Oskorri

Oskorri euskarazko folk musika talde bat izan zen, 1971n sortua eta, Euskal Herrian jardunean urte gehien eman zuena izan ondoren, 2015eko azaroaren 22an desegina.[1] Euskal Herriko herri musikaren sustraia hartuta, mundu zabaleko instrumentuak eta musikak txertatu zizkion. Hasiera zailak izan zituzten: oztopo izan zituzten, alde batetik, frankismoak letrei ezarritako zentsura; eta, bestetik, ETAk Oskorriren aurka egindako atentatu saioak eta Oskorriri espainolista izatea leporatzen zioten sektore abertzale batzuen jarduna.[2] Aurrera egin zuten, ordea, eta Euskal Herriko talde garrantzitsuenetakoa bihurtu zen Oskorri, hainbat belaunaldirentzako erreferentzia. 40 urtetik gorako ibilbide luze horretan, hainbat kide eta kolaborazio izan zituen taldeak, baina beti Oskorriko kide izan ziren Natxo de Felipe, Anton Latxa eta Bixente Martinez (lehena hasiera-hasieratik, beste biak gerotxoagotik). 2015eko ekainean, iragarri zuten taldea desegingo zela irailetik azarora bitartean agurreko zazpi kontzertu eman eta gero.[3]

Artikulu hau euskal folk musika taldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Oskorri (laino)».
Oskorri
Xabier Zeberio, Natxo de Felipe eta Iñigo Egia, kontzertuan, 2008an.
Datuak
JatorriaEuskal Herria
Musika motaFolk
Urteak1971 - 2015
Produkzioa
Diskoetxea(k)CBS, Xoxoa, Elkar
Taldekideak

Informazio gehigarria
oskorri.com
Badok: oskorri Spotify: 4gmiT7yNuaHkQIAVTXPGwP iTunes: 188232651 Musicbrainz: 5fc32874-8c64-4183-9077-258a62f8397e Discogs: 1678755 Allmusic: mn0001269597 Musikasten: oskorri Edit the value on Wikidata

Historia

Hasiera zailak

Oskorri 1971n sortu zen, Deustuko Unibertsitatean emandako kantaldi baten harira. Natxo de Felipe da garai hartatik taldean jarraitzen duen kide bakarra. Oskorri izena Gabriel Arestirekin batera sortutako Oskorri gaitz lehen ikuskizunetik dator. Ikuskizun hori erdi klandestinoa zen, eta oso leku gutxitan eman zuten. Oskorri sortzerakoan musika eta antzerkia uztartu nahi zituen egitasmoa zuten buruan. Nahiz eta beti ere jarraitua eta emankorra izan den taldeak antzerkigintzarekin eduki duen harremana, musika talde bilakatu zen handik bi urtera Oskorri.

Taldea sortu eta bi urtera, lehen aldaketa sakonak gertatu ziren. De Felipek, bakarrik geratu, eta musikari berriekin osatu zuen taldea. Batez ere, txikitatik ezagutzen zuen Anton Latxa (gitarra akustikoa eta ahotsa) eta Eibar aldeko (Gipuzkoa) gitarra jotzaile gazte bat, Bixente Martinez (gitarra elektrikoa, mandolina, bouzukia...; Izukaitz), bilakatu ziren Oskorriko kide berriak. Polin Gurrea (flauta, klarinetea eta saxofoia) eta Zenaida Biurrunekin batera (biolina) taldea osatu eta grabatu zuten lehen lana, Gabriel Arestiren Omenez (CBS, 1976).

Aspaldikoa zen Natxo de Feliperen eta Gabriel Arestiren arteko harremana. Bartzelonan ezagutu zuten elkar, 1969an, eta gero Oskorriren sortzailea "Poetaren hitzak" musikatzen hasi zen. Arestiren eraginez hasi zen De Felipe herri musika ikertzen, eta idazleak antzerkiari zion zaletasunak zerikusi handia eduki zuen taldearen hasierako asmoekin. Ez da harritzekoa Oskorriren lehen diskoa, beraz, hil berria zen idazle bilbotarraren omenezkoa izatea.

Oskorri, 1977an: Natxo de Felipe, Bixente Martinez, Karlos Gimenez, Anton Latxa eta Santi Gimenez.

Diskoaren egitasmoa asko atzeratu zen, zentsurarekin zituzten arazoak zirela medio. Dena dela, disko luzea kaleratu baino lehen, bi single plazaratu zituzten; batean, "Aita-semeak", taldearen lehen kantu ezaguna, eta "Gosetea" agertzen ziren (CBS, 1975); bestean, "Egia da" eta "Anaitasuna" (CBS, 1976). Bi single horiek lortutako erantzunari esker kaleratu zuten disko luzea. Diskoaren zabalkunde irregularrak eta taldeari eusko abertzaleen sektore batzuek espainolista izatea leporatzen ziotela-eta izandako gorabeherek (atentatu saioak, boikota, txistuak)[4] diskoaren oihartzuna mugatu bazuten ere, bertako kantu batzuk klasiko bilakatu dira Oskorriren kantutegian: "Gora ta gora beti", "Astoarena"...

Bigarren diskoa ere idazle bati, Mosen Bernart Etxepareri, eskainitako monografikoa gertatu zen. Mosen Bernat Etxepare 1545 (CBS, 1977) grabatzeko, aldaketak gertatu ziren taldean. Musikalitate landuagoa lortzeko asmoz, Karlos Gimenez (pianoa) eta Santi Gimenez (saxofoia) aritu ziren oinarrizko hirukoarekin (De Felipe, Martinez, Latxa) lanean. Elkarlan horrek, ordea, ez zuen luze iraun, diskoa kaleratu eta zuzeneko hainbat emanaldi egin eta gero Gimenez anaiek taldea utzi baitzuten eta Klabelin Komik osatu. Ondoren, bi disko grabatu zituzten Imanol kantariarekin: Sentimentuen hauspoz eta Jo ezan.

Poeten letretatik, kantu tradizionaletara eta arrakastara

Hurrengo diskoa, Oskorri (Xoxoa, 1979), funtsezkoa gertatu zen taldearen bilakaerarako. Alde batetik, ordu arteko diskoetan poeten kantuak musikatzeaz arduratu baziren ere, hirugarren honetan kantu eta doinu tradizionalen bertsio berritzaileak agertu ziren, askotan instrumentalak. Orduz geroztik ildo musikal hori Oskorriren jardunaren ezaugarri nagusietakoa bilakatu zen. Gainera, errekonozimendu publikoaren garaia iritsi zen. Besteak beste, urte horretako Durangoko Azokako disko onenaren saria jaso zuen. Azkenik, taldearen nortasun musikalaren definizioa markatu zuen diskoa ere bada. Latxa, De Felipe eta Martinez ziren taldearen motorra, eta haien arteko kimika musikalaren emaitza ere bazen, disko sosegatu, biluzi eta esanguratsua.

Bixente Martinez taldea utzita Izukaitzera joan bazen ere, taldearen arrakasta geldiezina zen. Polin Gurrea (saxofoia, flautak), Aingeru Bergizes (baxua) eta Jose Manuel Cacho (biolina) sartu ziren taldean Plazarik plaza (Xoxoa, 1980) grabatzeko. Arrakasta masiboaren diskoa da. Oskorri Euskal Herriko talderik ezagunenetakoa zen, bai hemen eta bai atzerrian. 1978an egin zituzten lehen emanaldiak Alemanian eta Frantzian. Handik aurrera taldearen sonoritatearen hainbat ezaugarri nagusi agertu ziren harribitxiz betetako disko horretan. "Gaztelugatxe", "Violetaren martxa", "Furra furra"... bezalakoetan agerian daude balada gozoak zein dantzarako kantu arinak egiteko gaitasuna, ironia eta umorearen erabilera kritikoa, folklorearen irakurketa berritzailea eta tresna elektrikoek jantzitako sonoritate gehienbat akustikoa.

Izukaitzekin bi urte eman ondoren, Oskorrira bueltatu zen Bixente Martinez (Hiru Truku, Igelaren Banda), eta harekin Fran Lasuen biolin jotzailea ere (Izukaitz, Eguen Banda, Fran Lasuen eta Eskuadra Zarra). Haiekin eta Txarli de Pablo (baxua) eta Polin Gurrearekin osatuko da Oskorriren formaziorik klasikoena. Ehunka emanaldi eta zortzi disko izan ziren 80ko hamarkadaren uzta. Taldeak sari ugari jaso eta emanaldi ugari egin zituen Euskal Herritik kanpora.

1980ko hamarkada: goia jotzen

Zentsurak debekatutako hainbat kantuz osatutako Natxo de Felipe... eta Oskorri sortu zen diskoa (Xoxoa, 1981) kaleratuz hasi zuten hamarkada. Ondoren etorri zen taldekideen ustez Oskorriren ordu arteko lanik biribil eta landuena, Adio Kattalina (Elkar, 1982). Plazarik plazaren jarraipen zuzena da disko hori: balada goxoak ("Euskal Herrian Euskaraz", "Nafarroa") eta kantu dantzagarriak ("Gu gaituzu Oskorri", "Kalera noa ihesi"). Baina formulak horretan eman zuen bere fruiturik dirdiratsuena. Arrakasta handia gertatu zen diskoa: 15.000 ale saldu zituzten, kopuru bikaina garai hartako euskal talde batentzat. Ildo berekoak dira hurrengo disko gehienak; handik aurrera bada Oskorri identifikatzen duen musika ulertzeko modu bat.

Taldeak Europan zuen arrakastaren seinale da hurrengo diskoa, Alemanian euskaraz (Elkar, 1984). Berez, Alemaniako Folk Freak-Pläna diskoetxeak Europara begira kaleratutako bilduma baten Euskal Herrirako edizioa zen. Diskoan, Oskorriren kanturik ezagunenetako batzuen bertsio berrituak agertu ziren, eta arrakasta lagun izan zuten Euskal Herrian ere. Hamarkada hartako diskoetan daude taldearen kanturik ezagunenetako batzuk ("Kattalin", "Hau da debilidadea", "Irlandar abiadorea"...). Idazle ezagunen hitzak musikatzeaz gain (Sarrionandia, Aresti, Izagirre, Mirande, Joxe Austin Arrieta...), gero eta gehiago lan egiten hasi ziren bertsolariekin, hala nola Xabier Amuriza eta Jon Sarasuarekin, alde batera utzi gabe bertsolaritzaren altxorretatik jasotako koplak eta bertso askotan anonimoak. Kantuen hitzak izugarri zaintzea izan da Oskorriren beste ezaugarrietako bat hasieratik.

Urte hauetan ez da diskoetan bakarrik garatzen Oskorriren lan musikala. Besteak beste, Kalabaza tripontzia (Juanba Berasategi, 1985) marrazki bizidunetako lehen euskal film luzerako musika osatu zuten. Horretaz gain, Maskarada antzerki taldearen bi lanetako musika ere ondu zuten: Marc Legasseren Gastibeltzaren karabinak (1985) eta Arestiren inguruan osatutako Harrizko Aresti hau (1986). Horretaz gain, beste hainbat egitasmotan ere parte hartu zuten, bai talde gisara eta bai bakoitzak bere aldetik.

Oskorrik 15 urte betetzen zituela-eta, bi emanaldi berezi egin zituen Bilboko Arriaga antzokian 1987ko martxoaren 21 eta 22an. Emanaldi horien grabazioetatik sortu zen taldearen zuzeneko lehen diskoa: Hamabost urte... eta gero hau (Elkar, 1987). Taldearen emanaldietan lortzen zen berotasunaren lekuko zuzena da. Urte hartan bertan sortu zen handik hiru urtera gauzatu zen beste egitasmo garrantzitsu bat, Oskorriren kantutegia liburu bakarrean biltzea: Ehun ta hamaikatxo kantu[5] (Elkar, 1990).

Herri musikaren ikerketa eta 25. urteurrena

Herri musikaren inguruko ikerketa lana izan da taldearen beste ezaugarri nagusietako bat. Hi ere dantzari (Elkar, 1991) izan zen alor horretako lehen lan monografikoa. Disko horretan, Euskal Herriko 17 dantza ezagunen bertsioak egin zituzten. Ez zen bakarra izan: Katuen testamentua (Elkar, 1993) bizkaierazko haur kantutegiaren errepaso eder eta freskoa gertatu zen. Disko horrek, gainera, haur musikaren bidea zabaldu zion, handik aurrera taldearen lan eremua gertatuko zena. Ildo horren hurrengo aleak izan ziren Marijane kanta zan! (Elkar, 1997), Marijane Minaberrik idatzitako testuekin egindako kantuez osatutakoa, eta Doktor Do Re Mi eta Benedizebra (Elkar, 2005) Gipuzkoako haur kantuz betea.

2008n, Bilboko Musika Bandarekin emandako kontzertuaren ostean.

Taldearen 25. urtemuga ospatzeko 1996an Getxoko Folk Jaialdiko egitarauaren barnean egindako emanaldi entzutetsua izan zen taldearen unerik azpimarragarrienetakoa. Euskal Herriko (Joseba Tapia, Mikel Laboa, Fermin Muguruza, Ruper Ordorika...) zein atzerriko (Martin Carthy, Liam O'Flynn, Gabriel Yacoub, Anton Reixa...) hainbat musikariren laguntzarekin, bere kantagintzari begiratu bat eman zioten; gerora, ikuskizuna telebistarako saio eta disko bikoitz bilakatuko zen: 25 kantu-urte (Elkar 1997). Oskorriren lanik arrakastatsuena da, ziurrenik.

Hurrengo urtean sortu zen aurrera begira Oskorriren beste lan ildo ezagun bilakatuko zena: Oskorri & The Pub Ibiltaria, urtero San Tomas egunean Bilboko Areatzan gertatzen den taldearen eta entzuleen arteko kantu festa, diskora eramana. 2009ko maiatzean 13. aleaz amaitutako bilduma horrek begiratu ederra ematen dio euskal kantutegiari.

XXI. mendean ere, eboluzio etengabean

Lehengo ildoko hainbat diskoren ondoren —Ura (Elkar, 2000), Vizcayatik... Bizkaiara (Elkar, 2001)—, taldean izandako eboluzio etengabearen erakusgarritzat jo daiteke Desertore (Elkar, 2003). Alde batetik, hiru musikari gazte sartu ziren taldean: Iñigo Egia, Gorka Eskauriaza eta Iker Goenaga. Idazle gazteen hitzak dira nagusi: Jon Maia, Maialen Lujanbio, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga... Eta haustura musikal handirik ez badakar ere, nabaria da sonoritate sendoago baten bilakaera, alde batera utzi gabe, noski, taldearen ezaugarri nagusia, alegia, akustikotasuna. Diskoa World Music Chart Europe izeneko "munduko musiken" hileroko zerrenda ezagunean 20. lekura iritsi zen 2004ko otsailean. Ohikoa da Oskorriren izena Europako folk jaialdien zirkuituan.

Banda band (Elkar, 2007) taldearen 35. urtemuga ospatzeko taldeak kaleratutako 33. diskoa da. Berriro ere zuzeneko emanaldi bat, eta berriro ere Arriaga antzokian. Bilboko Udal Bandarekin batera grabatutako disko horretan, herri musika ulertzeko bi modu uztartzen dira: modu herrikoia eta modu akademikoa. Kantuei dagokienez, 25. urtemugako ospakizunetik kanpo geratutako taldearen hainbat kantu historiko berreskuratu zituzten.

2015eko azaroaren 22an Arriaga antzokian (Bilbo, Bizkaia) azken agurreko kontzertua eman zuen.

Diskografia

Singleak

  • Aita Semeak / Gosetea (1975, CBS) - bi kanta
  • Egia da / Anaitasuna (1976, CBS) - bi kanta

Diskoak

  1. Gabriel Arestiren oroimenez (1976, CBS)
  2. Mosen Bernat Etxepare 1545 (1977, CBS)
  3. Oskorri (1979, Xoxoa)
  4. Plazarik plaza (1980, Xoxoa)
  5. Natxo de Felipe... eta Oskorri sortu zen (1981, Xoxoa)
  6. Adio Kattalina (1982, Elkar)
  7. Alemanian euskaraz (1984, Elkar)
  8. Hau hermosurie (1984, Elkar)
  9. In fraganti (1986, Elkar)
  10. Hamabost urte eta gero hau (1987, Elkar)
  11. Datorrena datorrela (1989, Elkar)
  12. Oskorri, ehun ta hamaikatxo kantu (1990, Elkar)
  13. Hi ere dantzari (1991, Elkar)
  14. Badok 13 (1992, Elkar)
  15. Katuen testamentua (1993, Elkar)
    Behean landalan diskoaren iragarkia, (Egunkaria, 1996-02-23)
  16. Landalan (1995, Elkar). Maskarada antzerki taldearekin egiten zituzten kontzertuak
  17. 25 kantu-urte (1996, Elkar) - zuzenean
  18. Marijane kanta zan! (1997, Elkar)
  19. Iparragirre bueltan etxera (1999, Elkar)
  20. Ura (2000, Elkar)
  21. Vizcayatik... Bizkaiara (2001, Elkar)
  22. Desertore (2003, Elkar)
  23. Ekidazu (2003, Elkar)
  24. Doktor Do Re Mi eta Benedizebra (2005, Elkar)
  25. Doktor Do Re Mi Euskal Herrian (2006, Elkar)
  26. Banda band (2007, Elkar)
  27. Dantza kontra dantza (2011, Elkar)
  28. Hauxe da despedidia (2016, Elkar)
  29. Antzinako bitxikeria ineditoak (1971-2002) (2016, Elkar)

Pub Ibiltariak

Pub Ibiltaria diskoak, entzuleen laguntzaz zuzenean San Tomas egunean grabatutako diskoak. Hamahiru ale atera zituzten guztira serie horretan, 1996tik 2008ra.

Kolaborazioak

  • Bai euskarari (1978, Euskaltzaindia)
  • Iparragirre, zure oroiz (1981, Xoxoa)
  • Nafarroa Oinez 90 (1990)

Abestiak

  • Oskorri taldearen abestiei buruzko artikuluen zerrenda

Erreferentziak

  1. Iñigo Astiz: «Gu gintuzun Oskorri», Berria, 2015-11-22.
  2. Iñigo Astiz: «Natxo de Felipe, musikaria: "Handiagoak dira kontatzeko ditugunak kontatutakoak baino"», Berria, 2013-04-05.
  3. Igor Susaeta: «Ikurretako baten agurra», Berria, 2015-06-16.
  4. Xabier Mendiguren Elizegi: «Gabriel, Natxo, Oskorri», Nire uste harroan bloga, 2015-06-28.
  5. Ehun ta hamaikatxo kantu. Elkar, 304 or. ISBN 84-7529-919-9..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.