Orhan Pamuk
Ferit Orhan Pamuk (Istanbul, Turkia, 1952ko ekainaren 7a -) turkiar idazlea da, gaur egungo turkierazko idazlerik ezagunenetarikoa.
Orhan Pamuk | |
---|---|
(2009) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Istanbul, 1952ko ekainaren 7a (71 urte) |
Herrialdea | Turkia |
Bizilekua | Istanbul New York |
Familia | |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Faculty of Communications (en) Robert College (en) Istanbul Technical University (en) Istanbulgo Unibertsitatea |
Hizkuntzak | turkiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, eleberrigilea, gidoilaria, saiakeragilea, kazetaria eta akademikoa |
Lantokia(k) | Istanbul |
Enplegatzailea(k) | Columbia Unibertsitatea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Vladimir Nabokov |
Kidetza | Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia Chinese Academy of Social Sciences (en) |
Mugimendua | postmodern literature (en) naturalismoa |
Genero artistikoa | eleberria autobiografia saiakera |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | secular Islam (en) |
orhanpamuk.net | |
2006an Literaturako Nobel saria eskuratu zuenean, horrelakorik lortzen lehen turkiarra izan zen. Hiru urtez AEBetan bizi izan zen, zabaldu zenez, Armeniako genozidioaz berak esandakoagatik Turkian jasotako mehatxuak zirela eta: "Berriro esaten dut, ozen eta argi, milioi bat armeniar eta 30.000 kurdu hil zituztela Turkian". Berak, ordea, hori ukatu du eta arrazoi profesionalengatik egindakoari irakurketa politikoa eman nahi izan zaiola azaldu du. Izan ere, jaio zenetik Istanbulgo auzo berean bizi izan da eta oraindik ere bertan bizi da.[1]
Biografia
Istanbulgo Nişantaşı auzoan bizi zen familia aberats batean jaio zen (aita ingeniaria zuen), bere eleberri batzuetan deskribatzen dituenen antzekoa. Bigarren Hezkuntza jaioterriko Robert College unibertsitate estatubatuarrean egin zuen eta ondoren arkitektura ikasten hasi zen, baina handik hiru urtera ikasketak utzi zituen eta literaturan murgildu. 1977an Istanbulgo Unibertsitateko kazetaritza institutuan graduatu zen, baina ez zuen inoiz lanbide horretan jardun. 1985 eta 1988 artean, New Yorken bizi izan zen eta irakasle gisan lan egin zuen Columbiako Unibertsitatean, emazte Aylin Türegün historialariak bertan ikasten zuen bitartean. Ondoren, Istanbulera itzuli zen. Pamuk musulman kulturala da. 1982tik 2001era arte egon zen Türegünekin ezkonduta, eta 1991n haien alaba Rüya jaio zen.
Bere bokazioari buruz honako hau esan du: «Oso ondo gogoratzen dut idazle izatea nahi nuela erabaki nuen unea. Martxoko edo apirileko arratsalde batean izan zen, 1973ko udaberrian. Paper bat eta boligrafo bat hartu eta idazteari ekin nion. Hala izan zen. Gogoan dut Camusen Arrotza irakurri nuela, eta nire idazkeran eraginik izan ez bazuen ere, idazle izaten lagunduko zidala pentsatu nuela»[2]. Eta arkitektura utzi zuen uneari buruz: «23 urte inguru nituen, eta familiari eta lagunei esan nien ez nintzela arkitektoa edo margolaria izango, eleberrigilea baizik. Denek hori ez egiteko esan zidaten, ez nuela ideiarik ere bizitzaz. Uste dut uste zutela nobela bakarra idatziko nuela. Baina esan nien bazirela Borges eta Kafka, eta haiek ere ez zekitela ezer bizitzaz... Nobelak, nire ustez, bizitza ikusteko modu berri bat dira. Orain, denbora honen guztiaren ondoren, aitortzen dut familiak bizitzaz ezer ez zekiela esan zidanean, arrazoi zutela. Une horretan ez nekien ezer»[2].
Idazlegoan 1970eko hamarkadaren amaieran hasi zen, eta lehen eleberria 1982an argitaratu zen. Hala ere, nazioarteko oihartzuna Astrologoa eta sultana lanarekin lortu zuen (John Updike estatubatuarrak goraipatu zuen), eta Benim Adım Kırmızı obrak (1998) eman zion behin betiko ospea. Azken lan horrek narrazioa, misterioa, amodioa eta filosofia hausnarketa uztartzen ditu, eta XVI. mendeko Istanbulen kokatzen da, Murad III.a sultanaren agintaldian.
2004ko abenduan Pamuk auzitara eraman zuten, «Turkiaren nortasuna iraindu eta ahultzeagatik», Suitzako egunkari bati egindako elkarrizketa batean honako esaldi hau esan ondoren: «Turkian milioi bat armeniar eta 30 000 kurdu hil zituzten. Inork ez du horretaz hitz egiten, eta ni gorroto naute hori egiteagatik». Lehen epaiak sei hilabeteko baldintzapeko zigorra ezarri zion eta, epe horretan, ez zuen deliturik egin askatasunari eutsi ahal izateko. 2005eko urrian esandako hitz horiek berretsi zituen[3]. 2006ko urtarrilean, auzitegi batek prozesu judiziala bertan behera utzi zuen[4].
Pamukek polemika sortu izan du bere aberrian, Giza Eskubideen aurrean duen jarrera zibikoa dela eta, eta batez ere Turkiako armeniar eta kurdu arazoen aurrean duen jarrera dela eta: batzuek miresten duten arren, beste batzuek traidoretzat hartzen dute. Turkiako gobernuak uko egin dio 1915ean armeniarren aurkako genozidioa egin zuela onartzeari. Elkarrizketa haren ondoren, Turkian bere aurka hasitako gorroto-kanpainak herrialdetik alde egitera behartu zuen.
2007ko urtarrilean, Hrant Dink kazetari turkiar-armeniarra hil eta Pamukek heriotza mehatxuak jaso ondoren, berriro utzi zuen bere aberria. Turkiako hedabide batzuek, Aksam egunkariak kasu, Dinken hilketa Estatu Batuetara dirua irabaztera joateko aitzakia bezala erabili izana leporatu zioten, Columbiako Unibertsitatean hitzaldiak ematera joan baitzen. Sabah egunkariko zuzendariak, Fatih Altaylik, akusazioak ukatu egin zituen. Pamuk urte bereko apirilean itzuli zen bere jaioterrira beste eleberri bat idazteko: Masumiyet Muzesi (Errugabetasunaren museoa)[5].
Der Spiegel astekari alemaniarrari eskainitako elkarrizketa batean, Alemanian zehar bere obraren irakurketa batzuk hasiko zituenean, Dink hil ondoren intelektual asko depresio sakon batean erori zirela aipatu zuen, eta pertsonalki kolpe ikaragarria izan zela. Horregatik nahiago izan zuen herrialdetik aldendu eta New Yorkeko Columbia Unibertsitateko katedretara joan. 2007ko otsailean obraren irakurketak bertan behera gelditu ziren. Pamuken arabera arrazoia ez zen Alemaniako polizia-kidegoek Alemanian bizi diren talde islamisten erasoak prebenitzeko duten eraginkortasuna zalantzan jartzen zuelako.
2006ko urriaren 12an, Literaturako Nobel Saria irabazi zuen, «bere jaioterriko arima malenkoniatsuaren bila, kulturen arteko talka eta konexioa islatzeko ikur berriak aurkitu dituen» idazlea izanagatik, Suediako Akademiaren arabera[6]. Sari hori jaso duen lehen turkiarra da. Haren lanak 40 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira.
Bibliografia hautatua
- Cevdet Bey ve Oğulları (Cevdet Bey eta semeak), 1982
- Sessiz Ev (Etxe isila), 1983
- Beyaz Kale (Gaztelu zuria), 1985
- Kara Kitap (Liburu beltza), 1990
- Gizli Yuz (Aurpegi sekretua), 1992
- Yeni Hayat (Bizitza berria), 1995
- Benim Adım Kırmızı (Gorria izena dut), 1998
- Öteki Renkler (Beste koloreak), 1999
- Kar (Elurra), 2002
- İstanbul: Hatıralar ve Şehir (Istanbul: Oroipenak eta hiria), 2003
- Masumiyet Müzesi (Inozentziaren museoa), 2009
- Sessiz Ev (Etxe isila), 2012
- Kafamda Bir Tuhaflık (Bitxikeria nire buruan), 2015
- Kırmızı saçlı kadın (Emakume ilegorria), 2017
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- https://www.lecturalia.com/autor/277/orhan-pamuk
- (Gaztelaniaz) «"¿Soy de veras Pamuk?"» El País 2011-12-30 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
- (Gaztelaniaz) 20minutos. (2016-01-07). «Cerdo con cara de mono causa sensación en Cuba» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
- (Gaztelaniaz) 20minutos. (2018-11-04). «El perfil psicológico del asesino de Pioz» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
- (Gaztelaniaz) 20minutos. (2007-04-06). «El premio Nobel Orhan Pamuk regresa a Estambul para terminar su nuevo libro» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
- (Ingelesez) «The Nobel Prize in Literature 2006» NobelPrize.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).