Ongarri
Ongarria edo ongailua substantzia organiko edo ez-organikoa da, landareentzako mantenugai asimilagarriak dituena.
Ongarriak erabiltzen dira, besteak beste, lurzoruan mantenugaien edukia mantentzeko edo areagotzeko, substratuaren nutrizio-maila hobetzeko eta landareen haziera begetatiboa estimulatzeko. Ongarrien iturriak naturalak zein industrialak dira.[1]
Historia
Lurzoruaren emankortasuna kudeatzea nekazarien kezka izan da antzinatik. Egiptoarrek, erromatarrek eta alemaniarrek mineralak eta simaurra erabiltzen zituzten euren baserrietan produktibitatea hobetzeko.[1] Landareen nutrizio-zientzia XIX. mendean hasi zen Justus von Liebig alemaniar kimikariaren lanarekin, besteak beste.
1910eko eta 1920ko hamarkadetan, Haber prozesuaren eta Ostwald prozesuaren gorakada gertatu zen. Haber prozesuak amoniakoa (NH3) metano gasetik (CH4) eta nitrogeno molekularretik (N2) sortzen du. Haber prozesuko amoniakoa azido nitriko (HNO3) bihurtzen da Ostwald prozesuan zehar.[2]
Ongarri komertzialen erabilera etengabe handitu da azken 50 urteetan.[3] Ongarri komertzialik gabe, gaur egun sortutako elikagaien heren inguru ekoitzi ezin izango litzatekeela kalkulatu da.[4]
Urearen eta formaldehidoen konbinaziotik eratorritako polimeroetan oinarritutako nitrogenoaren askapen kontrolaturako teknologiak 1936an ekoitzi ziren lehenengo aldiz eta 1955. urtean merkaturatu ziren.[5]
1960ko hamarkadan, Tennessee Valley Authority Ongarrien Garapen Zentro Nazionalak sufrez estalitako urea garatzen hasi zen. Sufrea estaldura-material nagusi modura erabili zen, bigarren mailako mantenugai modura duen kostu txikiagatik eta balioagatik.
Oinarrizko ongarriak
Ongarrien ekarpenak hauek dira:
- Lehen mailako mantenugaiak: nitrogenoa (N), fosforoa (P) eta potasioa (K).[6] Hirurak batera erabiltzen badira, NPK ongarri deritze.
- Bigarren mailako mantenugaiak: kaltzioa (Ca), sufrea (S) eta magnesioa (Mg).
- Oligonutrienteak edo mikronutrienteak: burdina (Fe), manganesoa (Mn) molibdenoa (Mo), kobrea (Cu), boroa (B), zinka (Zn), kloroa (Cl), sodioa (Na), kobaltoa (Co), banadioa (V) eta silizioa (Si).
Bigarren mailako elementu eta mikronutriente horiek lurzoruan kantitate nahikoan aurkitu ohi dira, eta soilik horien falta dagoenean gehitzen zaizkio ongarriari.
Landareek elementu primarioen kantitate nahiko handiak behar dituzte.
- Nitrogenoak landarearen zati guztien garapen begetatiboari laguntzen dio.
- Fosforoak landareen erresistentzia areagotzen du eta erroen garapenean laguntzen du.
- Potasioak loreen eta fruituen garapena sustatzen du.
NPK ongarriak gaur egun saltzen diren ongarri gehienak dira. Nitrogenoa da horien artean garrantzitsuena.
Ongarri motak
Ongarriak jatorri (organiko, mineralak) edo elementu kopuruaren (sinple eta konposatuak) arabera sailkatzen dira.
Ongarri organikoak
Animalia- edo landare-jatorria dute, guanoa, adibidez. Hala ere, sintesi prozesu batean sortutakoak izan daitezke, adibidez urea. Lehen motakoak batez ere industria-hondakinak dira, hala nola hiltegi-hondakinak. Bereziki nitrogenoa ematen diote lurrari, eta beren zeregin nagusia humusa eratzea da.
Bigarren motakoak landare-jatorriko hondakinak izan daitezke, eta izaera kimikoa landarearen araberakoa da.
Ongarri inorganikoak
Jatorri minerala duten substantziak dira, industria kimikoan edota meatokien ustiapenean sortuak. Nagusiak nitrogenodunak, fosfatodunak eta potasiodunak dira.
Ongarri mineralen izena bere hiru konposatu nagusien araberakoa da (NPK). Merkaturatzen diren egoera fisikoaren arabera sailka daitezke.
- Solidoak: NPK ongarri gehienak eta urea.
- Likidoak: zenbait NPK ongarri eta aminoazidoak.
Ongarri sinpleak
Nutriente bakarraz osatutako ongarriak dira. Nitrogenodunak, fosfatodunak edo potasiodunak izan daitezke, besteak beste. Nitrogenodunen artean ohikoenak amonio nitratoa eta urea dira. Amonioaren aurrean ureak duen abantaila da ez dela solido lehergarria. Ongarri fosfatodun garrantzitsuena superfosfatoa da. Oinarrizko ongarri potasikoa potasio muriatoa da. Potasio muriatoa % 95-99ean KCl-z osatuta dago.
Ongarri konposatuak
Nutriente nagusiak (nitrogenoa, fosforoa eta potasioa) konbinatuz osatzen dira. Gainera, nutriente sekundarioak (kaltzioa, magnesioa eta sufrea) eta mikronutrienteak (boroa, kobrea, burdina, manganesoa, molibdenoa eta/edo zinka) eduki ditzakete.
Aplikazioak
Ongarriak uzta guztien hazkunderako erabiltzen dira. Aplikazio-ratioa zoruaren emankortasunaren araberakoa izaten da.
Likidoak eta solidoak
Ongarriak solido zein likido gisa aplikatzen dira uztetan. Ongarrien % 90 inguru solido moduan aplikatzen dira. Ongarri inorganiko solido erabilienak urea, diamonio fosfatoa eta potasio kloruroa dira.[7]
Ongarri likidoen artean ondoko hauek daude: amoniako-anhidroak, amoniako-disoluzio urdunak eta amonio nitratoaren edo urearen ur-disoluzioak. Ongarri likidoen abantailak dira efektu azkarragoa eta estaldura errazagoa dituztela.[8]
Ongarrien askapen motela eta kontrolatua
Ongarrien aplikazio honek merkatuaren % 0,15 soilik estaltzen du. Landareei elikadura eskaintzen diete, baina pozoitsuak ere gerta dakizkieke.
Mantenugaien erabileraren eraginkortasuna handiagoa izateaz gain, askapen geldoko teknologiek ingurumenean duten inpaktua eta lur azpiko uren kutsadura ere murrizten dituzte.[5]
Hostoetarako aplikazioa
Hosto-ongarriak deritze hostoei zuzenean aplikatzen zaizkien ongarriei. Metodoa batez ere fruitu handiko uztetarako erabiltzen da.[8]
Nitrogenoaren absortzioan eragina duten substantzia kimikoak
Hainbat produktu kimiko erabiltzen dira ongarri nitrogenodunen eraginkortasuna hobetzeko. Modu horretan, nekazariek nitrogeno-isurketaren efektu kutsatzaileak mugatu ditzakete.
Gainongarriketa
Ernalketa-teknologia zainduak garrantzitsuak dira gehiegizko mantenugaiak kaltegarriak izan daitezkeelako.[9] Ongarri-erreketa gerta daiteke ongarri gehiegi erabiltzen denean, eta, orduan, landarea kaltetu eta hil daiteke.
Ongarrien kontsumoa munduan
Berriki nitrogenodun ongarriak normalizatu dira herrialde garatu gehienetan, eta Txina ekoizle eta kontsumitzaile handiena bihurtu da. [10] Nitrogenoak inpaktu adierazgarria izan du mineralen erabilera globalean. Nitrogenoaren ekoizpenak 1960. urtetik gorakada nabarmena izan du.[11] Potasa Kanadan, Rusian eta Bielorrusian ekoizten da. Hirurek batera mundu osoko ekoizpenaren erdia inguru osatzen dute.[12] Potasaren ekoizpena Kanadan 2017. eta 2018. urteetan % 18,6 igo da.[13] Adituen arabera, laborantzako etekinen % 30 eta % 50 ongarri komertzial naturalei edo sintetikoei zor zaie.[14][15] Europako ongarrien merkatua hazi da, 2018. urtean 15,3 milioi euroko diru-sarrerak lortu arte.[16]
The World Bank-ek 2012. urtean argitaratu zituen laborantzarako baliagarriak diren landen hektarea bakoitzeko ongarrien kontsumoaren datuak.[17] Europar Batasunean ongarrien guztizko kontsumoa 15,9 milioi tona 105 milioi hektareekiko da.[18]
Ingurunearen gaineko eraginak
Ongarrien erabilera landareentzako onuragarria da horiei mantenugaiak gehitzen dizkielako. Hala ere, ingumenean hainbat eragin negatibo dituzte ongarriek.[11]
Ura
Erabilera arruntetan, fosforo- eta nitrogeno-ongarriek eragin handia dute ingurumenean.[19] Nekazaritza-isuriak laguntzaile garrantzitsuak dira ur gezako gorputzen eutrofizazioan. Arazo honen errudun nagusia fosfatoa da. Fosfatoen kontzentrazio altuek zianobakterioen eta algen hazkundea bultzatzen dute. Zianobakterioen loratzeek ('alga-loratzeak') elikagai-katean pilatu daitezkeen toxina kaltegarriak ere sor ditzake gizakientzako kaltegarriak izan daitezkeenak. [20][21]
Ongarrien isurietan aurkitutako nitrogenodun konposatuak oxigenoaren agortze larriaren kausa nagusiak dira, batez ere kostaldeko zonaldeetan, aintziretan eta ibaietan. Disolbatutako oxigenoaren gabeziak asko murrizten du eremu horiek fauna ozeanikoa izateko gaitasuna.[22]
Nitrogenoan oinarritutako ongarrien zati bat bakarrik bihurtzen da landare-materia. Gainerakoa lurzoruan pilatzen da edo ihesbide gisa galtzen da.[23] Ur-nitratoaren disolbagarritasun handiak azaleko uretan isurketa handitzea eta lurpeko uretan isurtzea ere eragiten du. Horren ondorioz, lurpeko kutsadura gertatzen da. [24][25][26]
Azidifikazioa
Nitrogenoa duten ongarriek lurzoruaren azidotzea eragin dezakete gehitzen direnean.[27][28] Horrek mantenugaien erabilgarritasunaren murrizketa ekar dezake.
Kadmioa
Fosforoa duten ongarrietan kadmioaren kontzentrazioa asko alda daiteke eta arazo ere izan daiteke.[29] Kadmio kantitate handia duten ongarrien etengabeko erabilerak lurzoruaren eta landareen kutsadura eragin dezake.[30] Europar Batzordeak aintzat hartu du fosforoa duten ongarrietan kadmio edukia mugatzea. [31] [32][33]
Fluoruroa
Fosfato-arrokek fluoruro maila altuak dituzte. Horrenbestez, fosfatoen ongarrien erabilera zabalak lurzoruko fluoruroaren kontzentrazioak areagotu ditu.[30] Horren ondorioz, abereek lurzoru kutsatuak irensten dituzte, toxikotasun maila altukoak direnak.
Klima-aldaketarako ekarpena
Berotegi-efektuan parte hartzen duten hainbat substantzia sortzen dira nitrogenodun ongarriak ekoiztean, esate baterako, karbono dioxidoa, metanoa eta oxido nitrikoak.
Atmosfera
Nitrogenodun ongarrien ekoizpenaren gorakadari esker, oxido nitrosoa berotegi-efektuko hirugarren gas garrantzitsuena bilakatu da, karbono dioxidoaren eta metanoaren ondoren. Beroketa globalari 296 aldiz gehiago kaltetzen dio karbono dioxidoaren kantitate berarekin konparatuz. Gainera, ozono estratosferikoaren murrizketan eragiten du.[34] Prozesuak eta prozedurak aldatuz gero, posible da klima-aldaketa antropogenikoan izan daitezkeen efektu batzuk arintzea, baina ez guztiak.[35] Amonioz osatutako ongarriak erabiltzen direnean metano-emisioak handitzen dira.
Erregulazioa
Europan nitrato-kontzentrazio altuen isuriak ikertzen hasi dira. Britania Handian, nekazariei lurra modu iraunkorragoan kudeatzeko "nekazaritzarekiko sentikorra den nekazaritza" bultzatzen da.[36] Estatu Batuetako Oregon eta Washington estatuek, adibidez, ongarriak erregistratzeko online programak dituzte analisi kimikoak zerrendatzen dituzten datu-baseekin.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Heinrich W. Scherer. "Fertilizers" in Ullmann's Encyclopedia of Industrial Chemistry. 2000, Wiley-VCH, Weinheim. doi:10.1002/14356007.a10_323.pub3
- Trevor Illtyd Williams; Thomas Kingston Derry (1982). A short history of twentieth-century technology c. 1900-c. 1950. Oxford University Press. pp. 134–135. ISBN 978-0-19-858159-8.
- Glass, Anthony (September 2003). "Nitrogen Use Efficiency of Crop Plants: Physiological Constraints upon Nitrogen Absorption". Critical Reviews in Plant Sciences. 22 (5): 453–470. doi:10.1080/713989757.
- Commercial fertilizers increase crop yields [1]. Accessed 9 April 2012.
- J. B. Sartain, University of Florida (2011). "Food for turf: Slow-release nitrogen". Grounds Maintenance.
- lehen mailako makronutrienteak. (Noiz kontsultatua: 2019/11/07).
- "About Fertilizers Home Page". www.fertilizer.org. International Fertilizer Association. Retrieved 19 December 2017.
- Dittmar, Heinrich; Drach, Manfred; Vosskamp, Ralf; Trenkel, Martin E.; Gutser, Reinhold; Steffens, Günter (2009). "Fertilizers, 2. Types". Ullmann's Encyclopedia of Industrial Chemistry. doi:10.1002/14356007.n10_n01. ISBN 978-3-527-30673-2.
- "Nitrogen Fertilization: General Information". Hubcap.clemson.edu. Archived from the original on 29 June 2012. Retrieved 17 June 2012.
- Smil, Vaclav (2015). Making the Modern World: Materials and Dematerialization. United Kingdom: John Wiley & Sons. ISBN 978-1-119-94253-5.
- Kesler and Simon, Stephen and Simon (2015). Mineral Resources, Economics and the Environment. Cambridge. ISBN 978-1-107-07491-0.
- Kesler and Simon, Stephen and Simon (2015). Mineral Resources, Economics and the Environment. Cambridge. ISBN 978-1-107-07491-0.
- "Industry Stats - Fertilizer Canada". Fertilizer Canada. Retrieved 28 March 2018.
- Vasant Gowariker, V. N. Krishnamurthy, Sudha Gowariker, Manik Dhanorkar, Kalyani Paranjape "The Fertilizer Encyclopedia" 2009, John Wiley & Sons. ISBN 978-0-470-41034-9. Online ISBN 978-0-470-43177-1.
- Stewart, W.M.; Dibb, D.W.; Johnston, A.E.; Smyth, T.J. (2005). "The Contribution of Commercial Fertilizer Nutrients to Food Production". Agronomy Journal. 97: 1–6
- "Market Study Fertilizers - Europe". Ceresana.com.
- http://data.worldbank.org/indicator/AG.CON.FERT.ZS/countries?order=wbapi_data_value_2007%20wbapi_data_value&sort=desc&display=default
- "Archived copy". Archived from the original on 6 October 2014. Retrieved 2011-10-19.
- "Environmental impact of nitrogen and phosphorus fertilisers in high rainfall areas". www.agric.wa.gov.au. Retrieved 9 April 2018.
- "Archived copy". Archived from the original on 5 August 2014. Retrieved 5 August 2014.
- Schmidt, JR; Shaskus, M; Estenik, JF; Oesch, C; Khidekel, R; Boyer, GL (2013). "Variations in the microcystin content of different fish species collected from a eutrophic lake". Toxins (Basel). 5 (5): 992–1009. doi:10.3390/toxins5050992. PMC 3709275. PMID 23676698.
- "Rapid Growth Found in Oxygen-Starved Ocean ‘Dead Zones’", NY Times, 14 August 2008
- Callisto, Marcos; Molozzi, Joseline; Barbosa, José Lucena Etham (2014). Eutrophication of Lakes. Eutrophication: Causes, Consequences and Control. pp. 55–71. doi:10.1007/978-94-007-7814-6_5. ISBN 978-94-007-7813-9.
- C. J. Rosen; B. P. Horgan (9 January 2009). "Preventing Pollution Problems from Lawn and Garden Fertilizers". Extension.umn.edu. Archived from the original on 10 March 2014. Retrieved 25 August 2010.
- Bijay-Singh; Yadvinder-Singh; Sekhon, G.S. (1995). "Fertilizer-N use efficiency and nitrate pollution of groundwater in developing countries". Journal of Contaminant Hydrology. 20 (3–4): 167–184. Bibcode:1995JCHyd..20..167S. doi:10.1016/0169-7722(95)00067-4.
- "NOFA Interstate Council: The Natural Farmer. Ecologically Sound Nitrogen Management. Mark Schonbeck". Nofa.org. 25 February 2004. Archived from the original on 24 March 2004. Retrieved 25 August 2010.
- Schindler, D. W.; Hecky, R. E. (2009). "Eutrophication: More Nitrogen Data Needed". Science. 324 (5928): 721–722. Bibcode:2009Sci...324..721S. doi:10.1126/science.324_721b. PMID 19423798.
- Penn, C. J.; Bryant, R. B. (2008). "Phosphorus Solubility in Response to Acidification of Dairy Manure Amended Soils". Soil Science Society of America Journal. 72 (1): 238. Bibcode:2008SSASJ..72..238P. doi:10.2136/sssaj2007.0071N.
- McLaughlin, M. J.; Tiller, K. G.; Naidu, R.; Stevens, D. P. (1996). "Review: the behaviour and environmental impact of contaminants in fertilizers". Soil Research. 34: 1–54. doi:10.1071/sr9960001.
- Chaney, R.L. (2012). Food safety issues for mineral and organic fertilizers. Advances in Agronomy. 117. pp. 51–99. doi:10.1016/b978-0-12-394278-4.00002-7. ISBN 9780123942784.
- Oosterhuis, F.H.; Brouwer, F.M.; Wijnants, H.J. (2000). "A possible EU wide charge on cadmium in phosphate fertilisers: Economic and environmental implications" (PDF). dare.ubvu.vu.nl. Retrieved 27 June 2014.
- Fertilizers Europe (2014). "Putting all the cards on the table" (PDF). www.fertilizerseurope.com. Archived from the original (PDF) on 8 August 2014. Retrieved 27 June 2014.
- Wates, J. (2014). "Revision of the EU fertilizer regulation and cadmium content of fertilisers". www.iatp.org. Retrieved 27 June 2014.
- "Human alteration of the nitrogen cycle, threats, benefits and opportunities" Archived 14 January 2009 at the Wayback Machine UNESCO – SCOPE Policy briefs, April 2007
- Roy, R. N.; Misra, R. V.; Montanez, A. (2002). "Decreasing reliance on mineral nitrogen-yet more food" (PDF). AMBIO: A Journal of the Human Environment. 31 (2): 177–183. doi:10.1579/0044-7447-31.2.177. Archived from the original (PDF) on 24 September 2015. Retrieved 3 July 2014.
- Defra. "Catchment-Sensitive Farming". Archived from the original on 30 June 2011.