Niue
Niue (ingelesez) edo Niuē[2] (niueraz) Ozeano Bareko uharte-nazio bat da, Polinesian kokatua. Polinesiako arroka ezizena ere ematen zaio. Bere auzokide guztiak ere polinesiarrak dira: Tonga hego-mendebaldean, Samoa ipar-mendebaldean eta Cook Uharteak hego-ekialdean. Bere metropolia den Zeelanda Berria, ordea, 2400 kmra dago.
Niue | |||
---|---|---|---|
Niuē[1] | |||
Ereserkia: Ko e Iki he Lagi | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Alofi 19°3′22″S 169°55′16″W | ||
Azalera | 260 km² | ||
Punturik altuena | Niue Highest Point (en) | ||
Kontinentea | Ozeania | ||
Administrazioa | |||
Zeelanda Berriko monarka | Charles III.a Erresuma Batukoa | ||
Niueko Premierra | Dalton Tagelagi (en) | ||
Legebiltzarra | Niueko Biltzarra | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 1.612 (2016) | ||
Dentsitatea | 6,2 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | |||
Erabilitako hizkuntzak | |||
Ezkontzeko adina | gizonezko: 21 emakumezko: 19 | ||
Ekonomia | |||
Historia | |||
Sorrera data: 1974 | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +683 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | NU | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | NIU | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 230 V. 50 Hz.AS/NZS 3112 (en) | ||
Internet domeinua | .nu | ||
niueisland.com |
Independentziatik hurbil dagoen autogobernua du, 1974tik elkargo libreko harremana baitu Zeelanda Berriarekin. Niuetarrak barneko politikari dagokion guztiaren jabe dira; kanpo harremanen gainean ere 1994tik NBEk arlo horretan duen independentzia onartu zion, nahiz eta praktikan askotan Zeelanda Berrian delegatzen duen[3]. Estatuburua, bestalde, Elisabet II.a da.
2003an Niue munduko lehen "WiFi nazioa" bilakatu zen, The Internet Users Society-Niue elkarteak haririk gabeko Interneterako zerbitzua eskaintzen baitu[4]. Tabakorik gabeko munduko lehen herrialdea izan liteke, egin den proposamena aurrera ateratzekotan[5].
Geografia
Niue munduko koral uharterik handienetakoa da. Ekuatore eta Kaprikornioko Tropikoaren artean, 480 km mendebaldera Tonga du, 930 km ekialdera Cook Uharteetako handiena den Rarotonga eta 2400 km hego-mendebaldera Auckland, Zeelanda Berriko hiririk handiena eta niuetar jatorriko biztanle ugari duena.
261,46 km² ditu. Topografiaren aldetik erdialdean goi-ordokia du, non uharteko punturik altuenak dauden (garaiena, izenik gabea, 68 mkoa da); kostaldetik barnealderantz 25 mko kareharrizko amildegiak daude. "Alofiko terraza" izena ematen zaion 500 mko zerrenda dago kostaldean; hiriburuaren izena badarama ere, kostalde osoan zehar dago. Koralezko barrera batek uhartea inguratzen du.
Niueko itsas-eremua
Orain dela urte gutxi Niue eta alboko uhartedien itsasoko Eremu Ekonomiko Esklusiboa (EEE; hau da, lur zati bakoitzari bere inguruan dagokion itsasoaren esparrua) zehaztu egin da. Niuek bi lur zati besterik ez ditu, Niue bera eta Beveridge uharria, beraz, 370 kmko erradioko bi biribilen zentroak dira eta bere osotasunean 390.000 km²ko azalera du. Biribil hauek beste nazio batzuenekin topo egiten duten lekuetan, itsasoa lehian ari diren nazioen artean banatu egiten da.
Hori dela eta, Niueren EEEa mendebaldean Fijikoarekin, iparraldean Amerikar Samoarekin eta ekialdean Cook Uharteetakoarekin muga du. Hegoaldeko muga lehiarik gabea da eta nazioarteko urekin topatzen da[6].
Uharriak
Niue uharte nagusiaz gain, uharri bat dago bere itsas-eremuan eta noizbait beste batzuk daudelako testigantzak eman dira:
- Beveridge uharria: Niuetik hego-ekialdera, goialdean koralezko atoloi bat duen itsaspeko mendia da. Atoloiak lagoon edo itsas-aintzira bat inguratzen du. Oso hurbil egon ezean, uharri hau ezin da ikusi[7].
- Antiope uharria: Niuetik ipar-ekialdean legoke. 1886an Antiope itsasontzi britainiarrak eman zuen bere berri; 1984an ere antzeko leku batean zegoen uharria dokumentatu zen.
- Harans uharria: 1848an Thomas Dickenson itsasontzian zihoan Harans jaunak aipatua eta Niuetik hegoalderantz legokeena. Haren ondotik gauez pasatu ziren eta ez da bat ere segurua uharri hori dagoenik; mapa berri batzuek 1000 mko itsas mendi bat erakusten dute posizio horretan eta Harans jaunak agian sumendi-gasak besterik ez zituen ikusi.
- Beste uharri bat, oso zalantzazkoa dena, 1965ean dokumentatu zen Haransetik hego-ekialdera. Gaur egun uharri hau mito bihurtu da[8].
Udalerriak
Niuen 14 "herri" daude; udalerrien funtzioak betetzen dituzte. Bakoitzak bere udalbatza izateaz gain, hautesbarrutia ere bada, eta Niueko Legebiltzarrera ordezkari bana bidaltzen dute. Alofi hiriburua Ipar Alofi eta Hego Alofiren artean banatuta dago[9].
Taulan herriak, azalera, 2001eko biztanleria eta dentsitatea agertzen dira; herriak bi esparru historikotan banatuta daude, Motu eta Tafiti.
Zkia. | Herria | Biztanleria (2001eko errolda) | Azalera[10] km² | Dentsitatea (km−2) |
---|---|---|---|---|
Motu (iparraldeko "tribu-eremu" historikoa) | ||||
1 | Makefu | 87 | 17.13 | 5.1 |
2 | Tuapa | 129 | 12.54 | 10.3 |
3 | Namukulu | 14 | 1.48 | 9.5 |
4 | Hikutavake | 65 | 10.17 | 6.4 |
5 | Toi | 31 | 4.77 | 6.5 |
6 | Mutalau | 133 | 26.31 | 5.1 |
7 | Lakepa | 88 | 21.58 | 4.1 |
8 | Liku | 73 | 41.64 | 1.8 |
Tafiti (hegoaldeko "tribu-eremu" historikoa) | ||||
9 | Hakupu | 227 | 48.04 | 4.7 |
10 | Vaiea | 62 | 5.40 | 11.5 |
11 | Avatele | 150 | 13.99 | 8.9 |
12 | Tamakautoga | 140 | 11.93 | 11.7 |
13 | Hego Alofi | 358 | 46.48 | 13.2 |
14 | Ipar Alofi | 256 | ||
Niue | 1788 | 261.46 | 6.8 | |
Klima
Uharte-nazio honetan klima tropikala da nagusi eta batzuetan zikloi tropikal bortitzen eragina pairatu behar dute: 2004ko urtarrilean, Heta ekaitz tropikalak Niue astindu zuen; 2 pertsona hil ziren eta uhartean kalte oso handiak suertatu ziren[11]. Besteak beste Lord Liverpool Hospital erabat suntsitu zuen. Hala ere, 2006an Niue Foou erietxe berria inauguratu zen.
Urtean batez besteko 25 °Cko tenperatura dago. Euri sasoia abendutik martxoa artekoa izaten da.
Historia
Niueko lehen biztanle ezagunak 900. urtearen inguruan bertan kokatu ziren samoar jatorrikoak izan ziren. XVI. mendean bigarren immigrazio oldea gertatu zen, kasu horretan Tongatik[12].
XVIII. mendea arte ez dirudi gobernu nazional baten funtzioa betetzen zuen egiturarik egon zenik. Buruzagiek (iki) eta familiaburuek biztanleriaren sektore batzuen gaineko agintea zuten. 1700 aldean monarkiaren kontzeptua Samoa edo Tongatik inportatu zutela ematen du; harrezkero errege (patu-iki) batzuek zuzendu dute uhartea[13].
Europarren presentzia Niuen 1774an hasi zen James Cook kapitainaren bisitarekin; Savage Island ("Uharte basatia") izena eman zion eta bertakoek ez zioten lurreratzen utzi. Aipatzeko moduko bigarren presentzia europarra 1846an hara heldu zen Londresko Misiolari Elkarteak egin zuen; ez zuten bat ere erraztasunik topatu, eta denbora luzez, presentzia iraunkorra izaten saiatu eta gero, Nukai Peniamina izeneko gaztea bahitu zuten, eta geroago, misiolari gisan itzuli zen uhartera. Herri askotan kristautasunaren sarreraren oso kontrako jarrera egon zen. Tui-toga (1875etik 1887ra errege) izan zen Niueko lehen agintari kristaua.
1887an Fata-a-iki erregeak Viktoria I.a Erresuma Batukoari idatzi zion eta beste potentzia batek uhartea anexionatu baino lehen Niueren gaineko protektoratu bat ezartzeko eskatu zion. Lehen eskaera hori eta 1895eko bigarrena arrakastarik gabeak izan ziren, baina 1900ean Erresuma Batuak protektoratua antolatu zuen. Hala ere, hurrengo urtean Zeelanda Berriak anexionatu zuen; estatu horrek ekin zion Niue administratzeari, Britainiar Inperioaren izenean.
1974an erreferendum bat egin zen; hiru aukera zuten: independentzia, autogobernua ala Zeelanda Berriko lurraldea izaten segitzea. Bigarrenak irabazi zuen eta Zeelanda Berriko legebiltzarrean urriaren 19an Niuerekiko elkargo librea arautzen duen legea onartu zen[14][15]. 1974tik 1992an hil zen arte Robert Rex izan zen Niueko Lehen Ministroa.
Hamar urtez AEBekin eztabaidan aritu eta gero 1997ko maiatzean Niue eta Amerikar Samoaren arteko itsas muga zehazten duen ituna sinatu zen.
Politika
Niue Zeelanda Berriarekin elkargo librean lotutako lurraldea da, autogobernu maila oso handia duena; barne arazoetan niuetarrek erabakitzeko ahalmen osoa dute. Wellingtongo gobernuak zenbait konpetentzia gordetzen du kanpo aferetan, betiere Niuerekin kontsultatuta. 1974ko Niueko Konstituzioaren Legeak aginte betearazlea onartzen dio Erresuma Batuko erreginari, Zeelanda Berrikoa ere badelako eta baita estatu horretako gobernadore orokorrari ere. Konstituzioak, aldiz, egunerokotasunean botere hori Niueko Lehen Ministroak eta beste hiru ministrok osatzen duten kabineteak bereganatzen dutela zehazten du. Kabineteko kideak Niue Fono Ekepule (nazioko legebiltzar legegilea) osatzen dutenen artean aukeratzen dira. Legebiltzar horrek 3 urterako hautatutako 20 kide ditu, 6 nazio mailakoak eta 14 herri bakoitzean aukeratuak.
Botere judiziala beste biekiko independentea da.
Kanpo harremanak
Azken urteotan kanpo harremanei dagokienez, gero eta ekimen gehiago izaten ari da. Wellingtonen irlan bulego diplomatikoa du eta Pacific Islands Forum ("Ozeano Bareko Uharteetako Foruma") zein nazioarteko beste erakunde batzuetako kidea da. Ez da NBEko kidea, baina erakunde horrekin lotutako zenbait agentziatan esku hartzen du: Itsasoaren Legeari buruzko Konbentzioa, Klima aldaketaz aritzen dena; Ottawako Ituna; eta Rarotongako Ituna. 1993ko urriaren 26tik UNESCOko kidea da.
2007ko abenduaren 17an harreman diplomatikoak hasi zituen Txinako Herri Errepublikarekin[16]. Zeelanda Berriarekiko eztabaida ekarri zuen horrek, beraien arteko itunean ez baita argi geratzen ea maila honetako harreman osoak garatzeko ahalmena eskuratu duen; gainera Wellingtonek eta Alofik Taiwango aferaz erakutsi duten jarrera ez da berbera izan.
Demografia
1398 biztanle zituen 2007an, gehien-gehienak niuetar polinesiarrak; bizitza espektatiba 63 urtekoa da. Biztanle gehienak mendebaldeko kostaldean -Alofiren inguruan- eta ipar-mendebaldean bizi dira.
Immigrazio handia
Niuetar jatorrikoak askoz ere gehiago dira kanpoan Niuen bertan baino[17][18]; 2001eko Zeelanda Berriko erroldaren arabera, 20.100 niuetar[19] bizi ziren han, batez ere Auckland eta haren eskualdean (bereziki Manukaun), beste komunitate polinesiar batzuekin (tokelauar, cooktar, samoartetaongarrak) gertatzen den gisa berean[20]. Niueko gobernua ahalegintzen ari da lagun hauetako batzuk uhartera itzultzeko konbentzitzen, arrakastarik gabe (2007an 1630 biztanle zituen).
Azken urteotan niuetar batzuk Australiara ere joan dira, han egoera ekonomiko hobea dagoelakoan[21].
Erlijioa
Gehienbat kristaua: %75 protestanteak (Ekalesia Nieue eliza kongregazionalekoak hain zuzen ere), %10 Azken Egunetako Santuen Mugimenduaren jarraitzaileak, %7 katolikoak; %1,5 Bahá'í dira, munduko 19.a ehunekotan.
hizkuntza ofizialak
- Hizkuntza ofizialak: ingelesa eta niuera.
- Hizkuntza nazionala: niuera.
Niuetar gehiago Zeelanda Berrian bizi direla, kezka handia sortu da azken urteotan belaunaldi gazteen hizkuntza galera dela eta; hizkuntzaren kontra britainiar eskolako irakasleek XX. mendean zehar erakutsitako jarrera ere aipagaia da[22].
Ekonomia
Bere oinarri ekonomiko ahulak, murriztuz doan populazioak eta esportaziorako aukera txikiek Niue Zeelanda Berritik datorkion laguntzaren menpekoa bilakatzen dute. 2006-2007an Wellingtonek 8,7 milioi zeelandaberritar dolarreko diru laguntza bidali zuen. Diru kopuru hori 1990eko hamarkadatik murrizten ari dira; horren alternatibak bilatu nahi izan dituzte, adibidez offshore finantzekin, baina momentuz ekonomiaren dibertsifikazioa ez da oso handia. Bien bitartean Zeelanda Berrian bizi diren niuetarren diru-bidalketak garrantzi handikoak izan dira, baina azken urteetan gutxitu egin dira.
- Gehien esportatzen diren ekoizpenak: barazkiak, eztia eta banilla. Niueko taroa, nazioarteko merkatuetan "taro arrosa" izenez ezaguna, esportatzen den beste ekoizpen bat da.
- Gehien inportatzen direnak: jakiak, abereak, erregaiak...
Merkataritzako elkartrukatzeetarako Niueko kide nagusiak Zeelanda Berria, Australia, Japonia eta Fiji dira. Inportazioak esportazioak baino askoz gehiago dira[23].
.nu interneteko domeinua ere irabaziak lortzeko bidea izan da, Europako zenbait lekutan oso erabilgarria delako; IANAren ekimenak batzuetan uhartean eztabaidatuak izan dira[24]. Edozein kasutan, arlo horretan lortutakoari esker, 2003an Niue munduko lehen "WiFi nazioa" bilakatu zen[25].
Energia berriztagarrien arloan ere nazio txiki honen beharrak asetzeko aurrerapausoak eman dira, Europar Batasunaren laguntzaz; 2009ko uztailean eguzki panelen sistema bat ezarri zen. Panelak Niue High School Bigarren Hezkuntzako ikastetxean, Niue Power Corporation elkartearen bulegoetan eta Niue Foou erietxean daude[26].
Garraioa
Asfaltatutako 120 bat km daude.
Alofiko portuan itsasontzi txikiak baino ezin dira sartu; merkantziak eta bidaiariak ontzi txikiagoetara bidaltzen dituzte lurreratu ahal izateko.
Niueko nazioarteko aireportua (Niue International Airport edo Hanan International Airport) Alofiren hegoaldean dago. Air New Zealand da Niuerako hegalaldiak proposatzen dituen bakarra, astean behinekoa baino ez bada ere. Hain hegalaldi gutxi egotea arazoa da turismoaren garapenerako.
Hezkuntza
Bost urterekin hasten den hamabi urteko derrigorrezko hezkuntza sistema dago. 2005ean ikasle-irakasle ratioa 8:1 zen, bai Lehen bai Bigarren Hezkuntzan.
Unibertsitateari dagokionez Zeelanda Berrian, Australian edota Fijin segitzen da. Niue eskualde mailako University of the South Pacific delakoaren kidea da; bere campus nagusia Suvan (Fiji) dago eta unibertsitate honek adar oso txiki bat du Niuen bertan. Helduen alfabetatze maila %100 da.
Hedabideak
Niue Star (paperezko bakarra), Niue News (berriak online) eta Niue Economic Review astekariak daude[27]; Niue Star elebiduna da (ingelesez eta niueraz), 800 ale ateratzen ditu eta egoitza lehen Alofin bazuen ere, orain Aucklanden du. Television Niue eta Radio Sunshine irrati-telebistak daude, Broadcasting Corporation of Niuek kudeatuta.
Kirolak
Bertako herri kirolen artean tika (xabalinaren antzekoa) eta koko jaurtiketak zein andrazkoentzako boloak daude.
Herri polinesiar askotan bezala, niuetarren kirol kutuna errugbia da eta gizon zein andrazkoek jokatzen dute. 2008an FORU Oceania Cup (Federation of Oceania Rugby Unions) delakoa irabazi zuen[28].
Kirolzaletasun handia dagoenez, beste batzuk ere praktikatzen dira: netballa (andrazkoek baino ez), golfa (9 zuloko zelai bat dago Fonuakulan) edota futbola (lehen mailako ligak Niue Soccer Tournament izena du, 10 talderekin).
Niuetar ospetsuak
Erreferentziak
- Batzuetan Niuē Fekai izen osoa ere erabiltzen da; ikus Entziklopedia honetan; "Niue basatia" esan nahi du, hau da James Cookek sortutako Savage Island izenaren itzulpena. Ikus Nukai Peniamina.
- "So egin kokondoari" esan nahi du; ikus Origin of the coco-nut on Niuē.
- UN THE WORLD TODAY (PDF) eta Repertory of Practice of United Nations Organs 8. gehigarria, 10.or.
- Light Reading Mobile - Broadband - World's First WiFi Nation - Telecom News Wire, Unstrung.com, 2010eko ekainaren 26a.
- World's smallest state aims to become the first smoke-free paradise island, The Independent, 2008ko uztailaren 9a.
- Niueko geografia Seafriends webgunean.
- Exploring new frontiers off Niue Skin Diver online webgunea.
- Pacific Islands Pilot, 1984.
- Niueko udalerrietako 1967ko araudia.
- Niueko lur azalera.
- Zikloia Caritaseko webgunean.
- Niue, Encyclopædia Britannica.
- S. Percy Smith, Niuē-fekai (or Savage) Island and its People, 1903, 36-44. or.
- 1974ko legearen testua.
- Gobernuaren webgune ofiziala.
- Bi aldeek sinatutako testu osoa Xinhua albiste agentzian.
- Niuean People in New Zealand: 2006 estatistika txostena.
- Nieuarren immigrazioa Te Ara Zeelanda Berriko entziklopedian.
- Niuetar jatorrikoen artean % 70 dagoeneko Zeelanda Berrian bertan jaioak dira.
- Auckland: Pacific power, New Zealand Herald, 2010eko abuztuaren 28a.
- The Impact of Transnationalism on Niue.
- Niue confidential bloga, 2010eko irailaren 21a.
- Niue Commonwealthen webgunean.
- On a tiny island, catchy Web name sparks a battle, Pittsburgh Post Gazette.
- WiFi Nation webgunea.
- Europar Batasunaren delegazioa Niuen.
- Le Programme international pour le développement de la communication de l'UNESCO soutient le journal de Niue UNESCOren webgunean.
- Niueko orrialdea FORUko webgunean.
- Crossen webgunea.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Gobernuaren webgune ofiziala.
- (Ingelesez) Gobernuaren beste webgune bat.
- (Ingelesez) Tāoga Niue webgunea.
- (Ingelesez) Niue Commonwealthen webgunean.
- (Ingelesez) Turismo Bulegoaren webgunea.
- (Ingelesez) Niue Travel Guide.
- (Ingelesez) Niueans in NZ atala New Zealand Herald egunkarian.
- (Ingelesez) Niuē Island and its people The Journal of the Polynesian Society.
- Niueraz Bertakoentzako webgunea.
- (Ingelesez) (Gaztelaniaz) (Portugesez) Niue Total webgunea.