Neustria

Neustria (mendebaldeko lur berria) frankoen erresumako mendebaldeko lurraldea izan zen. Akitaniatik Mantxako kanaleraino zihoan, eta hiri nagusiak Paris eta Soissons ziren. Merovingiar leinuaren aginpean, Klovis I.a hil ondoren (511), semeek erresuma banandu zuten haien artean. Honela erresuma txikiagoak sortu ziren, eta, nagusiak Neustria eta Austrasia izan ziren, etengabe elkarren aurkako borrokan.

Geroago, karolingiar leinua agintean zegoela, Sena eta Loira ibaien arteko lurraldeak regnum Neustriae delako izena jaso zuen latinez, Karolingiar Inperioko zati bat. Halaber, Neustriako marka ere sortu zuten karolingiarrek, bretoiei eta bikingoei aurre egiteko.

Historia

Klovisen ondorengoek lurra etengabe zatitzeak berrehun urtez Austrasiaren kontrako borrokak ekarri zituen. Gerlak gorabehera, Neustria eta Austrasia hainbatetan batu ziren berriz. Lehena Klotar I.aren erregealdian, 558tik 562ra. Beste batuketa laburrez gain, 687an, Pepin Herstalgoak, Austrasiako jauregiko jaunak, neustriarrak garaitu zituen, eta bi lurraldeak batu zituen.

Haren ondorengoek, karolingiarrek, bi erresumak gobernatzen jarraitu zuten, jauregiko nagusiak -baina ez erregeak- zirela. Hala ere, aita santuak oniritzia emanda, Pepin Laburrak 751n azken merovingiarra boteretik kendu zuen eta inperioa bere esku jarri zuen errege titulua hartuta. Hurrengo urteetan, Neustria, Austrasia eta Borgoina bezalako erresumak desitxuratu ziren, erregeen botereak lotuta baitzeuden.

Karlos Handiaren semeak, Ludovico Piok, Neustria seme zaharrenari, Lotar I.ari eman zion 817an. Baina 831n matxinatu ostean, Pepin I.a Akitaniakoari, eta haren heriotzaren ondoren, Karlos Burusoilari 838an. Neustria eta Akitania izan ziren Karlos Burusoilak 843an Verdungo Hitzarmenarekin eskuratu zuena, Ludoviko Pioren semeek Inperioa zatitutakoan. Karlosek eutsi zion seme zaharrenari Neustria emateko ohiturari, Le Mans-en bere gortea zuela. Baina ondorengoek ohitura hori ez zuten berritu, erresuma ez ahultzearren.

Karlos Burusoilak 861ean bi marka eratu zituen bretoiei eta bikingoei eustearren. Biak Neustrian zeuden eta batzuetan Neustriako marka bezala ezagutzen da. 911n Robert I.a bi markaren buru bihurtu zen. Bere sendiak, Kapetar leinua osatuko zuenak, Neustria osoa gobernatu zuen 987ra arte. Orduan, Hugh Capet biloba errege hautatu zuten. Horren ondoren, markak ez ziren berritu, eta, hortaz, Neustriaren kontzeptu politikoa desagertu zen.

Merovingiar erregeak

Jauregiko jaunak

  • Landriko, 613ra arte
  • Gundoland, 613–639
  • Aega, 639–641
  • Ertxinoald, 641–658
  • Ebroin, 658–673
  • Wulfoald, 673–675
  • Leudesius, 675
  • Ebroin, 675–680 (berriz)
  • Waratton, 680–682
  • Gistemar, 682
  • Waratton, 682–686 (berriz)
  • Bertar, 686–688
  • Pepin Herstalgoa, 688–695
  • Grimoald II.a, 695–714
  • Teudoaldo, 714–715
  • Ragenfrido, 715–718
  • Karlos Martel, 718–741
  • Pepin Laburra, 741–751

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.