Nerjako leizea
Nerjako leizea (gaztelaniaz: Cueva de Nerja) Nerjan dagoen leizea da. 1959an topatua, 1961ean monumentu historiko-artistiko izendatu zuten eta 2006an Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten. Cataclismo izeneko gela erraldoia du eta estalaktita eta estalagmita formazioak ikusgarriak dira.
Nerjako leizea | |
---|---|
Cueva de Nerja | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Andaluzia |
Probintzia | Málagako probintzia |
Udalerria | Nerja |
Koordenatuak | 36°45′43″N 3°50′41″W |
Ezaugarriak | |
Luzera | 5 km. |
Bisitagarria | bai |
Margoak | bai |
Aztarnak | bai |
2012an foken irudi batzuk topatu zituzten, duela 42.000 urtekoak eta agian zaharrenak Europa osoan.[1] 2017an egindako datazio berriak ordea duela 18.000-20.000 urtekoak direla zehaztu zuen[2].
Historia
Sorrera
Miozeno Garaian, duela 5 milioi urte inguru, kareharriaren arrakaletatik ura iragaziz joan zen eta leize handi bat sortu zuen. Holozeno garaian lurrikarak izan ziren eta haien ondorioz izandako lurjauziek irteerak butxatu zituztenez urak bide berriak bilatu behar izan zituen ateratzeko eta estalaktika eta estalagmita erraldoiak sortu zituen.
Aurkitu diren hezurdurek erakusten dute leizea populaturik izan zela duela 25.000 urte ingurutik Brontze Aroraino. Aurreneko 4.000 urtetan gizakiek okupatu izan zituzten urtaro zehatzetan. Leize-hiena pikarten bizilekua izan zela ere ikusi da.
Duela 21.000 urtetik aurrera urte osorako okupatu zituzten gizakiek. Ehiztariak ziren eta pinaziak eta barraskiloak ere jaten zituzten. Duela 10.800 urtetik aurrera ehizakien aniztasuna handiagoa bihurtu zen, ahuntzak, erbiak, arrainak eta itsas ugaztunak ere harrapatu baitzituzten. Duela 4.500 urtetik aurrera etxekoturiko abereen aztarnak aurkitzen dira leizean eta duela 3.800 urtetik aurrera ehun eta zeramika garatuagoak. Leizearen zati bat hilerri gisa ere erabili zuten azken garaietan.
Aurkikuntza
1959ko urtarrilaren 12an Nerjako bost gazte (Miguel y Manuel Muñoz Zorrilla, José Luis Barbero de Miguel, José Torres Cárdenas eta Francisco Navas Montesinos) saguzarrak harrapatzera atera ziren. La Mina ("meategia") esaten zioten zulo batera joan ziren, bai baitzekiten ilunabarrero handik ateratzen zirela saguzarrak. Zuloan sartu eta haietako bat konturatu zen aire korronte heze bat ateratzen zela arrakala batetatik. Bi estalaktiten artean zegoen arrakala bat zen. Hurrengo egunean tokira itzuli ziren, estalaktitak hausti eta zulotik barrura sartu ziren. Horrela aurkitu zuten leizeko galeria handia.
Hezurdura batzuk eta zeramikazko zatiak aurkitu zituzten eta izututa atera ziren familiako eta lagunei kontatzera. Hurrengo bisitaldian mediku bat eta argazkilari bat joan ziren eta argazkiak atera zituzten. Ehun egun beranduago Málagako Sur egunkarian atera ziren.
Irekiera
Hurrengo hilabetetan esplorazioak eta zientzia ikerketak egin ziren, eta sartzeko errazagoa izango zen beste irteera bat aurkitzeari ekin zioten. Horretarako hainbat galeria esploratu ziren eta irteera 80 metro beherago zeukan bat aukeratu zen. Intsentsu-sabina baten enborrak tapatzen zuen. Zuhaitza kendu, beste arroka handi bat ere bai eta hori bihurtu zen ordutik aurrera sarrera ofiziala.
1960. urtean ireki zituen ateak Nerjako leizeak.
Leizearen ezaugarriak
Leizeak duen azalera 35.484 m2-takoa da eta bolumena 64.379 m3-takoa. Hiru eremu bereizten dira:
- Turistei irekitako galeriak: 9.371 m2-ko azalera eta 106.286 m3-ko bolumena. Markaturiko ibilbide batean bost gela ikusten dira: Mamuen gela, Belén gela, urjauzien gela, Cataclismo gela (denetan handiena) eta Torkaren gela.
- Goiko galeriak: Herkulesen zutabeen gela, mugagabetasunaren gela eta arrainen gela dira aipagarrienak.
- Galeria berriak: Lantzaren gela eta mendiko gela.
Cataclismo gela
Leizeko gelarik handiena da. 100 metrotako luzeera du eta erdian zutabe erraldoi bat dago. 32 metrotako altuera du eta 13x7 metrotako zirkunferentzia. Munduan dagoen zutabe handiena da. Aipatzekoa da era berea aretoaren behealdean dagoen "Organoaren txokoa", bertan tamaina desberdineko tutuak daude eta nota desberdinak jo daitezke. Badirudi prehistoriako leizeko biztanleek aldaketak egin zituztela tutuetan musika egin ahal izateko.
Ikerketak
Leizea aurkitu zen unetik ikerketa ugari egin dira Nerjako leizean. 1969an Cataclismoaren gelatik ateratzen zen pasabide estu bat aurkitu zen eta handik goiko galeriak eta galeria berriak aurkitu ziren. Ordutik Nerjako leizearen fundazioak (Fundación Cueva de Nerja) zientziaren arlo anitzetako ikerketak eta biltzarrak sustatu izan ditu.
2012an foka batzuen marrazkiak aurkitu ziren. Inguruan zeuden aztarna organikoak datatu eta duela 42.000 urtekoak zirela ikusi zen. Horrek esan nahiko luke Europako marrazki zaharrenak izango zirela, neandertalek egindakoak gainera[1]. 2017an datazio berriak egin ziren eta duela 20.000-18.000 urtekoak zirela zehaztu zen[2].
1959an Al-Andalus garaiko berunezko amuleto bat aurkitu zen. Lerro batzuk ere baditu markatuta amuletoak. Objetu hauek ohikoak ziren Al-Andalus garaiko nekazal eremuetan, eta Koraneko esaldiak markatuta izaten zituzten. Badirudi garai hartan Nerjako leizea ezaguna izango zela eta populaturik egongo zela, tokiko eremita bat izango zen agian[3].
Iruditegia
- Cataclismo gela.
- Catacislmo gelako zutabe erraldoia.
- Estalaktitak.
- Neolitoko zeramika.
Erreferentziak
- «La primera obra de arte de la humanidad» ABC 2012-02-07.
- (Gaztelaniaz) guiademalaga. (2018-02-08). «Cueva de Nerja, de las cuevas más espectaculares de España.» Guía de Málaga (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
- (Gaztelaniaz) «Un amuleto andalusí, la prueba de que la Cueva de Nerja se usó hasta la Edad Media» sevilla 2020-09-28 (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).