Anorexia nerbioso

Anorexia nerbiosoa elikadura-nahaste bat da: gaixoek janariari uko egiten diote eta gorputzaren autopertzepzioaren distortsioagatik gizentzearen beldur obsesiboa izaten dute. Pertsona horiek beraien gorputzen irudia eta errealitatea desitxuratzen dute.

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Anorexia nerbioso
Deskribapena
Motaelikadura-nahasmendua
eritasuna
EspezialitateaPsikiatria
Psikologia klinikoa
Asoziazio genetikoa
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikakTetrahidrocannabinol eta norethandrolone (en) Itzuli
Identifikatzaileak
GNS-10-MKF50.0 eta F50.00
GNS-9-MK307.1
OMIM606788
DiseasesDB749
MedlinePlus000362
eMedicine000362
MeSHD000856
Disease Ontology IDDOID:8689

Normalean nerabezaroan agertzen da, baina geroago ere ager daiteke, 20-40 urterekin. Emakumeek gizonek baino gehiagotan pairatzen dute. Egoerak berezko elikagaien ezak eragiten du eta, horren ondorioz, gorputzaren ahulezia. Kasurik larrietan, desnutrizioa, ahitzea eta amenorrea garatzen dira. Haren jatorriak aitzinakoak dira eta Erdi Aroan kasuren bat dokumentatu zen. Garapenean desoreka psikologikoak eta arazo endokrinoak eragiten ditu. Tratamenduak ikerketan dabiltza, eta gaur egungo tratamendu farmakologikoek onura eskasak dakartzate. Nabarmendu behar da anorexia urduria gaixotasuna dela, eta anorexia, berriz, jangurarik ezaren sintoma. Sintoma hainbat egoeratan ager daiteke: sukarrarekin, gaixotasun orokorretan eta gaixotasun digestiboetan.

Historia

Erdi Aroan Anorexia Deunari buruz hitz egiten zen, aro horretan eta erlijio arrazoiengatik gorputza oinazetzen zuten helburu espiritualak lortzeko. Kristorekin ezkontzeko, Sienako Catalina Deunak edo Angela de Folignok, esate baterako, janariari uko egin zioten.

1550ean, Simon Porta genoar medikuak anorexia urduriaren ezaugarri klinikoak ikasi eta adierazi zituen. Richard Morton sendagile britainiarrak bi gaixori buruzko txosten bat argitaratu zuen.

Ezaugarriak

  • Jateko ohiturekiko, anorexia urduria daukaten pertsonek ahorakina gutxiagotzen dute eta argaltzeko laguntzen duten jakiak aukeratzen dituzte.
  • Nahastea pairatzen duten pertsonen jokaera oso aldakorra da, pertsonaren eta gaixotasunaren fasearen arabera. Hasieran, gezurrak esaten dizkiote familiari, janaria saihesteko. Ariketa fisiko gehiago egiten dute halaber eta kasu batzuetan diuretikoak edo laxanteak hartzen dute.
  • Anorexia urduria daukatenek munta handiegia eman diote gorputzaren itxurari: gorputzaren pertzepzioa distortsionatuta daukate, gizenago dakusatelako; horregatik, beti argaltzen saiatzen dira. Horrez gain, beste sintoma batzuk paira ditzakete: depresioa, antsietatea, pentsamendu irrazionalak edo beren burua zauritzeko ohiturak.
  • Gaixotasunaren eraginez, autoestimu txikia izaten da, itxuraz perfekzionistak diren arren.
  • Prebentziorako, besteak beste, neurriok har daitezke: dieta onuragarria edo komunikazio ona izatea, bai lagunekin, bai familiarekin.

Epidemiologia

  • Herrialde garatuetako prebalentzia emakumeek gizonek baino gehiago sufritzen dute (% 95 emakumeak dira) emakumeen artean % 0,3 - % 1 eta bakarrik % 0,1 gizonen artean.
  • Nahiz eta adin guztietan agertzen den, nerabeetan arruntagoa da (14-19 urteen artean). Talde horretan gaixo guztien % 40 daude.
  • Batik bat, eragina goi-mailako klaseengan du.
  • Publizitateak eta hedabideak gizartean zabalduriko eredu fisikoek eragin handia dute gaixotasunaren prebalentzian.

Kausa

Kausa ezezaguna da, baina eragile garrantzitsu batzuk daude; gizartea, adibidez. Gizarteak pertsona idealak sortu ditu: emakumeek argalak eta ederrak izan behar dutenez, askok horixe lortu nahi dute eta muturrera eramaterakoan, gaixotasuna agertzen da. Eragile handiena gizartea izan arren, bai faktore soziokulturalek eta bai faktore psikologikoek ere eragiten dute. Beste zenbait kausa posible, besteak beste, gaixoaren berezko gizentasuna, eskola porrotak, gertaera traumatikoak, istripuak… dira.

Garapena

Gaixoak jateari uzten dionean, bere masa korporala pixkanaka murrizten joaten da. Dieta zorrotz batzuk egiten hasten dira, soilik elikagai batzuk janez, kopuru zehatz batean. Horrek osasunean eragin handia izaten du, energia gutxiago lortzen baitu eta arazo fisiko ugari baititu. Gainera, infekzio gehiago hartzeko arriskua dago.

Sintomak

Patologia horrek pisu asko galtzea adierazten du, gaixoak berak eraginda. Horregatik, arazo endokrino nabari ditu denbora-tarte nahiko laburrean. Sintoma gehienak agertzen dira, jateari uzten zaionean, makronutriente, bitamina eta mineral faltagatik.

Sintoma fisikoak

  • Pisu jaitsiera.
  • Nekea.
  • Ahulezia.
  • Zorabioak.
  • Azal lehorra.
  • Zurbiltasuna.
  • Azalaren koloreko aldaketak, kaltzio urritasuna (osteoporosia sor dezake) eta beste zenbait substantziaren urritasuna (K, Mg...).
  • Ile hauskorra edo haren erorketa.
  • Zorabioa eta buruko mina.
  • Deshidratazioa.
  • Nesken kasuan, hilerokoaren irregulartasun edo galera.
  • Hipotermia (esku eta oin hotzak).
  • Insomnioa.
  • Hortzetako alterazioak.
  • Idorreria.
  • Bihotzekoa (kasu oso larrietan).

Sintoma psikologikoak

  • Baskulan maiz pisua kontrolatzen dute.
  • Otorduetan, urduri egoten dira.
  • Bakardadean jatea bilatzen dute.
  • Janariari buruz ingurukoekin gezurretan aritzen dira.
  • Gehiegizko interesa erakusten dute janari eta dietei buruzko iragarkiez.
  • Janaria dagoen ekitaldi publikoetara joateari uko egiten diote.
  • Tristura, gogo eza, depresioa, agresibitate eta suminkortasun handiko momentuak izaten dituzte.
  • Ordenari buruzko gehiegizko kezka eta aktibitatea gehitzea.
  • Ariketa fisikoaren areagotzea.
  • Gehiegizko kezka bere itsura fisikoari buruz.
  • Inguru sozialarekiko etengabeko isolamendua; familia, lagun eta kideekiko.
  • Ikasketekiko gehiegizko arreta.

Tratamendua

Tratamendu baten bila dabiltza, tratamendu farmakologikoek onura eskasak dakartzatelako. Haren helburuak desnutrizioa eta pazientearen gorabehera psikologikoak zuzentzea dira. Lehenengo, pisua hartzea lortzen saiatzen da eta elikagaien ohitura bereganatzea nagusi da. Bizitza arriskuan egon daiteke, baina gorputzaren pisuaren erabateko errekuperazioa ez da sendatzearen sinonimoa. Nerbiotako anorexia gaixotasun psikologikoa da eta horregatik, modu horretan tratatu behar da. Osasun zerbitzuen elkarlana eta kooperazioa behar da, bai psikikoa, bai endokrinoa eta bai pedagogikoa.

Desnutrizioa oso larria denean eta asaldurak daudenean, osasun zentro batean sartu behar da, bestela nahaste psikologikoa oker daiteke.

Ondorioak

Gorputzak grasa minimo bat behar du eta hau ez izatean azalaren azpian dagoen grasa erretzen hasten da eta gaixotasun hau jasaten duten pertsonak gorputzaren % 15en masa korporala galtzen dute. Horrela, aurreko sintoma horiek agertzen dira.

Gaixotasunaren ondorio larriena heriotza da. Kasu batzuetan suizidiorekin lotuta dago. Hilkortasun-tasa % 5 ingurukoa da 10 urteetako tartean.

Kanpo estekak


Wikiztegian orri bat dago honi buruz: anorexia .
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.