusteko gai baitira: hain zuzen ere, gauean -15°C izaten da inoiz, eta goizean, 45°C. Aurrez Arabiar penintsulan eta Ekialde Hurbilean ere izan ziren ostrukak baina XX. mendearen erdialdera iraungi ziren gehiegizko ehizaren erruz[3].
Populazioen % 90 Hego hemisferioan bizi da; aintzina, Afrikan ez ezik Ekialde Hurbilean ere hedatuta zeuden, ordea. Ekuatoreko lerrotik iparraldera ostruka azpiespezie bakarra bizi da (populazio osoaren % 10) eta galtzeko arriskuan dagoen azpiespezie bakarra da, Ekuatoretik hegoaldera bizi diren gainontzeko azpiespezieak kezka txikiko egoeran baitaude.
Gaur egun mundu zabaleko rantxoetan ere hazten dira ostrukak, bereziki Australian. Herrialde honetan hainbatek ihes egin zuten eta gaur egun ostruka basati multzoak dabiltza hara eta hona Australiako eremu lehorretan[4].
Deskribapena
Tamaina
Ostruka munduko hegazti handiena da. Ar helduak 3 metroko garaierara irits daitezke (batez bestekoa 2,75 m da) eta 63 eta 145 kg arteko pisua izan ohi dute. Masai ostruka azpiespeziea ohiko ostruka baino zerbait handiagoa izan ohi da. Aurkitu den ostruka handienak 156,8 kg pisatu zituen. Arrak emeak baino handiagoak dira[5].
Burua
Ostrukek buru txikia dute gorputzeko gainontzekoarekin konparatuz gero. Begiak oso handiak dira, 50 mm-ko diametroa dute, lurreko ornodunen artean begihandienak dira. Urrutitik harrapariak ikusteko balio diete[6]. Gainaldean estalki bat dute eguzki izpietatik babeten dituena[7]. Buruak 12-14,3 cm baino ez ditu mokoa ere kontutan hartuta[5]. Mokoa zapala eta zabala da eta ertz borobiltsua du[8]. Lepo luze eta fin bat dute. Sexu bietan biluzia da, luma txikien geruza fin bat baino ez duena. Emeen kasuan arrosa kolore argia izaten du eta arren kasuan grisa edo arrosa, azpiespeziearen arabera[9].
Gorputza
Ostruka arren gorputza luma beltzez estalita dago. Hegoetako luma primarioak zuriak dira eta isatseko lumak ere bai. Ostruka emeek eta ar gazteek luma marroi-grisak dituzte. Hego-zabalera 2 metrotakoa izan daiteke. Bularrezura laua da ordea, eta hegaztiek gihar hegalariak txertatzen diren gila hezurra falta du. Horregatik ezin du hegan egin[10].
Hankak
Ostruken hankak luzeak eta sendoak dira. Hegazti gehienek hanka bakoitzean hiru behatz dituzte, baina ostrukek bi baino ez. Behatz luneenean kako itxurako erpe bat dute[11]. Hanka gihartsu horiek korrika egiteko egokituta daude, baita harrapariengandik defendatzeko ere, ostiko gogorrak eman baititzakete. Hegaztien arteko tartso (hankaren azken segmentua) handiena dute, 39-53 cm luzerakoa[5]. Tartso hau ezkatez estaita daukate, ezkata gorriak arren kasuan eta beltzak emearen kasuan.
Elikadura
Belarjalea da, baina ez erabat: izan ere, aditu batzuek orojale gisa sailkatzearen alde agertu dira. Belarrak, fruituak eta sustraiak ez ezik, karraskari txikiak, narrasti eta hegazti txikiak zein sarraskiak ere jaten ditu. Hori bai, haien elikaduraren ehuneko urrian, oinarrizko jakiak belarrak, sustraiak eta zenbait fruitu dira[5].
Ostrukak, hegazti guztiek bezalaxe, ez dauka hortzik eta mihia mugimendu urrikoa da. Horrela, jakia bere mokoarekin eztarriraino mugiarazten du, osoa irensteko. 210 ml inguruko boloa sortzen du eta lepoan zehar arandoira iristen da. Bertan harri txintxarren eta hondar aleen laguntzaz janaria txikitzen du[12].
Hainbat egun biziraun ditzake urik edan gabe, elikagaietan eskuratutakoa, ur metabolikoa eta aireko hezetasunaz baliatzen da horretarako. Deshidratazioz gorputzaren pisuaren %25a galtzea ere onar dezake[13].
Ugalketa
Arrek sexu heldutasuna 2-4 urte artean lortzen dute; emeek, 6 hilabete lehenago.
Araldia maiatzean izaten da, eta garai horretan arren lepo luzea gorrixka jartzen ohi da, testosterona kontuengatik. Garai horretan arrak emeak gorteiatzen saiatzen dira dantza eta mugimendu eder zein arretatsuekin. Ar bat 3-5 emerekin ugaltzeko gai da ugalketa garaian. Arra kabia egiteaz arduratzen da, eta egin ostean, eme nagusiak (3-5 emeetatik nagusi bat hautatzeaz arduratzen da arrak) arrautzak erruten ditu. Egun batzuk pasa ostean, beste emeek (kabia egin duen arrarekin ugaldu direnak) kabi berean arrautzak erruten dituzte.
Inkubazio eta arrautzen zaintzaz arra eta eme nagusia arduratzen dira: gauez, arra eta egunez, emea.
Gauean, inkubazio arduraz jarduten diren ar guztiek beren kabien zaintza eta posizioa uneoro (alternantziarekin) elkarri aldatzen diote inkubazio eta zaintza aktibo eta kolektibo bihurtuta, baina horrek arriskuak ere sorrarazten ditu, besteak beste, kabi batzuk zaintzarik gabe geratzen direlako, horrek dakartzan ondorio latz guztiekin (harraparien hatzaparretan erori edo hotzez hil)[10].
Ostrukak 30-40 urte bitartean bizi dira, baina gatibutasunean 60 urtera hel daitezke. Errekorra 62 urte eta 7 hilabetetan dago[14].
Arrautza
Ostrukaren arrautzak 1-2 kiloko pisua du (24 oilo-arrautzaren parekoa) eta 25 cm luze izaten da: hegazti guztien artean, munduko arrautzarik handiena da. Zuri-horixka da, eta ustez, kolore hori Afrikako sabana lehor eta beroetan ez kiskaltzeko moldaketa ebolutibo berezia da.
Eme bakoitza gai da bere arrautzak habia komun batean bereizteko[15]. Kabi bakoitzak 40 arrautz izaten ditu, eta horietatik 30 bat jaiotzen dira. Txitek jaiotzean 25-30 zentimetro bitarteko garaiera daukate eta 900 gramoko pisua. Beige kolorea izaten dute, orban marroiez apainduak.
Ekologia
Ostrukak handia izan arren harrapari potentzial ugari ditu; gepardoa, lehoia, leopardoa, likaona, hiena pikarta eta Niloko krokodiloa. Hegan egiten ez badu ere lasterkari bikaina da, 70 km/h-ko abiadura har baitezake[16]. Gepardoek abiadura hori gainditzen dute eta arrek talde lanean erasotzen diete. Gauean egiten dute erasoa, ostrukaren ikusmena eskastu egiten dela aprobetxatuz[17]. Joera hau Kalahari aldeko gepardoetan ikusi da, Afrikako beste eremuetan salbuespen kasuak baino ez dira erregistratu. Edozein kasutan harrapariek ostruka ehizatzea ekiditen dute, abiadura azkarra, zelatari bikaina eta ostiko gogorrak ematen dituelako, hala lehoiek[18], leopardoek[19], likaonek...
Azpiespezieak
Ostrukaren lau azpiespezie ezagutzen dira, baina bat galduta dago jadanik.
- Struthio camelus camelus, Ipar Afrikan: Etiopiatik Sudanera eta Senegaldik Mauritaniara azpiespezietik handiena da: 2,74 metro eta 154 kilo.
- Struthio camelus australis, Hegoafrikan, Zambezi eta Cunene ibaiak bitartean.
- Struthio camelus massaicus, Ekialdeko Afrikan: Kenya, Tanzania, Etiopia eta Somalia.
- Struthio camelus syriacus, galdua (1966)
Bosgarren azpiespezie bat ere izan zen, Struthio camelus molybdophanes, hego Etiopian, ipar Kenyan eta Somalian. 2000. urtetik aurrera espezie desberdindua kontsideratzen da, ostruka somaliarra (Struthio molybdophanes)
Iparraldekoa (S. c. camelus) | Hegoaldekoa (S. c. australis) | Ekialdekoa (S. c. massaicus) | Arabiakoa (†) (S. c. syriacus) |
---|---|---|---|
Ostruka eta gizakia
Iruditeria
Duela 5.000 urteko kulturetan (Mesopotamia, Egipto) dagoeneko agertzen dira ostruken irudiak[20]. Bitartean Kalahariko ehiztari-biltzaileek ostruka arrautzak erabili zituzten ura gordetzeko, goikaldean zulo bat eginda. Irudiak grabatuta dituzten arrautzak aurkitu dira[21]. Kristautasunak ere hartu zen ostrukaren arrautzaren irudia.
Jarduera ekonomikoa
Erromatarren garaian ostrukak hazten ziren haien arrautzak eta lumak oso preziatuak bihurtu baitziren. Lumak oso erabiliak izan ziren hurrengo mendeetan ere kapelatako apaigarri gisa, goren klasetako agintari eta nobleetan bereziki, eta XVIII. mendean ia iraungi zen. XIX. mendean berriz hasi ziren ostrukak hazten lumak ekoizteko. XX. mendean 700.000 ostruka zeuden haztegietan mundu mailan ondorioz Lehen Mundu Gerran merkatua kolapsatu egin zen. 1970. hamarkadan haragitarako eta larruazala eskuratzeko berrekin zitzaion ostrukak hazteari.
Afrikan ohikoa da ostruka lasterketak egitea, gainerako tokietan zaldi lasterketak egiten diren antzera[22].
Erasoak eta uste okerrak
Ostrukak arriskua somatzen dutenean burua hareatan ezkutatzen duten ideia oso okerra da. Plinio Zaharraren idatzi batetatik sortu zen ideia hori. Ostrukak burua hareatan sartzen badu arandoirako harri txintxarrak eta hondar ale sendoak eskuratzeko izaten da[23], edota arrautzak jartzeko habia egiten ari delako. Orokorrean gizakiarengandik ihes egiten du, harraparitzat hartzen baitu, baina ihesbide gabe aurkitzen bada ostiko gogorrak eman ditzake. Berdin gertatzen da kumeak edo bere lurraldea zaindu behar badu ere[24].
Gizakiek hazitako ostrukek maiz egiten dizkiete gorteiatzen dantzak haien hazitzaileei eta ez ondoko ostrukei[25].
Erreferentziak
- (Ingelesez) Yuri, Tamaki; Kimball, Rebecca T.; Harshman, John; Bowie, Rauri C. K.; Braun, Michael J.; Chojnowski, Jena L.; Han, Kin-Lan; Hackett, Shannon J. et al.. (2013-03). «Parsimony and Model-Based Analyses of Indels in Avian Nuclear Genes Reveal Congruent and Incongruent Phylogenetic Signals» Biology 2 (1): 419–444. doi: . (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- (Ingelesez) Donegan, Keenan. «Struthio camelus (ostrich)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- (Ingelesez) «The Bitter Fate of Ostriches in the Wild» Haaretz (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- (Ingelesez) «The outback ostriches — Australia's loneliest birds» ABC News 2018-09-01 (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- Grzimek, Bernhard. (©2003-©2004). Grzimek's animal life encyclopedia.. (2nd ed. argitaraldia) Gale ISBN 0-7876-5362-4. PMC 49260053. (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- Brown, Leslie. (1982-<c1997>). The birds of Africa. Academic Press ISBN 0-12-137301-0. PMC 8982298. (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- (Ingelesez) Martin, Graham R.; Katzir, Gadi. (2000). «Sun Shades and Eye Size in Birds» Brain, Behavior and Evolution 56 (6): 340–344. doi: . ISSN 0006-8977. PMID 11326139. (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- (Ingelesez) Gilman, Daniel Coit; Peck, Harry Thurston; Colby, Frank Moore. (1903). The New International Encyclopædia. Dodd, Mead (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- None. (2003). Firefly encyclopedia of birds. Buffalo, N.Y. : Firefly Books ISBN 978-1-55297-777-4. (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- Nell, Leon. (2003). The Garden Route and Little Karoo. Struik Publishers ISBN 1-86872-856-0. PMC 52784006. (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- «Bird Claws or Nails» www.thewonderofbirds.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
- Firefly encyclopedia of birds. Firefly Books 2003 ISBN 1-55297-777-3. PMC 51922852. (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- The illustrated encyclopedia of birds : the definitive reference to birds of the world. Barnes & Noble Books 1996 ISBN 0-7607-0152-0. PMC 36063602. (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- Wood, Gerald L.. (1982). The Guinness book of animal facts and feats. (3rd ed. argitaraldia) Guinness Superlatives ISBN 0-85112-235-3. PMC 9852754. (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- (Ingelesez) Bertram, Brian C. R.. (1979-05). «Ostriches recognise their own eggs and discard others» Nature 279 (5710): 233–234. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- «Ostrich: The Animal Files» www.theanimalfiles.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- Mills, M. G. L. eta Margie Mills. (2017). Kalahari cheetahs: adaptations to an arid region. Oxford University Press.
- (Ingelesez) Hayward, Matt W.; Kerley, Graham I. H.. (2005). «Prey preferences of the lion (Panthera leo)» Journal of Zoology 267 (3): 309–322. doi: . ISSN 1469-7998. (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- (Ingelesez) Hayward, M. W.; Henschel, P.; O'Brien, J.; Hofmeyr, M.; Balme, G.; Kerley, G. I. H.. (2006). «Prey preferences of the leopard (Panthera pardus)» Journal of Zoology 270 (2): 298–313. doi: . ISSN 1469-7998. (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- Thompson, Dorothy Burr. (1955-07-01). «A Portrait of Arsinoe Philadelphos» American Journal of Archaeology 59 (3): 199–206. doi: . ISSN 0002-9114. (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- Laufer, Berthold. (1926). Ostrich egg-shell cups of Mesopotamia and the ostrich in ancient and modern times. Chicago: Field Museum of Natural History (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- (Ingelesez) «Ostrich Riding South Africa» SouthAfrica.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- Ekesbo, Ingvar. (2011). Farm animal behaviour : characteristics for assessment of health and welfare. CABI ISBN 978-1-84593-770-6. PMC 647218097. (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- Coyne, Jerry A.. (2010). Why evolution is true. ISBN 978-0-670-02053-9. PMC 233549529. (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
- (Ingelesez) Ostriches 'flirt with farmers'. 2003-03-09 (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
Kanpo estekak
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: ostruka . |
- (Ingelesez) Internet Bird Collection - Argazkiak eta Bideoak