Okarina

Okarinak ontzi-flautak dira. Forma askotakoak aurki daitezke (obalatuak, luzeskak, izaki edo objektuen itxura dutenak…). Moko-flauten moduko ahokoa izaten dute, eta zulo kopuru aldakorra.

Okarina
Deskribapena
Motaahokodun ontzi-flauta, digitazio zuloekin eta vessel flute (en) Itzuli
Hornbostel-Sachs sailkapena421.221.422

Euskal Herrian eta inguruetan aski zabaldua dagoen okarina buztinezko ontzi luzeska da, erdi zilindrikoa, erdi sasi-konikoa. Gisa honetako okarinek doinuak emateko zortzi, bederatzi edo hamar zulo izaten dituzte (horietako bat edo bi atzealdean). Felip Pedrellek Musika Hiztegi Teknikoan dioenez [1], okarina eredu hau Italiako Budrio herriko Giuseppe Donatik asmatu zuen, aurretik erabiltzen ziren mota honetako soinu-tresnetan oinarriturik.

Jotzeko era

Bi eskuekin hartu eta ahokoa ezpainetan jarririk, haizea emanez jotzen da, beste flautak bezala. Zuloak itxi eta irekiz doinuak osa daitezke.

Okarina euskal herri-musikan

Inguruko herrietan bezala, Euskal Herrian halako soinu-tresnak toki askotan jo izan dira. Esate baterako, musika bandetan erabili direla badakigu. 1970eko hamarkadan Intxaurrondon (Donostia, Gipuzkoa) bizi ziren Migel Angel Martin eta Maribelek burdinazko okarina bat zeukaten. Antza denez, Maribelen aitak Zumarragako (Gipuzkoa) musika bandan hura jotzen zuen, Espainiako Gerra Zibilaren aurretik, segur aski. Ez dugu fundiziozko burdinazko halako beste okarinarik ikusi.

Hala ere, Hernaniko (Gipuzkoa) Pilar Simonengandik (1925-2013) jaso dugu, 2002ko irailaren 3an Juan Mari Beltranekin izandako elkarrizketan, haren aitonak biolina jotzeaz gain okarina ere jotzen zuela. Aitonak etxean bi zituen, horietako bat “zilarrezkoa” (metalezkoa).

Joanito Arozena (1930-2021) txistulari oiartzuarrak esaten zuenez, Oiartzunen (Gipuzkoa) garai batean bakarka jotzen zen, tabernetan zein kalean.

Gaur egun oraindik ere Lizarraldean (Nafarroa) inguru horretako errepertorioa okarinaz jotzen duen joleren bat edo beste topa daiteke; esaterako, Karmelo Boneta. Hark esan zigun, Lizarran 2015eko abuztuaren 3an izandako elkarrizketan, okarinari “bokarra” ere esaten omen ziotela.

German Intxausti (1926-2004) Alegiako (Gipuzkoa) txistulariak okarina jotzen zuen bere gaztaroan. German hil zenean, haren seme Rikardok Soinuenean utzi zuen haren soinu-tresna. Gaur egun okarina hau Soinueneako erakusketan ikusgai dago.

Ikonografia

Euskal Herriko elizetako ikonografian ez dugu aurkitu okarina arruntaren forma duen flautarik, baina bai antzeko ezaugarriak dituen beste flauta bitxi bat, Erromanikoko ikonografia oparoan bi formatan maiz azaltzen dena. Gehienetan ahokoa duen upeltxo baten forma du, eta besteetan ontzi lautuarena. Dolio[oh 1] izenarekin ezagutzen da flauta hori, eta ia beti beste soinulari batzuen ondoan agertu ohi da [2][3]. Hauek dira flauta horren oinarrizko ezaugarriak: okarinak bezala, ontzi bat izaten du, gehienetan upel formakoa, zeinaren barruan aireak bibratzen duen. Hala ere, ikerlari batzuentzat upeltxoaren formako tresna hauek edateko ontziak dira, ez flautak.

Zangotzako (Nafarroa) Santa Maria Elizan dagoen dolio jolea

Dolioek airea barrura zuzentzeko kanal bat dute. Ezpainek putz egitean duten posizioagatik, badirudi halako flauta batzuek biseldun ahokadura dutela, eta beste batzuek, aldiz, hodiaren ertzaren kontra zuzenean putz eginda funtzionatuko zutela. Ikonografian kasu askotan badirudi ez dutela digitaziorako zulorik. Horrek pentsarazten digu balizko flauta hauek pordoi gisako nota bakarra emango zutela. Zenbaitetan baina, flautaren formagatik eta jolearen eskuetako hatzen posizioagatik, uste dugu ontzian nota desberdinak emateko zuloak izan litzakeela, beste okarina askok bezala.

Oharrak

  1. Hemen darabilgun “dolio” izendapena organologian aditua den Faustino Porras Roblesek emana da.

Erreferentziak

  1. Pedrell, Felip. (1894). Diccionario Técnico de la Música. , 321-322 or..
  2. (Gaztelaniaz) Porras Robles, F.. (2007). «Un nuevo aerófono del Románico: el Dolio» Revista de Folklore, (nº 315): 75-85..
  3. (Gaztelaniaz) Porras Robles, F.. (2013). «Dolia Sonantia (Toneles sonoros)» Revista de Folklore, (nº 372): 16-27..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.