Niessen

Niessen lantegiak egoitza Oiartzunen dauka, eta etxebizitza eta hirugarren sektorerako konponbide elektrikoak eta automatizaziokoak eskaintzen ditu. Wilhelm Niessenek eraiki zuen Errenterian 1914. urtean. Urteetan famili-negozio gisa funtzionatu duen arren, egun ABB multinazionalaren parte da.

Niessen
Datuak
Motafabrika
Jarduera sektoreaingeniaritza elektrikoa
HerrialdeaEspainia
JabeaABB (enpresa)
Historia
Sorrera1914ko azaroaren 1a
Sortzailea
Wilhelm Niessen
webgune ofiziala
Facebook: niessenes Twitter: Niessen_ES Instagram: niessen_design Edit the value on Wikidata

Historia

I. Mundu Gerra piztu zenean, 1914. urtean, Wilhelm Niessen jatorri alemaniarreko enpresariak Bordele utzi eta Errenterian jarri zuen bizilekua, Johanna Schmidt emaztearekin eta Gertrudis, Edith eta Marta alabekin batera. Bertan, Alemaniako beste ingeniari batzuen laguntzari esker, urte bereko azaroaren 1ean Fábrica Electrotécnica Guillermo Niessen enpresa sortu zuen. Etxean erabiltzeko tresna elektromekanikoak ekoizten hasi ziren, entxufeak, etengailuak, lanpara-euskarriak eta antzeko gailuak. 1918an, Zubitxo paduraren lursailetan ezarri zuten eraikina, gerora Errenteriako hiri-erdigune bihurtuko zen lekuan[1].

Niesen lantegiaren lehen eraikina. Atean, Guillermo Niessen. 1925ko azaroaren 30a.

Niessen fabrika Errenteriako industria aktibo eta aberatsenetakoa bihurtu zen denbora gutxian. Errenteria ezaguna zen XIX. mendearen amaieratik “Manchester txiki” gisa, tximinien eta lantegien kopurua zela eta, hiri britainiar jendetsuarekin konparatzen zutelarik[2]. Egia esan, herria probintziako eta Euskal Herriko produkzio-gune nagusietako bat zen. Niessenez gain, hainbat lantegi garrantzitsu ere bazituen udalerriak: La Iberica de Galletas Olivet, Papelera Vasco-Belga, Fabril Lanera eta baita eskulangintzako enpresa txiki asko ere. Industria horiek eskatzen zuten eskulanaren eskaerari erantzuteko, Espainiako eskualde batzuetako etorkinak iritsi ziren[3].

Errenteriako Niessen enpresaren antzinako tailerren bista (Gipuzkoa). Wilhelm Niessen eta bere emazte Johanna Schmidt langileekin hizketan

1920ko hamarkadaren erdialdera, Wilhelm Niessenek bakelita materialaren Espainiarako esklusiba lortu zuen. Bakelita laborategian sintetizaturiko lehenengo substantzia plastikoa izan zen, 1907an sortua, eta laster erabili zen hainbat artikuluren fabrikazioan. Bere propietate isolatzaile bikainei etekina ateraz, sektore elektrikoan aplikatu zuen Niessenek, eta era guztietako artikuluak fabrikatzeko lehengai nagusi bihurtu: lanparak, entxufeak, etengailuak eta euskarriak, besteak beste. Material elektrikoa Niessen katalogoaren erreferentzia nagusia zen arren, enpresak bere eskaintza dibertsifikatu zuen eta produktu berriak sortzen hasi. Besteak beste, hautsontziak, automobilerako produktuak, uniformeentzako botoiak, mahaigaineko eta mahaiko osagarriak, eta baita erlijio kultuetarako objektuak ere[1].

1930eko hamarkadan, enpresak ehun langile inguru zituen. 1948. urtean, Wilhelm Niessen hil zen eta bere seme Karlosek hartu zuen gerentzia postua. Gerta alabak ere lantegian lan egin zuen 49 urtetan zehar, naiz eta aginte posturik erdietsi ez zuen[4].

1950eko hamarkadan, jakintza-alor ezberdinetako ezagutza pilatzen zuen enpresak, eta, 400 langile baino gehiagorekin garapen betea bizi zuen.

Niessen lantegiaren garapena hertsiki lotuta dago Errenteriako hiri-hazkundearekin. 1930eko hamarkadatik aurrera, lehen industria-nabea handitu egin zen, eta pixkanaka eraikin berriak gehitu ziren, tamaina handiko fabrika-konplexu bihurtu arte. Lau solairuko nabe bat zen, tailerrak, biltegiak, bulegoak eta beste bulego batzuk zituena.

1960ko hamarkadan, fabrikak bere hedapen handiena lortu zuen, eta etxadi osoa okupatzen zuten eraikin-eraztuna osatu zuen. Urteak igaro ahala, herriaren bihotza bihurtu zen multzo hori. Hain zuzen ere, fabrikaren inguruko hiri-garapen horrek galarazi zuen handitzea, eta, 70eko hamarkadaren hasieran, Oiartzungo Aranguren poligonora eramatea erabaki zen. Ia 25.000 metro karratuko lursaila erosi zen instalazio berriak eraikitzeko. 1983an amaitu zen instalazioa, eta harrezkero ekoizpen-zentroa bertan dago.

Gaur egun, Errenteriako orube horretan, Niessen merkataritza-gunea, Niessen Zinemak aretoa, Xenpelar Kulturgunea, Udal azoka eta Xabier Olaskoagari eskainitako plaza eraiki dira. Inguruak izan duen iragan industrialaren lekuko gisa, plazan eraiki zuten adreiluzko tximinia gorria gelditu da. Tximinia hori, ordea, ez da Niessen lantegiak zuen jatorrizko tximinia. Izan ere, hura 2004an eraitsi zuten. Oroigarri gisa eraikitakoa da[5].

Oiartzunera eraman ondoren, atzerriko enpresetako bazkideak izaten hasi zen, eta, azkenean, fusio-prozesua hasi zen. 1998an 140 herrialdetan presentzia daukan multinazional bateko kide izatera pasatu zen: Asea Brown Boveri[3]. Gaur egun, ia 200 laguneko plantilla dauka lantegiak eta automatizazioa eta domotika alorrak ere lantzen ditu.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «Historia de ABB» new.abb.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).
  2. «'Manchester Txikia'-ren jatorrira bidaia» Oarsoaldeko Hitza 2016-10-01 (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).
  3. «Errenteria, pueblo industrial: una historia que contar» Bilduma: Revista del Servicio de Archivo del Ayuntamiento de Errenteria = Errenteriako Udal Artxibo Zerbitzuko aldizkaria (27): 25–82. 2015 ISSN 0214-624X. (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).
  4. (Gaztelaniaz) Obeso, Antton. «Gerta Niessen» Issuu (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).
  5. «Toponimia :: Ayuntamiento de Errenteria» ondarea.errenteria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.