Orioko baleari
Orioko baleari, Balearen bertsoak eta Orioko balearena izenburuez ere ezaguna, bertso sorta da,[oh 1][1] hogei bertsoz osatutakoa, 1901eko maiatzaren 14an oriotarrek balea bat nola harrapatu zuten kontatzen duena. Benito Lertxundik 1977an argitara eman zuen bederatzi bertsoko bertsio laburtua herri kantu bihurtu da.
Orioko baleari | |
---|---|
Bizkaiko golkoan harrapatutako azken sardako balea, Orion, 1901ean; harrapaketa haren berri ematen digute bertso hauek. | |
Jatorria | |
Sorrera-urtea | 1901 |
Argitaratze-data | 1977 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | Zortziko txikia |
Hizkuntza | euskara |
Argumentu nagusia | Orioko balea |
Izenburua
Antonio Zavalak Bertso berriyak Oriyo'ko baliari jarriyak izenburuarekin jaso zituen bertso hauek[2] (Orioko baleari laburtuta aipatu ohi da);[3] Lertxundik Balearen bertsoak izenburuarekin bihurtu zituen abesti;[4] eta Bertsolaritzaren Datu Basean Orioko balearena izenburuarekin daude jasota.[5]
Historia
1901eko maiatzaren 14an Orion balea bat nola arrantzatu zuten kontatzen du; Bizkaiko golkoan harrapatutako azken sardako balea izan zen, eta Orioko arrantzaleek arpoia gabe dinamita erabili zuten animalia hiltzeko.
Hitzak
Testua Beterriko gipuzkeran egina da. Lertxundiren bertsioan, 3., 4., 7., 10., 11., 13., 14., 15., 16, 18. eta 19. bertsoak kenduta daude, abestia laburtzearren. Bertsoen testu osoa Antonio Zavalak jaso zuen.[2]
1. Mila bederatzieun da
lehenengo urtian,
maiatzaren amalau
garren egunian,
Orioko herriko
barraren aurrian,
balia agertu zan
beatzik aldian.2. Haundia ba zan ere
azkar ibilian,
bueltaka han zebilen
jun da etorrian,
ondarra arrotuaz
murgil igerian,
zorriak zeuzkan eta
haiek bota naian.3. Baña zorri mantsuak
egin zuten junta:
gerra egin biar zala
baliaren kontra,
naiz gogor arraskatu
ez utzi, aguanta,
odola txupatuaz
muturra sartuta.4. Zorri asko zeukan da
azkure buruan,
argatik ondarretan
arraskatzen zuan;
ala ere zorririk
kendu ezin zuan,
baliaren indarrak
balio etzuan.5. Ikusi zutenian
hala zebilela,
beriala jun ziran
treñeruen bila,
arpoi ta dinamitak
eta soka bila,
aguro ekartzeko
etzan jende hila.6. Bost treñero jun ziran
patroi banarekin,
mutil bizkor bikain ta
guztiz onarekin,
Manuel Olaizola
eta Loidirekin,
Uranga, Atxaga ta
Manterolarekin.7. Bost txalupa aietan
jun ziran gizonak,
arraunian dirade
sendo ta txit onak;
ez dirade balian
kontra lo egonak,
dinamita ikusi
zuben an zegonak.8. Baliak egindako
salto ta marruak,
ziran izugarri ta
ikaratzekuak;
atzera egin gabe,
hango arriskuak,
arpoiakin hil zuten,
an ziran anguakǃ9. Bost txalupa jiran da
erdian balia,
gizonek egin zuten
bai naiko pelia;
ikusi zutenian
hil edo itoa,
legorretikan bazan
biba ta txaloa.10. Sokaz amarratuta
jarririkan zagan,
jendia arraunian
gogotik asi zan;
baña maria kontra,
naiko lana bazan,
ala ere eguardiko
balia errian zan.
11. Ikusteko gauza zan
ura legorrian,
osorik zaguala
ildako egunian;
itxura galdu zuan
gero egonian,
mermatu ta txikitu
bigundu zanian.12. Amabi metro luze
gerria amar lodi,
buztan pala lau zabal,
albuetan pala bi;
ezpañetan bizarrak
beste ilera bi
orraziak bezala
ain zeuzkan ederki.13. Begi txikiak eta
abo txit aundia,
obeto esateko
ikaragarria;
metro bi zabaltzen zan,
au da bai egia,
larru guziya goma,
ura animalia!14. Gauza ikusgarritzat
egun batzuetan
erriaren ondoan
arranplan egon zan;
urrutitikan ere
jendia etorri zan,
milla pezetarañon
dirua bildu zan.15. Errematian gero
jarri zan saltzeko,
sei mila errialian
almoneratzeko;
iñork etzuan artu
balia ezertako,
baña balio zuan
koipe biurtzeko.16. Koipe biurtu eta
aren olioa
irureun arrua zan
klase onekoa;
zazpi milla errial
aren balioa,
errematia baño
protxu obekoa.17. Gorputzez zan mila ta
berreun arrua.
Beste berreun mingain
ta tripa barrua;
gutxi janez etzegon
batere galdua,
tiñako sei pezetan
izan zan saldua.18. Eun da ogei duroz
balean bizarrak,
aguro saldu ziran
bete egaltzarrak;
garbitu ta gordiak
dauzke ezurtzarrak,
kontu aundiarekin
lodi ta medarrak.19. Egindako gastuak
pagaturik danak,
lau bat milla pezeta
gelditu diranak;
ondo goza bitzate
oriotar danak,
saiatu diralako
eman die Jaunak.20. Gertatua jarri det
egiaren alde.
Hau horrela ez bada
jendiari galde.
Bihotzez pozturikan
atsegintsu gaude.
Gora oriotarrak!
esan bildur gabe.
Oharrak
- Bertsolaritzaren datu-basearen arabera, Orbegozo oriotar apaizak jarri zituen bertsoak.
Erreferentziak
- Orbegozo. bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-22).
- Zabala, Antonio. (1978). Arrantzaleen bizitza. in: Auspoa liburutegia. Auspoa.
- Junkera, Kepa. (2014). Orioko baleari. Youtube.
- Lertxundi, Benito. (1977). «Balearen bertsoak» Zuberoa/Askatasunaren semeei.
- Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Orioko balearena - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-14).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Balearen bertsoak: Benito Lertxundiren bertsio musikatu laburtua, Lain taldeko Kristina Aranzabek eta Leire Berasaluzek interpretatua. Youtubeko bideoa. Iraupena: 4' 10''.