Orlando Letelier
Marcos Orlando Letelier del Solar (Temuco, 1932ko apirilaren 13 -Washington D. C., 1976ko irailaren 21) Txileko politikari, ekonomialari eta enbaxadore, Salvador Allenderen Unidad Popularrek sortutako gobernuaren partaidea izan zen. Augusto Pinochetek aginduta CIAko eta DINAko agentea zen Michael Townleyk erahil zuen Washingtonen, erbestean. Juan Pablo Letelier senatariren aita zen. Datu hauek CIAren dokumentuen desklasifikazioari esker ikusi izan dira.[1]
Biografia
Orlando Letelier Ruiz eta Inés del Solar Rosenberg bikotearen seme txikiena, nahiz eta Temucon jaio, Santiagon txikitatik bizi izan zen. 16 urte zituelarik Bernardo O'Higgins Eskola Militarrean sartu zen. 1949an armada utzi zuen. Ondoren zuzenbide ikasketak Txileko Unibertsitatean egin zituen. Unibertsitatean ikasle-aktibismoan aritu zen. 1955an Departamento del Cobre izeneko enpresan sartu zen (gaur egungo CODELCO enpresa). 1959an Txileko Alderdi Sozialistan sartu zen eta urte berean enpresatik kaleratu zuten. Salvador Allendek kaleratze horren atzean arrazoi politikoak zeudela salatu zuen. Isabel Margarita Morel Gumucio-rekin ezkondu zen. Lana zela eta, Leteliertarrek Venezuelara joan behar izan zuten. Ondoren, Banco Interamericano de Desarrollon lan egin zuen eta Nazio Batuen Erakundearen kontsultorea Asiako Garapen Bankuaren sortzerakoan. Allende gobernuan sartu zenean Letelier Ameriketako Estatu Batuetan enbaxadore nagusia izendatu zuen. 1973an, bestetik, ministroa izendatu zuen, Kanpo-harremanetarako, Barneko aferetarako eta Defentsarako.[2] [3] [4]
1973ko irailaren 11ko estatu kolpearen ondorioz, militarrek atxilotu eta torturatu egin zuten. Azkenik Dawson uharteko espetxean sartu zuten. Handik Valparaisoko Gerra-Akademian eta Ritoque kanpamentuan eduki zuten mundu osoan zabaldutako kanpaina bati esker, diktadurak libre utzi zuen arte, 1974an. Behin askatasuna lortuta, Estatu Batuetan erbesteratu zen. 1975ean Institute for Policy Studies (IPS) erakundean hasi zen lanean. Halaber, Pinocheten aurkako mugimendu politikoaren buru ezagunetarikoa bihurtu zen. Bere lanari esker, Txileko diktadurak kredituak lortzeko arazo handiak izan zituen. Mendeku gisa, diktadurak txiletar herritartasuna kendu zion, 1976ko irailaren 10ean. Baina mendekua ez zen horretan gelditu: irailaren 21an, automobilaren azpian jarritako lehergailu baten bidez, hiel egin zuten. Lehergailuak ere bere laguntzailea zen Ronni Moffitt hil zuen eta haren emaztea larriki zauritu zuen.[1][5]
Orlando Letelierren gorpua Venezuelan lurperatu zuten zeren eta Pinochetek ez zuen Txilera eramatea onartu. 1994an gorpuzkiak Txilera eraman zituzten. Letelierren hilketa Kondor operazioaren barruan kokatu zen. Testuinguru horretan Hegoamerikako diktaduren aurkako militanteak mundu osoan hil zituzten.
Eleberria
Bere bizitzan oinarrituta, 2005ean, Eugene Propper eta Taylor Branch idazleek Labyrinth eleberri argitaratu zuten.
Erreferentziak
- https://elpais.com/internacional/2015/10/09/actualidad/1444343245_846275.html
- https://web.archive.org/web/20160304114739/http://www.dibam.cl/dinamicas/DocAdjunto_594.jpg
- https://web.archive.org/web/20160304094537/http://www.dibam.cl/dinamicas/DocAdjunto_593.jpg
- https://web.archive.org/web/20160304114840/http://www.dibam.cl/dinamicas/DocAdjunto_592.jpg
- El caso Letelier, Florencia Varas, Claudio Orrego. Aconcagua, Santiago, Txile. 1980.