Oibarko gudua
Oibarko gudua 1451eko urriaren 23an beaumontar eta agaramontar indarren arteko gatazka izan zen, Vianako printzeak eta bere aitak zituzten liskarraren testuinguruan.[1] Liskar honen kausa Zuria I.a Nafarroakoaren testamentuaren interpretazioa izan zen, Nafarroako Erresumaren aginteari buruzkoa.[2]
Oibarko gudua | |||
---|---|---|---|
Nafarroako Gerra Zibila | |||
Data | 1451ko urriaren 23a | ||
Lekua | Oibar | ||
Emaitza | Agaramontarren garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Aurrekariak
Nafarroan lege salikoaren antzekorik ez zegoenez, Zuria I.a Nafarroako erregina legezkoa izan zen. Joan bere senarra, aldiz, errege ezkontidea besterik ez zen. Zuriak testamentua eman zuenean koroa Karlos bere semearentzat izango zela adierazi zuen baina baldintza bat jarri zuen Joanen baietza. Tamalez, hau ez zen gauzatu.[3]
Denbora luzean Karlosek egoera onartu zuen, izan ere, aitaren baiezkorik gabe de iure ez zen Nafarroako erregea baina nafarrentzat de facto "Karlos IV.a" zen. Adibidez, 1451n gaztelarrek Lizarra setiatu zuenean, Karlosek, Gaztelako koroa etsaitzat izatearen arazoen jakituna zela, itun bat sinatu zuen nafarren izenean Joan II.a Gaztelakoarekin. Itun horren ondorioz, gaztelarrek setioa kendu ez ezik laguntza militarra ere eman zioten Karlosi. Baina Karlosek Joanen arerioekin bat egin zuenez, honek bere aurka egin zuen.
Gudua
1451ko urriaren 23an alde biek Oibartik gertu elkar aurkitu zuten. Komandante biek ez zuten borrokari bide eman nahi eta Karlosek ondo zekien itunaren bidez armaren bidez onura gehiago lortuko zuela, batez ere bere armada gutxiago zela kontuan hartuz.
Beaumontar ordezkariek elkarrizketan etekin handiak (gudarosteei barkamena, erregeak printzeari zenbait gotorleku itzultzea,...) lortzen ari ziren arren, agaramontarrek beaumontarrak eraso zituzten eta negoziaketak bertan behera amaitu ziren eta gudua piztu zen.
Guduan zehar, Leringo kondearen gudarostea era arriskugarrian hurbildu zen Joan II.arengana. Baina momentu hartan erregearen sasikoa zen Alontso Aragoikoak hogeita hamar lantzari bidali zituen beaumontar hegalaren kontra. Lantzariek ezustean harrapatu zituzten beaumontarrak eta hauen formazioa desegin zuten. Ezegonkortze honi esker, Alontsok Karlos bere anaiordea preso hartu zuen. Honek anabasa eragin zuen beaumontar aldean eta laster gudua amaitu zen.
Gudua laburra eta odol gutxikoa izan zen eta bertan bai Karlos bai Luis II.a Beaumontekoa bere komandante nagusia gatibuak izan ziren.
Ondorioak
Gudu honen ondorioz nafar nobleziaren bi aldeen arteko gatazka irekia hasi zen. Berez Nafarroako Gerra Zibila ez zen gerra odoltsu bat izan baina erresumaren zatikapena zelatu zuen, eta gerra horren ondorioz sortu ziren leialtasunek segida izan zuten Nafarroako Erresumaren konkistan (1512-1529).
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) de Ségur, Philippe-Paul. (1838). Historia moderna: Historia de España. 28 Real Imprenta.
- Vicens Vives, Jaume. (2003). Paul Freedman & Josep Mª Muñoz i Lloret ed. Juan II de Aragón (1398-1479): monarquía y revolución en la España del siglo XV. Iruñea: Urgoiti editores, 159 or. ISBN 84-932479-8-7..
- Ramírez Vaquero, Eloisa. (1986). Reyes de Navarra: Blanca y Juan II y Príncipe de Viana. XVI Mintzoa ISBN 84-85891-31-7..