Oroimen immunologiko

Oroimen immunologikoa organismoaren immunitate-sistemak duen funtsezko ezaugarria da, zeinari esker organismoa gai da mikrobio bat ezagutzeko, aurretik (aste, hilabete edo urte batzuk lehenago) mikrobio berak organismoa infektatu badu.

Mikroorganismo patogeno batek B eta T linfozitoak aktibatzen dituenean (infekzioa sortzerakoan), oroimena duten T eta B zelulak agertzen dira. Zelula horiek odolean eta linfan zehar zirkulatuko dute beti, organismoaren bizitza osoan. Oroimena duten zelula horiek "gogoratu" egingo dute mikrobio patogenoa berriz berarekin topo egiten badute, eta erantzun azkarra emango dute bera suntsitzeko.

Bakterio, birus edo beste eragile infekzioso baten antigenoarekin kontaktu zuzena izaterakoan azaltzen da oroimen immunologikoa, eta organismoak immunitatea garatzen du mikrobio horren aurka. Mikrobio horrek berak bigarren infekzio bat sortu nahi badu, organismoak lehenengo kontaktuan baino azkarrago erreakzionatzen du, defentsa eragileek (hots, antigorputzak eta linfozitoak) erantzun azkarra eta eraginkorra ematen baitute patogenoaren aurka.

Erantzun immunitarioaren zinetika

Erantzun immunitarioaren zinetika. Oroimen immunologikoari esker, bigarren infekzio batek segituan sortzen ditu antigorputzak eta T linfozitoak.


Oroimena duten B zelulen erantzun immunitarioa azkarragoa da hasierako B zelulena baino. Erantzun immunitario primarioan (organismoak lehenengo aldiz aurre egiten dionean antigeno bati) antigorputzen ekoizpenak astebete bat edo bi behar ditu (latentzi epea). Erantzun immunitario sekundarioan, aldiz, (oroimena duten B zelulek sortzen dutena) antigorputzak egun gutxi batzuetan azaltzen dira. Horretaz gain, hasierako infekzioan baino antigorputz gehiago eratzen dira [1].

Erantzun sekundarioak hiru ezaugarri ezberdinak ditu erantzun primarioaren aldean:

  • latentzi epea askoz laburragoa da
  • antigorputz gehiago sortzen ditu (erantzun immunitarioa handitu egiten baita)
  • sortutako antigorputzek denbora gehiago irauten dute organismoan

Labur esanda, antigeno batekin bigarren aldiz topo egitean immunitate-sistema askoz eraginkorragoa da antigeno horri aurre egiteko.

Honek ondorio garrantzitsuak ditu:

  • bestalde, horrek txertoaren erabilera justifikatzen du. Izan ere, txertoek dituzten mikrobio hilda edo motelduak antigeno moduan jarduten dute, erantzun immunitario primarioa sortuz; aldi berean, linfozitoek oroimen immunologikoa garatzen dute lehenengo kontaktuaren ostean. Modu horretan, mikrobio horrek bigarren infekzioa sortu nahi badu organismoa ez du ezustean harrapatuko, eta erantzun azkarra eta indartsua (erantzun immunitario sekundarioa) emango du mikrobioa suntsitzeko.

Erreferentziak

  1. Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUak argitaratuta (2019) 113-117 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2


Ikus, gainera


Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.