Oskar Matute
Oskar Matute García de Jalón (Barakaldo, 1972ko urriaren 5a) Euskal Herriko politikaria da, egun Alternatiba alderdiaren bozeramailea, Espainiako Barne Ministerioan Alternatiba Eraikitzen (ALER) izenaz 2009ko otsailaren 2an erregistratutakoa. Aurretik, Ezker Batua (EB) utzi zuen 2009 hasieran, alderdi horretako talde kritiko nagusiko beste kide batzuekin batera.
Euskal Herriko Unibertsitatean Enpresa Zientzietan diplomaduna, EBko presidentziako eta Ezker Batuko Federazio presidentziako koordinatzaile lanetan aritu zen. Horrez gain, Eusko Legebiltzarreko kide izan zen VII. eta VIII. Legegintzaldietan. Bietan Lurralde Plangintza eta Garraio eta Ingurumen batzordeetako lehendakariorde kargua izan zuen. VIII.ean, gainera, EITBko Kontrolerako Batzordeko lehendakaria izan zen.
2008an Ezker Batuaren VII. Asanbladarako hautagaitza alternatibo bakarraren buru izan zen, sektore kritiko gehienak biltzen zituena (Batzen eta EPA); baina Euskadiko Partidu Komunistak, ordu arte zuzendaritzaren aurkakoa zena, hautagaitza nagusiaren alde egin zuen. Hala, Javier Madrazo koordinatzaile nagusi karguan berretsi zuten, harik eta 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitza txarren ostean dimisioa eman zuen arte.
Bitartean, Matutek Alternatiba Eraikitzen taldea sortzeko lanetan parte hartu zuen, hasiera batean erakunde soziopolitikoa zena eta, gerora, alderdi gisa Alternatiba izenarekin aurrera egin zuena, 2009ko apiriletik Ezker Batuatik kanpo.[1] Alternatibak alderdi ezkertiar eta subiranistatzat aurkeztu zuen bere burua.
2016ko uztailetik EH Bilduren diputatua da Bizkaitik Espainiako Kongresuan.
Matute, bestalde, Lokarri, Viento Sur Fundazioa, Gogoa Fundazioa eta CCOO sindikatuko kidea ere bada. Iritzi artikuluak bere blogean eta Astekari Digitala agerkarian argitaratzen ditu.
Erreferentziak
- EBko kritikoek Alternatiba alderdi berria osatzea erabaki dute Gara, 2009ko apirilaren 30a
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oskar Matute |
- (Gaztelaniaz) Oskar Matuteren bloga
- Elkarrizketa Argian
- Elkarrizketa Berrian