Oksana Omeliantxik
Oksana Aleksandrovna Omeliantxik — errusieraz: Оксана Александровна Омельянчик — (Ulan-Ude, Buriatia, Sobietar Batasuna, 1970eko, urtarrilaren 2a) Sobietar Batasuna ordezkatuz lehiatu zen gimnasta ohia da. 1985ean munduko txapelduna izan zen.[1]
Oksana Omeliantxik | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ulan-Ude, 1970eko urtarrilaren 2a (54 urte) |
Herrialdea | Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna Ukraina |
Bizilekua | Kiev |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | gimnasta artistikoa |
Pisua | 31 kilogramo |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kirolari ibilbidea
Lehen urratsak
Bost urte zituela hasi zen patinaje artistikoan, baina entrenatzaileak gimnastika artistikora bideratzea gomendatu zion amari, eta halaxe hasi zen kirol horretan.
1983
Kieveko Club Spartak izenekoan hasi zen entrenatzen, Ukrainan, Galina Perskaya entrenatzailearen eskutik. 1983an SESBeko Txapelketan parte hartu zuen lehen aldiz, eta 5. postua lortu zuen.
1984
1984an 4. amaitu zuen txapelketa horietan. Hala ere, ezin izan zuen parte hartu 1984ko Los Angelesko Joko Olinpikoetan, bere herrialdeak boikota egin baitzion, lau urte lehenago Moskuko Jokoen Estatu Batuen boikotari erantzunez.
Horren ordez, sobietar gimnastek Adiskidetasunaren Jokoetan parte hartu zuten, Joko Olinpikoen pareko lehiaketa batean, eta Los Angelesera joan ez ziren herrialdeetako kirolariek parte hartu zuten. Adiskidetasunaren Jokoak hainbat herrialdetako hirietan egin ziren, eta, zehazki, gimnasia-lehiaketak Txekiako Olomouc hirian egin ziren. Baina Omeliantxik Olomouc-era taldeko ordezko gisa bakarrik joan zen.
1985
1985. urtea izan zen Omeliantxiken urterik garrantzitsuena. Lehenbizi SESBeko Txapelketa irabazi zuen, Jelena Xuxunova txapeldun olinpikoaren aurretik jarri zen.
Gero, Helsinkiko Europako Txapelketetan parte hartu zuen, eta hirugarren postua lortu zuen banakako lehiaketan, Jelena Xuxunovak irabazi baitzuen. Oreka-barran, ordea, urrea eskuratu zuen.
Handik hilabete gutxira, bakarkako titulua irabazi zuen 1985eko Montrealgo Munduko Txapelketan. Egia esan, taldekako lehiaketan egin zuen lan kaskarrak banakako txapelketarako sailkatzea eragotzi zion, Jelena Xuxunovari gertatu zitzaion bezala. Hala ere, gimnasiako sobietar taldeko arduradunek erabaki zuten Omeliantxik eta Xuxunova Olga Mostepanova eta Irina Baraksanova taldekideak ordeztea, munduko titulua irabazteko aukera gehiago zutela uste baitzuten. Urte batzuk geroago, antzeko zerbait gertatu zen 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan Tatiana Gutsurekin, Rozalia Galiyeva taldekidea ordezkatu eta txapeldun olinpiko izatea lortu baitzuen.
Azkenean erabakia egokia izan zen, Omeliantxik eta Xuxunova ex aequo munduko txapeldun izendatu baitziren, lehen postuan berdinduta geratu baitziren. Gainera, Omeliantxikek beste urre bat irabazi zuen lurreko proban, "Birdie" izeneko ariketarekin. Ospetsu egin zuen ariketa horrek, eta egun gimnasiako klasiko bat da.
1986
1986an, Omeliantxikek sobietar taldearekin maila gorenean lehiatzen jarraitu zuen, eta hirugarrena izan zen Moskuko Goodwill Games eta Pekingo Mundu Kopan.
1987
1987ko Rotterdameko Munduko Txapelketan, ez zen dena ondo joan sobietarrentzat, talde arteko lehiaketan porrot mingarria izan baitzuten errumaniar boteretsuen aurka, eta, gainera, ikusi zuten Aurelia Dobre errumaniarrak banakako titulua eskuratzen. Omeliantxik 6. postua baino ezin izan zuen lortu.
1988
1988. urtea bereziki mingotsa izan zen Omeliantxikentzat, 1984ko Olinpiar Jokoak jada galduak baitzituen, eta Seul 88ko Olinpiar Jokoetara joateko aukera lausotzen ikusi baitzuen. Urte horretako SESBeko Txapelketan lehen postuetan amaitu ondoren, ez zuten talde titulartzat hautatu eta Seulera ordezko gisa joan zen.
1989
Omeliantxiken azken txapelketa 1989ko SESB Kopa izan zen, eta 22. postua bete zuen. Beraz, konturatu zen bere garaia pasatuta zegoela eta erretiratzea erabaki zuen.
Olinpiar Jokoetan parte hartu ez bazuen ere, eta bere palmaresa beste gimnastena bezain ona izan ez arren, Omeliantxikek garai bat markatu zuen emakumezkoen gimnasian, bere ariketa berritzaileengatik, gauzatze bikainagatik eta mugimendu guztietan erakutsi zuen energia handiagatik. Aitzindaria izan zen zailtasun handiko zenbait elementu egiten.
Erretiratu ondoren gimnasia artistikora lotua jarraitu zen, entrenatzaile, epaile edo koreografo gisa. Ukrainako Gimnasia Federakundean ere lan egin du.
Lortutako dominak
- 1985eko Montrealgo Munduko Txapelketa - banakakoa, 1.a taldeka, 1.a lurrean
- 1985eko Europako Txapelketak - 3.a banakakoa, 1.a oreka-barran, 2.a lurrean, 3.a barra asimetrikoetan
- Goodwill Games, Mosku,1986 - 3.a, 1.a taldeka, 2.a lurrean
- Munduko Rotterdam txapelketa, 1987 - 2. taldekakoa