Nikolas Mugika

Nikolas Mugika Errasti (Bergara, 1885eko abenduaren 6a - Donostia, 1948ko martxoaren 1a) euskal margolari izan zen. Paisai landu zuen batez. Zarautzen bizi izan zen aldi batez baina batez ere Amerikan lan egin zuen eta han daude bere artelan gehienak.[1]

Nikolas Mugika
Bizitza
JaiotzaBergara, 1885eko abenduaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaZarautz
HeriotzaDonostia, 1948ko martxoaren 1a (62 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria

Biografia

Bergarako San Pedro kaleko 21.ean (gaur egun 19.a denean) jaio zen. Alejandrino Irureta maisuarekin hasi zen pinturaren munduan eta diru arrazoiak tarteko, dekorazio lanetan hasi behar izan zuen. Beste lan interesgarri batzuen artean, Bergarako hirian ospatu ziren Euskal Jaietan antzeztu zen "Txanton Piperri" antzezlaneko dekoratuak egin zituen. 1914an Eibarko Armeria Eskolaren inaugurazioan paisajista gisa aurkeztu zuen bere burua. Urte batzuk geroago, 1922. urtean hain zuzen ere, itxi egin zuen dekorazioko tailerra buru-belarri pinturaren munduan sartzeko asmoz eta Zarautzera joan zen bizitzera eta estudioa ireki ondoren, bertan bizi izan zen denboraldi batez. 1924an, Madrilgo museotan ikastera joateko Gipuzkoako Diputazioaren Beka bat lortu zuen.

Paisajista bikaintzat hartu du nazioarteko kritikak. Bere lanak Euskal Herrian egin zituen eta haiekin arrakasta artistiko eta ekonomiko handiak lortu zituen Ameriketan. Erakusketarik onenak Argentinako Errepublika, Txile, Mexiko, Uruguai eta abarretan egin zituen eta ia bere koadro guztiak herrialde horietan daude, bilduma partikularretan. Euskal Herrian, Bergarako Udalak gordetzen ditu artista honen 20 margolan, haren alabak dohaintzan utzita[2].

Madrileko Arte Ederren Nazioarteko Erakusketan hartu zuen parte (1926-1932). 1936-39 urteen artean beste lan garrantzitsu bat ere egin zuen, Donostiako Karmeldarren Elizaren pintura-dekorazioa hain zuzen ere; eta 1948ko martxoaren 1ean hil zen Gipuzkoako hiriburuan.

Bere artelana

Bere obrari buruz, Cabanas Oteiza, Dunixi, Iñigo de Andia, José Francés, Adolfo Larrañaga eta Juan de la Encinak (izatez, Ricardo Gutiérrez Abascal) idatzi zuten besteak beste.

Muxikaren pinturan Cabanas Oteiza, Dionisio Azkue eta Arteta berarekiko harreman sintomatikoa antzeman daiteke, baina aldi berean, kutsu liberala, autodidakta eta herrikoia dario bere lanari, eta eklektizismo guztietatik aske dago horri esker. "Eguzki sarrera Getarin", "Isaspimendi", "Aizkorri gaiñak", "Aloñamendi" eta batez ere "Isaspi" izeneko paisaiak dira Nikolas Muxikaren izaera poetiko eta sotila adierazten duten obretako batzuk, eta malenkonia liriko handiko ezusteko uneak lortzen ditu.

"Margolari fin eta zorrotza" da Dunixik dioenez eta topiko errazetatik ihesi, tinten totalizazio sekretuaren bitartez, azkenean lortzen duen armonia bilatzen du.

Azkenik, Juan de la Encinak, garai hartako ikerle-kritiko garrantzitsuenetakoak, egoki definitu zituen Nikolas Mujikaren figura eta lana: "Vasco decidido y valiente, junto a paisajes insignificantes, presenta otros finos y delicados, discretos y bien construidos... Múgica es un vasco decidido y valiente".

Erreferentziak

  1. «Muxika Errasti, Nikolas | Bergarako Udala» www.bergara.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  2. (Gaztelaniaz) «Donan 20 óleos de Nicolás Mugica al Ayuntamiento de Bergara» El Diario Vasco 2010-01-10 (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.