Orsola Maddalena Caccia
Orsola Maddalena Caccia (Moncalvo, 1596ko abenduaren 4a - ib., 1676ko uztailaren 26a) italiar moja margolari bat izan zen.
Orsola Maddalena Caccia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Moncalvo, 1596 |
Heriotza | Moncalvo, 1676ko uztailaren 26a (79/80 urte) |
Familia | |
Aita | Guglielmo Caccia |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, moja eta artista bisuala |
Mugimendua | manierismoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijio-ordena | Urtsulatarrak |
Guglielmo Caccia margolariaren eta Laura Olivaren alaba hau Moncalvon jaio zen 1596ko abenduaren 4an. XVII. mendeko italiar pinturaren munduan izen bat egitea lortu zuen emakumezko artista bakanetako bat izan zen.
Biografia
Margolari hau bere fresko eta margolanengatik gogoratua da. Bianzè herriko urtsulatarren komentuan sartu zen 1620an, eta 1625ean Moncalvoko komentu batera aldatu zen bere hiru ahizpekin, haien aitaren nahiari jarraituz.
Bere pinturan, aitak aurrez jorratutako gaiak errepikatzen ditu, hala nola, eliza ugarirentzako debozio-pinturak, ez soilik Piemonten. Haren margolanek arrakasta eduki zuten Savoiatarrekin; baina XVIII. mendeko iturriek, ordea, haren ahizpa Francescari ematen dioten lehentasuna pinturaren alorrean. Duela gutxi bakarrik identifikatu dira adituen interesa piztu duten Orsolaren natura hil batzuk.
Ustez, haren lehen margoak honako hauek dira: Rosazzako elizako "Sortzez Garbia", Bianzèko elizako "Ama Birjina eta Lokartutako Haurra" eta Genovako Palazzo Biancoko biltegietan dagoen "Jaiotza". Fresko etab, berriz, aitaren lanetako ideia tipikoak islatzen ditu eta 1615 eta 1620 artean data daitezke.
Badirudi berea dela Moncalvoko San Frantzisko elizan dagoen "San Maurizioren martirioa"ren goialdea ere; aitak hasi omen zuen lan hura, baina 1625ean bat-batean hil eta amaitu gabe utzi zuen, eta horregatik alabak bukatu zuela uste da.
Cacciaren azken lanen ezaugarri da halako formaltasun txikiago bat, bai eta aurretik erabilitakoak baino kolore ilunagoak ere. Haren margolan batzuk galdu diren arren, margolari honek egindako ehun pintura baino gehiago kontserbatu dira.
Garrantzitsua da margolari hau gogoratzea, emakumeak gizonak baino artistikoki gutxiago balioesten ziren garai batean pinturan jardun zen moja baten adibidea baita.
Estiloa eta ezaugarri piktorikoak
Haren estilo piktorikoa Ludger Tom Ring eta Joris Hoefnagel margolari flandiarren estilo arkaikoaren antzekoa da, konposizio egitura sinple eta orekatua aurkeztuz, elementu bakoitza kontu handiz kokatuta, bertikaltasunean arreta berezia jarriz, bereziki lore motiboak dituzten lanetan. Haren natura hilek, normalean, fruta zatiak eta animalia bat erakusten dituzte, gehienetan faisai edo intsektu bat. Ursulak, gainera, deboziozko objektuak ere margotu zituen, bai eta miniatura eder batzuk ere, bere aitarengandik jasotako estilo oso delikatuarekin. Lan horiek, gaur egun, Piemonteko bilduma pribatuetan, eta hango jauregi, museo eta eliza batzuetan daude, eta artista identifikatzen laguntzen duen sinadura berezi bategatik bereizten dira, lore bat edo lore sorta bat, alegia.
Lanak
Margolari honen lanetatik, ehun margolan baino gehiago kontserbatu dira, eta, jarraian zerrendatzen direnak, haren lan aipagarrienak dira, kokapenaren arabera alfabetikoki ordenatuta.
- Biella, San Sebastian Eliza: Hirutasun Santua eta aingeruak.
- Casale Monferrato, Madonna del Tempio: Ama Birjinaren koroatzea.
- Museo zibikoa: Aingeruen kontzertua.
- Castellazzo Bormida, S. Maria: Santa Katalinaren ezkontza mistikoa.
- Chieri, S. Giorgio: Errugabeen sarraskia.
- Genova, Santissima Annunziata di Portoria Eliza: Jaiotza.
- Moncalvo, S. Francesco: Bataiatzailearen jaiotza; Jesus basamortuan, aingeruek lagundurik; Kristo arantzazko koroarekin; S. Antonino; S. Lukas bere langelan; Familia Santua eta Santa Ursula; San Sebastian, aingeruek zaindua.
- Montabone, eliza nagusia: Santa Ursularen estandartea.
- Pavia, Karmen eliza: Teresaren transberberazioa (Turinen dagoen eta aitarena den jatorrizko baten kopia).
- Paviako Ghislieri ikastetxeko oratorioa: Jaiotza.
- Paviako Udal Pinakoteka: Ama Birjinaren jaiotza eta Ama Birjina Haurrarekin eta aingeru batekin.
- Erroma, Galleria Spada: S. Frantziskoren estasia.
- San Salvatore Monferrato, Ospitaleko eliza: Familia Santua lanean.
- Turin, Pinacoteca sabauda: S. Zezilia.
- Turin, S. Bartolomeo: Tenpluko aurkezpena.
- Turingo frantziskotarren eliza: B. Salvatore d'Orta.
- Villadeati, eliza nagusia: Kristo basamortuan, aingeruek lagundurik.
- Villanova d'Asti, S. Martirio: S. Carlo Borromeoren bitartekotza.