Nerbio kranial

Nerbio kranialak edo bikote kranialak nerbio-sistema periferikoaren 12 nerbio pare dira, garunetik ateratzen direnak.[1] Entzefaloaren enborretik edo burmuinetik zuzenean ateratzen dira, eta garezurraren zuloetan zehar buru, lepo, torax eta abdomen eremuak inerbatzera abiatuko dira. Nazioarteko nomenklaturan nerbio terminala aipatzen da, nahiz eta gizakietan nerbio atrofiko bat izan eta usaimen nerbioarekin oso estuki lotuta egon.

Nerbio kranial
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezn. cranialis
TAA14.2.01.001 eta A14.2.00.038
FMA5865
Terminologia anatomikoa
Garunaren oinaldeko ikuspegi baten eskema, nerbio (bikote) kranialak idatzita ageri dituenak.

Nerbio hauek lepoko eta buruko informazio sentsoriala (aferentea, errezeptoreetatik datorrena) nerbio-sistema zentralari bidaltzen diote, eta baita nerbio-sistema zentraletik guruin eta gihar batzuei ere (informazio eferentea, organo efektoreei).[1] Burua, gorputz enborra eta barne organo batzuk inerbatzen dituzte.

Bikote kranial deritze alde bietako egitura bikoitzak direlako, eta kokapen simetrikoa daukate. Itxurazko jatorri bat daukate, entzefaloaren enborreko zein puntutan sartu edo ateratzen diren lekuari dagokiona. Benetako jatorria, haatik, ezberdina da, eta betetzen duten funtzioaren arabera aldatuko da. Funtzio motorra (eferentea) duten bikote kranialen zuntzek entzefalo enborraren eremu sakonetan kokatutako neuronen multzoetatik datoz, eta zelula hauek orno muinaren aurreko adarraren zelulen homologoak dira. Funtzio sentsitibo edo sentsorialeko nerbioen (informazio aferentea) nukleoak entzefalo enborretik at dauden nukleoetatik (lehenengo ordenakoak) edo entzefalo enborrean dauden nukleoetatik (bigarren ordenakoak) datoz.

Orokorrean, bikote kranialen nukleoak entzefalo enborrean zehar dagoen tegmentum izeneko eremu orokor batean kokatzen dira.

  • I. eta II. nerbio kranialak garunetik sortzen dira zuzenean.
  • Mesentzefaloaren mailan (entzefalo enborreko goiko aldeko egitura), III. eta IV. nerbio bikoteak sortzen dira.
  • Garun-enborreko zubi aldean (bitarteko atala, sabel itxurakoa), V., VI., VII. eta VIII. nerbio bikoteak sortzen dira.
  • Erraboiletik (entzefalo enborraren beheko aldea), IX., X., XI. eta XII. bikoteak sortzen dira.

Funtzioaren araberako sailkapena

Nerbioek daukaten funtzioaren arabera, honela sailkatzen dira:

  • I., II., eta VIII. nerbioek aferentzia sentsitibo bereziak daramatzate.
  • III., IV., eta VI. nerbioek begiek egindako higidurak kontrolatzen dituzte, eta erreflexu fotomotorren eta akomodazioaren erantzule dira.
  • XI. eta XII. nerbio motor hertsiak dira. XI.-k esternokleidomastoideo eta trapezio giharrak inerbatzen ditu eta XII.-k mingaineko muskuluak inerbatzen ditu. Nerbio laguntzailearen (XI.-a) sustraiak, baina, zuntz sentikorrak dauzkate, bizkar-muinetik datozenak, eta gongoil txiki bat izatera ailegatzen da baita.
  • V., VII., IX. eta X. bikoteak nerbio mistoak dira.
  • III., VII., IX., eta X. nerbioek nerbio sistema parasinpatikoko zuntzak daramatzate.

Nerbio kranialak honako hauek dira:

Nerbio kranialak
Zk Izena Sentsitibo, motor edo biak Benetazko jatorria Nukleoa(k) Funtzioa Kokapena edo itxurazko jatorria
I. Usaimen nerbioa Sentikor berezia Telentzefaloa Aurreko usaimen nukleoa Usaimen kinaden transmisioa. Etmoidesaren orri kribotsua.
II. Ikusmen nerbioa Sentikor berezia Dientzefaloa Erretinako gongoilar-zelulak Garunera ikusmen informazioa bidaltzen du. Ikusmen-zuloan zehar doa.
III. Begiko nerbio motor erkidea (edo nerbio okulomotorra) Motor eta parasinpatikoa Mesentzefaloko pedunkulu arteko hobixoa Nukleo okulomotorra, Edinger-Westphal nukleoa Honako begiko eta begi inguruko muskuluak inerbatzen ditu atal motor somatikoak:
  • Goiko betazalaren muskulu jasotzailea
  • Goiko muskulu zuzena
  • Erdialdeko muskulu zuzena
  • Beko aldeko muskulu zuzena
  • Beheko muskulu laprana
  • Begi niniaren esfinterra
Goiko begi arrailduratik doa.
IV. Nerbio troklearra (edo patetikoa) Motorra Mesentzefaloa Nukleo troklearra Begiaren goiko muskulu laprana inerbatzen du. Honek begi globoaren barneko alderako errotazioa eta alboko aldekora egiten du. Goiko begi arrailduratik doa.
V. Nerbio trigeminoa Mistoa: sentsitibo eta motorra Zubia Trigeminoaren nukleo sentsitibo nagusia, trigeminoaren nukleo espinala, trigeminoaren mesentzefaloko nukleoa, trigeminoaren nukleo motorra. Aurpegiko informazio sentikorra ugertzen du eta murtxikapenaren muskuluak (maseteroa eta tenporala) inerbatzen ditu. Goiko begi arrailduratik (V1 - Nerbio oftalmikoa), beheko begi arrailduratik (zulo borobiltik, V2 - Nerbio maxilarra) eta zulo obaletik (V3 - Barail nerbioa).
VI. Begiko kanpoko nerbio motorra (edo abducens nerbioa) Motorra Zubiaren atzeko ertza Abducens nukleoa Begiko alboko muskulu zuzena inerbatzen du, begi globoaren abdukzioaren erantzule dena. Esfenoide-arrailduran kokatzen da.
VII. Nerbio faziala Mistoa Zubia Nukleo faziala, nukleo bakartia, goiko listu nukleoa, [sudur-malkoetako nukleoa] Aurpegi-mugimenduen eragileak diren muskulu mimikoei, digastrikoaren atzeko sabelari, eta estapedio muskuluari ematen die inerbazioa. Mingainaren aurreko aldeko bi herenen dastamen-informazioa jasotzen du. Listu guruinei (parotida izan ezik) eta malko guruinei jariatze-motor inerbazioa ematen die. Barne entzumen-zuloan barrena nerbio fazialaren kanaleraino ailegatzen da, hau zeharkatu eta zulo estilomastoideotik ateratzen da.
VIII. Nerbio bestibulokoklearra (edo nerbio estatoakustikoa) Sentikorra (entzumena eta oreka) VII bikotearekiko albokoa (garuntxo-zubi angeluan) Nukleo bestibularra, nukleo koklearra. Soinuen adimena, nerbio koklearraren bidez.

Errotazioaren eta grabitatearen pertzepzioa (oreka eta mugimendua mantentzeko ezinbestekoak), nerbio bestibularraren bidez.

Barne entzumen-zuloan.
IX. Nerbio glosofaringeoa Mistoa Erraboilaren oliba-atzeko ildoan. Nucleus ambiguus, beheko listu-nukleoa, nukleo bakartia. Mingainaren atzeko herenaren dastamen-informazioa jasotzen du. Parotida guruinari inerbazio parasinpatikoa ematen dio. Muskulu estilofaringeoari eta estiloglosoari inerbazio motorra ematen die. Aho-sabaiko amigdalak edo tonsilak inerbatzen ditu ere.

Informazioa kontrako aldeko talamora eta hipotalamoko zenbait nukleotara doa.

Zulo jugularrean.
X. Nerbio bago (edo nerbio neumogastrikoa) Mistoa Erraboilaren oliba-atzeko ildoan. Nucleus ambiguus, nerbio bagoaren nukleo dortsala, nukleo bakartia. Laringeko muskulu gehienak eta faringeko muskulu guztiak inerbatzen ditu, estilofaringeoa izan ezik (glosofaringeoak inerbatzen duena). Angelu esplenikoaren gainetik dauden organo abdominal guztiak parasinpatikoki inerbatzen ditu. Epiglotisaren dastamen informazioa darama. Aho sabai bigunaren muskuluak inerbatzen ditu, soinuak artikulatzen laguntzen dutenak. Zulo jugularrean.
XI. Nerbio akzesorioa (edo nerbio kraniala, edo nerbio espinala) Motorra Adar kranialak eta bizkar-muineko lehenengo adarrak. Nucleus ambiguus, nerbio akzesorioaren nukleoa Esternokleidomastoideo eta trapezio muskuluak inerbatzen ditu, eta zenbaitetan bagoaren funtzioei gainjartzen zaizkio. Zulo jugularrean.
XII. Nerbio hipoglosoa Motorra Erraboila Núcleo hipogloso Mingainaren muskuluei inerbazio motorra ematen die, palatoglosoari (bagoa) eta estiloglosoari (glosofaringeoa) izan ezik.

Boloaren eraketan eragiten du, irensketan parte garrantzitsua hartzen du eta soinuak artikulatzen laguntzen du.

Hipoglosoaren hodian.

Erreferentziak

  1. L., Drake, Richard. (2010). Gray. Anatomía para estudiantes.. (2nd ed. argitaraldia) Elsevier Health Sciences Spain ISBN 9788480868358. PMC 882776235. (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.