Omeiatar Kalifa-herria

Omeiatar Kalifa-herria[1] (arabieraz: بنو أمية, Banu Umayyah) Mahoma hil ondoren izandako lau kalifa-herrietatik bigarrena izan zen. Omeiatarren dinastiak zuzendua izan zen, leinuaren sortzailea Umayya ibn Abd Shams izan zen. Omeiatarren familia Uthman ibn Affanekin iritsi zen boterera (K. o 644–656), baina omeiatarren erregimena Muawiya ibn Abi Sufyanek sortu zuen Musulmanen Lehen Gerra Zibilaren ondoren, 661. urtean (Hejiraren ondoko 41. urtean).

Omeiatar kalifa-herria
بنو أمية
Banu Umayyah
661  750
Monarkia
Omeiatar kalifa-herriko bandera

Omeiatar kalifa-herriko armarria

Historian izandako zabalera handiena.
Geografia
HiriburuaDamasko
Kultura
Hizkuntza(k)Arabiera
ErlijioaIslam sunita
Historia
Sorrera661
Ezeztapena750
Erbestean hasiera756
Erbestean bukaera1031
Aurrekoak
Rasidar kalifa-herria
Bizantziar inperioa
Bisigodoen erresuma
Ondorengoak
Abbastar Kalifa-herria
Kordobako Kalifa-herria

Nahiz eta omeiatarrak jatorriz Mekakoak izan, Damasko aukeratu zuten hiriburutzat. Hedadurarik zabalena izan zuenean (13.400.000 km2), munduko inperiorik zabalena bilakatu zen.[2]

Historia

Omeiatarrak Quraix tribuko klan bat ziren, Meka hirikoak. Mahoma ere tribu hartakoa zen. Familiari izena eman zion arbasoa Umayya ibn Abd Shams izan zen, Mahomaren birraitona zen Hashimen iloba.

Omeiatar lehen kalifa Uthman ibn Affan izan zen. Mekako merkatari aberatsa zen, eta Mahomaren bi alabaren senarra izan zen. 644an, Omar kalifa hiltzean, Uthman aukeratu zuten kalifa, eta kalifa ortodoxoetan hirugarrena bihurtu zen.

Kalifa berri bat aukeratzen zen bakoitzean, Ali ibn Abi Taliben jarraitzaileekin gatazka sortzen zen. Hauek uste zuten Alik izan behar zuela kalifa, Mahomaren lehengusua eta suhia zelako. Oso hurbilekoa, beraz.

Uthman 656an hil zuten, eta Ali aukeratu zuten kalifa. Hala ere, Siriako gobernadore zen Muawiyak (omeiatarra hau ere) erabakiaren kontra egin zuen eta Aliren kontra armak hartu zituen. Muawiyaren esanetan Alik Uthmanen heriotzan parte hartu zuen.

Armada biak aurrez aurre topatu ziren Siffineko batailan. Alik galdu egin zuen eta Kufara (Irak) ihes egin zuen. Muawiyak bere burua kalifa izendatu zuen Damaskon, hiri hau inperio musulmanaren hiriburua bihurtuz.[3]

Damaskoko kalifa-herria (661-750)

Omeiatarrek amaiera eman zioten kalifa kontseilu batean aukeratzeko ohiturari, eta sistema hereditarioa bihurtu zuten. Horrela hasi zen omeiatarren dinastia.

Dinastia honek konkistekin jarraitu zuen. Mendebaldean Magreba eta Iberiar Penintsula konkistatu zuten. Ekialdean Iran guztiz konkistatu zuten, eta Afganistan edo Txinara ere heldu ziren.[3]

Inperioaren barruan omeiatarrek aurkariak zituzten. Aliren jarraitzaileek aktibo jarraitzen zuten. Eta baita khawarijak ere (hauek Aliren jarraitzaileengandik banatu ziren Siffiko batailan). Khawarijek Basoran (Irak) zeukaten indarra, eta Aliren jarraitzaileek Kufan. Aliren jarraitzaileak xiita bezala ezagutzen dira gaur egun.

Muawiya hiltzean, oinordekotzari buruzko gatazka berpiztu egin zen. Muawiyak bere seme Yazid izendatu zuen hurrengo kalifa. Baina Aliren jarraitzaileek Husayn aukeratu zuten, Aliren seme gazteena. Yazidek suntsitu egin zituen Husayn eta haren armada txikia, Kerbalako batailan (680).

Omeiatarrek inperio zabal bat antolatu behar izan zuten. Inperio hartan gehiengoa ez zer arabiarra, ezta musulmana ere. Omeiatarrak erregeak izan ziren batez ere. Hau da, politikaz arduratu ziren gehien bat, eta ez erlijio kontuez (kalifei zegokien bezala).[3] Ez zuten bultzatu islamizazioa, hau da, inperioko biztanleak musulman bihurtzea. Izan ere, kristauek eta juduek ordaintzen zituzten zergak diru-sarrera garrantzitsua ziren estatuarentzat. Horregatik, haien etsaiek uste zuten omeiatarrak musulman txarrak zirela.

740. urte inguruan omeiatarren kalifa-herria ahulduta zegoen. Alde batetik, familia barruko gatazkengatik; bestetik, khawarijen eta Aliren aldekoen etsaitasunagatik. Azken hauek matxinada bat hasi zuten Iranen, kalifa-herriaren boterea haxemien klanari emateko (Ali eta Mahoma klan honetakoak ziren). Azken momentuan, matxinadaren buru Abu al-Abass jarri zen, abastarren burua, haxemien barruko bigarren mailako adar bat. Al-Abassek kalifa izendatu zuen bere burua, eta omeiatar kalifa (Marwan II.a) garaitu zuen Zab Handiko batailan, Zab ibaiaren ertzean, Bagdad iparraldean.[3]

Omeiatar kalifak, Marwan II.ak Egiptora ihes egin zuen. Baina omeiatar guztiak hil egin zituzten. Bakar batek ihes egin zuen, Abd ar-Rahmanek, eta Al-Andalusera joan zen.

Omeiatarrak Al-Andalusen

Kordobako emir-herri independentea (756-929)

Bizirik iraun zuen omeiatar bakarrak, Abd ar-Rahmanek, Magrebera ihes egin zuen, kalifa-herriko hiri nagusietatik urruti zegoelako. Han, berbere tribuen artean gorde zen, eta Al-Andaluseko siriar soldaduen babesa lortu zuen. Horrela, 755. urtean Iberiar Penintsulara joan zen, Almuñecarren lehorreratuz.

Siriarren laguntzarekin, Abd ar-Rahmanek Al-Andaluseko abastar gobernuari aurre egin zion, eta Al-Musarako batailan (756) garaitu egin zuen. Bere aldekoek emir izendatu zuten.

Horrela, Al-Andalus politikoki independentea bihurtu zen. Dena dela, Abd al-Rahmanek Bagdadeko kalifaren botere erlijiosoa onartzen jarraitu zuen, umma edo komunitate musulmana ez apurtzeko. Hil zenean, beste lau emir eduki zituen Kordobako emir-herriak, kalifa-herri bihurtu aurretik.

Kordobako Kalifa-herria (929-1031)

929. urtean Abd ar-Rahman III.ak bere burua kalifa izendatu zuen. Ordurako jada Tunisian beste kalifa-herri xiita bat sortua zuten fatimiek.

Abd ar-Rahmanek hainbat argumentu erabili zituen bere burua kalifa izendatzeko. Alde batetik, bere familiaren jatorria Quraix tribua zela, Mahomaren tribu berdina; bestetik, Iberiar Penintsulako iparraldeko kristauei ez ziela utzi Al-Andalus konkistatzen. Hauek tributuak ordaintzen zizkioten kalifari erasorik ez jasotzeko.

Al-Andalusen garai oparoena izan zen hau.

Azken omeiatar kalifa Hixam II.a izan zen. Baina honen oinordekotzagatik gerra zibila sortu zen, eta kalifa-herria erresuma txikietan edo taifetan zatitu zen.

Gizarte antolaketa

Omeiatarren zerga sistema eta praktika administratiboak ez omen ziren bidezkoak hainbat musulmanen begietara. Izan ere, kalifa-herrian lau gizarte klase bereizten ziren:

  • arabiar musulmanak
  • arabiarrak ez ziren musulmanak
  • musulmanak ez ziren pertsona libreak (kristauak, juduak, zoroastroarrak)
  • esklaboak

Arabiar musulmanak gizartearen goialdean zeuden[3], eta konkistatutako lurraldeetan agintzen zuten. Islamak musulman guztien arteko berdintasuna sustatzen duen arren, arabiarrek estimu handiagoan zuten haien burua eta ez ziren gainerako musulmanekin nahasten. Musulmanen arteko desberdintasunak ezinegona sortu zuen, eta islama gehiago hedatzen zen neurrian, fededun berriek ez zituzten arabiarren eskubide berak. Horren ondorioz eta beste hainbat arrazoigatik, Abbastar Iraultza gertatu zen 740ko hamarkadan. Abbastar Kalifa-herriak omeiatarrak bota zituenean, Al-Andalusera ihes egin zuten eta 1031. urtera arte iraun zuen Kordobako Kalifa-herria sortu zuten.

Damaskoko kalifen zerrenda

Lotutako artikuluak

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (PDF) 182. arauaː Dinastien izenak. .
  2. Blankinship, Khalid Yahya. (1994). The End of the Jihad State, the Reign of Hisham Ibn 'Abd-al Malik and the collapse of the Umayyads. State University of New York Press, 37 or. ISBN 0791418278..
  3. Claramunt, S., Portela, E., Gonzalez, M. eta Mitre E. (2021), Historia de la Edad Media, Ariel, Bartzelona

Kanpo estekak

Historia Artikulu hau historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.