Ofimatika

Ofimatika hitza “offi-” (latinezko “officina” hitzetik datorrena eta euskaraz ‘bulego’ esanahia duena) eta “-matika” (‘informatika’ hitzetik hartutakoa) hitz-zatiez osatutako akronimoa da. Termino horrek bere barnean hartzen du bulegoetan burutu ohi diren zereginak automatizatzeko, hobetzeko eta optimizatzeko teknika, aplikazio eta gailuen multzoa. Hala ere, beste zenbait era ere badira kontzeptu honi erreferentzia egiteko. Hala nola: neurotika, idazmahaiaren automatizazioa, bulegoaren automatizazioa, etab.[1][2] Gailu eta erreminta ofimatikoek (hardware- eta software-ekipamenduak, alegia) ahalbidetzen dute bulego batean beharrezkoa den informazioa sortzea, manipulatzea, transmititzea edota biltegiratzea. Izan ere, ofimatikaren helburu nagusia ataza horien burutze-prozesua sinplifikatzea dela esan daiteke, bulegoetako langileek denbora-galtze ez beharrezkoak saihesteko, enpresei kostuak murriztuz, gainera.

Hasiera batean, ofimatika idazki digitalak burutzean oinarritzen zen. Gaur egun, ordea, enpresa baten organizazioa komunikazioen menpekoa da gero eta gehiago, eta horrek ondorio argiak ditu ofimatikaren arloan. Gauzak horrela, ofimatika honako gai hauetaz arduratzen da: informazioaren trukatze digitalaz, datu numerikoen tratamenduaz, bileren planifikazioaz eta lan-kronogramen administrazioaz.

Historia

Hogeigarren mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan eman ziren ofimatikaren garapenerako lehen pausoak, bulegoetan mikroprozesadoreak erabiltzen zituzten gailuen masifikazioarekin batera. Orduan, metodo eta gailu tradizionalak alde batera uzten hasi ziren, bulegoetan lan egiteko metodoa berrituz. Ondorioz, gaur egun esan daiteke guztiz beharrezkoa dela bulegoak sare lokal batera edo Internetera konektatuta egotea.

Pakete ofimatikoak

Libreoffice-ko osaggaien ikonoa

Ofimatikarekin erlazionatutako zereginak burutzeko, hainbat aplikazio informatiko daude merkatuan. Kasu askotan, aplikazio horiek pakete ofimatikoetan organizatuta egoten dira. Pakete ofimatiko ezagunenak Microsoft Office eta LibreOffice dira, baina aipatzekoak dira hauek ere: AppleWorks, Corel WordPerfect, IBM/Lotus SmartSuite, Sun StarOffice, OpenOffice (dohainikakoa).[3]

Erreminta ofimatikoak

Pakete horien barnean dauden aplikazio informatikoak “erreminta ofimatiko” izena hartzen dute. Askotariko aplikazioak izan daitezke, hala nola: testu-tratamenduko programa, kalkulu-orria, aurkezpen programa, datu-basea, posta-bezeroa, agenda, kalkulagailua.

Testu-tratamenduko erremintak

"Microsoft Office" pakete ofimatikoaren "Word" erremintaren ikono nagusia.

Testu-tratamenduko erreminten artean, beste guztien gainetik nabarmendu daitekeen programa bat dago: testu-tratamendukoa. Microsoft Office pakete ofimatikoan Word programa da eta LibreOffice paketean Writer programa. Aplikazio honek formatudun testu-dokumentuak sortzeko, editatzeko eta modifikatzeko gaitasuna du. Testu-editore sinpleek ez bezala, Word-ek hainbat tipografia erabiltzea, irudiak gehitzea, ortografia-zuzentzaile automatikoa aktibatzea eta sinonimoen hiztegia izatea ahalbidetzen du, beste aukera askoren artean.[4] Gaur egun testuak txukun sortzeko asko erabiltzen den beste tresna interesgarrria Latex da.

Kalkulu-orriak

Bestaldetik, kalkulu-orriak daude. Kasu honetan ere, Microsoft Office paketearen barnean dagoen Excel erreminta eta LibreOffice paketeko Calc erreminta azpimarra daitezke. Honen helburu nagusia datuak modu azkarrean organizatzea da, eta horretarako taula dinamikoak bezalako mekanismoak inplementatzen ditu. Excel erremintaren ezaugarri nagusia txantiloiak dira, finantza- eta kontabilitate-departamentuetan lan egiten duen jendearentzat oso baliagarria den aukera ematen baitute, operazio aritmetikoak era automatikoan exekutatzea, besteak beste.

Aurkezpen-erremintak

Libre Office eta Microsoft Office paketeen barnean, aurretik aipatutako bi programez gain, aipatu behar den beste aplikazio bat ere badago: Impress eta PowerPoint izeneko aurkezpen-erremintak, hurrenez-hurren. Izenak berak dioenez, publiko baten aurrean aurkezpen bisualak egiteko balio duten aplikazioak da. Programa hauek multimedia-diapositibak irudiekin, testuarekin, audioekin edota bideoekin konbinatzeko aukera ematen dute.

LibreOffice 5rekin lan egiteko hasierako pantaila. Bere erreminta guztiak eskaintzen ditu.

Beste erreminta batzuk

Gehien erabilitako erremintak eta bakoitzaren merkatuko ordezkari nagusia aipatu ondoren, datu-base eta mezularitza elektronikorako erreminten adibideren bat aipatuko ditugu. Datu-baseak osatzeko aplikazio asko daude gaur egun, haien artean Access (Microsoft), PHPMyAdmin (Plesk) eta MySQL Workbench (MySQL). Beste aldetik, mezularitza elektronikorako hainbat erreminta ere badaudela aipatu behar da: Outlook, myMail eta Spark, adibidez.

Ofimatika linean

Aplikazio ofimatikoek, aurretik aipatutako ataza guztiak burutzeaz gain, dokumentuak linean (on line, ingelesez) sortzea eta partekatzea ere ahalbidetzen dute. Fenomeno hau “ofimatika linean” edo “office IT on line” izenez ezagutzen da.

Erreminta horiei esker, erabiltzaile bat baino gehiagok har dezakete parte dokumentuak sortzen eta editatzen. Hau da, aplikazio hauek dokumentuak hainbat erabiltzaileren artean lantzea (edo bistaratzea, behintzat) ahalbidetzen dute, denbora errealean.

LAN sareei esker, ofimatikaren abantailak era eraginkorragoan aprobetxa daitezke. Kontzeptu bi horiek konbinatuz, posible da sare lokal batetik datuak, mezu elektronikoak edota ahotsa transmititzea. Hori “sare lokaleko ofimatika” izenez ezagutzen da, eta bulegoko lanaren berezko funtzio gehienak (diktatuak, mekanografia, biltegiratzea, kopiaketa, faxa, artxiboen kudeaketa…) kategoria honen barnean sailka daitezke

Ofimatika eta informatikaren irakaskuntza eskasa

Hainbat adituk esan izan du informatika txarto irakasten dela lehen eta bigarren hezkuntzan. Sarritan ofimatika baino ez da irakasten eta ikasleak suposa dezakeela hori dela informatika barruan dagoen guztia. Gailu digitalez eta webgunez gero eta inguratuago gauden gizarte honetan, pentsatzekoa da informatikarekin zerikusia duten lanpostuek etorkizun ona izango dutela (eta hala diote hainbat ikerketa eta analisik); baina, paradoxikoki, informatikako unibertsitate-ikasketetan gero eta jende gutxiago ari da, gurean zein nazioartean. Zalantzarik gabe, horretan eragina duen faktoreetako bat da unibertsitate aurreko ikasketetan informatikako ikasgaietan ematen denak sortzen duen ideia okerra. Izan ere, orokorrean, erabilera da irakasten dena, eta ez ordenagailuen funtzionamendua, programazioa eta abar. Eta ez da izango adin horietan horiek irakasteko bide edo baliabiderik ez dagoelako.[5]

Erreferentziak

  1. «Ikastaroa: Ofimatika tresnak. LibreOffice» e-forma.kzgunea.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  2. Garson, Barbara.. (1989, ©1988). The electronic sweatshop : how computers are transforming the office of the future into the factory of the past. Penguin Books ISBN 0140121455. PMC 19514037. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  3. Klein, Artur.. (D.L. 1989). Atlas de informática. Mistral ISBN 8478600434. PMC 949146693. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  4. Ikasi ofimatika eta irudiak ukitzen – saregune. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  5. Leturia, Igor. (2014-01-01). Informatikaren irakaskuntzaz. Elhuyar.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.