Osebergeko itsasontzia

Osebergeko itsasontzia, Tønsbergeko eskualdean (Vestfold, Norvegia) Oseberg etxaldetik gertu dagoen muino zabal batean aurkitutako itsasontzi bikingo edo drakkar bat da. Gabriel Gustafson suediar arkeologoak eta Haakon Shetelig norvegiar arkeologoak aurkitu zuten, 1904-1905ean.

Osebergeko itsasontziaren xehetasuna
Aurrealdeko ikuspena. Eskandinaviar arteko eta itsasontzi eraikuntzako adibiderik nabarmenetakoa.
Osebergeko itsasontzian aurkitutako gurdia.

Itsasontzia eta haren edukia Osloko itsasontzi bikingoen museoan daude ikusgai.

Itsasontzia

Iltzatutako zurezko xaflez osatuta dago, ia guztiak haritzezkoak. Bere neurriak honako hauek dira: 22 metro luze eta 5 metro zabal, 9 edo 10 metroko masta batekin. Gutxi gorabehera 90 m²-ko oihalarekin, itsasontziak 10 korapiloko abiada har zezakeen. 30 arraunlarirentzako tokia zuen (itsasontziaren albo bakoitzak arraunentzako 15 koxka ditu). Gainera, lema zabal bat eta burdinazko aingura bat daude. Branka eta txopa oso modu landuan zizelkatuak daude, "Osebergekoa" deitu izan den estiloarekin. Itsasontzia 820an eraiki zuten, eta nabigatzeko erabili zuten zenbait urtez, hilobitzat erabili aurretik. Nabigaziorako egokia zen arren, itsasontzia nahiko hauskorra da; beraz, badirudi ez zela erabiltzen kostatik gertuko bidaietarako baizik.

Hezurdurak

Hilobian, bi emakumeren hezurdurak aurkitu dira. Bata 60-70 urte bitartekoa zen, eta artritis larria zuen, beste gaixotasun batzuez gain; besteak, berriz, 25-30 urte inguru zituen. Ez dago zehatz jakiterik bietako zein zen hierarkian gorago zegoena, edo bata bestearen heriotzan laguntzeko sakrifikatu ote zuten. Hilobiaren edukiak eta oparotasunak adierazten dute garrantzi handiko pertsona zela. Hilobiaren enborren azterketa dendrokronologikoak lurperaketa 834ko udazkenean datatu du. Goi mailako emakumearen nortasuna ezezaguna den arren, iradoki da Ynling klaneko Åsa erregina izan litekeela (ikus Vestfoldeko erregeen zerrenda eta Norvegiako erregeen zerrenda), Halfdan III.a Vestfoldekoaren ama eta Harald I.a Norvegiakoa ile ederrekoaren amona. Gaur egun, teoria hori baztertu da, eta apaizandere bat izan daitekeela proposatzen da. Hori zehazterik lortu ez den arren, berriki aurkitutako objektuek perspektiba berri bat eman diote aurkikuntzari.

Objektuak

Hilobia profanatu egin zuten antzinatean, metal preziatuak falta baitira. Dena dela, eguneroko erabilerako objektu ugari eta beste gauza batzuk aurkitu zituzten 1904-1905eko indusketetan. Horien artean, apaindura oso landuko lau lera, modu aberatsean zizelkaturiko lau gurpileko zurezko zalgurdi bat, ohe oinak eta zurezko kutxak. Etxeko eta nekazaritzako tresnak ere aurkitu zituzten, bai eta ehungintzako gauzak ere, hala nola artilezko arropa, inportaturiko setazkoa, eta tapiz txikiak. Osebergeko hilobia bikingoen garaiko oihal adibide urrietako bat da; eta zurezko gurdia, egundaino osorik aurkitu den gurdi bikingo bakarra.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.