E-learning

Electronic learning, e-learning, online ikaskuntza edo ikaskuntza elektronikoa, 1990. hamarkadan sortu eta ordutik hona garapen handia izan duen ikas-moldea da. Termino ezberdinen bitartez izendatu ohi da, hala nola on-line irakaskuntza, irakaskuntza birtuala, irakaskuntza telematikoa edo prestakuntza birtuala.

E-learning gisa ulertzen dugu irakasleek eta ikasleek ingurune digital batean parte hartzen dutenean teknologia berrien eta ordenagailu-sareen bidez, Internetek eta teknologia digitalek eskaintzen dituzten erraztasunak modu intentsiboan erabiliz[1][2].

Hala ere, garrantzitsua da aipatzea “irakaskuntza telematikoa” kontzeptu konplexua dela, definizio sinpleei iskin egiten diena eta tartean diren hezkuntza-eragileen artean adostu eta eraiki beharrekoa. Horrela, e-learning hezkuntzaren aurrekariak posta elektronikoaren garapenarekin (1972an, gutxi gorabehera) eta aldizkari elektroniko eta newsgroup deiturikoen agerpenarekin (1979) hasten dira . Hala ere, Internet eta webaren garapenari zor diogu batez ere, 1993tik aurrera, hezkuntza telematikoa egungo aukerekin osatzea[3].

Sarri nahasi ohi badira ere, urrutiko irakaskuntza eta e-learning-a ez dira gauza bera: urrutiko irakaskuntza, ikasgelara fisikoki gerturatu beharrik gabe ikasketak burutzeko aukerari deritzo, teknologia digitalaren erabilera hautazkoa izanik; e-learning-a ere ikaskuntza ez presentzialean oinarritzen da baina ikaskuntza prozesuaren muinean daude Internet eta teknologia digitalen erabilera[4].

Testuingurua

Gizakiaren eguneroko zeregin eta jardueratan funtsezko aldaketak gertatzen ari dira azken urte hauetan, baita ezagutzarako sarbidean ere. Garapen teknologikoak aukera ematen du informazio kantitate handiak eskuratzeko eta prozesatzeko, ondoren pertsonen adimenaren eta oroimenaren euskarri izan daitezen. Teknologia modu erradikalean aldatzen ari da lan egiteko moduak, komunikatzeko erabiltzen diren bitartekoak eta baita zerbitzuetara iristeko mekanismoak ere: garraioa, merkataritza, entretenimendua eta baita hezkuntza bera ere, bere adin-tarte eta maila guztietan[5].

Lehenbiziko urratsetan, 1960. hamarkadan, Informatikaren garapenak ordenagailuak hezkuntza-xedeetarako erabiltzea finkatu zuen, konputagailuz lagundutako irakaskuntza sustatuz. Handik urte batzuetara, 1980. hamarkadan, Informazio eta Komunikazio Teknologia deiturikoaren agerpenarekin, informazio-kopuru handiak modu malguan biltegiratzeko, prozesatzeko eta transmititzeko diseinatutako gailuek bide berriak zabaldu zituzten.

Garapena

Zenbait autorek e-learning-a urruneko irakaskuntzaren garapen edo eboluzio gisa ikusten dute, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak hedatzeko baliabide digitalak, Informazio eta Komunikaziorako Teknologia alorreko erremintak, erabiltzen dituena[6][7]. Beste batzuen iritziz ordea, e-learning-ak ezaugarri propioak dauzka, urruneko irakaskuntzatik eta irakaskuntza presentzialetik bereizten duena[8][9][10]. Ikuspegi horretatik, on-line hezkuntza eredu pedagogiko bat da bere horretan. Teknologia digitalak erabiliz, elkarrizketa eta talde-jarduerak sustatzen dituen eredua, ikasleen arteko elkarlana sustatzen duten aktibitateak izan ohi dituena. Ikasleen arteko lankidetza hori, aurrez aurreko topaketarik egin gabe gertatzen da, elkarrizketa sinkrono eta asinkronikoekin, ikastaroa burutzeko erabiltzen den softwareak eskaintzen dituen bitartekoak baliatuz.

Hona hemen e-learning modalitatearen honen ezaugarri nagusiak:

  • Ikasleak ingurune digital batean murgiltzea, ikaskuntza-prozesuak irauten duen bitartean bere bitartez elkar eragingo dutelarik.
  • Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien erabilera pedagogikoa
  • Ikasleen artean elkarlana proposatzen duten jarduerak sartzea.
  • Material didaktikoak hainbat formatu digitaletan erabiltzea.

Ingurune teknologikoak

On-line irakaskuntza ingurune edo plataforma digitalen bidez inplementatzen da. Gehien erabiltzen diren tresnen artean, Irakaskuntza Kudeatzeko Sistemak (ingelesez Learning Management System edo LMS) daude. LMSa web zerbitzari batean oinarritutako softwarea da, eta moduluak eskaintzen ditu irakaskuntza sistema batek behar diren administrazio- eta jarraipen-prozesuetarako. Sistema horiek administrazio-moduluak dituzte, besteak beste, ikastaroak konfiguratzeko, ikasleak matrikulatzeko, irakasleak erregistratzeko eta kalifikazioak ezarri ahal izateko[11]. Plataformek komunikazio-dimentsio desberdinei lotutako tresna-paketeak eskaintzen dituzte, hala nola, posta elektronikoa, txata, foroak, wikiak eta datu-baseak. Tresna horien bitartez aktibitate desberdinak burutu daitezke, nola taldekakoak hala banakakoak[12].

LMSen artean, Moodle da gaur egun gehien zabaldutako banaketa-plataformetako bat[13], bereziki unibertsitate-eremuan. Hala ere, badira software librean oinarritutako beste plataforma batzuk: Ilias, ATutor, Claroline, Dokeos, Sakai proiektua, Chamilo eta SWAD. Software jabedunen artean honako plataforma hauek aipa daitezke: docenteenlinea.com, Cattual @, Desire2Learn, eCollege, Fronter, Saba Learning, WebCT eta Blackboard.

Irakaskuntza

Jatorria nolabait urrutiko hezkuntzarekin lotzearren, e-learning ikastaroetan lan egiten duten irakasleek tutore izendapena jaso ohi dute. Izan ere, beren zeregin nagusia ikaskuntza-prozesuan zehar ikaslearen ondoan egon eta berau laguntzea baita, espazio fisiko konpartiturik gabeko ikaskuntza eremu batean.

Online irakaskuntzaren ezaugarriak kontutan hartuta, irakasle/tutore direnek ondoko zereginak hartu ohi dituzte beren gain[14][15]:

Gizarte-mailako dimentsioa

Online irakaskuntzan, gizarte-eremuak oso garrantzitsuak dira talde-loturak indartzeko. Funtsezko alderdi horrek garrantzi pedagogiko handia izango du, aldez aurreko baldintza izanik elkarlana garatu ahal izateko. Horrela, tutoreak/irakasleak parte hartzaile guztien arteko askatasun eta konfiantza giroa sortu behar du, eta, bereziki, berarenganakoa. Horrek ikaslearen jarraipen pertsonalizatua egiteko aukera eskaintzen du, ikasle bakoitzaren berezitasunetara egokituz.

Helburua oreka egokia topatzen dago, ikaskuntza-prozesua garatzen den ingurunearen, ikasleriaren eta tutoreen artean; beti ere ikasleek ezarritako helburuaren arabera aurrera egiteko modua izan dezaten[16].

Dimentsio akademikoa

Tutoreak/irakasleak edukiak menperatu behar ditu, ez bakarrik ikasleen zalantzei erantzun ahal izateko, baita azaleratzen diren eztabaidak antzeman eta horien moderazioa bideratzeko ere. Funtzio hori oso garrantzitsua da, ikasleen arteko elkarrizketaren eta partaidetzaren bidez ezagutza eraikitzea ahalbidetzen duten ideia-trukea sustatzen baitu.

Antolakuntza-dimentsioa

Antolaketa-dimentsioaren baitan sartzen da tutoreak/irakasleak sekuentzia didaktikoa ondo ezagutzea, lan-erritmo egoki bati eutsi ahal izateko.

Orientatzailearen dimentsioa

Dimentsio hau izango da beharbada tutore tradizionalaren rolari gehien hurbiltzen zaiona. Ikaskuntza-prozesuan zehar lagundu eta gidatzea, agertzen diren premiei erantzunez, hori izango da bere zeregin nagusia. Gainera, gida eta orientazio funtzio horien artean, sarean ikasi ahal izateko ikaskuntza-teknikak erakustea gehitu behar da, eta baita lan-erritmo egokia sustatzea eta ikaslea bere aurrerapenei buruz informatuta eduki eta hura motibatzea ere.

Dimentsio teknikoa

Irakasleak/tutoreak ikaslearen bidelagun izan behar du, espazio digitalaren dinamika ulertzen duela ziurtatuz. Hala, kontsultei erantzun beharko die, nahiz eta batzuetan beren berezitasunagatik, horiek arlo teknologikoko adituengana bideratu behar diren. Tutoreak ez du zertan teknologian aditua izan behar, baina ezagutza maila egokia behar du gai txikiak ebazteko eta irizpide egokia izateko. Dimentsio tekniko horretatik, tutoreak bere gain hartu beharko lituzkeen zenbait jarduera ere identifikatzen dira: ziurtatzea ikasleek ulertzen dutela online plataformaren funtzionamendu teknikoa; aholkuak eman eta orientatzea; sareko ikaskuntza prozesua kudeatzea; ingurunean behar diren aldaketei adi egotea eta sistemaren administratzailearekin harremanetan egotea.

Online irakaskuntzaren abantailak eta desabantailak

Azken urteotan, hezkuntza-erakunde askok informazioaren eta komunikazioaren teknologiak txertatu dituzte, batez ere irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak hobetzeko eta modalitate honetan ikastaroak eskaintzeko.

  • Irekiera: prestakuntzarako sarbidea errazten da, batez ere oztopo geografikoak gaindituz.
  • Malgutasuna: komunikazio asinkrono eta nonahikoak dedikazio denboraren autogestioa errazten dute.
  • Eraginkortasuna: proposamen horiek ikaslearen autonomia garatzea sustatzen dute, bere ikaskuntza-prozesua kudeatzeko gai izan dadin.
  • Laguntza pertsonalizatua: ikaslearen jardueran zentratua, modalitate honetako tutoreek ikasleen laguntza pertsonalizatua egiten dute, baita talde-lanean dihardutenean ere.
  • Ekonomia: espazio eta material fisikoen erabilerarekin eta lekualdaketekin lotutako gastuak murriztu egiten dira.
  • Ikaskuntza-komunitate bat eraikitzea: ikasle-taldeak komunitate bat osatzen du, e-learning ereduak eztabaida eta elkarrizketa sustatzen dituen neurrian; horrela, partaidetzaren bidez, ikasleak bere ikaskuntza-prozesua bultzatzen duen pertenentzia-sentimendua garatzen du.
  • Aurrez aurreko hezkuntzaren alternatiba: lanagatik edo beste jarduera batzuengatik dedikazio osoko eskolaldian ikasi ezin dutenentzako.
  • Aholkularitza: aholkulari baten laguntza izatea, gidatu eta ikastaroaz aholkuak emango dizkiona.

Tresnak

Irakaskuntza birtualean lan egiteko informatika tresna berriak sortzen dira etengabe. Badaude baliabide komertzial batzuk eta badaude, baita, software librearen komunitatetik eskainitako hainbat baliabide[17][18].

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «(PDF) E-Learning: enseñar y aprender en espacios virtuales» ResearchGate (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  2. (Gaztelaniaz) Román-Mendoza, Esperanza. (2018). Aprender a aprender en la era digital. Routledge 2018. (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  3. (Gaztelaniaz) Sandoval, Javier Organista; McAnally-Salas, Lewis. (2007). «La educación en línea y la capacidad de innovación y cambio de las instituciones de educación» Apertura 0 (7) ISSN 2007-1094. (Noiz kontsultatua: 2019-02-02).
  4. (Gaztelaniaz) Salvat, Begoña Gros. (2018-07-01). «La evolución del e-learning: del aula virtual a la red» RIED. Revista Iberoamericana de Educación a Distancia 21 (2): 69–82.  doi:10.5944/ried.21.2.20577. ISSN 1390-3306. (Noiz kontsultatua: 2019-02-02).
  5. García, María Luisa Sevillano. (2007). «Nuevas tecnologías, nuevos medios y didáctica buscan convergencias formativas» Bordón. Revista de pedagogía 59 (2): 451–474. ISSN 0210-5934. (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  6. (Ingelesez) «Historia de la Educación a Distancia (History of Distance Education) - ProQuest» search.proquest.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-02).
  7. (Gaztelaniaz) Ortiz, Lourdes Guàrdia. (2012). El diseño tecnopedagógico del eportfolio para contextos de enseñanza y aprendizaje en la educación superior: desde una visión evolutiva de los modelos de educación a distancia a la educación en línea. Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea (Noiz kontsultatua: 2019-02-02).
  8. (Gaztelaniaz) «De la educación a distancia a la educación virtual» ResearchGate (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  9. Moore, Joi L.; Dickson-Deane, Camille; Galyen, Krista. (2011-03-01). «e-Learning, online learning, and distance learning environments: Are they the same?» The Internet and Higher Education 14 (2): 129–135.  doi:10.1016/j.iheduc.2010.10.001. ISSN 1096-7516. (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  10. Casablancas, Silvina. (2014-11). «De la Educación a Distancia a la Educación en Línea» Propuesta educativa (42): 96–98. ISSN 1995-7785. (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  11. «Estado actual de los sistemas e-learning.» campus.usal.es (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  12. «MOODLE: Moodle 1.8 irakaskuntza-ikaskuntzarako plataformaren eskuliburua» elearning8.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  13. «Luberri: Moodle tresnak» Luberri 2019-01-20 (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  14. Almenara, Julio Cabero. (2004). «La función tutorial en la teleformación» Nuevas tecnologías y educación, 2004, ISBN 84-205-4162-1, págs. 129-144 (Pearson Educación): 129–144. ISBN 9788420541624. (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  15. Puentes Puente, Ángel; Fonseca, María Cecilia; Navas Piñate, Elvira Esther; Maiz Olazabalaga, Inmaculada; Castaño Garrido, Carlos; Llorente Cejudo, María del Carmen; Barroso Osuna, Julio Manuel; García Castillo, Jovita et al.. (2013). Un reto para el profesor del futuro : la tutoría virtual. Universidad de Sevilla ; Universidad del País Vasco ; Universidad Metropolitana, Venezuela ; Pontificia Universidad Católica Madre y Maestra, República Dominicana ; Sistema Nacional de Educación a Distancia, México ISBN 9788494006210. (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  16. Hew, Khe Foon; Cheung, Wing Sum. (2008-11-01). «Attracting student participation in asynchronous online discussions: A case study of peer facilitation» Computers & Education 51 (3): 1111–1124.  doi:10.1016/j.compedu.2007.11.002. ISSN 0360-1315. (Noiz kontsultatua: 2019-02-03).
  17. «Online Irakaskuntzarako Tresnak - eCampus - eCampus - UPV/EHU» ecampus (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  18. «Komunikazio eta elkarlanerako tresna libreak - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.