Norteko Ferrokarrilla

Norteko Ferrokarrilla Euskadi Irratiko irratsaioa da, publiko orokorrerako zientzia eta teknikaren dibulgazioaz aritzen dena. zientziaren inguruan mugitzen den azaltzen dute: azken asmakizunak, ikerkuntza, ikertzaileak...[1] Hauek dira lantzen dituen gaia nagusiak: osasuna, ingurumena, biologia, astronomia, fisika, teknologia eta genero-berdintasuna.

Artikulu hau zientzia irratsaioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Norteko ferrokarril (argipena)».
Norteko Ferrokarrilla
Jatorria
Ezaugarriak
Genero artistikoazientzia-dibulgazioa
Hizkuntzaeuskara
Ekoizpena
EkoizleaElhuyar Fundazioa
AurkezleaGuillermo Roa, Pili Kaltzada eta Oier Araolaza Arrieta
Emanaldia
Jatorrizko igorlea Euskadi Irratia
Hasiera-data1995

2005etik grabatu diren programa guztiak Interneten daude eskuragarri, podcast moduan ere bai.[1][2]

Elhuyar Fundazioak sustatzen du saioa eta Guillermo Roa da arduradun nagusia, irratsaioko gidari eta aurkezlea. Nagore Rementeria ere aritu izan da horretan.

Honelako saioetan ohizkoa ez den arren, irratsaioak entzuleak parte hartzera gonbidatzen ditu saioaren amaieran.[3]

Bilakaera

Pilar Kaltzada, hasierako aurkezlea

Euskadi Irratian 1996etik emititzen da irratsaioa, orduan Pilar Kaltzada zen esataria.[4][2] Guillermo Roa 2005ean hasi zen Nagore Rementeriarekin, Oier Araolazak utzi zuenean.

« Hasiera batean, bi hilabeterako proba gisa hasi ginen 1996an. Galdetzen ziguten ea gai izango al ginen astean behin zientziari buruzko programa bat euskaraz egiten; esaten ziguten ea irratia zientziaren dibulgazioa egiteko tresna egokia ote zen; interesa egonez gero, edozein euskarri da ona zientziaren dibulgazioa egiteko.  »

Pilar Kaltzada, saioko lehen esataria izan zena[4]

Espainiako futbol-ligan bost euskal talde jokatzen hasi zirenean, Euskadi Irratiak talde horien futbol-partida guzti guztiak transmititzen dituenez, Norteko Ferrokarrilla saioen emisioa oso irregular eta aldrebesa bihurtu zen. Arrazoi horregatik hainbat kexu egon zirenez, partida zegoenean Euskadi Irratia hasi zen emititzen bigarren kanal batetik ohizko programazioa. Hala ere, soilik Internet bidez jaso daiteke programazio paralelo hori (Euskadi Irratia+).[5]

Saioaren izenaren jatorria

Txirritaren bertso ezagunetatik hartu zuen izena. Aldaketa teknologiko bati kantatu zion Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolariak 1931. urtean. Baporezko tren bat martxan ikusi zuen haurra zela, eta ostera argindarrak bultzatutakoa eraikitzen ezagutu zuen, eta horri kantatu zion Norteko trenbideari izeneko bertso jarrietan. Ikasketarik ez zeukan pertsona batek aldaketa hori hain ongi erretratatu zuelako jarri zioten zientziaren dibulgazioaz arduratzen den irratsaioari izena.[4] Hauek dira bertso idatzi horien artean 3., 4. eta 5.a:

« Aditu zituztenean trenen txistua eta marruak,

gehientxoenak saldu zituzten idiak eta karruak,
esanaz: «Horrek jetxiko dizkik goi hoitan diran arduak».
Garai hartako haien abarkak ziran basurde-larruak.

Mila zortzirehun hirurogei ta zazpigarrengo urtean,
lehenengo trena ikusi nuen Espainiako partean,
bide pixka bat bistan pasata inoiz sartua lurpean;
perra berriak erantsi dizte handikan orain artean.

Modu horretan jarri zuenak Norteko ferrokarrilla,
jakinduria haundia zuen, entendimentu abila;
gizonik ezin hasi liteke zaldi hobearen bila:
goizean irten Irundik eta iluntzerako Madrila.

 »

—Jose Manuel Lujanbio, Txirrita[6] , 1931

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) «Listen to Norteko Ferrokarrila on TuneIn» TuneIn (Noiz kontsultatua: 2020-02-29).
  2. (htm) Norteko ferrokarrila - Lehen programak. (Noiz kontsultatua: 2017 - 11 -07).
  3. Gutiérrez Paz, Arantza.. (). Irratsaio bat egiteko tailer praktikoa. Udako Euskal Unibertsitatea, orr. 132 or. ISBN 84-8438-070-X. PMC 433202265. (Noiz kontsultatua: 2020-02-29).
  4. Muñagorri Garmendia, Lander. (2016-16-17). «Txirrita eta zientzia» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-02-29).
  5. Lasa, Xabier. «Maixu-maixtrak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-02-29).
  6. «Euskal Poesiaren ataria - NORTEKO TRENBIDEARI - Jose Manuel Lujanbio, Txirrita» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-29).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.