Nilo
Nilo[1] (arabieraz: النيل) ipar-ekialdeko Afrikako ibai handia, munduko luzeena Amazonasekin batera.[oh 1][2][3] 6.650 kilometro luze da,[4] eta 3.400.000 kilometro koadroko arroa drainatzen du. Hegoaldetik iparraldera doan munduko ibai handi bakarra da.
Nilo | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 2.700 m |
Mota | ibai |
Luzera | 6.650 km 6.690 km 2.850 km |
Geografia | |
Koordenatuak | 15°38′25″N 32°30′20″E |
Hidrografia | |
Ibaiadarrak | ikusi
|
Arroaren azalera | 3.400.000 km² |
Arro hidrografikoa | Niloren arroa |
Ur-emaria | 2.830 m³/s |
Iturburua | Nilo Zuria eta Nilo Urdina |
Bokalea () | Mediterraneoa |
Nilok bi adar ditu: Nilo Zuria (Nahr-el-Abiad) eta Nilo Urdina (Nahr-el-Azrak). Lehenbizikoak Victoria aintziran (Uganda, Kenya, Tanzania) du sorburua, eta bigarrenak Tana aintziran (Etiopia). Bi adarrak Khartumen (Sudan) elkartzen dira. Ibaia Mediterraneora isurtzen da Egipton, eta delta handia eratzen du bokalean. Bi adarrak kontuan harturik, Ruanda, Uganda, Tanzania, Etiopia, Hego Sudan, Sudan eta Egipto zeharkatzen ditu, eta arroak Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kenya eta Eritreako lurrak ere hartzen ditu.
Etimologia
Nilo izena arabierazko 'nīl hitzetik dator, eta hau grezierazko Neilos (Νειλος) hitzetik, euskaraz «Ibaiko harana» esan nahi duena. Antzinako Egipton Hapy (Ḥˁpī) edo Iteru (itrw) esaten zioten ibaiari, hau da «Ibai handia». Koptoeraz, piaro (sahidikoaz) edo phiaro (bohairikoaz) hitzek «Ibaia» esan nahi dute (hitzez hitz «Ubide handia»).
Geografia
Niloren arroak 3.254.555 kilometro koadro ditu, Afrikako azaleraren %10 inguru. Bi adar nagusi dauzka, Khartumen elkartzen direnak: Ekialdeko Afrikatik datorren Nilo Zuria eta Etiopiatik datorren Nilo Urdina. Elkargune horretatik behera, Atbara da ibaiadar aipagarri bakarra; Etiopiatik datorren ibai horrek eurite garaian (ekainetik urrira arte) baino ez du urik ekartzen. Atbara Khartumetik 300 kilometro iparraldera isurtzen da Nilora.
Niloren iturriak
Batzuetan Victoria aintzira Niloren hasieratzat hartzen bada ere, kontuan hartu behar da ibai asko (batzuk luzeak eta emari handikoak) isurtzen direla aintzira horretara. Niloren iturri nagusia, Mediterraneotik urrutien sortzen den adarra, Kagera da. Ibai horrek aintziraren mendebaldeko bazterrean du ahoa, Tanzaniako Bukoba hiritik hurbil. Kagera ibaiak bi iturburu ditu: Rukarara (Ruanda) eta Luvyironza (Burundi), eta lehenbizikoa luzeagoa da bigarrena baino. Nilo-Nilo Zuria-Victoria aintzira-Kagera-Alkagera-Nyabarongo-Mwogo-Rukarara sistema 6.756 kilometro luze da.
Nilo Zuria
Nilo ibaia Ripon ur-jauzietatik behera ateratzen da Victoria aintziratik, Ugandako Jinjatik gertu. Kyoga aintzira 500 kilometroz zeharkatu ondoren Albert aintzirara iristen da. Gero, Hego Sudan zeharkatzen du. Hortik aurrera, Sudanen sarturik, Bahr Jabal Al ("Mendiko ibaia" edo "Nilo garaia") izena hartzen du. No aintziran Bahr al-Ghazal Bahr Jabal Al ibaiarekin elkartzen da. Handik aitzina Bahr al Abyad ("Nilo Zuria") esaten zaio, urak suspentsioan daraman buztin zuriarengatik. No aintziratik Khartumera doa ibaia.
Nilo Urdina
Nilo Urdina (ge'ezez ጥቁር ዓባይ, Ṭiqūr ʿĀbbāy, “Abai Beltza” Etiopian; Bahr al Azraq Sudanen) Tana aintziran jaiotzen da, Etiopiako mendialdean. 1.400 kilometro inguruko luzera du Khartumeraino. Han Nilo Zuriarekin elkartzen da. Nilok garraiatzen duen uraren %90 eta sedimentuen %96 Etiopiatik datoz, uraren %59 Nilo Urdinetik eta gainerakoa Tekezé, Atbara, Sobat eta beste ibai txikiago batzuetatik.
Erdialdeko Nilo
Erdialdeko Nilo Khartumetik Aswaneraino doa, basamortua zeharkatuz, eta Atbara du ibaiadar bakarra. 1.800 kilometroko tarte horretan, sei ur-jauzitan amiltzen da. Behetik gora lehenbizikoa Aswanen dago, bigarrena Wadi Halfan, hirugarrena Kerman, laugarrena Abu Hamed eta Dongola artean, bosgarrena Berberetik 45 kilometrora eta seigarrena Khartumetik 80 kilometrora.
Nilo beherea
Aswanen hasi eta Mediterraneoan itsasoratzean eratzen duen deltarainoko tartea da. Munduko delta handienetako bat da: Alexandriatik (mendebaldean) Port Saideraino (ekialdean) 230 kilometro itsasbazter hartzen ditu. Hegoalderantz Kairoraino zabaltzen da. Eskualde emankorra da, arras egokia nekazaritzarako eta oso jendeztatua. Antzinako Egipton lurralde honi Egipto Beherea esaten zitzaion.
Historia
Nilo ibaia (orduan Iteru) Antzinako Egiptoko gizartearen ardatz nagusia zen. Hiri gehienak bai bere bazterretan bai bere deltan zeuden, Asuandik iparraldera. Egiptoko kulturan Nilo ibaia funtsezkoa izan zen Harri Arotik aurrera. K.a. 8000 urte inguruan, klima aldaketaren eraginez, Saharako basamortua sortu zelarik eskualdeko biztanleek migratu behar izan zuten eta Niloren bazterrean kokatu ziren. Han nekazal ekonomia sedentarioa eta gizarte zentralizatua garatu zuten.
Niloren iturrien bilatzea
Antzinako Grezia eta Erromaren garaietatik, esploratzaile ugari saiatu dira Niloren iturriak aurkitzen. Nilo Urdinaren iturrietara iritsi zen lehenbiziko europarra Pedro Páez espainiar jesuslaguna izan zen, 1618an. XVIII. mendean James Brucek berraurkitu zituen.
Victoria aintzira 1858an ikusi zuten europarrek aurreneko aldiz, John Hanning Speke britainiar esploratzailea hegoaldeko ertzera iritsi zenean. Niloren iturria zelakoan, orduko britainiar erreginaren izena eman zion aintzirari. Hegoalderago, Tanganyika aintziraren bazterrean), eritasun batetik suspertzen gelditua zen Richard Francis Burton espedizioburuak ez zuen frogatutzat eman aintzira Niloren iturria zela. Izan ere Spekek ezin izan zion argitu aintzirako ura nondik isurtzen zen.[5]
Hori zela eta, eztabaida handia sortu zen garaiko komunitate zientifikoan eta esploratzaile asko saiatu ziren Spekeren aurkikuntza baieztatzen edo gezurtatzen. David Livingstone eskoziar esploratzaile eta misiolariak huts egin zuen, mendebalderantz desbideratu eta Kongo ibaiaren arroan sartu zelako. New York Herald egunkariak bidalirik, Henry Morton Stanley galestarra Livingstonen bila joan zen eta, Ujiji herrian kausitu zuelarik, arras ezaguna egin den esaldi batekin agurtu omen zuen: "Livingstone doktorea, ezta?". 1875ean, Stanleyk berak Victoria aintziraren inguruan nabigatu eta iparraldean uraren irteera handia aurkitu zuen, Spekeren aurkikuntza baieztatuz.[6]
Hidrometria
Niloren emaria 72 urtez (1912-1984) neurtua izan da Dongolan (Sudan), itsasoratu baino 1.688 km lehenago.[7] Ibaiak 2.694.000 kilometroko koadroko eremua drainatua du puntu horretan, arro osoaren %80. Urteko batez besteko emaria 2.622 m³ segundokoa da. Emari handiena irailean du (7.866,5 m³/s) eta txikiena maiatzean (828,7 m³/s)
Nilo ibaiaren batez besteko emariak (m³/s) Dongolan (Sudan) neurtuak
Datuak: 1912 eta 1984 artean
Ekonomia
Urtero, udan (Etiopiar mendiguneko eurite garaian) Nilo ibaiak gainezka egiten zuen eta ekarritako sedimentuei esker bazterretako zelaiak emankortzen zituen. Asuango presa eraiki zenetik uholde zikloa amaitu zen eta orain uraren maila urte osoan zehar egonkorra da.
Garraioan ere garrantzi handia du ibaiak: iparraldeko haizeak baliatuz belaontziak ibaian gora joan daitezke eta urak ekartzen ditu ibaian behera. Baino, ur-jauziak direla eta, tarte batzuk ez dira nabigagarriak. Sudango Sudd padura ere nabigaziorako oztopo itzela da eta kanalizatzeko saiakerak izan dira (Jonglei ubidea).
Niloren ertzean daude Khartum (Sudango hiriburua), Aswan, Luxor (antzinako Tebas) eta Giza-Kairo konurbazioa. Lehenbiziko ur-jauzia, behetik gora joanez, Asuanen dago, Asuango urtegiaren iparraldean. Ibaiaren zati hau ohiko ibilbide turistikoa da, gurtzeruz edo felukaz (egurrezko belaontzi tradizionalak) egiten dena. Gurtzeru batzuek Luxor eta Asuanen arteko ibilbidea egiten dute, Edfun eta Kom Ombon geldialdiak eginez.
1970an amaitu zen Aswango presaren eraikuntza. Onurak ekarri zituen (lehorte eta uholdeetatik babestea, nekazal produkzioa eta enplegua handitzea, argindarra ekoiztea eta nabigazioa hobetzea), baina ingurumenaren eta gizartearen gaineko eragin handia izan du.[8]
Oharrak
- Brasilgo Gobernuaren geografia erakundeak 2007an eta 2008an egindako neurketen arabera, Amazonas Nilo baino luzeagoa da; hala ere, ez da adostasunik munduko geografoen artean neurketa horiei buruz, ibaiaren sorburua eta itsasoratze lekua non dauden zehaztea zaila baita.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. (2012-03-30). 167. araua: Saharaz hegoaldeko Afrikako toponimia. .
- Estudo do INPE indica que o rio Amazonas é 140 km mais extenso do que o Nilo. Instituto Nacional de Pesquisas Espaciais (INPE), inpe.br (Noiz kontsultatua: 2008-07-01).
- Roach, John. Amazon Longer Than Nile River, Scientists Say. National Geographic News, nationalgeographic.com (Noiz kontsultatua: 2007-06-18).
- Gordon Smith, Charles; Hurst, Harold Edwin; El-Kammash, Magdi M.. Nile River. Encyclopædia Britannica, inc. (Noiz kontsultatua: 2019-1-7).
- Irazabalbeitia, Iñaki. Victoria, Niloren iturria. Elhuyar aldizkaria, 1995/08/01, zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-1-11).
- Atxotegi Alegria, Uhaina. Livingstone doktorea, ezta?. Elhuyar aldizkaria, 2003/03/01, zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-1-11).
- GRDC: Nile Basin. Station: Dongola, grdc.sr.unh.edu
- Belaustegi Irazabal, Ainara. Asuango presa, ingurumenaren kalterako. Elhuyar aldizkaria, 2006/01/01, zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-1-11).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Aulestiarte Lete, Izaro Nilo ibaiaren delta, gauez, Elhuyar aldizkaria, 2010/11/11, zientzia.net