Organo eramangarri
Organo eramangarria, portatiboa, eskukoa edo Coll-en organoa ere deitua, haize instrumentua da.
Organo eramangarri | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | organo |
Egitura
Gaur arte iritsi zaizkigun organo portatiboen hodiak alakadun flauten gisakoak diren arren, Adolfo Salazar musikologoaren arabera, soinu-tresna hauek aerofono mihidunak ere izan zitezkeen[1]. Joaquín Díaz musikologoak honela definitzen du soinu-tresna hau:
Hauspo batek kutxa itxi bat airez hornitzen du, eta hodi diseinu konplexu bati esker, aire hori bera hodi edo txirula batzuetara bidaltzen du. Aire bidalketa hori teklatu baten bidez egiten da, nahieran. Jotzailearen esku batek hauspoa maneiatzen du, eta besteak teklak sakatzen ditu. Birika-hausporik ez dagoenez, hau da, airearen jario konstantea erregulatzen duen depositurik ez dagoenez, soinu-tresnak arnasa hartu behar du, abeslari batek egingo lukeen bezala, eta hots emisioa eten behar du airea hartzeko. Organo eramangarri ere esaten zaion tresna honen neurriak oso aldakorrak ziren, sorbaldatik uhal baten bidez zintzilik eraman zitezkeen tamaina txikikoetatik, mahai gainean jartzen ziren tesitura handiko tresnetaraino. Portatibo izendapenak organoaren mugikortasun erraz samarrari egiten dio erreferentzia, eta positiboa deiturak, berriz, tresna leku desberdinetan jartzeko edo kokatzeko aukerari, organo handiak ez bezala, azken hauek mugiezinak baitira. [2]
Organo eramangarria Euskal Herrian
Higinio Anglés musikari eta historialariaren Historia de la música medieval en Navarra (1970)[3] liburuan organo eramangarriaren aipamenak ageri dira, Nafarroako errege gorteetan, Karlos II.a Gaiztoa-ren garaian (1332-1387) eta Karlos III.a Noblea-renean (1361-1425), hala nola Aragoiko gortean. Idatzi horretan XIV. eta XV. mendeetako organo egile eta organo eramangarri joleen hainbat izen ere azaltzen dira.
Clara Fernández-Ladredaren Iconografía Musical de la Catedral de Pamplona (2004)[4] lanak tamaina eta funtzio ezberdinetako organoen inguruan dihardu. Iruñeko katedraleko ikonografian aurki ditzakegun bi organoak argi eta garbi portatiboak direla dio. Hala ere, Nafarroako dokumentazioan dirudienez bi tipologiak aipatzen dira: batetik organo portatibo txikiak, gorteetan ez ezik ospakizun profanoetan ere erabiltzen zirenak, eta bestetik, organo positiboak, handixeagoak baina ez karolingiarrak bezain handiak, Erriberriko errege kaperakoak eta Santa Maria elizakoak, kasu.
Elizetako ikonografia
Euskal Herriko elizetako ikonografian aurkitu ditugun organo eramangarrien irudiak nagusiki XIV. eta XV. mendeetakoak dira. Gasteizko Santa Maria katedralean, Lekeitioko Andra Mariaren Jasokundearen basilikan, Debako Andre Maria elizan, Miarritzeko Santa Eugenia elizan eta Iruñeko Andre Maria Erreginaren katedralean, besteak beste, organo eramangarria jotzen duten musikariak aurki ditzakegu.
- Gasteizko Santa Maria katedralaren elizpeko ezkerreko portadan dagoen organo eramangarri jolea.
- Lekeitioko Basilikako beirateetan ageri den organo eramangarri jolea.
- Debako Andra Mari elizako portadan dagoen organo eramangarri jolea.
- Miarritzeko Eugenia Santuaren elizako Jaiotzaren beiratearen goiko aldean organo eramangarria jotzen dagoen aingerua.
- Iruñeko Katedraleko Amparo Atearen ezkerreko janbaren oinarrian dagoen organo eramangarri jolea.
Erreferentziak
- 1890-1958., Salazar, Adolfo,. (©1989-). La música en la sociedad europea. Alianza ISBN 84-206-8986-6. PMC 53303757. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- (Urueña), Fundación Centro Etnográfico "Joaquín Díaz." Museo de la Música. (2003). Instrumentos musicales en los museos de Urueña : Colección de la Fundación Joaquín Díaz y Museo de la Música, Colección Luis Delgado.. [Fundación Centro Etnográfico Joaquín Díaz] ISBN 84-96165-00-0. PMC 433090118. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- 1888-1969., Anglès, Higini,. (1970). Historia de la música medieval en Navarra : obra postuma. Diputación foral de Navarra PMC 468728001. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Clara., Fernández-Ladreda,. (2004). Iconografía musical de la Catedral de Pamplona. Capilla de Música, Catedral M. de Pamplona ISBN 84-398-3787-9. PMC 163539818. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).