Olaia Meridakoa
Santa Olaia Meridakoa edo santa Eulalia Meridakoa[1] (euskara antzinakoan Donalalla[1], Augusta Emerita, 292 - Augusta Emerita, 304ko abenduaren 10a) santu kristau eta martiria da, Erromatar Inperioaren garaian bizi izandakoa Augusta Emeritan, gaurko Méridan.
Olaia Meridakoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Emerita Augusta, 290 |
Herrialdea | Antzinako Erroma |
Heriotza | Emerita Augusta, 304ko abenduaren 10a (13/14 urte) |
Heriotza modua | : burugabetzea |
Jarduerak | |
Santutegia | |
Abenduaren 10 |
Zalantza historiografikoak daude ea Santa Olaia Bartzelonakoa pertsonaia berdina ote den, garai berean kokatutako martiri kristaua baita Kataluniakoa (paralelismo askorekin bien istorioetan). Bat izatekotan benetakoa, eta bestea hartan oinarritutako alegia, litekeena da Meridakoa izatea originala, IV. mendeko kontakizunetan agertzen baita, eta aldiz, Bartzelonako Olaiaren istorioaren lehen idazkiak 660. urtekoak dira.
Espainiako gurtza katolikoan, Done Jakue Apostoluaren patroi aldarrikapena izan arte, Olaia santuak halako rol patriotiko bat sinbolizatu izan du, adibidez birkonkistaren zaindari gisa. Gaur egunean, Meridako alkate betiereko titulua du, eta Oviedo hiriko patroia da (hango katedralaren daude Olaiaren gorpua, ustez).
Martiritza
Olaiak hamabi urte zituela, Diokleziano enperadorearen dekretua agertu zen, kristauei debekatuz Jesukristo gurtzea eta jentilen idoloak adoratzeko aginduz. Neskatoa ez zegoen prest aginduok betetzeko, eta gurasoek hiritik atera zuten, baina borondatez itzuli zen Olaia Meridara, eta han atxilotu egin zuten Daziano gobernadorearen aginduz.
Agintariek torturatu egin zuten, uko egin ziezaion kristautasunari, baina ez zuten halakorik lortu. Oso grafikoki kontatzen zuen auzia Joakin Lizarragak bere Sanduen bizitzetan[1].
« | Lenik biluxirik moldegaizki azotatu zute gorputz guzia piedaderik gabe: bereala golpatu zizkiote ezurrak plomuzko azote batzueki: gero bota ziote olio irakiten zegona gorputz guzia barna: gero burriñazko aztaparreki larranzi ta txarrantxatu zute: goratu zute gero garrutxan, ta deskoiuntatu bere lekuetaik ezurrak. Noraño pasa daiken gizon Deabruen furia, eginartaño alako inhumanidade apenas sinesta daizkenak amabi urtetako neskatxo batean! Baña nola triunfatzen duen Jangoikoaren graziak munduaren ta infernuaren kontra! Zego bitarteo sanda, zeukana bekala Jangoikoa bereki, serena mostratzen koraje ta alegria, goraturik begiak zerurat ziola, orai ene esus ona, señalatzen da obeki enebaitan llaga geben markaeki, eta letra gebek ene odolareki daude adiarazten ongi berorren pasio dolorezkoa. Errabias suturik Juezak manatu zue ondatzeko guzia leporaño kalzina bizian, botatus gañetik ur, an erre ta egosi zeien bizirik. Zenbat diskurritzen duen biotz gaixtoak gaixtakerian! Baña Jangoikoaren birtutez libre atra ze artaik ere. Azkenean manatu zue saiets guzietaik sugarrak sandari, zeñek agoa idikirik artu zue barnera sua; oneki despeitu zue bere arima, zein ikusi ze usotto baten idurian igaten zerura. | » |
Joakin Lizarraga, 1793. |
Arima uso bihurtuaren mirariaz gain, elurra ere egin zuen mirariz, neskatoaren gorputz biluzia estaltzeko[1].
Erreferentziak
- «Joakin Lizarraga: Sanduen bizitzak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-26).