Nuala O'Loan
Nuala Patricia O'Loan (Herts, Ingalaterra, 1951ko abenduaren 20 -) Ipar Irlandako bizitza politikoan eragin handia izan duen pertsona da. Irlandako zati honetarako garatu den autonomia sisteman lehen Police Ombudsman (Polizia gaietarako ararteko edo "herriaren defendatzailea") izan zen 1999 eta 2007 artean. Ingalaterran jaio bazen ere, Irlandako Antrimeko konderrian bizi da. 2009ko uztailean Lorden Ganberako kidea izateko proposamena egin zenetik aipatu konderriko Kirkinriolako O'Loan Baronesa titulua eman zitzaion[1]. "Britainiar Inperioaren Ordenaren Dama" (ingelesez Dame Commander of the Order of the British Empire, DBE edo Dame) ere bada 2007ko abenduaren 29tik[2][3].
Nuala O'Loan | |||||
---|---|---|---|---|---|
2015eko azaroaren 27a - 2016ko urtarrilaren 24a
2009ko irailaren 11 - | |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Hertfordshire, 1951ko abenduaren 20a (72 urte) | ||||
Herrialdea | Erresuma Batua | ||||
Familia | |||||
Ezkontidea(k) | Declan O'Loan (en) | ||||
Hezkuntza | |||||
Heziketa | Londresko King's College The Dickson Poon School of Law (en) | ||||
Hizkuntzak | ingelesa | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | politikaria | ||||
Lantokia(k) | Londres | ||||
Enplegatzailea(k) | Ulster University (en) | ||||
Jasotako sariak | |||||
Kidetza | Royal Irish Academy (en) |
Euskal Herriko egoera politikoari buruz 2010eko martxoan publiko egin zen Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetakoa da.
Biografia
Hertfordshiren jaio eta hezi zen zortzi neba-arrebaren familia batean. Londresko King's Collegen Zuzenbidea ikasi zuen eta 1973an graduatu zen. Arlo horretako irakasle hasi zen Ipar Irlandan. Haurdun zebilela, 1977an IRAk Ulsterreko Unibertsitateko Jordanstowneko campusean jarri zuen bonba baten eraginagatik haurra galdu zuen.[4].
Ipar Antrimen SDLP alderdiaren ordezkaria izan den Declan O'Loanen andrea da; bost seme dituzte. Haietako bati, Damieni, 2006ko ekainean jipoi gogor bat eman zioten Ipar Belfasteko Oldpark auzoan. Erasoaren zioa argitu gabe dago[5].
Ardura publikoetan
1974tik 1992 arte unibertsitateko irakasle lana instituzioetako maila desberdinetako batzorde batzuetan izan zuen esku hartzearekin konbinatu zuen. Urte horretatik 1999 arte Ulsterreko Unibertsitateko Jean Monnet Europako Zuzenbide irakaslea izan zen.
1999an, Ostiral Santuko Hitzarmena sinatu baino bi aste lehenago sortu zen Ipar Irlandako Police Ombudsman (Polizia gaietarako ararteko edo "herriaren defendatzailea") izendatu zuten; kargu hori bere hasieratik eztabaidagai izan da Irlandako politikagintzan bere esku izan dituen arazo korapilotsuengatik. 2001eko abuztuan 1998ko Omagheko bonbaren ikerketan poliziak izandako jokabidea aztertzearen ardura hartu zuen. 2001eko abenduan argitaratutako txostenean Royal Ulster Constabularyk hiri horren inguruan erasoren bat gertatuko zela aldez aurretik zekiela adierazi zuen eta Ronnie Flanagan orduko Ipar Irlandako polizia buruaren jokamoldea auzian jarri zuen; Flanaganek bere burua defendatu zuen oso eztabaida mikatzaren erdian[6].
O'Loanen lanak sortu zituen beste ika-mika inportante batzuk PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuaren kideen gehiegikerien ikerketak eta errepublikar batzuen zenbait delitutan bitartekariarena egitea izan ziren. Urteak pasa ahala egoera hobetu zen, Sinn Féinek berak PSNIrekiko duen iritzia zehaztu eta hasierako mesfidantza gaindituz joan zelako[7].
Ballast Operazioa
2007ko otsailaren 22an Operation Ballast deitu zenaren emaitzak argitaratu zituen[8]; ikerketa hori Royal Ulster Constabulary polizia zerbitzua eta UVF talde armatu leialistaren arteko kolusioari[9] buruzkoa zen.
Raymond McCord "gaztea", Peter McTasney, Sharon McKenna, Sean McParland, Gary Convie, Eamon Fox, Gerard Brady eta John Harbinsonen hilketetan inplikatuta egoteagatik poliziaren Special Branch edo "Adar bereziaren" zenbait kide ikertu zituen.
Nazioartera
2008ko otsailaren 19an Irlandako Errepublikako gobernuak O'Loan Ekialdeko Timorrerako arduradun berezi izendatu zuen[10].
2010eko martxoan hainbeste pertsona ezagunek publiko egin zuten Euskal Herrian bizi den gatazkari buruzko Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen artean dago.
Erreferentziak
- The London Gazette.
- Berria BBCn.
- Dame tituluaren erabileraren adibide bat.
- Telegraph.
- Albistea BBCn.
- Txostena eztabaidagai BBCn.
- Horren gaineko albistea.
- Operazioaren txostena.
- Irlandako hizkera politikoan collusion polizia eta armada britainiarrek talde armatu leialistekin duten elkarlan ezkutuari deitu izan zaio; etsai politikoen gaineko informazio pribilegiatua pasatuz, talde horiek egindako hilketa batzuk erraztu zituzten.
- Dermot Ahern izendapenaren berri ematen.
Ikus, gainera
Kanpo loturak
- (Ingelesez) Polizia Ombudsmanaren webgunea.
- (Ingelesez) Elkarrizketa BBCko Radio 4en 2002an.