Oier Araolaza Arrieta

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, Gipuzkoa, 1972 - ) dantzari, kazetari, antropologo, idazle eta blogari gipuzkoarra da. Kezka, Haritz eta Argia euskal dantza-taldeetan aritzen da dantzan 2000. urteaz geroztik. Elgoibarren jaio arren, oso gazterik joan zen familiarekin Eibarrera eta hantxe bizi izan da.[1][2]

Artikulu hau Oier Araolaza Arrietari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Arrieta (argipena)».
Oier Araolaza Arrieta

Bizitza
JaiotzaElgoibar, 1972ko martxoaren 7a (52 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakdantzaria, idazlea, antropologoa eta irrati-esataria
KidetzaArgia Dantza Taldea
Eibar.org

Inguma: oier-araolaza-arrieta

Kazetaria

EHUko Informazio Zientziak ikasten zuela praktiketan ibili zen Eibarko Eta kitto! aldizkarian, Euskadi Irratian, Radio Estudion, eta Euskal Telebistan. Kazetaritzako ikasketak bukatuta, ETBn eta Elhuyar-en lan egin zuen, Teknopolis telebista saioan eta Norteko Ferrokarrilla irratsaioan, besteak beste. Azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari da buru-belarri. Sarean ere dinamikoa eta ezaguna da Araolaza, Eibar.org elkarteko kide hasiera-hasieratik, bertan dauka Dantzing izeneko bere blog pertsonala, eta dantzan.eus gunea ere sortu zuen Euskal Dantzarien BIltzarrarekin.[3]

Dantzaria

Elgoibarko Haritz dantza taldean 18 urterekin hasi zen dantzan eta zenbait urtez aritu zen taldean. Egun Eibarko Kezka dantza taldeko arduradun eta dantzaria da, baina Donostiako Argia dantza-taldean ere aritzen da.

Euskal dantza-irakasle aritu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Dantzertin 2016-2017 ikasturtean.

Dantza-ikertzailea

Emakume aurreskulariak. (Kutxateka, Fondo Fotocar/Vicente Martín eta UEU/IgorMarkaida)[4]

Kazetaritzan eta antropologian lizentziatua, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedran egin du doktoretza, generoa eta euskal dantza jorratu zuen tesiarekin.[5] Geroago ikerketaren emaitzak liburu moduan argitaratu zituen Udako Euskal Unibertsitatearekin eta Genero-identitatea Euskal Dantza tradizionalaren eraikuntzan izenburuarekin.[4] Tesi eta liburu horien arabera XIX, mendearen bukaeran aldaketa esanguratsu bat hasi zen gertatzen gizartean eta euskal dantzan. Aurreko hiru mendeetan debekuen bidez lortu ez zena, lortu zen orduan: emakumeek aurreskuak dantzatzeari utzi zioten. Lehen Mundu-Gerraren ondotik nagusitzen hasi ziren genero-ikuspegi bereizleak. Hortik aurrera aurreskua tradizioz gizonezko dantza esklusibo gisa aurkeztu zen eta aurreskua gorputz-adierazpen eta erritual maskulinotzat transmititu zen. Ordura arte sagar-dantza, arku-dantza eta zinta-dantzak gizonezkoek ere dantzatu arren (eta zenbaitetan gizonezkoek bakarrik), genero-marka femeninoz etiketatu ondoren gizonen errepertoriotik desagertu ziren pixkanaka. Genero-kategorizazioaren araberako dantzen sailkapena ezartzen joan zen modu horretan XX. mendearen hasieran, emakumeen eta gizonen dantzak guztiz bereiziz eta bakoitzari zegozkion dantzakera-ereduak eraikiz eta indartuz.[4][6]

Mutilak sagar dantzan (Arizkun, 2008)

Argitara eman diren aurresku-irudi nabarmenetan, Santurtzin 1921ean filmatu zirenetan, emakumeak ziren dantzariak.

Dantza-dibulgatzailea

Dantzari buruzko dantzan.eus webguneko sortzaileetako bat izan zen, kudeatzaile eta editore lanetan aritzen da orain. Webgune horrekin lotuta dagoen Dantzan posta zerrendan animatzaile ere badabil.

Dantzaren inguruko zenbait liburu ere idatzi ditu. esate baterako, 2012an argitaratu zuen Euskal Dantza liburua.[7]

  • Gregorio Santa Cruz dantza-maisua (Ega Ibarra, 1998)[8][6]
  • Euskal dantza (Etxepare, 2012)[9] Etxepare Institutuaren enkarguz idatzitako liburuxka. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez dago. Bada beste edizio bat, Euskal Kultur Erakundearen babesean egina, euskaraz, frantsesez eta ingelesez. Besteak beste euskal dantzaren historia-zertzelada batzuk, folklore egutegiari begirada bat, dantza-taldeen ibilbide eta egungo panoramaz lerro batzuk, dantza-estilo eta joera desberdinen azalpen bat, talde eta norbanako esanguratsuen aipamenak, joera berriak, euskal dantzarien diaspora, eta beste hainbat kontu jorratu dira bertan.

Antropologoa

Kazetaritzako ikasketak bukatuta historia eta antropologia ere ikasi zituen. Antropologiako gradua bukatuta Musikologiako doktorego ikastaroak egin zituen Gasteizen, EHUn, Artearen Historiaren sailean. Soka-dantzaren inguruan ikerketak egiten ari da orain.

Erreferentziak

  1. Tubia, Iker. «ZOKOTIK ARI DIRA DANTZAN» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-09-10).
  2. «Oier Araolaza» EKE (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).
  3. Araolaza, Oier. Dantzing — Eibar.ORG | Eibarko peoria. (Noiz kontsultatua: 2017-09-10).
  4. Araolaza Arrieta, Oier. (2020). Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan. UEU arg ISBN 978-84-8438-754-1. (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).
  5. Araolaza Arrieta, Oier. (2020). Genero-identitatea Euskal Dantza tradizionalaren eraikuntzan. (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
  6. «Gregorio Santa Cruz — Patrimonio Cultural de Eibar - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
  7. Araolaza Arrieta, Oier. (2012). Euskal dantza. Etxepare Institutua, 1-84 or. ISBN 978-84-614-9756-0..
  8. Araolaza Arrieta, Oier.. (1998). Gregorio Santa Cruz, dantza maisua : Gregorio Santa Cruz, 1898-1980: bizitza eta lanak. Eibarko Udala ISBN 8481696071. PMC 432774644. (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
  9. (Ingelesez) Institutua, Etxepare; Araolaza, Oier. Euskal dantza. (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.