Norberaren Ikas Alorra
Norberaren Ikas Alorra (NIA)[1][2] edo Ikasteko Ingurune Pertsonalak (edo PLE, ingelesetik bere horretan mailegatua: Personal Learning Environment) ikasleei beren ikas-prozesuaren gaineko kontrola eta kudeaketa hartzen laguntzen dieten sistemak dira. Sistema hauek ikasleei ikas-helburuak zehaztu, ikaskuntza kudeatu, edukien eta prozesuen kontrola harraraziz, eta ikas-prozesuan zehar beste pertsonekin komunikatzen laguntzen diete, nahi dituzten helburuak lortzen lagunduz horrela.
NIA ikasten ikasteko konpetentzia eta konpetentzia digitala garatzeko marko teorikoan erabili ohi den kontzeptua da[3], baina baita ere hezkuntza alorreko profesionalen testuinguruan, non profesionalek etengabeko hobekuntza lortzeko bidean, auto-formakuntza behar duten bere trebezia didaktikoak ahal den neurrian hobetzeko.
Definizioa
Jordi Adellek eta Linda Castañedak emandako definizio bat[4][5]:
« | Norberaren Ikas Alorra, pertsona bakoitzak, behin eta berriro, ikasteko erabiltzen duen tresnen multzoa, informazio iturrien multzoa, konexio edo nodoen multzoa, ekimenen multzoa, giza-harremanen multzoa. | » |
Jordi Adell & Linda Castañeda. 2010. |
Osagaiak
Ikasteko, pertsona batek, batez ere beste pertsonengandik ikasi ohi du. Zuzenean edo hainbat baliabideei esker.
Norberaren Ikas Sarea
- Pertsona bakoitzak ikasteko, behin eta berriro, lantzen dituen giza-harremanen sareari esaten zaio Norberaren Ikas Sarea. Beste pertsonengandik, beste pertsonekin ikasi ohi da eta ikasteko sortzen diren gizarte-sareei NIS esaten zaie.
Informazioa dagoen tokietaraino iristen laguntzen duten tresnak
- Liburutegiak, aldizkaritegiak, bideotekak... Eta Interneteko hainbat baliabide: (bilatzaileak, arakatzaileak, Datu-baseak, RSSak...)
Informazioa sortzen eta plazaratzen laguntzen duten tresnak
- Argitaletxeak, hedabideak, Interneteko baliabideak (blogak, sare sozialak...)
NIA garatzeko gakoak
Amaia Arroyo Sagasta irakasleak lau ataletan laburbiltzen ditu NIA garatzeko gakoak[6]:
Konpetentziak
Ikasten ikasteko konpetentzia eta konpetentzia digitala nabarmentzen ditu.
Jarrerak
Jarrera positiboen eta motibazioaren garrantziaz jarduten du.
Baliabideak
Baliabide teknologiko eta ez-teknologikoen garrantzia nabarmentzen ditu.
Ikuspegi metodologikoa, hezkuntza-perspektiba
Arroyok gizarte-konstruktibismoa (Lev Vigotski) eta konektibismoa (George Siemens) aipatzen ditu marko teoriko legez.
Norberaren Ikas Alorra hobetzeko aholkuak
Jordi Adellek eta Linda Castañedak 5 aholku eman ohi dituzte:
- Egin informazioren bilaketa aktiboa. Informazio berria aurkitzen saiatu, ez izan informazioren kontsumitzaile pasiboa. Bilatu informazio iturri berriak. Konparatu zenbait informazio iturriren bertsioak ea desberdinak ote diren.
- Kudeatu informazio hori guztia ahalik eta modurik efizienteenean. Norberak bere informazio gorde edo sailkatu ahal du, baina informazioaren kudeaketa modu kolektiboan ere egin daiteke. Sistema kolektibo batzuk izan ohi dira eraginkorrenak.
- Parte hartu elkarrizketan, parte hartu informazioa eta iritzia elkartrukatzeko sareetan. Sareetan jarrera pasiboa har daiteke, lurker izatea egongo litzateke muturrean, eta jarrera aktiboa har daiteke. Zenbat eta jarrera aktiboago, orduan eta ikasteko aukera handiago egoten da, oro har. Elkarrizketetan parte hartzeko abiapuntu nagusienak hauek izaten dira: "ikusi zer egin dudan", "ikusi zer aurkitu dudan", "ikusi zer dakidan" eta "ikusi zer sentitzen dudan". Egin zaitez zure intereseko pertsonen jarraitzailea interneten. Egin zaitez zure intereseko gaiak jorratzen duen sare baten, sare batzuen partaide.
- Sortu eta partekatu informazioa. Informazio hartzailea izatea ondo dago baina harago joanez gero, gehiago ikasten da. Edukiak, iritzia sortu dezakegu. Eman ta zabal zazu.
- Ikasitakoa praktikan jarri. Ez geratu iritzi eta teorien mundu platonikoan eta ekin ikasitakoa aplikatzeari.
Norberaren Ikas Alorra (NIA) > Erakundearen Ikas Alorra (EIA)
Azken urteotan, Norberaren Ikas Alorra kontzeptua garatzerakoan, Erakundearen Ikas Alorra (EIA)[7][8] kontzeptura igaro da. Erakundeek ere ikasteko erabiltzen dituzte hainbat informazio-iturri, hainbat lanabes informatiko, hainbat antolatutako ekintza mota eta hainbat giza-sare eta nodo.
« | Erakundearen Ikas Alorra (EIA) talde edo erakunde batek Norbere Ikas Alorrei buruz duen talde-ikuspegia da. [...]
Erakundeak ikasteko sarritan erabiltzen dituen informazio iturri, tresna, jarduera, kognizio-mekanismo eta pertsona sare multzoa da. |
» |
Linda Castañeda. 2016. |
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Norberaren Ikas Alorra izenburuko ikastaroak. .
- Gamito, Rakel. (WordPress) NIA (Norberaren Ikas-Alorra). (Noiz kontsultatua: 2017-02-19).
- (Gaztelaniaz) BerritzeguneNagusia. (2016-11-22). # PLE by David Álvarez (aka @Balhisay). (Noiz kontsultatua: 2019-06-07).
- Amaia Arroyo Sagasta (Adell eta Castañeda 2010 aipatuz). (2018-07-26). Zer da EIA-OLE (Erakundearen Ikas-Alorra)?. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
- (Gaztelaniaz) «Linda Castañeda & Jordi Adell PLE texthelp.pdf» Google Docs (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
- (Gaztelaniaz) Arroyo Sagasta, Amaia. Constuir y desarrollar el PLE más allá de las herramientas. (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
- (Gaztelaniaz) Álvarez, David. Mi PLE y nuestro OLE: de aprendices autónomos a organizaciones que aprenden.. (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
- Amaia Arroyo Sagasta. (2018-07-26). Zer da EIA-OLE (Erakundearen Ikas-Alorra)?. (Noiz kontsultatua: 2018-10-22).
Bibliografia
- (Gaztelaniaz) Castañeda, Linda; Adell, Jordi (editoreak). (2013). Entornos personales de aprendizaje: claves para el ecosistema educativo en red. Alcoy: Marfil. (Liburua Interneten topa daiteke Creative Commons lizentzia batekin argitaratua).
- (Gaztelaniaz) Arroyo Sagasta, Amaia. Docentes y escuelas que aprenden en la red. Estudio sobre la competencia digital, entornos personales de aprendizaje y entorno organizacional de aprendizaje de Arizmendi Ikastola. UNED. 2017.