Oskar Alegria
Oskar Alegria Suescun (Iruñea, 1973ko otsailaren 18a) euskal kazetari eta zinema-zuzendaria da. Emak Bakia baita (2012) film dokumental luzea du lanik ezagunena, Man Ray zinemagilearen 1926ko Emak Bakia pelikulan ageri den etxearen bilaketa ardatz duena; munduko zinemaldi ugaritan erakutsi du, eta hainbat sari jaso ditu. Euskal dantzei buruzko film laburren sorta bat ere egina du, Euskal Kultur Erakundearen eskariz, bai eta Jorge Oteizari buruzko liburu bat ere, non eskultura-egileak beraren irakurgaien orri-bazterretan hartutako oharrak jasotzen baitituen, haren hainbat gidoi-zirriborrorekin batera. 2013-2017 bitartean, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiko zuzendari artistikoa izan zen.
Oskar Alegria | |
---|---|
Oskar Alegria (2020) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1973ko otsailaren 18a (51 urte) |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria, film-zuzendaria eta gidoilaria |
Parte-hartzailea
| |
emakbakiafilms.com… eta oskaralegria.com | |
Bizitza
Oskar Alegria Suescun Iruñean jaio zen, 1973ko otsailaren 18an.[1] Gurasoak artazuarrak ditu, eta Iparraldean eta Iruñean bizi da, tarteka batean eta tarteka bestean, urtaroaren arabera.[2]
Kazetaritza-ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta 1996an lizentziatu zen.[1] Geroztik, lanbide horren hainbat arlo jorratu ditu:[1] bidaiei buruzko erreportajeak idatzi ditu El País egunkariaren El Viajero gehigarrian;[3] Euskal Telebistarako egindako hainbat dokumentaletan parte hartu du zuzendari-laguntzaile eta gidoilari lanetan (adibidez, Sukalde Maisuak); Telemadrid telebistako "Los Cinco Sentidos" kultura-programako erreportaria izan zen, non nazioarteko hainbat idazle ezagun elkarrizketatu baitzituen (Saramago, Vargas Llosa, Tavernier, Kapuscinski, Galeano, Lobo Antunes eta abar); Euskal Telebistako "Sautrela" saioko koordinatzailea izan zen 2004-2006 bitartean, eta horrako ere han-hemengo zenbait idazle elkarrizketatu zituen; Nafarroako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Gidoien Masterreko irakasle jardun zuen; eta beste hainbat kultura- eta arte-proiekturen sortzaile eta koordinatzailea izan da.[1][4]
Lan hautatuak
"Hiri ikustekoak"
Oskar Alegria "Hiri Ikustekoak" izeneko argazki-proiektu artistikoaren egilea da, zeina hainbat pertsona ezagunek babestu baitute: Enrique Vila-Matas idazle kataluniarrak, Isidoro Valcárcel Medina artista plastiko eta kontzeptual espainiarrak, Esteban Peicovich poeta eta kazetari argentinarrak eta Esther Ferrer euskal artistak.[5] Italo Calvino italiar idazlearen Hiri ikusezinak (1972) nobelan inspiratutako arnasa luzeko lan poetikoa da, hirien paisaian ohargabean igaro ohi diren istantak argazki-kamerarekin eta hitzarekin harrapatzea helburu duena. Londres, Berlin, Erroma, Tokio, Paris eta Buenos Aires-eko argazkiak jasotzen ditu.
Emak Bakia baita
2012an, oraindaino egin duen film luze bakarra mustu zuen Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean: Emak Bakia baita.[3][4] Orduko lehen emanaldi hartan kritika bikainak eskuratu zituen, eta, gerora, munduko 70 zinema-jaialditan ere erakutsi du, bai eta 15 sari jaso ere.[3][4] Dokumentalaren ardatza Man Rayren 1926ko Emak Bakia filmean ageri den etxearen bilaketa da.
Begirada
Alegriak desagertzen ari diren kontuak izaten ditu maiz langai: pertsonak, dantzak, hitzak, lanbideak; alta, pertsonen eta bestelakoen "azken distira" jasotzea du gogoko, bere hitzetan.[2] Gauzak ohikoa ez den begiradarekin ikustea atsegin du, eta ikuspegi berri hori irudietara ekartzea; esate batera, harriaren arintasunaz jabetzea, harri-jasotzaileak berak erakusten digun arintasun horretaz, ez soilik harri-jasotzailearen indarraz.[2]
2016an euskal dantzei buruzko film laburren sorta bat aurkeztu zuen, Euskal Kultur Erakundearen eskari bati erantzunez egina: Arintasunaz, Margo dantza, Galtzerdi berdeak eta Enbor beretik.[2] Lan horretan ere, zoriak eta haizeak badute beren lekua.
Jorge Oteizaren orri-bazterretako oharrak
2017an, Oteiza al margen. Notas manuscritas de cine y arte ["Oteiza marjinan. Zinemari eta arteari buruz eskuz idatzitako oharrak"] liburua argitaratu zuen, non Jorge Oteiza eskultura-egileak beraren irakurgaien orri-bazterretan hartutako oharrak jasotzen baitituen. Esate batera, lan honetan jasotako liburuetako batean Oteizak Jorge Luis Borges idazlearekin eztabaidatzen du espazioari eta espazioak denborarekiko duen harremanari buruz. Hala, liburuak aukera ematen du Oteizaren ideiak nondik sortzen ziren ikusteko, bai eta ezagutzeko zer bide ibiltzen zituen beraren inspirazioak.
Horrez gain, Oteizak idatzitako bederatzi gidoi-zirriborro argitaragabe ere jasotzen dira, hainbat gairi buruzkoak: denbora, zuhaitz bat, Borgesen Los Inmortales kontakizuna, Velazquez, Joyceren Ulises, Mallarmé, eta abar.
Hitzen zaindaria
Gaur egun, besteak beste, tximeleten izenen xerka dihardu: Luis Luziano Bonaparteren eta besteren antzinako izen-zerrendak hartuta, ikusi nahi du haietan agertzen diren ehundik gora tximeleta-izenetatik zenbat bizi diren oraino. Ez ikuspuntu filologiko hutsetik, baina; entomologia, etnografia, geografia... denak hartu nahi ditu kontuan. Bere hitzetan: "Filologoek hartzen ez dutena da interesatzen zaidana: nor da hitz jakin baten azken zaindaria? Zergatik gorde du orain arte? Zein balditzatan?".
Landa-lan horrekin, arau zientifiko batzuk apurtu nahi ditu; erantzunak bilatzeari utzi, eta galderak aurkitu.[2] Izan ere, Oskar Alegriak behin baino gehiagotan agertu du desagertzen ari diren hitzekiko kezka: "Soziolinguistarena eginez, esango dut gure azken hitzak erretreta etxeetan daudela. Eta, kazetariarena eginez, informante askok galdetu didatela: «Non daude gure txoriak?». Ia ez baita txoririk geratzen inguruotan. Ez txori, ez txori izenik".[2]
Filmak
- Emak Bakia baita (2012), film dokumental luzea
- Arintasunaz, Margo dantza, Galtzerdi berdeak eta Enbor beretik film laburren sorta (Euskal Kultur Erakundea)
- Zumiriki (2019)
- Zinzindurrunkarratz (2023)
Liburuak
- Oteiza al margen. Notas manuscritas de cine y arte (2017, Nafarroako Gobernua)
Argazkigintza
- Hiri ikustekoak (2007)
Erreferentziak
- Nafarroako Unibertsitatea (Noiz kontsultatua: 2017-09-09).
- Iban, Amagoia. (2017-02-26). ««Libre eta pobre naizenean sortzen ditut lanik estimatuenak»» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-09-09).
- Emak Bakia!. (Noiz kontsultatua: 2017-09-09).
- Goñi, Maialen. (2017-02-06). «Oskar Alegriak Punto de Vista jaialdiaren zuzendaritza artistikoa utziko du» zinea.eus (Noiz kontsultatua: 2017-09-09).
- Oskar Alegria. (Noiz kontsultatua: 2017-09-09).
Ikus, gainera
- Iruindar ospetsuen zerrenda