Ninive

Ninive[1] (akaderaz: Ninwe; asiriera klasikoz: ܢܸܢܘܵܐ; hebreeraz: נינוה Nīnewē; grezieraz: Νινευή Nineuē; Naynuwa; persieraz: نینوا latinez: Nineve arabieraz: نينوى Ninawa) Asiriako hiri garrantzitsu bat zen, gaur egungo Irakeko Mosul hiritik gertu zegoena, Jonasen Liburuan "hiri biziki handia" bezala deskribatua, Tigris ibaiaren ekialdeko ertzean dago, honen luzeran zehar 50 kilometroz hedatzen dena, 20 kilometroko batez besteko zabalerarekin, edo gehiago, ibaitik ekialdeko muinoetaraino. Eremu zabal guzti hau, gaur egun, hondakin eremu erraldoi bat da.

Ninive
نينوى
Mashki atea (berreraikia)
Datuak
Antzinako herrialdeaIrakeko Erresuma
Governorate of IraqNinawa
HiriaMosul
EskualdeaMesopotamia
Koordenatuak36°22′00″N 43°09′00″E
Map
Azalera7,5 km2
Historia
UzteaK.a. 612
Gertaera(k)Niniveko gudua
Niniveko planoa

Tigris eta Khosr ibaien arteko bateratzean kokatua, Ninive, Tigris ibaia gurutzatzen zuten merkataritza ibilbidean igaropuntu garrantzitsua zen. Erdialdeko posizio bat zuen Mediterraneotik Indiako ozeanorainoko ibilbideetan, honela, ekialdea eta mendebaldea lotuz, toki askotako eraginak eta aberastasunak jasoz. Historiako antzinako hiririk handienetako bat izatera iritsi zen.

Historia

Ninive, lehen aldiz, K.a. 1800ean aipatua da, Ishtar jainkosaren omenezko tenplu bat bezala, neurri handi batean, hiriak laster jaso zuen garrantziaren arduraduna. Ez dago asiriar erregeek K.a. II. milurtekoan Ninive oso-osorik eraiki zutela esateko moduko ebidentzia gehiegirik. Senaqueribek, hiria, bere erresumaren hiriburu bihurtu zuenean K.a. VIII. mendean (lehenago, denbora gutxiz Dur Sharrukin izan zen), Ninive, jada, antzinako finkatze bat zen. Ondorengo erregeen izenak, Shalmanasar I.a edo Tiglath-Pileser I.a rena bezala akropolian agertu dira; biak ala biak, Assurren eraikitzaile aktiboak izan ziren, eta, horietatik lehenak, gainera, Nimrud sortu zuen. Ninivek, neoasiriarrak arte zain egon behar izan zuen, bereziki Asurbanipalen garaitik aurrera, hirigintza garapen handiago bat lortzeko. Ordutik aurrera, bata bestearen atzean etorri ziren erregeek, zeuden jauregiak mantendu eta berriak sortu zituzten, baita Sin, Nirgal, Inanna, Shamash, Ishtar eta Borsippako Nabu jainkoei eskainitako tenpluak ere.

Senaquerib izan zen Ninive benetan hiri bikaina bihurtu zuena (K.a. 700ean). Kale eta enparantza zabalak eraiki zituen eta "areriorik gabeko jauregi" ospetsuaren barnean eraiki zuen, honen planoa zati handi batean berreskuratua izan delarik, 210x200 metrokoa. 80 gela inguru zituen, horietako asko, hormetan eskulturekin beteta. Niniveko taulatxoetako asko, toki honetan aurkitu ziren; sarrera nagusietako batzuk giza burudun zezenak zituzten alboetan. Garai horretan, Niniveren azalera osoa 7 kilometro karratukoa zen, eta 15 ate handik igarotzen zuten bere harresietako pasabidea. 18 kanaleko sitema landu batek ura, muinoetatik Ninivera zeraman. Gainera, erregeak berak Jerwanen, 40 kilometroko distantziara, eraikitako akueduktu bikain baten zatiak ere aurkitu dira.

Niniveren oparotasunak ez zuen askorik iraun. K.a. 633 inguruan Asiriar inperioa ahultzen hasi zen eta mediarrek Ninive eraso zuten. Hauek berriz eraso zuten, oraingoan Babilonia eta Susarekin batera K.a. 625ean.

K.a. 612an, berriz, babiloniarrak eta mediarrak beste behin bildu ziren hiria erasotzeko. Setioak 3 hilabete iraun zuen, horietan zehar, mota orotariko taktikak erabili zituztelarik, Khosr ibaiaren ibilbidea desbideratzea edo, aldi berean, zenbait aldetatik erasotzea bezala, asiriar defentsa ahultzeko. Azkenik, azkeneko erasoa jada lehor zegoen ibaiaren ibilbidetik eman zen. Ninive erori egin zen eta zimenduetaraino suntsitua izan zen. Asiriar inperioa bere amaierara iritsi zen, eta babiloniarrak eta mediarrak haien probintziak banatu zituzten.

Sei mendez tirania eta bortizkeria izugarriarekin agindu ondoren, Kaukaso eta Kaspiar Itsasotik Persiar Golkoraino, eta Tigris baino haratago Asia Txikia eta Egiptoraino, hiria, amets bat bezala desagertu zen.

XIX. mendeko indusketen ondoren, Asiriar Inperioari eta bere hiriburu bikainari buruzko ezagutza, ia erabat hutsa zen. Aztarna ahul batzuek bere botere eta handitasunean pentsarazten dute, baina, egia esan, Niniveri buruzko ezagutza oso urria da. Jada desagertutako beste hiri batzuk, Palmira, Tebas eta Persepolisek bezala, euren atzean, euren kokapenak adierazteko eta bere antzinako boterea argitara emateko hondakinak utzi zituzten, baina, Niniveren kasuan, bere azalera ere, uste soil bat baino ez da.

Herodoto greziar historialariaren garaian (K.a. 400) Ninive, jada, iraganeko zati zen. Eta Xenofonte bere Anabasisean tokitik igaro zenean, hiriaren izena bera ere, ahaztua izan zen. Begi bistatik desagertu zen eta inork ez zuen bere garrantziaren ideiarik ere. Sekula gehiago ez zen bere hondakinetatik altxatu.

Arkeologia

Asurbanipalen guardiak. Niniveko bere jauregiaren baxuerliebea K.a. 645 ingurukoa. Louvreko Museoa.

Gaur egun, Niniveren kokapena bi muino handik adierazten dute Kouyunjik eta Nebi Yunus (Jonas Profeta) izenekoak, baita bere harresiaren hondakinengatik ere (12 kilometro inguruko zirkunferentzia bat). Lehen muinoa, Kouyunjik izenekoa sakontasunez esploratua izan da. Beste muinoan, berriz, ez da indusketa askorik egin, toki horretan, Jonas Profetari eskainitako musulman santutegi bat dagoelako.

XIX. mendean, Mosuleko frantziar kontsula, ibaiaren beste aldean zeuden muino handietan bila hasi zen. Indusketa horietan erabili zituen arabiarrak, ustekabean, Khorsabadeko muinoan zegoen eraikin batetara iritsi ziren. Eraikinaren ondorengo ikerketek, Sargon II.aren erret jauregia zela frogatu zuten, non sakontasunez esploratu zen, eskultura eta beste erlikia batzuen bila.

1847an Sir Austen Henry Layard abenturazale gazteak hondakinak esploratu zituen. Kouyunjik muinoan, Senaqueriben jauregia berraurkitu zuen, 71 gela eta baxuerliebe erraldoiak zituena. Asurbanipalen jauregia eta liburutegi ospetsua ere lurpetik atera zituen. Liburutegiak, 22.000 taulatxo zituen. Niniveren arkeologiaren azterketak antzinako Asiriaren boterea eta loria adierazten du, Esarhaddon (K.a. 681-K.a. 669) eta Assurbanipal (K.a. 669-K.a. 626) erregeen erregealdietan.

Esplorazio lanak, Botta, George Smith eta beste batzuk jarraitu zituzten, Nebi Yunus, Nimrud, Kouyunjik eta Khorsabadeko muinoetan eta asiriar objektu asko, argitara eman eta europar museoetara eramanak izan ziren. Jauregi mordoa aurkitu zen bere apaindura eta zizelkaturiko lauzekin, antzinako herri honen bizitza eta ohiturak, bere gerra eta bake moduak, erlijioa, bere arkitekturaren estiloa eta bere erregeen handitasuna adieraziz. Hiriko kaleak esploratuak izan dira eta adreiluetan, taulatxoetan eta zizelkaturiko irudietan inskripzioak argitu dira. Horrekin, bere historiako sekretuak argitara eman ahal izan dira.

Aurkikuntza berrienetako garrantzitsuena, Asurbanipalen liburutegia da. Idazkera kuneiformean idatzitako hamar mila taulatxo inguru zituen, non Asiriako historia, legeak eta erlijioa deskribatzen ziren. Honek, antzinako munduko literaturaren altxorrik garrantzitsuenetako bat izatea egiten du. Liburutegiak bazituen, baita ere akadiarren antzinako dokumentuak, sekula aurkitu diren dokumenturik antzinakoenak direlarik, beharbada, Sargon Akadekoaren garaikoak.

Taulatxoetako batzuetan, Arkimedesen Torlojuaren antzeko zerbaiten ustezko erabilera aipatzen da, ura gora eramateko, lorategiei buruz hitz egiten duten beste taulatxo batzuekin batera. Honek, Ninive, Babiloniako Zintzilikaturiko Lorategien balizko kokapena izatearen hipotesia dakar.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.