Nepal

Nepal, ofizialki Nepalgo Errepublika Demokratiko Federala (संघीय लोकतान्त्रिक गणतन्त्र नेपाल) Erdialdeko Asiako estatu itsasgabea da, lurren gehiengoa Himalaian kokatua. Bertan dago Everest mendia, munduko garaiena (8.848 m). Mugakideok ditu: Txina (Tibet) iparraldean eta India hego, eki eta menbebaldean. 2008ko maiatzaren 28an Errepublika aldarrikatu zuen Legebiltzarrak. Data hori arte, Munduko erresuma hindu bakarra izan zen: biztanleen % 80 erlijio horretakoa baita.

Nepalgo Errepublika Demokratiko Federala
संघीय लोकतान्त्रिक गणतन्त्र नेपाल
Sanghiya Loktantrik Ganatantra Nepāl
Ereserkia: Sayaun Thunga Phulka (en) Itzuli
Goiburua: जननी जन्मभूमिष्च स्वर्गादिप गरियिस
("Ama eta Aberria Zeruetako Erresuma baino handiagoak dira")

Nepalgo bandera

coat of arms of Nepal (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaKatmandu
27°42′36″N 85°19′12″E
Azalera147.181,254346 km²
Punturik altuenaEverest
Punturik sakonenaKechana Kawal (en) Itzuli (70 m)
KontinenteaAsia
MugakideakTxinako Herri Errepublika eta India
Administrazioa
Gobernu-sistemaErrepublika federal
Nepalgo presidenteaRam Chandra Poudel (en) Itzuli
Prime Minister of Nepal (en) ItzuliPushpa Kamal Dahal (en) Itzuli
LegebiltzarraParliament of Nepal (en) Itzuli
Epai autoritateaSupreme Court of Nepal (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria29.164.578 (2021)
−1.163.299 (2020)
Dentsitatea198,15 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Erlijioahinduismo, budismo, islam, Kirat Mundhum (en) Itzuli, kristautasun, Prakriti eta Bon
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 20
Emankortasun-tasa1,93 (2021)
Eskolaratu gabeko umeak1.055.237 (2016)
Alfabetizazioa% 59,6 (2011)
Bizi-itxaropena72,12 (2021)
Giniren koefizientea32,8 (2010)
Giza garapen indizea0,602 (2021)
Ekonomia
BPG nominala24.472.013.233,847 $ (2017)
3.340.029.987,6617 (2016)
BPG per capita849 $ (2017)
119 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa79.194.307.766 nazioarteko dolar (2017)
7.171.187.942 (2016)
BPG per capita EAPn2.702,416 nazioarteko dolar (2017)
217,384 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala0,6 % (2016)
Erreserbak9.435.255.966 $ (2017)
700.745.696 (2016)
Inflazioa10,4 % (2016)
2,8 (2015)
Historia
Sorrera data: 1768ko irailaren 25a eta 2008ko maiatzaren 28a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+977
ISO 3166-1 alpha-2NP
ISO 3166-1 alpha-3NPL
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli, AC power plugs and sockets: British and related types (en) Itzuli eta BS 546 (en) Itzuli
Internet domeinua.np
nepal.gov.np
Everest mendia, munduko mendirik garaiena.

Hiriburua eta hiri handiena Katmandu da.

Etimologia

Historian zehar Katmanduko ibarra gobernatu duen etnia Newaria izan da eta hauek eman diote izena herrialdeari, izan ere Newar eta Nepal hitz berdinaren aldaera fonetikoak dira, nahiz eta argi ez dagoen zein izan zen lehenengo hitza. Batzuen ustez Nepal izena Newar hitzaren sanskritizazioz sortu zen, beste batzuen ustez Nepal da aurrenekoa eta erabilerak Newar bihurtu zuen.

Geografia

Mapa topografikoa

Mugak

Nepalek lauki zuzen baten itxura dauka, eta iparraldetik hegoaldera altueraz nabarmen jaisten da, izan ere Himalaiako zortzi mila metrotako mendietatik hasi eta hegoaldeko Terai lautadan 250 metrotako altueraraino iristen baita.

Iparraldean Tibeteko goi-lautada zabala du eta hegoaldean India.

Eskulde naturalak

Hiru eremu geografiko bereizten dira: Alde batetik mendi garaien eremua, Parbat izenekoa, glaziar erraldoiez estalia dagoena. Oso jende gutxi bizi da. Bestetik mendixken eremua, Pahad izenekoa, mila eta lau mila metro arteko altuera artean dagoena. Ibar zabalak ditu, Katmanduko ibarra adibidez. Jendearen gehiengoa eremu honetan bizi da. Azkenik Terai lautada, geografikoki Indiaren jarraipena dena, beroa eta hezea. Arroz soro zabalak eta oihan tropikala duten parke nazionalak daude bertan.

Erliebea

Himalaia mendikatea bete betean hartzen du Nepalek, eta bertan daude 14 zortzimilakoetatik erdia baino gehiago.

Hidrografia

Ibaiek ipar-hego norabidea dute eta Ganges ibaira isurtzen dituzte beren urak. Hiru ibai arro garrantzitsu daude Nepalen:

  • Karnali ibaia: Mendebaldean dago. 1.080 kilometroko luzera du eta bere arroa 127.950 km²-koa da.
  • Gandaki/Narayani ibaia: Erdialdean dago. 630 kilometroko luzera du eta bere arroa 46.300 km²-koa da.
  • Koshi ibaia: Ekialdean dago. 729 kilometroko luzera du eta bere arroa 95.156 km²-koa da.

Parke Nazionalak

Hamar Parke Nazional eta basabizitzaren hiru erreserba ditu Nepalek. Chitwan Parke Nazionala (Terai lautadan) eta Sagarmatha Parke Nazionala (Himalaia mendikatean) dira ezagunenak eta bisitatuenak.

Klima

Nepalek bost urtaro ditu: uda, montzoi garaia, udazkena, negua eta udaberria. Terai lautadan montzoia bereziki gogorra izaten da, ibaiek uholde handiak izaten baitituzte.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Nepalgo historia»

Hasierako erresumak

Kiratiak k.a 563 urtean iritsi ziren inguru hauetara. Ashoka enperadoreak k.a. III mendean bere menpe izan zuen lurraldea eta ondoren hainbat dinastiaren aginteak etorri ziren, Kirat, Licchavi, Thakuri, Malla... gehienak hinduistak, Terai lautada baitzen beren bizilekua. Hala ere Buda hemen jaio zen eta budistentzako lau leku sakratuetatik bat Nepalen dago, Lumbini hain zuzen ere. Katmanduko ibarraren jabe ziren newariak izan ziren XVIII menderarte Nepalgo erresumaren muina. Hiriburua Bhaktapur zuten baina Katmandu zen hiri handiena eta jauregi ederrak zituzten Patanen ere.

Tenplu hinduak Patan hirian, Erdi Aroko hiru Newar erresuma bateko hiriburua
1952ko gobernua. Tribhuvan erregea erdian uniformez
Manifestazioa Katmandun, 2004ean

Nepalen batasuna

1768 urtean gurkha leinuko Prithvi Narayan Shah erregeak Katmandu konkistatzerakoan Nepalgo lurralde guztia batu zuen, eta Xah dinastiari hasiera eman zion. Beraz, data hori hartzen da Nepal herrialdearen fundazio data. Honek bere lurrak zabaltzeari ekin zion baina hegoaldean Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiarekin egin zuen topo 1814ean gerra anglo-gurkhoari hasiera emanez. Nepaldarrek Sikkim eta Terai eskualdearen hegoaldea galdu zuten baina ingelesek ezin izan zituzten mendialdeko igarobideak eskuratu. 1857an Zipaioen errebolta gertatu zen Indian eta nepaldarrek ingelesei lagundu zieten Terai eskualdea itzultzearen trukean. Gaur egun oraindik britaniar armadako elite taldea da Gurkha Dibisioa, ia lau mila soldaduk osatzen dutena.

XX mendea

Agintari absolutupean egon zen herrialdea XX. mendean. Erregeak Shah dinastiakoak ziren baina Rana familia indartsua zen de facto Nepal kontrolatzen zuena, lehen ministroaren kargua herentziaz jasotzen baitzuen. Rana familiak Lehen Mundu Gerran parte hartu nahi izateak herritarren haserrea ekarri zuen eta hurrengo urteetan matxinada eta istiluak izan ziren Nepalen. Egoera aprobetxatu nahian Tribhuvan erregeak mugimendu horiek gidatzen zituen Praja Parishadekin lan egin zuen Rana familiaren erregimena eror zedin. 1950ean ordea errege familia osoak alde egin behar izan zuen Ranatarren beldurrez baina bi hile baino ez zituen egin Indian, herriak Rana familia erregearen itzulera negoziatzera behartu baitzuen. 1955ean Tribhuvan hiltzean bere seme Mahendra bihurtu zen errege. Honek ez zuen demokrazia onartu eta 1960an konstituzioa bertan behera utzi, parlamentua desegin, alderdi politikoak ilegalizatu eta Bishweshwar Prasad Koirala lehen ministroa kartzelan sartu zuen.

1972an Birendra bihurtu zen errege. Hasieran aitaren monarkia absolutuarekin jarraitu bazuen ere herriaren presioak sistema aldatzera behartu zuen. 1980an egin zuen gaiaren inguruko lehenengo erreferenduma eta alderdi gabeko sistemaren aldekoek irabazi zuten bozken %55a lortuz.

Egoera politikoaz gain, mendearen lehenengo erdialdean oso nabarmena da 1934an Nepalek jasandako lurrikara, bere historiako suntsigarrienetakoa izan zena eta Bihar (India) eskualdea ere harrapatu izan zuena. Hildakoak 10.000 baino gehiago izan zirela kalkulatzen da.

Nepalgo gerra zibila

Hala ere, egoerak okerrera egin zuen eta 1990ean Nepal monarkia konstituzionala bihurtu zen, erregeak botere garrantzitsuak eta lausoak gordetzen bazituen ere. Ezegonkortasun politikoa areagotu baino ez da egin, batik bat 1996tik, alderdi komunista eta maoista matxinatu zenetik hain zuzen ere. Monarkia eta sistemako alderdi nagusiak ditu jomugan, instituzio feudalak eraitsi eta errepublika eraikitzeko nahian. Horrek guztiak gerra zibila eragin du: 13.000 lagun hil dira bertan.

Giro honetan errege familia osoaren erailketa etorri zen. 2001ean Dipendra printzea Katmanduko Tribhuvan Sadan jauregian armaturik sartu eta bere aita eta anai arrebak hil zituen. Ondoren bere buruaz beste egin zuen, errege familia ondorengorik gabe gelditu zen orduan. Birendraren anaia gaztea zen Gyanendra bihurtu zen errege.

Matxinoak kontrolatzeko aitzakian (herrialdearen % 60 zuten menpe), errege berriak parlamentua itxi eta 2002an hautatu zen lehen ministroa kaleratu eta bere gustuko lehen ministroa jarri zuen. 2005ean, "larrialdi egoera" deituta, botere betearazle osoak eskuratu zituen. Nolanahi ere, 2006ko apirilaren 24an, herriari subiranotasuna itzuli zion eta Ordezkarien Etxea berriro indarrean jarri. Botere berri horri esker, parlamentuak erregearen eskumenak aho batez murriztu zituen eta Nepali «estatu laiko» deitu zion. Konstituzioa ere eraberritu zen.

2008ko apirilaren 11ako hauteskundeak Nepalgo Alderdi Komunista-Maoistak (CPN-M) irabazi zituen bozen %30,5a lortuz[1]. Kongresuaren Alderdiak (NC) bozen %22,8a lortu zuen eta Nepalgo Alderdi Komunista Batua Marxista-Leninistak (CPN-UML), berriz, %21,6a. Horiek horrela, maoistek monarkia absolutua bertan behera uzteko asmoa adierazi zuten.

2008ko maiatzaren 28an Asanblada Konstituziogile berriak errepublika federal aldarrikatu zuen 564 bozetik aldeko 560 lortu ondoren. 240 urteko monarkiari amaiera eman zion.[2].

2014ko urriaren 17an, elurtearen ondorioz, 300 mendizale ingururen arrastoa topatu ezinik zebilen Nepalgo administrazioa. Tartean 60 atzerritar zeudela jakinarazi zuten. Ekaitzak, ordura arte, 27 lagun hil zituen[3].

2015eko lurrikara

Sakontzeko, irakurri: «2015eko Nepalgo lurrikara»

2015eko apirilaren 25ean herrialdea astindu zuen bere historia osoko lurrikararik bortitzenak, edo behintzat 1934an gertatutakoaren ostean latzena. 6.000 hildako baino gehiago eragin zuen eta epizentroa Lamjung hirian kokatu zen, Mendebaldeko eskualdean. Katmandu hiria eta inguruneak ere kaltetu zituen.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Nepalek azken bi hamarkadetan aldaketa politiko nabarmenak izan ditu, errege absolutua izatetik bi ganberatako sistema presidentziala izatera pasa baita, Ordezkarien ganbera (Pratinidhi Sabha), herritarrek aukeraturiko 205 ordezkari dituena, eta Kontseilu Nazionala (Rastriya Sabha), 60 ordezkariduna, 10 erregeak aukeraturikoak, 35 ordezkarien ganberak aukeraturikoak eta gainerako 15ak udalek aukeraturikoak. Bost urtetako legealdiak izaten dira. Gobernua erregeak eta aukeraturiko ministroek osatzen dute eta honek Lehen Ministroa aukeratzen du Nepalen ordezkari nagusi izateko.

Nepal da Asia guztiak heriotza zigorra ezabatua duen herrialde bakanetakoa eta sexu-bereko gizakien ezkontza proposatu izan da, oraindik onartu ez den arren.

Gaur egungo Konstituzioa 2015eko irailaren 20an jarri zen indarrean. Nepal honela definitzen du: " Etnia anitzeko, hizkuntza anitzeko, erlijio anitzeko eta kultura anitzeko jendea eremu geografiko anitzetan bizi dena, estatu aske batean, Nepalgo lurralde osotasunaren alde eta nazioaren interes eta garapenaren lde lan egiten duena."

2016tik aurrera Pushpa Kamal Dahal da Lehen Ministroa eta 2015etik aurrera Bidhya Devi Bhandari da Nepalgo presidentea.

Banaketa administratiboa

Garapen eskualdeak
Sakontzeko, irakurri: «Nepalen banaketa administratiboa»

Nepal 5 garapen eskualdetan eta 14 gunetan banatzen da. Halaber, 14 gune horiek 75 barrutitan banatzen dira.

Garapen eskualdeak/विकास क्षेत्र
EskualdeaAzalera (km²)BiztanleakHiriburuaHiri handiena
Ekialdeko eskualdea28.4565.344.476DhankutaBiratnagar
Erdialdeko eskualdea27.4108.031.629KatmanduKatmandu
Mendebaldeko eskualdea29.3984.571.013PokharaPokhara
Erdi-mendebaldeko eskualdea42.3783.012.975BirendranagarTribhuvannagar
Mendebaldeko Urruneko eskualdea19.5392.191.330Dipayal SilgadhiMahendranagar

Demografia

nepalgo etnien banaketa geografikoa

Banaketa etnikoa

Nepalen etnia ugarik egiten dute bat, nepaliak (khas edo pahariak), madhesiak, newariak, xerpak, gurungak, linbuak eta tamangak, besteak beste (ikus ondoko mapa).

  • Gurkha/Nepaldarrak: Gurkhek mendialdean zuten erreinuan dute jatorria, horregatik Khas edo pahari (menditar) ere esaten zaie eta gaur egun Nepalgo etniarik ugariena da. Hizkuntza indo-irandarra dute, aintzina gurkhali edo khaskura izenekoa, eta modernizatu ondoren nepalera. Gaur egun herrialdeko populazioaren %48ak erabiltzen duen hizkuntza da. Erlijioz hinduak dira eta kasta sistema batean antolaturik dago beren gizartea.
  • Newariak:Katmanduko ibarreko biztanleak dira eta XVII menderarte beraien dinastia izan zen Nepalgo erresuma handienaren agintari. Erregeen egoitza eta beraz hiriburua Bhaktapur izan arren hiri handiena Katmandu zen. Beren hizkuntza, nepal bhasa, tibet-birmaniarra da eta beraz erlijioz budistak dira. 1.245.232 pertsonako taldea da (2001).
  • Xerpak: 155.000 xerpa inguru daude Nepalen, eta mendi garaietan kokatzen dira. Txinako Sichuan probintziatik etorritakoak dira. Erlijio budista daukate.
  • Linbuak: Nepal ekialdean bizi den etnia budista da. 400.000 pertsona inguruk osatzen dute taldea.
  • Tamangak: Bagmati eta Janakpur inguruan bizi diren milioi eta erdi pertsonak osatzen duten etnia da. Beren tradizioen arabera Trisong tibetar erregeak bidali zituen 755.urtean bertara Tibeteko erresumaren muga zaintzera.

Hizkuntzak

Aniztasun etniko honek hizkuntza kopuru handia edukitzea dakar, hiru multzo nagusitan banatzen direnak: Indoariar hizkuntzak, Tibeto-Burmaniar hizkuntzak eta isolaturiko hizkuntza indigeno ugari.

Hizkuntza nagusiak nepalera (%44,6), maithilia (%11,7), bhojpuria (%6), tharua (%5,8), tamanga (%5,1), nepal bhasa (%3,2), bajjika (%3), magarra (%3), dotelia (%3) eta urdua (%2,6) dira.

Nepalerak sanskritoan du bere jatorria eta lexikoaren gehiengoa hizkuntza honetatik datorkio, nahiz eta hitz dezente ere badituen arabiera eta persieratik, hindi eta urdu hitz egiten zuten merkatariek ekarrita. Azken urteotan ingelesetik mailegu asko hartu ditu. Alfabetoa Devanagaria du. Nepaleko toki askotan ez da beste idazkerarik ikusten.

Erlijioak

Nepalen erlijio ezberdinetako eraikinak elkarren ondoan ikusten dira. Dena den hinduismoa da nagusi, biztanleriaren %81'3ak jarraitzen baitu. Budistak %9a baino ez diren arren, Siddhartha Gautama "Buda" bertan jaio zen eta budismoaren hiri sakratuetako bat Lumbini hiria da. Azkenik musulmanek %4'4a osatzen dute.

Hiri nagusiak

Nepalgo hiri handienak hauek dira:

  1. Katmandu (1.442.271 biztanle)
  2. Pokhara (293.696 biztanle)
  3. Biratnagar (189.000 biztanle)
  4. Patan (183.310 biztanle)

Azpiegiturak

Garraioa

Nepalen nazioarteko aireportu bakarra dago, Tribhuvan Nazioarteko Aireportua (nepaleraz त्रिभुवन विमानस्थल) (NAGE kodea: KTM).

Herrialdeko hiri garrantzitsuenak elkar konektatzen dituzten hiru errepide nagusi daude:

  • Mahendra errepidea: Terai lautada osoa zeharkatzen du, 1000 km-ko luzera du. Ibilbidea: Kakarvitta (mendebaldeko muga)-Janakpur-Butwal-Mahendranagar (ekialdeko muga).
  • Tribhuvan errepidea: Katmandu, hegoaldeko mugarekin konektatzen du. 158 km. Ibilbidea: Katmandu (Naubise)-Hetauda-Birganj (hegoaldeko muga).
  • Prithvi errepidea: Katmandu, mendialdearekin konektatzen du. 275 km. Ibilbidea: Katmandu-Pokhara-Baglung

Energia

Nepalgo energia iturri nagusia egurra da (%68). Honetaz gain nekazal hondarrak (%15a), animalien gorotzak (%8), eta inportaturiko erregai fosilak (%8a). Energiaren %1an baino ez du argi-indarrak betetzen. Argi-indar hau Himalaiatik jeisten diren ibaietan kokaturiko urtegietan lortzen da.

Hezkuntza

Herrialdearen alfabetizazioa gorantz doa, 2001ean %54,1a zen eta 2011an %65,9a. Gizonezkoak %75,1 eta emakumezkoak %57,4. Kathmandu hiriburuan dago alfabetizazio tasa altuena, %86,3.

Kultura

Gastronomia

Dal bhat.

Nepalgo plater ezagunena dal bhat da. Dilista-zopa zopa bat da eta alboan arroz egosia (bhat), tarkari currydun barazkiak eta luzokerrak (achar) edo chutni kondimentu pikantea. Ziapea asko erabiltzen da sukaldean.

Nepalgo eskualde askotan momoak dira jaki azkar tipikoena, haragiz edo barazkiz beteriko masazko bolak egosi egiten direnak.

Dantza eta musika

Eguneroko bizitzan oinarrituriko maitasun historiak edo deabru eta mamuen aurkako borrokak kontatzen dira musika eta dantza tradizionaletan.

Musika tradizionala zabalduena izan arren, estilo anitzetako musika tldeak badira Nepalen, pop, rock, nephop (Nepalgo hip hop-a) eta rap taldeak besteak beste.

Zinema

Manisha Koirala aktorea.

Nepalek zinemaren industria txikia badu baina bertako aktore gehienek Indiara jotzen dute, Bollywoodera. Manisha Koirala da aktore ezagunena.

Kirolak

Nepalgo kirol arrakastatsuena futbola da. 1921an iritsi zen Nepalera. Azken hamarkadetan kriketa indar handia hartzen hasi da. Nazioarte mailan ez du ordea emaitza handirik izan, ez futbolean eta ezta kriketean ere.

Mendizaleei laguntzen dieten xerpak dira mundu mailan ezagunenak eta denen artean aipagarriena Tenzing Norgay da, Edmund Hillaryrekin batera, 1953ko espedizio britainiarrarekin Everestera iritsi zen lehen gizakia izan zen.

Jaiak

Munduan jaialdi publiko gehien dituen herrialdea da, 36 egun urte osoan. Egutegi hindua jarraitzen dute, apirila erdialdean hasi eta bukatzen dena eta 12 hilabete dituzte. Jai egun handienak honako hauek dira:

  • Nazioaren Eguna: Erregearen urtebetetzea, abenduaren 28an.
  • Prithvi Jayanti: Urtarrilaren 11n.
  • Martirien eguna: Otsailaren 18an.
  • Jaialdi hindu eta budistak: Dashain, Tihar, Chhath, Swanti...

Iruditegia

Nepaldar famatuak

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.