Nomen

Erromatarren nomena (pluralez nominis) oraingo abizen edo deituraren antzekoa da. Gens edo leinua adierazten zuen eta familia askok gens bera izan zezaketen, hau da, arbaso bereko ondorengoak zirela esaten zuten. Beraz, nomen-a belaunaldiz belaunaldi heredatzen zen eta komuneko balizko arbaso horren ondorengo guztiak izendatzen zituen. "gens, gentis" substantiboa femeninoa da eta horregatik, nomen-ak aipatzen direnena aldaera femeninoa erabili ohi da: Julia, Sergia, Servilia, Tullia[1]...

Erromatar garaiko marmolezko hilarria.
Hilarrien idazkunetan beti agertzen zen gutxienez hildakoaren nomen-a.

Nomena (edo gentilicium-a edo nomen gentile-a ere deitua), Tria nominaren parte bat zen, praenomeanaren ondoren jartzen edo esaten zena. Emakumeek aitaren familiaren izena gordetzen zuten eta ez zuten senarrarena hartzen. Hau da, mutilentzat "abizen" modukoa zena, neskentzat "ponte-izena" zen. Adibidez, Julia gens-eko neskatoek «Julia» ziren denak eta «Cornelia» deitzen zieten Cornelia familiako emakumeei. Bereizteko, besteak beste, minor, maior, tertia... hitzak gehitzen ziren haien izenetara cognomen moduan, jaiotza-ordenaren arabera.

Europako beste herri indoeuroparretan ez dagoen osagai originala zen nomen-a. Nomen-ak ugariak ziren eta, oro har, ez ziren laburtzen.

Familia batzuek besteengandik bereizteko, "cognomen"-a erabiltzen hasi ziren, nolabaiteko gens bateko adarra edo leinu-adarrak eratuz[2]. Julia leinuak, adibidez, cognomen hauek erabili izan zituen: Zesar (Caesar), Julo (Iulus), Menton (Mento), Libon (Libo) eta Bursio. Geroago cognomen-ak beste funtzio batzuk ere izan zituen, hala nola, pertsonaren izen-tipia izatea.

Adibide batzuk

  • Julio Zesar: Gaius Iulius Caesar (Julia edo Juliotarren gens edo leinukoa).
  • Julia Mesa: Julia Maesa (Juliotarren leinukoa)
  • Kornelio Sila jenerala: Lucius Cornelius Sylla Felix (Cornelia leinuko Sylla adarrekoa)
  • Kornelia: Cornelia Minor edo besterik gabe, Cornelia (Cornelia leinukoa). Hori Lucius Cornelius Cinna-ren alaba zen, eta Gaius Iulius Caesar-en emaztea baina emakumeek ez zuten senarraren nomen-a hartzen.
  • Kornelio Zina: Lucius Cornelius Cinna (Cornelia gens-eko Cinna adarrekoa)
  • Antestius Sesenco: Antestia leinukoa. Pertsona hori Hispania Tarraconensisen bizi izan zen eta seguruenik ez zen Italiako Antestia (edo gehaigotan erabltzen zen Antistia) leinuko ondorengoa, baina inperioko familia libreek erromatar leinuen abizenak hartu zituzten, batez ere mendebaldean.

Gizonen kasuan nomen-a maskulinoz erabiltzen zen eta emakumeen kasuan, femeninoz.

Libertoek, esklabo ziren garaian, euren jabe izan zirenen nomena heredatzen zuten, eta, emakumeen kasuan, egiten zen gauza bakarra, abizena femeninoan jartzea zen.

Erreferentziak

  1. ingelesezko Wikipedian erromatar gens guztien zerrenda ikus daiteke: List of Roman gentes
  2. «Roman Nomenclature» www.vroma.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-09).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.