Eleberri pikaresko

Eleberri pikareskoa Espainian XVI. mendean jaio zen narrazio- generoa da, satirikoa izan ohi dena, era autobiografikoan jatorri txiroko heroi alproja baten abenturak kontatzen dituena[1]. XVII. eta XVIII. mendeetan Europa osora zabaldu zen eta literatura modernoan ere erabiltzen da.

Guzmán de Alfarache eleberriaren 1681eko edizioaren azala.

Historia

Espainiako enperadore Karlos I.aren erreinaldiaren bukaeran, 1554. urtean, kaleratu zen aldi berean Burgosen, Anberesen eta Alcala de Henaresen, Lazarillo de Tormes (Tormesko itsumutila). Liburu honekin sortu zen eleberri pikareskoa, espainiar literaturako genero adierazgarri eta herrikoienetako bat. Arrakasta berehalakoa eta oso handia izan zuen, eta antzeko beste eleberri askoren abiapuntu izan zen: Espainian, berehala, 1599an, beste obra pikaresko garrantzitsu bat argitaratu zen, Mateo Alemanen Guzman de Alfarache. Pikareskan txertatzen da Quevedoren El Buscon ere. Eleberri horietako gaiak, pertsonaiak, gertaerak, berrituko zituzten gero atzerrian Daniel Defoe, Tobias Smollett, Henry Fielding, eta Alain-René Lesagek, XIX. mendeko eleberri errealista handiaren bidea prestatuz.

Denborarekin aldatuko zen arren, pikaroa, kontakizun hauen protagonista, generoa bera ere izendatu zuena, gizartearen behereneko mailetan sortutako pertsonaia da funtsean, ogibide jakinik gabea, nagusi askoren morroia, eskrupulo gutxi eta bizimodu nahasikoa. Alferra eta ibiltaria izanik, pikaroak nahiago du eskean ibili, edota amarru txikiak egin, lan finko baten mendeko izan baino. Alabaina, guztiz legez kanpo ere ez da bizi, gehiegizko ardura bailitzateke hori pikaro batentzat. Jatorri apalak eta bizimodu miserableak pertsonaia etsia bihurtzen dute gizarteak eskaintzen dituen ohore eta sarien aurrean. Bizitzari hoztasunez begiratzen diolako, batere erromantizismorik gabe, errealista da, baina ez horratik handinahia.

Tormesko itsumutilak, berri-berria, inspirazio bikain baten emaitza izan arren, bere aurreko literaturan ditu sustraiak. Pikaroarenaren antzeko ezaugarri errealistak dituzten antiheroiak ageri dira Hitako artziprestearen Libro de buen amor eta Fernando de Rojasen La Celestina liburuetan. 1528an plazaratu zen Francisco Delicadoren La lozana andaluza, pikareskarekin lotura estuak dituzten pertsonaiak -gaizkileak, emagalduak- ugari dituena. Liburu horietan guztietan noizbehinkako osagai direnak, ordea, askoz pisu handiagoa hartzen dute eleberri pikareskoan. Alderdi eta ezaugarri horiek hainbeste pilatzen dira, non aurrekoen guztiz desberdina gertatzen den, genero berria izateraino.

Era berean, Europako literatura guztietan baziren pikareskaren osagaiak zituzten literatura lanak: erromatar literaturatik hasita -Petronioren Satirikon eta Apuleioren Urrezko astoa gogoratu behar dira-. Frantses literaturan, Roman de Renarten (Azeri axiantea) argi ikusten da mundu pikareskoa, animalien forman itxuraldaturik bada ere. Pertsonaia pikareskoa da orobat Till Eulenspiegel alemana. Baina espainiar literaturan bakarrik lortu zuen pikareskak genero bereizi baten maila, areago, bizitzari buruzko jarrera jakin baten zentzua.

Satira da eleberri pikareskoaren alderdi inportanteenetako bat: pikaroa zenbait nagusiren morroi izatea bera, azken finean, gizarte klase desberdinak agerian jartzeko -eta barregarri uzteko- baliabide tekniko bat besterik ez da. Satira horretan aipagarria da, Karlos enperadorearen garaia baitzen, erasmismoa, Tormesko itsumutilan argi ikusten den bezala.

Egitura bera izaten dute, oro har, eleberri pikaresko guztiek, kontakizun autobiografikoak baitira. Zalduneria liburuetako heroiak betidanik izan zuen bere biografia idazlea. Baina garai hartako pentsamoldean, pikaroa hain zen pertsona xumea, non inor ez baitzen hartaz arduratzen, eta hortaz, berak kontatu behar zuen bere bizitza.

Ausardia behar zen Lazaroren bizikizun pobreak kontatzeko, eta ausarkeria hori dela eta, ilunbeetan geratu zen benetako egilea. Tormesko itsumutila autobiografikoa eta anonimoa izatea gertaera beraren bi aurpegiak dira. Hain pertsonaia kaxkar baten biografiak ez baitzuen inolako justifikaziorik (oso urruti zegoen XIX. mendeko erromantizismoa), egileak bere burua ezkutatu behar izan zuen, eta bere irudimenak sorturiko pertsonaiari eman hitza. Francisco Ayala espainiar idazlearen hitzetan, protagonista hau ez da, aurrekoak bezala, izen hutsa, eredu eskematiko bat, esekigailu bat balitz bezala istorio hau edo bestea zintzilikatzen zaizkiona. Aitzitik, patu bereizi baten jabe den gizabanakoa da, eta horrexen arabera hartzen dute gertaerek esanahia. Balioak aldatu egin dira: inportanteena orain ez da zer gertatzen den, nori gertatzen zaion baizik. Gizabanako jakin baten ikusmoldean kokatzen dira gertaerak, eta haren begietatik ikusten dugu irakurleok mundua.

Pikareskaren beste ezaugarri oinarrizko bat linealtasuna da, pasarteak hurrenez hurren -loturarik gabe gehienetan- baitaude kokatuak. Pikaroak ez baitu, ez bizi asmo, ez proiektu jakinik, haren biografia ere gertaeren zoriaren arabera osatzen dela dirudi. Pikaroa da kontakizunaren hari bakarra. Gainerakoa pertsonaien joan-etorri etengabea da. Abentura bat bukatzen bada ere, protagonistaren bizitzaren kontaera ez da inoiz amaitzen, beti segi dezake, eta obraren irakurketa nahi den lekuan has daiteke. Muga falta hori, barne loturarik eza, pikareskaren akatsak dira, haina alferrik da hori nabarmentzea, istorio hauek autobiografia hutsak baitira. Bizitza -bizitza erreala, eta hura bezalaxe bizitza irudikatua- sigisaga mugitzen baita, ez literatura kritikak aurrez ezarritako eskema baten arabera.

Erreferentziak

  1. Nobela Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.


Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.