Óscar Romero
San Óscar Arnulfo Romero y Galdamez (Ciudad Barrios, El Salvador, 1917ko abuztuaren 15a - San Salvador, 1980ko martxoaren 24a), Monseñor Romero ere deitua, salvadortar apaiz katoliko izan zen, San Salvadorko laugarren artzapezpiku metropolitarra 1977-1980 bitartean. Diktaduraren aurkako oposizio katolikoko aitzindari bihurtu zen; El Salvadorko baztertuen eta pobreen eskubideen alde borrokatu zuen, batez ere. San Salvadorko katedralean meza ematen ari zela hil zuten; handik gutxira pobreen eskubideen aldeko martiritzat hartua zen[1]. 2015eko maiatzaren 23an, Frantzisko aita santuak dohatsu aitortu zuen[2] eta 2018ko urriaren 14an santu izendatu zuen.
Bizitza
Óscar Arnulfo Romero 1917ko abuztuaren 15ean jaio zen Ciudad Barrios-en, San Miguel departamenduan. Santos Romero eta Guadalupe Galdámezen zortzi seme-alabetatik bigarrena izan zen. 1919ko maiatzaren 11n bataiatu zuten. Txikitatik oso osasun ahula izan zuen, herabe eta isila zen[3].
1931n, 13 urte zituela, San Miguelgo seminario txikian sartu zen, eta 1937an San José de la Montaña seminarioan, San Salvadorren. Urte horretan bertan, Erromako Colegio Pío Latinoamericano delakora joan zen -gaur egun, Universitas Gregoriensis- teologia ikastera; bertan apaiztu zen, 1942ko apirilaren 4an, 25 urte zituela. Erroman Giovanni Batista Montini izan zuen irakasle, geroago Paulo VI.a aita santua izan zena. Doktore tesia egiteko asmoa bazuen ere, Bigarren Mundu Gerrak sorterrira itzultzera behartu zuen[4].
1943an itzuli zen El Salvadorrera, eta Anamorosko erretore izendatu zuten; geroago San Miguel hirira bidali zuten, eta 20 urte eman zituen bertan. Urte horietan, higikunde apostolikoak eta sozialak (Alkoholzale Anonimoak, Caritas) sustatu eta San Miguelgo katedralaren eraikuntza bultzatu zuen. 1966an, El Salvadorko Gotzainen Batzarreko idazkari izendatu zuten[4].
1970eko apirilaren 21ean, Paulo VI.a aita santuak San Salvadorko gotzain laguntzaile izendatu zuen, 1974an Santiago de Maria elizbarrutiko apezpiku, eta 1977ko otsailaren 3an San Salvadorko artzapezpiku, Luis Chavez y Gonzalezen ondorengo. Monseñor Romeroren izendapena ustekabe desatsegina izan zen kristau aurrerakoientzat, oso kontserbadoretzat hartua baitzen; gobernuak eta botere taldeek, berriz, pozez hartu zuten. Baina Óscar Romerok laster erakutsi zuen zein izango zen bere jokabidea handik aurrera: martxoaren 12an Rutilio Grande, jesuita aurrerazalea eta nekazarien eskubideen defendatzailea, hil zuten. Artzapezpiku izendatu berriak Molina presidentea hertsatu zuen hilketaren norakoak iker ditzan eta, gobernuaren pasibotasunaz gogaiturik, mehatxu egin zion ikastetxeak ixtearekin[4].
Igandeko predikuetan giza eskubideen urraketak salatzen zituen, eta indarkeria politikoaren biktimekiko elkartasuna publikoki agertzen zuen. Berak esan zuenez, «Elizaren misioa pobreekin bat egitea da, horrela aurkitzen du bere salbazioa Elizak». Jokabide horrek herrialdeko oligarkia amorrarazi zuen[5], eta irainak, kalumniak eta mehatxuak pairatu behar izan zituen[3]. Beti ere, gerrillari eta oposizioko taldeekin ere izan zen kritikoa[6], eta eginahal guztiak egin zituen gerra zibila piztu ez zedin[7].
Hilketa
1980ko otsailean eta martxoan Óscar Romerok heriotz mehatxu sinesgarriak jaso zituen. Azkenik, 1980ko martxoaren 24an ezkutuko tiratzaile batek hil zuen, Divina Providencia ospitaleko kaperan meza ematen ari zela. Hil aurreko egunean, eskaera zuzena egina zion El Salvadorko armadari[8]:
« | Dei berezia egin nahiko nieke armadako gizonei. Hain zuzen ere, Guardia Nacionaleko baseei, poliziarenei, koarteletakoei... Senideok, gure herri beraren kide zarete. Zuen senide nekazariak ari zarete hiltzen. Eta gizon batek emandako hiltzeko aginduaren aurrean, Jainkoaren legeak gailendu behar du. Eta hau esaten du: "Ez hil". Inongo soldaduk ez du obeditu behar Jainkoaren legearen kontra doan agindurik. | » |
.
El Salvadorko Gerra Zibileko krimenak ikertu zituen Egiaren Batzordearen arabera, Roberto D'Aubuissonek, Aliantza Errepublikano Nazionalistaren lider eskuindarrak, «lotura argia» izan zuen Monseñor Romeroren hilketarekin[2].
Hil ondoko aitortza, beatifikazioa eta kanonizazioa
1994. urtean Arturo Rivera y Damas artzapezpikuak ireki zuen Óscar Arnulfo Romeroren kanonizazio prozesua. Eliza Anglikanoak santuen izendegian sartu zuen, eta Londresko Westminster abadian dauden XX. mendeko martirien estatuetako bat berari eskainirik dago[9]. Azkenik, 2015eko maiatzaren 23an Frantzisko aita santuak dohatsu aitortu zuen eta 2018ko urriaren 14an santu izendatu zuen.
Oliver Stoneren Salvador (1986) eta John Duiganen Romero (1989) dira Óscar Romeroren bizitza eta hilketari buruzko filmarik aipagarrienak. Musikari dagokionez, Rubén Bladesen El Padre Antonio y su Monaguillo Andrés abestiak arrakasta handia izan zuen; Dafydd Iwan galestar egile abeslariak Oscar Romero kantua ondu zuen. Pere Casaldàligak San Romero Amerikakoa izeneko olerki ospetsua idatzi zuen, eta Euskal Herrian Bitoriano Gandiagak aipatu zuen Zabal izkiguzute poeman[10]
- Casaldaliga eta
- bai Camilo Torres
- Angelelli, Romero
- zertan esanik ez,
- pobreen alde azaldu
- dira su ta garrez,
- Ebanjelioari
- erantzun beharrez.
- Angelelli, Romero,
- bai Camilo Torres.
Erreferentziak
- Romero, Oscar Arnulfo. Lur hiztegi entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- Oscar Arnulfo Romero monsinorea dohatsu izendatu du Vatikanoak. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- Oscar Arnulfo Romero. romeroes.com (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- Aracil Varón, Beatriz. Oscar Arnulfo Romero: apunte biográfico. cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- Miglierini, Julián. ¿Quién era Óscar Romero, el arzobispo cuya canonización fue prohibida por el Vaticano?. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- Kortazar, Jose Mari. Profeta zela ez zekien profeta. karmelaldizkaria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- El mártir Óscar Romero, el "ancla" que evitó la guerra civil salvadoreña, reconocido como beato. publico.es (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- Día a Día con Monseñor Romero, Homilía 23-marzo-1980. fundacionmonsenorromero.org.sv (Noiz kontsultatua: 2016-12-6).
- Tamayo, Juan José. San Romero de América. elpais.com (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- Gandiaga, Bitoriano. Zabal izkiguzute. armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Óscar Romero |
- Zabala, Pello, Oscar Romero (eta VI), Mendiko behatokia, berria.eus