Nielatu
Nielatua metal bitxietan nielo izeneko esmalte iluna txertatuz egiten den apaingarri teknika da, damaskinatuaren aurrekaria.
Izendapena
Izena latinezko nigellum hitzetik dator (niger hitzaren diminutiboa), edo Erdi Aroko latinezko nigello edo neelo, denak kolore beltzari erreferentzia egiten dioten hitzak.[1]
Teknika
Normalean oinarria zilarra izaten da, eta nieloa beltza. Txertaketa zilarrean egindako ildo estuetan egin daiteke, edo azalera zabalagoetan; askotan aplikatu beharreko azala aldez aurretik lazten da, esmaltea hobeto hartu dezan.
Nieloa zilarra, kobrea eta beruna proportzio desberdinetan boraxarekin eta sufrearekin urtuz lortu izan da.[2] Prestaketa osagaiak egosiz eta ehoz egiten da, bete beharreko ildoen lodieraren araberako garaua lortuz. Nahastea ezarriko den lekua borax geruza fin batekin estali behar dira. Nieloa idazteko erabiltzen diren bezalako luma baten punta bat erabiliz ezartzen da, zehaztasunez. Gero labean egosten da. Hoztutakoan kolore beltza hartzen du, eta gero leundu eta distira ematen zaio.[1]
XI. mende aurretiko bitxigintzan, nielaturako acanthita erabili zen, zilarrezko sulfuro minerala. Ondoren kobre eta zilar sulfuroen nahasketa urgarri bat erabili zen, estromeyerita mineralari dagokiona. Kasu askotan, nahaste honi galena (berun sulfuroa) gehitzen zitzaion.
Historia
Nielatua objektu asko apaintzeko erabili izan da, hala nola ezpata, falkata, gerriko, edalontzi, adar, zaldi-zela edo bitxiak.[1]
Brontze Aroa
Nielatua zilarra apaintzeko metodo zaharrenetarikoa da. Ikerlari batzuen arabera lehen lekukotasunak Brontze Arokoak dira, K.a 1800 urte ingurukoak dira, Biblosen (Siria) aurkituak zimitarretan eginiko hieroglifoetan.[1] Adituen ustez, artisau siriarrek eraman zuten nielatua (Mesopotamia eta Kretako tradiziozko ikonografia barne) Egipto eta Mizenasera.[3]
Plinio Zaharrak Antzinako Egipton bazela idatzi zuen,[4] eta Ahhotep II erreginaren hilobian aurkitu izan dira (K.a. 1550 urtea).[5]
Mizenastar brontzezko sastakaietan nielatutako apaingarriak ezagutzen dira ( ca K.a.1500). Lehoi-ehiza eszenak erakusten dituzte, eta Atenasko Arkeologia Museo Nazionalean ikusgai daude.[3] Hauetan metalmalerei (metalean margotzea, alemanez) teknika mixtoa erabili zuten, nieloa apaintzeko zein urre/zilarraren itsasgarri gisa erabiltzen zelarik.[6]
Burdin Aroa
Historiaurre amaieran, Bigarren Burdin Aroan Iberiar Penintsulan erabili zen;[7] Las Ruedas aztarnategi bakzeoan pieza nielatuak aurkitu dira.
Antzinaroa
Historiaren hasiera den Antzinaroan, Antzinako Erromak nielatua mantendu zuen,[8] garaiko gustuetara egokitua; horren adibide da IV. mendeko Eskilinoko eztei kutxa ( British Museum ), irudi kristauekin apaindua. Europako I-IV. mendeetako artean felidoen eta erbien estatua txikiak eta paparrekoak aurkitu izan dira, haien azaleko marrak eta ñabardurak nielatuz irudikatzen dituztenak.[9]
Bizantziar Inperioan ere presente izan zen, eta seguraski honekin lotuta Sasandar Inperioko bitxigileek ere erabili zuten.[10]
Arte anglosaxoian ere jarraipena izan zuen,[11] Europan eta Asian asko hedatuz.[11]
Erdi Aroa
Erdi Aro hasieran apaingarri zeltiar eta bikingoetan erabili zen, Ekialdeko Europan XX. mendera arte iraun duen eran.[12]
Erromanikoan kobrearen erabilpena nagusitu zen oinarri bezala, eta Europako zatirik handienean esmalteak lekua kendu zion nielatuari, kolore gehiago erabiltzeko aukera baitzuen; halere nielatua ez zen guztiz desagerrarazi, eta kalitate handiko zenbait piezetarako erabiltzen jarraitu zen, hala nola Rhin eta Mosa ibaien inguruan sortutako arte irudiek.[13]
Nielatua urregintza arabiarrean asko erabili zen. Horren adibide dira Medina Azaharako brontzezko oreina (X. mendea), Espainiako Arkeologia Museo Nazionalean ikusgai dena.
X. mendetik XIII. mendera, Kieveko Ruseko artisauek abilezia maila handia lortu zuten bitxigintzan. Nielaturako, lehenik urrea edo zilarra bozeltzen zuten, erliebeak lortuz; sakonuneak nieloaz betetzen zuten (kobre, berun, zilar, potasio, borax, sufre nahaste batez), labean egosiz belzten zena. Nielatu hauek masiboki ekoitzi ziren, gaur egunean oraindik gordetzen diren moldeetan; eta Eskandinabia, Rus, Bizantzio eta Grezia artean saldu-erosten ziren. Mongoliarren inbasioan (1237-1240) ia Kieveko Rus osoa inbaditua izan zen, eta artisau gehienak erahil zituzten; ostean, eskulangintza tekniketan atzerakada handia izan zen. Ukrainako Altxor Historikoen Museoak hilobietatik berreskuratutako nielatuen bilduma handia du.[14]
XIII. mendetik aurrera, gotikoan estilo horretako irudiak erabili ziren, Errenazimenduan grado gorenera iritsi arte,[11] Florenzia eta Boloniako artisauen eskutik (niellatura).[15] Hortik aurrera nielatua irudi eta apaingarri txikietan, armaduretan eta armetan erabili zen.
San Luisen bataiontzi famatua, berez, Mamelukoen Sultanerrian c. 1300 urtean eginiko ontzia da, non irudiak eta arabesko apainduren atzea nielatuz ilundua dagoen; XV. gizalditik Frantzian dago, eta Louvre museoan gordetzen da.
Aro Modernoa
Nielistak inprimatzeko makinen garapenean garrantzia izan zuten. Izan ere, bere teknika oso ondo egokitzen zen inprimatzeko erabiltzen ziren plantxa grabatuak prestatzeko; hasierako inprimatzaile gehienak bitxigileak ziren. Italian, lehen inprimatze-lanak nielaturako prestatutako piezak erabiliz egin ziren, nieloa eman aurretik.[16]
XVI. menderako nielatua ez zen asko erabiltzen Europan, dekorazioan eta kontrasteetarako helburu berarekin erabil zitezkeen mastika berriak asmatu baitziren. Errusia aldean gehiago erabiltzen zen, eta Mendebaldeko Europan gutxiago.[11]
XVIII. mendean, Europan ez zen batere erabiltzen, salbu eta Errusian, non kalitate handiko nielatuak egiten ziren, tabakeretan adibidez, garaiko rokoko eta neoklasiko estiloan.
Aro garaikidea
Kaukasoko gizonek garai hartan zerabiltzaten khanjali labana tipikoen kirten eta zorroak apaintzeko ere erabili zen, baita su-armetan ere, hedatu zirenean.
XX. gizaldian nielatuaren teknika bizirik da Thailandian, non artisauek atera nahi den irudiaren ingurua higatzen duten; higatutako hutsunea nieloz betez, labean belzten dute. Leundu eta gero, artisauak azken ukituak ematen dio eta, askotan filigranaz apaintzen da. Irudiak Ramayana eta Thai kulturako ikurrak izan ohi dira. 1930 eta 1970eko hamarkaden artean bertan izan ziren soldadu iparamerikarren artean opari preziatua izan zen, EEBB-etan zeuden emazteei eramateko.
Erreferentziak
- Levenson, Jay A.. (1977). Early Italian engravings from the National Gallery of Art. National Gallery of Art PMC 220298942. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- Maryon, Herbert.. ([1971]). Metalwork and enamelling; a practical treatise on gold and silversmiths' work and their allied crafts.. (5th rev. ed. argitaraldia) Dover Publications ISBN 0486227022. PMC 138546. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- Charis : essays in honor of Sara A. Immerwahr. American School of Classical Studies at Athens 2004 ISBN 0876615337. PMC 53084201. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- «Tratado de los metales libro 33 Historia natural Plinio el viejo» www.historia-del-arte-erotico.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- Smith, William Stevenson.. (1998). The art and architecture of ancient Egypt. (Rev. with additions. argitaraldia) Yale University Press ISBN 0300077157. PMC 39157688. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- Dickinson, O. T. P. K. (Oliver Thomas Pilkington Kirwan). (1994). The Aegean Bronze age. Cambridge University Press ISBN 0521242800. PMC 27430259. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- (Gaztelaniaz) «EDAD DE HIERRO» Lost on art 2014-02-10 (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- La-Niece, Susan.. (1993). Metal Plating and Patination : Cultural, technical and historical developments.. Elsevier Science ISBN 9781483292069. PMC 895436126. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- Johns, Catherine.. (1996). The jewellery of Roman Britain : Celtic and classical traditions. UCL Press ISBN 1857285662. PMC 35732358. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- Harper, Prudence Oliver.. (©1981-). Silver vessels of the Sasanian period. Metropolitan Museum of Art, published in association with Princeton University Press ISBN 0870992481. PMC 6943187. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- The Oxford companion to the decorative arts. Clarendon Press 1975 ISBN 0198661134. PMC 1838344. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- Solberg, Bergljot. (2014). Jernalderen i Norge : ca. 500 f. Kr.-1030 e. Kr.. Cappelens forlag ISBN 8202198712. PMC 957191940. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- English romanesque art, 1066-1200 : Hayward Gallery, London, 5 April-8 July 1984. Weidenfeld and Nicolson in association with the Arts Council of Great Britain 1984 ISBN 0297784129. PMC 11550018. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- Hanina, Oksana Davydivna. (1974). The Kiev Museum of Historic Treasures. PMC 785533025. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- Landau, David, 1950-. (1994). The Renaissance print, 1470-1550. Yale University Press ISBN 0300057393. PMC 28495351. (Noiz kontsultatua: 2019-06-13).
- «Abundance Engraving, printed from a plate engraved in the niello manner» https://www.britishmuseum.org/ (Noiz kontsultatua: 2019ko ekainaren 13a).