Oi Ama Eskual Herri
Oi Ama Eskual Herri Pierre Bordazarre (Etxahun Iruri) zuberotarrak idatzi zuen abestia da, Anaia etxen da ezkuntü izenpean. Urteak pasata Benito Lertxundi kantautoreak 1981ean moldatu zuen abestia Oi Ama Eskual Herri izenburuarekin, eta Altabizkar/Itzaltzuko bardoari bere laugarren albumean argitaratu zuen. Etxahun Irurik Mireille Mathieu frantses abeslariaren Acropolis adieu hartu zuen doinurako oinarri.
Oi Ama Eskual Herri | |
---|---|
Benito Lertxundi(r)en abestia Altabizkar/Itzaltzuko bardoari albumetik | |
Argitalpena | 1981 |
Musika mota | Folk |
Hizkuntza | Euskara |
Idazlea | Pierre Bordazarre |
Pierre Bordazarrek (1908-1979) bereak ziren 100 kantu baino gehiago bildu zituen Khantan liburuan 1977an.[1][2] Horietatik ezagunenak dira, seguruenik, Agur Xiberua, Goizian argi hastian eta Oi ama Eskual Herria. Harmonika eta txirula jotzen ere ikasi zuen. Bigarren Mundu Gerran soldadu aritzea egokitu zitzaion, eta gerra horretan galdu zuen anaia. Pierre bederatzi hilabetez preso egon zen Alemanian, Euskal Herritik urruti. Ogibidez laboraria eta artzaina zen.
Benito Lertxundiren bertsioak, segur aski zabalduenak, akats batzuk ditu letretan. Etxahun Iruriren hau oso kanta ezagun bilakatu zen eta 2005ean Euskal Telebistak antolatu zuen Euskal Kanturik Onena saioan doinu hautatuen zerrendan egon zen. Doinu goxoa izan arren, 2012an Donostiako eztegu batean istilu bat sortu zuen .[3]
Hitzak
I
Anaia etxen da ezkontü,
Bortxatü niz orai joaitera
Ene opilaren egitera,
Pariserat banoazü
Errepika
O ama Eskual-Herri goxoa,
Zütarik hürrün tristerik banoa,
Adios ene etxondoa,
Adios Xiberoa
II
Pariseko bizitzea,
Lan kostüz irus bagoatzü
Hargatik berantzen zitadazü,
Zure berriz ikustea.
III
Bena denbora da llabürxko,
Otoi ama entzün nezazü
Xoko bat haüta ezadazü,
Azken egün horientako
Erreferentziak
- «Khantan - Etxahun-Iruri» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-17).
- Bordazarre, Pierre. (1977). Khantan. I.P.A. Jakes Larrondo agertzailea.
- «La boda acabó en pelea multitudinaria» Diario Vasco 2012-10-30.
Ikus, gainera
- Etxahun Koblakari pastorala
- Iparragirre pastorala
Kanpo estekak
- Oi ama Euskal Herri Benito Lertsundi, (Gabi de la Maza, Youtube)
- Oi ama Euskal Herri (Bankako menditarrak). Benito Lertsundi, (Gabi de la Maza, Youtube)
- 2012an Donostiako eztegu batean istilu bat sortu zen, beste arrazoi batzuengatik eta kantu hau jarri edo ez jartzeagatik.