Oskarbi
Oskarbi euskal musikagintzan diharduen Gipuzkoako talde bat da. Herri kantutegia eta musika harmonikoa oinarri hartuta, 1960ko hamarkadatik aurrera bide berriak urratu zituen Oskarbik: jazza, gospela eta doinu berritzaileak euskal tradizioarekin uztartuz. Koldo Romero Eskamendik zuzendurik, Ez Dok Amairun parte hartu zuen taldeak, eta harreman estua izan zuen Bitoriano Gandiaga idazlearekin eta Jorge Oteiza eskultorearekin. "Esperantzari leiho bat" abesti ezagunaren egilea da taldea.
Oskarbi | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Gipuzkoa |
Musika mota | herri kanta |
Urteak | 1966 - |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Herri Gogoa, Elkar |
Taldekideak | |
Maite Aizkorreta Beronik Ondikola Bakartxo Maritxalar Iñaki Maritxalar Karlos Ruiz Joana Ortega Gontzal Iñarra Diego de Vera Maite Irusta Maite Lopez de Arbina Itziar Jauregi Lara Mitxelena Manex Iñigo Ibabe | |
Lehengo taldekideak | |
Jose Luis Treku Kepa Garbizu Karmelo Arren Maite Aizkorreta Mari Jose Fernandez Itziar Maritxalar Koldo Romero Antton Valverde Agustina Pontesta Elixabete Urreta Iñaki Zabaleta Beronik Ordikola Gontzal Iñarra Maria Jose Bergara Maialen Maritxalar Beñat Ruiz | |
![]() ![]() |
Partaideak
Hamabost bat lagun pasatu ziren Oskarbitik. Taldearen azken osaera honako hau izan zen: Iñaki Maritxalar, Jose Luis Treku, Beronik Ondikola, Bakartxo Maritxalar, Maite Aizkorreta, Karlos Ruiz eta Gontzal Iñarra. Horrez gain, Oskarbiren ibilbide luzean beste hainbat musikari pasatu ziren taldetik: Mari Jose Fernandez, Kepa Garbizu, Karmelo Arren, Elixabete Urreta, Antton Valverde...
Estiloa
Ahots harmoniak ziren Oskarbiren ardatza. Taldeak "euskal jazza" delako musika egiten zuen: jazzaren, gospelaren eta 60-70eko hamarkadetako joera berritzaileen arteko nahasketa berezia. Ez zituzten partiturak estu errespetatzen, eta ahotsak modu espontaneo batez integratzen saiatzen ziren. Herri kantutegia eta taldeak berak sortzen zituen abestiak ziren haien musikaren oinarri nagusia. Euskal tradizioari modernitatea erantsi nahi zion Oskarbik. Jose Luis Treku taldekideak agertu zuenez, "Azkueren eta Aita Donostiaren kantuak hartu eta geure erara ikasi eta moldatzen genituen, eta guk geuk ere jasotzen genituen hainbat herritan. Baina horietaz gain, guk ere abesti berriak egiten genituen poeten hitzekin".[1]
Orduko euskal kulturan gertatzen ari ziren aldaketa garrantzitsuetan partaide zen taldea; hala ere, kantuak ez ziren momentuko egoerari erantzuteko sortuak.
Koldo Romerok honela azaldu zuen: "Guk ez dugu zirkunstantzia bati, edo momentu koiuntural bati bakarrik erantzungo dion abestirik egiten. Bapateko horiek, sarritan, bere eragina gogoan hartuz ere, berehala igarotzen dira, modatik pasatzen. Jakineko une bati ez ezik, gure herriaren norabideari erantzunaz jokatu nahi dugu. Abeslariaren eta herriaren artean etenik sortu gabe".[2]
Abestien hitzak
Hitzei dagokienez, Bitoriano Gandiaga, Joxan Artze eta Xabier Leteren olerki asko musikatu zituen taldeak. Horiez gain, Jorge Oteizak ere eragin handia izan zuen taldean; hark egin zituen Oskarbiren ikurra eta lehen disko txikiaren azala.
Historia
Sorrera eta lehenengo diskoa (1966-1969)
Oskarbi taldea 1966. urtearen hasieran sortu zen. Don Bosco haur abesbatzan ibilitako hainbat kidek talde berria egitea erabaki zuten. Berehala dezenteko sona lortu zuten. Baina hasierako hilabeteetan ez zuten zuzendaritza musikalik, eta zeregin horretarako Don Bosco abesbatzan ezagututako Koldo Romero gonbidatu zuten.
1968an, Eibarko San Joan jaietan Radio Juventud-ek antolatutako Primer Premio de Intérpretes de la Canción en Euskara-Gran Premio de Eibar lehiaketan euskal kantuaren lehen saria irabazi zuen taldeen atalean, Koldo Romerok sortutako "Gazteak gera" doinuarekin. Hala ere, kantuak ez zuen zentsuraren galbahea pasatu, eta ezin izan zuten grabatu. Hurrengo urtean, taldeak lehen disko txikia eman zuen argitara. Kantutegietatik hartutako lau abestik osatzen zuten, baina molde gaztea eta berritzailea emanez. Diskoa Urnietako Salestarren ikastetxean grabatu zuten, Bartzelonako talde tekniko baten laguntzaz. Herri Gogoa diskoetxeak eman zuen argitara.
Urte horietan, Ez Dok Amairu mugimenduan murgildu zen Oskarbi. Taldearekin hainbat emanaldi egin zituzten, eta Baga, Biga, Higa sentikarian bete-betean hartu zuten parte.
Bigarren diskoa (1970-1971)
Bigarren diskoa Bartzelonan grabatu zuten, Lluis Llach eta Joan Manuel Serraten estudioko musikariekin: Abesti zaharrak eta berriak (Herri Gogoa, 1970). Baliabideak hobeak izan ziren, eta, abesti zaharrez gainera, taldearen hiru abesti sartu zituzten: "Ni bizi naizen lurrean", "Txori txikiak" eta "Iru gabean".
Hirugarren diskoa (1972-1974)
Horren ondotik, taldeak hainbat aldaketa izan zituen. Batzuek, soldaduskara joan behar izan zuten; beste batzuk, ezkondu egin ziren. Hala ere, Oskarbik bizirik segitu zuen. Hirugarren diskoa, Eskutari (Herri Gogoa, 1972), Donostian grabatu zuten, Iñaki Beobidek zabaldutako estudioan, eta teknologia berriak baliatu zituzten: moog gailuaren erabilera izan zen berrikuntzarik handiena. Diskoan Koldo Romerok sortutako lau kantu zeuden: "Andro kanto", "Kezka", "Eskutari" eta "Bai, bai bainan gero ez".
Laugarren eta bostgarren diskoak (1975-2003)
1975. urtean bi disko batera argitaratu zituzten: Olentzero eta Hitz urri batzuk, biak Herri Gogoarekin. Lehena, gabon kantuz osatutako lana zen. Bigarrena, berriz, orduko egoera politikoaren ispilu garbia. Horretan dago "Esperantzari leiho bat" abestia, Bitoriano Gandiagak idatzitako hitzekin osatua eta taldearen ikur bihurtuko zena. Kantu horrekin bukatzen baitziren Oskarbiren emanaldiak.
1977an Koldo Romerok Oskarbi utzi zuen, baina taldeak iraun egin zuen. 1980an taldearen azken disko ofiziala agertu zen, Euskara eta txakolina (Elkar), eta 1984. urtean taldearen agurra iritsi zen, 400dik gora emanaldi eskaini ondoren. Hortik aurrera, Oskarbik oso tarteka eskaini ditu emanaldiak, ekitaldi berezietan, hala nola Gandiagari eta Oteizari eskainitako omenaldietan.
Antokogiako diskoa eta beste kontzertu batzuk (2004-)
Oskarbiren antologia bat argitaratu zuen Elkar diskoetxeak 2004. urtean: Esperantzari leiho bat, bi diskoz osatutako bilduma. Bertan, sekula grabatu gabeko sei kantu agertzen ziren: "Ez dakit zergatik", "Andre nobia", "Mutil txaleko gorria", "Lua lua", "Ez zaude bakarrik" eta "Elizara dihoa". Horrez gain, 1976an argitaraturiko Olentzero diskoko kantuak konpaktu formatuan berrargitaratu ziren 2008an, eta beste bost kantu grabatu berriak erantsi zizkieten: Olentzero (Elkar, 2008). Honen ondoren ere disko berriak atera dituzte.
Oteizaren hutsunetik, Gandiagaren hitzetara tituludun kontzertua antolatu zuten 2019an, Oteizak Arantzazuko proiektua amaitu zueneko 50. urteurrena ospatzeko.[3]
Diskografia
- Oskarbi (1969, Herri Gogoa)
- Abesti zaharrak eta berriak (1970, Herri Gogoa)
- Eskutari (1972, Herri Gogoa)
- Olentzero (1976, Herri Gogoa)
- Hitz urri batzuk (1976, Herri Gogoa)
- Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004 (2004, Elkar)
- Olentzero (2008, Elkar)
- Xirimiri (2012, Elkar) Herri kantak eta kantu berriak tartekatuta agertzen dira, baina herri kanta gehienak ere inoiz grabatu gabeak dira. Kantu berrien artean, Jose Luis Treku, Xabier Lete eta Bitoriano Gandiagaren poemetan oinarritutakoak daude: Xirimiri, Gabon hitzak eta Kuku hurrenez hurren.[4]
- Mendira naiz (2016, Elkar)
- Kantua zuei (2021, Elkar)
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Oskarbi» artikulutik hartua da. Artikulu hark Gontzal Agote du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- Berria. «Bere lanaren antologia plazaratu du Oskarbi taldeak» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
- «Oskarbi Ere Etengabeko Lanean 'Olentzero' Eta 'Hitz Urri Batzuk' Bi L.P. Berriak» Argia 1976-12-12 (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
- Berria. «Oteizaren eta Gandiagaren omenez, kontzertu berezia egingo du Oskarbi taldeak, Arantzazun» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
- Zabala, Juan Luis. «Oskarbik kantu berriekin osatutako diskoa plazaratu du» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).