Olabide ikastola

Olabide ikastola Lasarten (Gasteiz, Araba) dagoen ikastola da, 1963an Gasteizko guraso batzuek sortutako hezkuntza kooperatibak kudeatua. Arabako ikastolarik handiena da, haur hezkuntzatik batxilergoraino 1500 ikasletik gora baitu.

Olabide ikastola
Olabide ikastola; atzean, Olarizu mendia.
Kokapena
Koordenatuak42°49′26″N 2°41′49″W
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1963
Arkitektura


    Historia

    Olabide ikastolaren ibilbidea 1963an hasi zen. Urte hartan, Gasteizko dozena erdi bat familia ados jarri eta erabaki zuten beraien seme-alabei hezkuntza alternatiboa eskaintzea, ohiko ikastetxeetan eskaintzen zutena ez bezalakoa, hezkuntza euskaraz. Euskarak, euskal hizkuntzak, une hartako ofizialtasunak ukatzen zion tokia eduki behar zuen hezkuntza horretan. Ekimen hari esker, hamalau ikasle hasi ziren Zerkabarren kaleko etxebizitza batean hasi zuten haien euskal hezkuntza. Lehenengo promozio hartatik, nahiz eta klandestinitatean jarraitu, hezkuntza euskaraz jasotzeko eskaera igotzen joan zen 1967-1968. urteen artean 85 ikasle izan arte[1].

    Bilakaera

    Ikastola handitzen zihoan eta eskaria gero eta handiagoa zenez ikastetxe gisa legeztatzea erabaki zen. Garai hartako gorabeherak zirela-eta, Francoren diktaduraren azken garaia baitzen hura, antolatzeko gaitasun handia eta hamaika trikimailu baliatu behar izan zituzten ikastetxeak aurrera egin zezan. Egindako gestioei esker, garai hartako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, Lehen Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren ofizio baten bidez, 1968ko urriaren 3an, Aita Raimundo Olabide Ikastetxea aintzatetsi zuen. Hezkuntza sisteman garai hartan indarrean zeuden baldintzek zirela eta, argazki ofizialak eta bestelako gaiak eduki behar baitziren, eta ikastetxe berri hark hainbat ikusketa “gainditu” behar izan baitzituen.

    Honekin, lortu zen gauza bakarra ikastolaren sendotzea izan zen, eta honen egitura handitzen hasi zen. Olabide sortu zen orduan “Arriaga SA” izenpean, prozesua ahalbidetu zuena. Ikastetxeak, 1968 urtean, 85 ikasle zituen, eta 1972. urtean, berriz, 496 ikasle. Zuzendaritza taldekoek aurre egin behar izan zioten bilakaera horri, eta horregatik, hiru eraikin ere hartu behar izan zituzten, Estibalizko Amaren kalean.

    Ikasle kopurua etengabe ari zen handitzen, eta gehikuntza horri aurre egiteko hartzen ziren behin-behineko irtenbideen ondoren, 1973an finkatu egin zen gure hezkuntza proiektua. Urte hartako urtarrilaren 24an Lan Ministerioak onartu egin zuen hezkuntza kooperatiba eratzea; “Aita Raimundo Olabide“ zuen izena, eta 360 familiak eratu zuten. Ikastetxeak 496 ikasle zituen. Kooperatiba 1972ko apirilaren 12an eratu zen, eta eratu bezain laster erabakiak hartzen hasi ziren. 20.000 metro koadroko lursaila erosi zuen kooperatibak Lasarten, eta gaur egun instalazioak osatzen dituzten eraikinetako lehena eraikitzeko lanak abiarazi zituen. Lehenengo eraikina 1975eko apirilaren 19an inauguratu zen.

    Olabide ikastola handitzen joan zen, eta 1983an "Zelaia" eraikinaren inaugurazioa egin zen, Juan Zelaia enpresariaren omenez. Garai horretan kiroldegiaren eraikitzearekin lehenengo, eta geroago "Alberdi" eraikinaren inaugurazioa egin zen. Orduan Olabide ikastola Arabako ikastolarik handienean bihurtu zen.

    Kirol elkartea

    1974ean sortu zen “Urgatzi” izenarekin. Urgatzi izenak Olabide ikastolatik gertu, Berroztegietatik gora, Zaldiaran mendiaren ondoan, dagoen mendi muino bati egiten dio erreferentzia eta "lagundu" aditzaren sinonimo, egun gutxi erabilia[2], da. 2000. urte inguruan izena aldatu zitzaion Olabide Kirol Elkartea deituz eta 2014. urtetik aurrera berriz ere Urgatzi izena hartu du.

    Elkartearen helburuak dira kirol jarduera bultzatzea ikasleen artean, eta sustatzea ikasleei eskainitako hezkuntzaren osagarri den kirola eta kirolari lotutako baloreak.

    Kultur elkartea

    Olabide Kultur Elkartea 1992an sortu zen, Ikastolak eta ikastolako partaide guztiek (gurasoak, zuzendaritza, langileak...) sorreratik euskal ohiturak eta kultura sustatzeko eta zabaltzeko.

    Sariak

    Orain arte Olabide Ikastolak irabazi dituen sariak honakoak dira:

    • 2010. urtean EFQM excellence award.
    • 2008. urtean urrezko Q-a.
    • 2005. urtean zilarrezko Q-a.

    Erreferentziak

    1. «Historia | Olabide Ikastola» www.olabideikastola.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
    2. «"urgatzi" Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-29).

    Ikus, gainera

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.