Oda Nobunaga
Oda Nobunaga (japonieraz: 織田 信長, 1534ko ekainaren 23a - 1582ko ekainaren 21a) Japoniako Sengoku aroko jauntxo garrantzitsu bat izan zen. Erdi mailako jaun baten semea, krudel fama zuen. Probintziaz probintzia Japonia konkistatzen joan zen, edozein armada garaituz, Honnō-ji tenpluan (Kyoto) erail zuten arte.
Oda Nobunaga | |||||
---|---|---|---|---|---|
1577 - 1578
1575 - 1578 | |||||
Bizitza | |||||
Jaiotzako izen-deiturak | 吉法師 | ||||
Jaiotza | Nagoya Castle (16th century) (en) eta Shobata Castle (en) , 1534ko ekainaren 23a | ||||
Herrialdea | Azuchi-Momoyama Aroa | ||||
Heriotza | former site of Honnō-ji (en) , 1582ko ekainaren 21a (47 urte) | ||||
Hobiratze lekua | Honnō-ji Sōken-in (en) Amida-ji (en) Sōken-ji (en) | ||||
Heriotza modua | suizidioa: Harakiria | ||||
Familia | |||||
Aita | Oda Nobuhide | ||||
Ama | Dota Gozen | ||||
Ezkontidea(k) | Nō-hime (en) Q17224406 Q17212257 Q109123248 Harada Naoko (en) Yutsumaki (en) Q109123196 Q17209286 Kitsuno (en) Q109120514 Kōun-in (en) Q17224750 Q109177237 | ||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||
Anai-arrebak | ikusi
| ||||
Familia | ikusi
| ||||
Leinua | Oda klana | ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | japoniera | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | Daimyōa eta buruzagi militarra | ||||
Zerbitzu militarra | |||||
Gradua | Daimyō | ||||
Parte hartutako gatazkak | Okehazamako gudua Battle of Inō (en) Siege of Inabayama Castle (en) Battle of Kannonji Castle (en) Anegawako gudua Battle of Noda-Fukushima (en) Siege of Shiga (en) Sieges of Nagashima (en) Siege of Mount Hiei (en) Siege of Ichijōdani Castle (en) Siege of Takaya Castle (en) Battle of Nagashino (en) Battle of Tennōji (en) Battle of Ukino (en) Battle of Akatsuka (en) Battle of Kiyosu (en) Siege of Muraki (en) Siege of Dōhora (en) Battle of Kōnoshima (en) Siege of Okawachi Castle (en) Siege of Kanegasaki (en) Siege of Makishima Castle (en) Siege of Odani Castle (en) Battle of Kishuu (en) Siege of Itami (en) Ishiyama Hongan-ji War (en) Honnō-ji Incident (en) | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Erlijioa | sintoismoa Nichiren Buddhism (en) | ||||
Oda kontsideratzen da Sengoku garaiko Japoniako hiru bateratzaileetatik lehena da. Oda Nobunagaren ondoren Toyotomi Hideyoshi (bere iloba ezkontza-aliantza bidez) eta Tokugawa Ieyasu dira (honen semea Nobunagaren iloba batekin ezkondu zen).[1]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oda Nobunaga |
Biografia
Haurtzaro eta gaztaroa
Oda Nobunaga 1534an jaio zen, Oda Nobuhide daimyoaren seme, Shobata gazteluan. Lehen uste zen Nagoyako gazteluan jaioa zela, baina 2014an aurkitutako idatzizko frogek aditzera ematen dutenez, Shobatan jaio zen,, eta Nobuhidek Nagoyara eraman zuen oso azkar, bere segurtasunagatik. Nobuhideren hirugarren semea izan zen, baina emazte legitimoak emandako kehena, eta ordaz Oda klanaren eta etxaldearen oinordekoa izan zen ofizialki Owari probintzian.[2]
Nagoyako gazteluaren jabe proklamatu zuten ume zela (6 urterekin) eta Oda klaneko jauntxo zahar baten babespean hezia da, Hirate Masahide samurairen babespean.
Gaztetan, Nobunaga bere portaera xelebre eta burugabeagatik nabarmendu zen. Mendebaldeko jantziak jantzi zituen lehen japoniarren artekoa izan zen. Jendeak "Owariko inozo handia" (Owari no Utsuke-mono) deitzen zion.
Nerabe zela, Oda familiaren kontrakoa zen Mino probintzia daimyoaren alabarekin ezkondu zuten, mabiobra politikoan.
1550eko hamarkada
1551n Nobuhide aita hil zitzaion, baina haren hiletan, ezarritako aldarean intsentsua jaurtiaz, errespeturik gabeko jarrera erakutsi zuen Nobunagak, eta horrek klanaren gidaritzan tentsioak sortu zituen, samurai askok Nobuyuki anaiaren aldekoak baitziren. Hirate Masahide mentoreak ere, lotsatsuta, seppuku errituala egin zuen. Suizidio horrek izan zuen eraginik Nobunagarengan, jarrera aldatuz klanaren buruzagitzari serio heldu ziolako, eta Hirate Masahideren omenezko tenpluak ere biltzatu zituelako gero.
Hurrengo hamarkada Owari eskualdean hegemonia lortzeko borroka eta alientzetan ibili zen Nobunaga. Tartean, kolpeak ere izan zituen hala nola Mino probintzian Saito Yoshitatsuk boterea hartu zuenean, Nobunagaren etsai batek.
Hala ere, kolpe nagusia 1560an eman zuen Oda Nobunagak, Okehazamako guduan. Honelako kontestuan gertatu zen: Kyoton egoitza zuen Ashikaga shogunen agintea oso ahuldua zegoen, eta hari laguntzeko Imagawa klaneko Imagawa Yoshimoto joan zen, Matsudaira klaneko aliatuekin, 40.000 laguneko indar batekin. Shogunari lagundu baino, bidean geratzen zen Nobunagaren indarra ere suntsitzea zuen egiazko helburu espeidizioak. Oda klanak apenas 3.000 soldadu zituen, eta hala ere, ekaitz bat aprobetxatuz erretagoardiatik eraso egin zioten Imagawatarrei eta Imagawa Yoshimoto hil zutelatik, gudua erabaki zuen ekintza horrek Odaren alde.
Gudu horren beste ondorio bat izan zen Imagawa klanaren agintetik askatu zela Matsudaira klana, eta klan honek lotura eta aliantza egin zuela Oda Nobunagak 1561ean, iloba bat ezkondu zuen Matsudaira Motoyasu buruzagiarekin. Urteen buruan, jauntxo horrek Tokugawa Ieyasu izena hartu zuen, eta Shogunerri bateratu bilakatu zuen Japonia.
1560ko hamarkada
1561ean, Minon, Yoshitatsu (1556an Nobunaga porrotera eraman zuena) bat-batean hil zen gaixotasunagatik, eta bere seme Saitō Tatsuoki izan zen haren oinordeko. Tatsuoki, ordea, gaztea da, eta aita eta aitona baino buruzagi eta estratega kaskarragoa. Egoera horri etekina ateraz, Nobunagak bere basea Komakiyamako gaztelura eraman eta Minoko kanpainari ekin zion.
Nobunaga, zenbait urtez, Saitoren basailuak euren nagusia uzteko konbentzitzen tematu zen eta Saitō klana nabarmenki ahuldu zuen. Ondoren, 1567an, azken erasoari ekin zion, Nobunagak Inabayamako gazteluaren setioa egin, bereganatu eta Saitō Tatsuoki erbestera bidali zuen.
Ordutik aurrera, Nobunaga Inabayaman kokatu zen, eta bere gaztelu berriari eta hiriari Gifu izen eman zien, Txinako Gi mendi mitikoaren arabera (Qi mandarinez) zeinetarik abiatuz Zhou dinastiak Txina osoaren hegemonia lortu zuen. Sinbolismoak adierazten zuen Gifutik Japonia osoa konkistatu nahi zuela Nobunagak. Halaber, zigilu berri bat erabiltzen hasten da, Tenka Fubu irakurtzen dena, 天下布武, literalki, "zeruaren azpian den guztia ezpataz estaltzen du",
1564an, Nobunagak bere arreba Oichi no Kata ezkondu zuen Azai Nagamasarekin, Omi probintziako iparraldeko daimyō batekin. Horrek Kyōtorako bidea ireki zion boteregune zentralerako hurbilpen eta domeinu geografikoan ari baitzen Nobunaga, urterik urte, probintziaz probintzia aurrera egiten.
Bitartean Kyoton Yoshiteru Ashikaga 13. shoguna hil egin zuten, eta Ashikaga Yoshihidek senide hurbilak (lehengusu batek) ordezkatu zuen; baina hau ez zen txotxongilo politiko bat baizik, Miyoshi klanarena hain zuzen. Kolpe horri erantzunez shogun hilaren anaiak, Ashikaga Yoshiakik, 1568an Gifura jo zuen Nobunagarengana, shogun bihurtu nahi zuela eta, Kyotoren aurka ekintza militar bat abiarazi zuten biek, Nobunagak Kyoton sartzeko aukera aprobetxatuz.
Hala ere, Kyotoko bidea Rokkaku klanak ixten zion, Omi probintziaren hegoaldean zegoenak. Rokkaku Yoshikatak zuzendua, Rokkaku klanak uko egin zion Yoshiaki shogun bezala onartzeari eta gerrarako prest atu zen. Nobunagak eraso azkar bat egin zuen eta Rokkaku klana bere gazteluetatik egotzi zuen: 21 egun eskasean hiriburutik banatzen zuten 18 gazteluak hartu zituen-
Denbora gutxian, Nobunaga Kyotora iritsi zen eta Miyoshi klana hiritik kanpora bota zuen. Yoshiaki 15. shoguna bihurtu zen, azken shogun Ashikaga.
1570ko hamarkada
Politikoki eta geografikoki bere boterea Shogunerriaren zentroa, Kyotora, eraman zuelarik, argi utzi zuen Nobunagak Yoshiaki bera ere txontxongilo gisako figura bat izango zela, boterea bere esku eutsiz. Yoshiaki ez zen egoera horrekin konformatu eta isilpean daimyo ezberdinekin bat egin zen, Nobunagaren aurkako aliantza bat osatuz. Horren partaideen artean Asakura klana, bereziki, haserre zegoen Oda klanaren boterearen igoerarekin. Historikoki, Asakura klanaren azpiko basailu izan zerenez Odatarrak, laidotzat ere hartu zuen egoera klaneko buruzagiak, Asakura Yoshikagek.
Nobunagak Asakura klanari eraso eginez aurrea hartu zuen borrokan estrategikoki. Honek behartu zuen Azai Nagamasa (Odaren koinatua arrebarekin ezkondua) Odarekin zuen aliantza berrikustera, ea harekin jarraitu edo belaunaldiz belaunaldi iosatu edo Azai-Asakura aliantzaren artean aukeratu. Azkenean, Asakuraren aldea aukeratu zuen, eta Nobunaga eta bere armada inguratu egin zituzten. Erresistentzia latz batek eta bereziki Toyotomi Hideyoshi eta Tokugawa Ieyasu jauntxoen laguntzak lagundu zion Oda eta beretarrei ihes egiten eta salbazioa aurkitzen. Gero, Ikkō-ikki matxinoen laguntzarekin, Nobunagaren aurkako aliantzak bere indar guztiekin erasotu zion, Oda klanari galera handiak eraginez. Hala ere, Nobunagak eta Tokugawa Ieyasuk Asakura eta Azai klanen indar konbinatuak desegin zituzten Anegawako guduan, 1570eko apirilean.
1571n beste etsai bat suntsitu zuen: Enryaku-ji tenpluan Hiei mendian ezkutatzen ziren Tendai monje gerlariak. Zibil asko hil zituzten kanpaina honetan eta baita hurrengoan, Nagashiman, non Ikko-Ikki erresistentzia gainditu zuen etsaia setio eta sutez inguratu eta menderaturik. Han dozenaka mila zibil hil zituzten, gehienak emakumeak eta haurrak. Odak ezizen bat jaso zuen kanpaina haien ondoren, "Errege deabrua".
Nagashimakoaren urte berean, Nobunagak Asakura eta Azai klanak suntsitzea lortu zuen- Azai Nagamasak bere emaztea Oichi Nobunagara bidali zuen (anaiarengana alegia) eta bere buruaz beste egin zuen. 1574tik, beraz, Nobunaga mehatxatzen duen bakarra Takeda klana da, zeina 1572an jarri zen bere kontra, baina honezkero Takeda Katsuyorik zuzendua.
Nagashinoko gudu erabakigarrian, Nobunaga eta Ieyasuren indar konbinatuak Takeda klanari gailendu zitzaizkion, arkabuzaren erabilera estrategikoari esker. Nobunagak hedatzen jarraitzen zoem, Shibata Katsuie eta Maeda Toshiie iparraldera eta Akechi Mitsuhide Tamba probintziara bidaliz.
Jarraian, Oda klanak Ishiyama Hongan-ji setiatu zuen Osakan, baina Chūgoku eskualdeko Mōri klana hasi zen itsasoz baliabideak bidaltzen gotorleku sendora, itsas blokeoa hautsiz.
1577an, Nobunagaren lotinante batek, Hashiba Hideyoshik (etorkizunean Toyotomi Hideyoshi izango zenak), mendebalderantz hedatzeko agindua jaso zuen, hoonek Mori klanari aurre egiteko.
1578an, Azuchi gazteluaren eraikuntza amaitu zen, Omi probintzian. Gaztelu ikusgarria da, eta modu bitxian apaindua, Europako misiolariak zein kortesano arruntak inpresionatu zituena bisitetan.
1578an, Uesugi Kenshin, Takeda indarren aldetik geratzen zen komandante militar bakarra omen zena, Odaren kontra altxatu zen, eta lehen kolpe handi bat eman zion Odaren armadari, ia desegiteraino. Baina neguan atseden hartu zuen hurrengo udaberrian erasotzeko, eta tarte horretan hil zen Uesugi. Oda Nobunagak, haren heriotzaren iragarpena entzutean esan zuen: "Orain Japonia nirea da".
Azken urteak eta heriotza
1580ko hamarkada hasi zen Osakako setioa Nobunagaren alde ebatzi zelarik.
1582an Mori klanaren kontra zegoen Hideyoshi Hashibak Bitchu probintzia inbaditu zuen eta setioa Mori klanaren Takamatsu gazteluaren aurrean jarri zen. Beste aldean Terumoto Morik armada gogor bat zeukan, eta bi bandoak statu quo bparekatu batera iritsi ziren. Orduan Hashibak laguntza gehiago eskatu zion Nobunagari. Jauntxo militar desberdinak misio desberdinetara zuzendu zituen Nobunagak orduan, eta bera pertsonalki Chūgoku eskualdera abiatu zen. Hideyoshiri laguntzeko agindua jaso zuena Mitsuhide Akechi jauntxoa izan zen.
Bidean Nobunagak geldialdia egin zuen Honnō-jin, Kyōtoko tenplu batean. Bere kontrolpeko lurren erdian zegoen eta bere segizioa murritza zen, zerbitzari eta bizkartzainen artean dozena batzuk bakarrik. Hortaz, une horretan Mitsuhide Akechik bat-batean eraso egin zion Honnō-ji tenpluari, barneko estatu kolpe gisa definitu daitekeen ekintzan. Matxinoen indarrek, une berean, Nijō gaztelua erasotu zutem eta Nobunaga Oda bakarrik geratu zen; seppuku eginez suizidatu zen.
Intzidentearen atzean Hideyoshi Hashiba bera egon zela susmatu izan da, berak zuzendu zuela Mitsuhide Akechiren traizioa. Egia zein dela ere, Japoniako hurrengo buruzagi faktiko gorena Hideyoshi bilakatu zen hurrengo urteetan.
Politika
Berrikuntza militarrak
Militarki, Odaren konkista sorta iraultzailea suertatu, Japonian gerra egiteko modua aldatzeaz gain, garaiko indar armatu modernoenetako bat sortu zuen. Lantza luzeak, su-armak, tekkōsenak ("burdinaz babestutako ontziak", korazatu modernoen arbaso) eta garai honetako gudu handietara egokitutako gaztelu-gotorlekuak garatu, ezarri eta hedatu zituen. Odak klase gerlari espezializatu bat ere instituzionalizatu zuen, eta bere meneko eta basailuak izendatu zituen haien gaitasunean oinarrituz, eta ez bakarrik izenetan, mailan, edo familia harremanetan, lehenagoko aro feudalagoan bezala.
Basailuei eman zitzaizkien lurrak ere orain arroz ekoizpenaren arabera eman zitzaizkien (koku kopurua), eta ez tamainaz. Odaren antolakuntza sistema beranduago erabili eta hedatu zen, Ieyasu Tokugawak Tokugawa shogunerria Edon eratu zuenean.
Hurrengo Shogunen agintearen aurrekari
Hain zuzen ere, Odak Tokugawa shogunerrirako lehen urratsak eman zituen, botere politiko militar indartsu eta hegemoniko bat eratu nahian.[1]
Japoniako egitura politikoa bi boteregune zeremonialetan zegoen eratua, Kyoton ezarritako enperadorearen figura eta gorte zeremoniala, eta azken finean beste kapa zeremonial bat osatzen zuen hiri bereko Shogunaren gortea. Oda Nobunaga saiatu zen jauntxo daimyoen klasetik hauen arteko nagusi bilakatuz boteregunea osatuz, eta neurri handi batean lortu zuen horretarako lehen urratsa ematea; baina instituzioen aldetik, beste boteregune bat antolatu beharrean, aurretik ezarritakoa bereganatuz asmatu zuen Tokugawak Odak egin ez zuen lortzen: jauntxo nagusi izateaz gain, Shogun figura beretzat hartu eta transformatzea erabaki eta lortu zuen Tokugawak, non Odak kanpotik kontrolatu nahi izan zuen Shogunaren irudia.
Ekonomia
Odaren nagusitasuna eta distira ez ziren gudu zelaira mugatu, negozio gizon zuhurra ere bazen eta mikroekonomia eta makroekonomia printzipioak ulertzen zituen. Nekazaritza ekonomia batetik industria eta hirugarren sektoreko ekonomia baterako trantsizioa egiten lagundu zuen. Lehenik eta behin, tokiko ekonomiaren erdigune eta oinarri bilakatu ziren gazteluak eraikiarazi zituen. Gaztelu-hiribilduen artean ere bideak sortu ziren bere lurretan, ez bakarrik merkataritza errazteko, baita bere armadak distantzia handitan azkar mugitzeko ere.
Nazioarteko merkataritzak ere gora egin zuen Txinara eta Koreako penintsulara bidean, Nambanek (Hegoaldeko barbaroak, hau da, europarrak) Japoniarekin Europatik, Filipinetatik, Siametik eta Indonesiatik merkataritza operazioak hasi dituzten bitartean.
Odak rakuichi rakuza politikak ere instituzionalizatu zituen, negozioak eta ekonomia orokorra bultzatzeko bide gisa. Politika horiek monopolioak deuseztatu eta debekatu zituzten, eta garai batean itxiak eta pribilegiatuak ziren elkarte, sindikatu eta elkarteak (gremioak) irekiago jokatzera behartu zituen, merkataritzari traba gisa ikusten zituen Odak erakunde horiek, eta eraldatu zituen. Zerga-salbuespenak ere garatu zituen, eta zorpetzea erregularizatu eta errazten zituzten legeak ezarri zituen.
Artea eta garapen kulturalari bultzada
Oda Nobunaga Sengoku garaiko Japonia konkistatatzaile eta ondasun biltzailea handiena izan zen, eta pilatutako aberastasun horretan beti erakutsi zuen interesa artean, ikuspegi praktiko batekin izan bazen ere ditu: boterea eta ospea erakusteko.
Azuchiko gaztelua, Biwa aintziraren ertzean, Japoniako historiako gaztelurik zoragarriena dela esan izan da, urrez eta estatuez estalia kanpoaldean eta panel bertikalez, ate irristakorrez, hormaz eta Kanō Eitokuk barrutik margotutako sabaiez apaindua (artista honekin erlazio personala izan zuen Odak).[3]
Odaren menpekoek eta Sen no Rikyu tearen maisuak, Oda Nobunagak ezagun egin zuen tearen japoniar zeremonia arte gisa ezarri zuten, eta dimentsio politiko eta sozial batez ere jantzi zuten tea hartzeko erritual garatu hau: politika eta negozioez hitz egiteko bide gisa formaldu dute.[4]
Kabuki antzerki mota modernoak bere hastapenak aro honetan egin zituen eta, Nobunagaren beste ekarpen batzuk bezala, gero erabat garatu zen Edoko haraiaren hastapenean.[3]
Odak zabaldu zuen go jokoa halaber. Bere garaiko go jokalari handienen mezenas izan zen. Nobunagaren heriotzaren bezperan jokaturiko partida ospetsu batean agertutako konfigurazio batek, bestalde, zorigaitza ekarriko ziola determinatu zen (edo ondoren horrela interpretatu zen bestela).
Gainera, Odak interes handia erakutsi zuen Europako kulturan, eta aitzindarri izan zen horretan Japonian. Mendebaldeko artelanak bildu zituen, baina baita armak eta armadurak ere. Arropa europarra jantzi zuen lehen japoniarretako bat izan zen. Japonian kristau jesuita misiolariei lehen harrera abegikorra ere berak eman izan zen (gerora eraldatu zen egoera).
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «Los tres grandes unificadores» HistoriaJaponesa.com 2011-06-30 (Noiz kontsultatua: 2023-09-23).
- (Ingelesez) «Oda Nobunaga | Biography, Significance, & Death | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-09-23).
- (Ingelesez) Japanese Art and Culture under Oda Nobunaga (1534-1582): Christianity to Liberalization – Modern Tokyo Times. (Noiz kontsultatua: 2023-09-23).
- (Ingelesez) «Tea Ceremony Politics» Yunomi.life (Noiz kontsultatua: 2023-09-23).