Nerbio-sistema enteriko
Nerbio-sistema enterikoa nerbio-sistema autonomoaren azpibanaketa bat da, digestio-aparatua zuzenean kontrolatzeaz arduratzen dena eta goseaz eta asetasunaz ohartarazten duena; elikagaiekin substantzia inbaditzaileak eta kaltegarriak gorputzean sartzea saihesten du. Hestegorria, heste meharra eta kolona estaltzen dituzten ehunezko bilgarrietan dago. Neurogastroenterologiaren aztergai nagusia da.
Nerbio-sistema enteriko | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | Nerbio-sistema autonomoa |
Identifikadoreak | |
MeSH | A08.800.050.150 |
FMA | 66070 |
Terminologia anatomikoa |
Nerbio-sistema zentralak digestio-sistema erregulatzeko bide sinpatikoa eta parasinpatikoa erabiltzen ditu. Hala ere, digestio-hodia oinarrizko funtzio batzuk bere kabuz erregulatzeko gai da, hala nola jariapena, xurgapena, nahasketa eta edukiaren propultsioa. Hau posiblea da digestio-hodian aurkitzen den plexu enterikoari esker, hestegorritik uzkiraino hedatzen dena.
Nerbio-sistema enterikoak 100 milioi neurona inguru ditu, gutxi gorabehera bizkar-muinak bezala. Neurona hauetatik gehienak plexu mienterikoan eta mukosapekoan banatzen dira, baina badaude beste plexu batzuk geruza mukosoan.
Digestio-hodian lau geruza nagusi daude: mukosa, mukasapeko geruza, giharrezko geruza (barneko gihar geruza biribila eta kanpoko luzetarako gihar geruza ditu) eta adbentizia edo peritoneoa. Plexu mienterikoa eta mukosapekoa digestio-hodiaren geruza desberdinen artean kokatzen dira.
- Plexu mienterikoa edo Aeurbach plexua. Digestio-hodian zehar aurkitzen diren giharrezko bi geruzen artean kokatzen da, hau da, barneko geruza biribilaren eta kanpoko luzetarako geruzaren artean. Hestegorriaren eta uzkiaren kanpoko esfinterraren artean hedatzen da. Hormona, entzima eta era guztietako jariaketak erregulatzeaz arduratzen da, digestio-hodian zehar aurkitzen diren guruinen ondorioz. Plexu honetan neurona gutxi agertzen dira.
- Mukosapeko plexua edo Meissner plexua. Digestio-hodian zehar aurkitzen diren barneko giharrezko geruzaren eta mukosapeko geruzaren artean kokatzen da. Hestegorrian eta urdailean ez da hain nabarmena, eta hesteetan nagusitu egiten da. Mugimendu intrintseko gastrointestinalen eragilea da.
Plexu enterikoaren azpiplexu hauek beste organoen plexu propioekin ere konexioak egiten dituzte; hestegorriaren, urdailaren, gibela eta behazun-xixkuaren, arearen, heste mehe eta lodiaren plexuekin besteak beste.
Plexu enterikoak hainbat motatako neuronak ditu, esaterako neurona sentikorrak edo aferenteak, interneuronak eta motoneuronak edo neurona eferenteak. Ondorioz, plexu honek seinaleen zentro integratzaile gisa jokatzen du.
Nerbio-sistema intrintsekoaz gain, hesteetako paretak muskulu lisoaren antzeko zelulak dauzka, Cajal Zelula Interstizialak (CIC) deiturikoak. Zelula hauek bihotzeko markapauso zelulen antzekoak dira, berez hasten baitute aktibitate elektriko erritmikoa. Beraien artean eta muskulu leuneko zelulekin konexioak dituzte, horrela hesteko muskulu leuneko geruzan zehar despolarizazio-uhin geldoak sortuz eta hedatuz. Hala ere, despolarizazio-uhin geldo hauek uzkurketa-uhin erabilgarri bihurtzeko nerbio-sistema enterikoa beharrezkoa da.
Funtzioak
Erreflexu peristaltikoa nerbio-sistema enterikoaren funtzio espezifiko garrantzitsu bat da. Horretan, hestera doan irentsitako materiak (elikadura-boloa) digestio-bideko uzkurketa eta erlaxazio mugimenduak abiarazten ditu, materia hori uzkiraino bultzatzeko. Erreflexu peristaltikoa bi eratara piztu daiteke. Alde batetik, irentsitako materia hesteko paretetan zehar jaistean eta neurona sentsitibo mekanoerrezeptore intrintsekoak aktibatzen dituenean; beste aldetik, estaldura epitelioko zelula enteroendokrinoek hesteko argiko materiaren aurrean erantzun bat ematen dutenean neurona sentsitibo kimioerrezeptoreei informazioa helaraziz. Edozein kasutan, neurona sentsitiboek plexu mieterikoko interneurona kitzikatzaile eta inhibitzaileak aktibatzen dituzte. Interneurona kitzikatzaileek elikadura-bolotik hurbil dauden motoneurona kitzikatzaileak eta elikadura-bolotik urrun dauden motoneurona inhibitzaileak aktibatzen dituzte. Interneurona inhibitzaileek motoneurona abiarazle distalak kitzikatzen dituzte. Horrela, boloaren gainealdeko heste zatia uzkurtuz eta boloaren azpiko heste zatia erlaxatuz elikadura-boloa uzkirantz bultzatuko da.
Peristaltismoa sortzen duten bide intrintsekoez gain, beste zirkuitu neural lokal batzuek aldaketa erreflexuak eragiten dituzte beste jarduera batzuetan, hala nola xurgapenean, odol-fluxu lokalean edo jariaketan. Jariaketa prozesua epitelioan hasten da, hemen zelula enteroendokrinoek eduki luminalen konposaketa kimikoa monitorizatzen dute, eta neurona sentsitiboak aktibatzen dituzte. Neurona hauek zelula glandularrek eragindako jariaketa egokia izatea kontrolatzen duten bideak aktibatzen dituzte. Nahiz eta erreflexu peristaltikoa eta beste oinarrizko erreflexu batzuk kanpoko kontrol bat erabili gabe eman daitezkeen, normalean bide parasinpatikoek (normalean handitzea) zein sinpatikoek (gehienetan inhibitzailea) kanpoko erregulazioa izan ohi dute. Izan ere, digestio-traktuaren zenbait erreflexu konplexuago, hala nola defekazio- eta enterogastriko-erreflexuak, zirkuitu parasinpatikoek eta sinpatikoek sortzen dituzte.
Nerbio-sistema enterikoaren funtzioetan neurotransmisore eta neuromodulatzaileen konplexuak eragin handikoak izaten dira. Hauetan molekula txikiak, gas bakarra (oxido nitrikoa) eta polipeptidoak aurkitzen dira. Seinale kimiko batzuk aktibatzaileak zein inhibitzaileak izan daitezke, hauek elkartzen diren zelula efektorearen hartzailearen arabera. Seinalizazio molekular bide ugari hauek lagungarriak izaten dira tratamendu farmakologikoen garapenerako, motilitatearekin eta hesteen jariapenarekin erlazionatuta gehienbat. Horrela hainbat gaixotasun tratatzea ahalbidetzen da, neurotransmisore eta hartzaileetan agonista edo antagonista modura jokatzen duten osagaiak erabiliz.
Patologiak
Neurogastroenterologiak gaixotasun gastrointestinalak ikasten ditu, zehazki sistema sinpatikoaren eta parasinpatikoaren funtzionamendu desegokia.
Gaixotasun gastrointestinal funtzionalak
Digestio-hodiaren aktibitatearen funtzioa ez da egokia, baina ez dago anomaliarik hodiaren egituran; hau da, azterketa desberdinek ez dute arazorik detektatzen. Gaixotasun ohikoena heste narritakorraren sindromea da.
Mugikortasun gaixotasunak
Gaixotasun hauek non gertatzen diren arabera, lau motatan banatzen dira, hestegorria, urdaila, heste meharra edo heste lodiari eragiten dieten arabera. Ohikoena errefluxu gastroesofagikoa da; gaixotasun honetan urdaileko azidoa hestegorriaren beheko zatira igotzen da.
Hesteko iskemia
Hesteko iskemiak nerbio-sistema enterikoa kaltetzen du.
Hestearen inflamazioa
Inflamazioak plexu enterikoan aldaketak eragiten ditu, egiturazkoak zein funtzionalak. Honek hesteko gaixotasun inflamatorioa eragin dezake, eta honek aldi berean Crohn gaixotasuna edo kolitis ultzerosoa eragiten du.
Akalasia
Akalasia. Hestegorriaren ataleko plexu mienterikoaren neuronen gabeziak gaixotasun hau eragiten du. Honen ondorioz, hestegorriak janaria urdailera bultzatzeko gaitasuna galtzen du, janaria bertan metatzen delarik.
Bibliografia
- Colaboradores de los proyectos Wikimedia. Sistema nervioso entérico [Internet]. Wikipedia.org. Wikimedia Foundation, Inc.; 2007 [cited 2021 Dec 11]. Available from: https://es.wikipedia.org/wiki/Sistema_nervioso_ent%C3%A9rico
- Sans M. Sistema nervioso entérico y enfermedad inflamatoria intestinal. Medwave [Internet]. 2006 [citado el 12 de diciembre de 2021];2006(9). Disponible en: https://www.medwave.cl/link.cgi/Medwave/PuestaDia/Congresos/1008
- Haines DE. Principios de neurociencia. Madrid Elsevier; 2007.
- IntraMed [Internet]. Intramed.net. [citado el 12 de diciembre de 2021]. Disponible en: https://www.intramed.net/contenidover.asp?contenidoid=22862