Olerti (aldizkaria)

Historia

« Santi Onaindiak Milla euskal olerki eder liburua argitaratu zuen 1954an, eta lehenago 1951. urtean Karmengo Amaren Egutegia (artikulu, poema, kantu eta bestez 130 orrialde ingurukoa), ondorengo bost urtetan ere azaldu zena. Azken horretatik eratorria da Karmel aldizkaria, eta honexen gehigarri gisa argitaratu zuen Santi Onaindiak Olerti aldizkariaren lehen zenbakia 1959an Zornotzako Larrean. Oso-osorik poesiari emana izan zen Olerti, hiruhilekoa, 1969ra bitartean 28 zenbaki ekarri zituena, harik eta 1970ean Espainiako Gobernuak argitalpena debekatu egin zuen arte. Ordurako, Onaindiak arazo franko izana zuen Zentsurarekin. Poliziak 1955eko martxoan dendarik denda jardun zuen Milla euskal olerki eder liburua bildu eta bahitu nahian, eta hala eta guztiz Onaindiak lortu zuen argitalpenaren zati bat salbatzea. Derrigorrezkoa zen sasoi hartan argitaratzeko baimena eskatzea, baina Onaindiak intsumisioaren bidea hautatu eta ez zuen tramiterik batetzen. Olerti aldizkaria ere halaxe argitaratzen zen. "Ziur nekian baimenik ez eustala gobernuak emongo, eta Suplemento Poético de Karmel jarri neutson kaparra sartu gurarik", kontatzen zuen. Sei-zazpi bider izan zituen poliziak horrexegatik bisitan, Manuel Fraga Iribarne ministroaren debeku definitiboa jaso arte.

Hamar urteko geldialdiaren ondoren, 1980an berriro ekin zion Olerti plazaratzeari, Eusko Ikaskuntzaren babesean. Eta 1984tik aurrera Eusko Ikaskuntzaren "Cuadernos de Seccion, Hizkuntza eta Literatura" agerkariaren barruan, separata gisa. Hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzaren baimenarekin egin dugu zenbaki horien argitalpen hau. Lehen aroan 28 zenbaki eta bigarrenean 10, denetara 38 ale izan zituen Olerti aldizkariak, idazle zerrenda luzearekin; besteak beste: Amaia Lasa, Andima Ibinagabeitia, Anizeto Zugasti, Antonio Maria Labaien, Augustin Zubikarai, Balendin Enbeita, Basilio Pujana, Bitaño, Bitoriano Gandiaga, Bordari, Daniel Landart, Eusebio Erkiaga, Gabriel Aresti, Gaztelu, Jaime Kerexeta, Jautarkol, Jean Louis Davant, Jon Lopategi, Jon Mirande, Joxe Antonio Loidi, Joxe Azurmendi, Joxe Mari Satrustegi, Juan Mari Lekuona, Juan San Martin, Karlos Santisteban, Luis Mari Muxika, Manex Erdozaintzi-Etxart, Mikel Lasa, Mikel Zarate, Nemesio Etxaniz, Orixe, Patxi Ezkiaga, Paulo Iztueta, Satarka, Telesforo Monzon, Txomin Peillen, Xabier Iratzeder...

 »
Ibinagabeitia Proiektua: Literatur Aldizkarien Gordailua

Ikus, gainera

Erreferentziak

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.