Nire aitaren etxea defendituko dut

Nire aitaren etxea defendituko dut Gabriel Arestiren (1933-1975) poemarik ezagunena da. Harri eta Herri liburuan argitaratu zen lehen aldiz, 1963. urtean[1]. Gabriel Arestik, aitaren etxearen bitartez, Euskal Herria defenditu nahi zuen poeman. Ziur aski, hizkuntza gehienetara itzuli den euskal poema da. Patxi Oroz Arizkuren nafar filologoak 740 hizkuntzatara egindako itzulpenak bildu ditu, guztira.[2][3]

«

Nire aitaren etxea

defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen[4] kontra,
lukurreriaren[5] kontra,
justiziaren kontra,
defenditu eginen dut
nire aitaren etxea.

Galduko ditut aziendak[6],
soloak[7], pinudiak;
galduko ditut korrituak[8],
errenteak, interesak,
baina nire aitaren etxea
defendituko dut.

Armak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin
defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate
eta besoarekin
defendituko dut
nire aitaren etxea;

besorik gabe,
sorbald(ar)ik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin
defendituko dut
nire aitaren etxea.

Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia[9] galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.
 »

—Gabriel Aresti


Erreferentziak

  1. «Euskal Poesiaren ataria - NIRE AITAREN ETXEA - Gabriel Aresti» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-30).
  2. «Patxi Oroz, filólogo, investigador y compositor: “El pueblo interpretaba este poema como signo de esperanza”», Ze Berri, 77. zenbakia, 2009ko ekaina. Ikus 10. orrialdea.
  3. (Gaztelaniaz) Vigor, Iñaki. (2017-06-02). «Un beriaindarra recopila 740 traducciones de ‘Nire aitaren etxea’ a idiomas de todo el mundo» Naiz (Noiz kontsultatua: 2017-06-07).
  4. «Sikate - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-30).
  5. «Lukurreria - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-30).
  6. «Azienda - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-30).
  7. «Soro - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-30).
  8. «Korritu - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-30).
  9. «Askazi - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-30).

Kanpo estekak

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Nire aitaren etxea defendituko dut
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.