Nekazaritza-makineria

Nekazaritza-makineria lugintzan erabiltzen den makina-multzoa da. Nekazaritzako makina bat atal finko eta higikorrez osatuta dago, eta nekazariei ahalbidetzen die lan bat egitea. Artikulu hau nekazaritzako makineriari buruzkoa da; ez nahastu nekazaritza-tresneriarekin (lurra lantzeko eskuz erabiltzen diren lanabesak, alegia).

Historia

Zaldiek bultzatutako makinak garia biltzen.

Antzinaroa

Antzinaroan zehar nekazaritzan eskulanak nagusitu ziren. Laborantzaren mekanizazioa goldea, golde-ereilea, trailua eta beste lanabes gutxi batzuk erabiltzera mugatzen zen. Oso aurrerakuntza garrantzitsua jazo zen giza indarra animalia-indarrak ordezkatu zuenean. Adibidez, aitzurretik goldera igaro zenean, lehenik gizakiaren eta ondoren idi baten indarraz bultzaturik[1].

Industria-iraultza

Industria-iraultzaren eta makina konplexuagoen garapenaren ondorioz, nekazaritza-prozesuak aurrerapauso nabarmena eman zuen. Garia igitatu beharrean, segalari-makinak gari kopuru jarraikia ebaki zezakeen. Aleari zegokionez, animaliaren zanpaketaz eultzitzearen ordez, gari-jotzaileak bereizten zuen alea zurtoinetik[2]. Makina horiek gehienek animalia-indarraz higitzen ziren, hala nola idiak edo mandoak erabiliz.

Lurrun-energia

Nekazaritza-makinak jatorrian animalia batek bultzatzen zituen. Lurrun-makinaren asmaketak garapen handia ekarri zuen: motor mugikorra agertu zen eta segidan lokomotorra, energi iturri erabilera anitzekoa, lehenik makina geldikorrak bultzatzeko (eultzilariak, batik bat) eta gero mugikorrak bulkatzeko (animaliak ordezkatuz)[3]. Gaur egungo estandarrari erreparatuz, lokomotorrek ahalmen gutxi zeukaten, errendimendu termiko urrikoak eta oso astunak ziren. Kausa horiek guztiek traktoretzat erabiltzea mugatzen zuten.

Barne-errekuntzako motorra

Barne-errekuntzako motorrak, hasieran Otto-ren zikloko motorra eta ondoren diesel-motorra, lokomotorren lekua hartu zuen XX. mendearen hasieratik aurrera. Traktoreen energia-iturri nagusi bihurtu zen. Halaber, uzta-makinak edota lainoztagailuak hornitzen zituen, laborantzako makina horiek guztiak autonomo bilaka zitezen. Denboraren poderioz, traktoreak izugarri hobetu ziren: euren errendimendu mekanikoa handiagotu egin zen (hau da, tiraketa-barraren potentziaren eta potentzi iturriaren arteko erlazioa), errendimendu termiko altuagoko motorrak gehitzen, etab. Izan ere, XXI. mendea hasi zenean, alde nabarmena zegoen egungo traktoreen eta 100 urte lehenagokoen artean.

Uzta-makinak garagar-alea biltzen.

Teknologia berriak

Garatutako nekazaritzako teknologia berriek ere makina berrien premia zuten. Horrenbestez, ongarri- eta fardo-makinak agertu ziren, besteak beste. Horretaz gainera, zenbait teknologia tradizionalak bertan behera utzi ziren. Esate baterako, zuzeneko ereintzak zaharkitu zituen bai lur-lantze makina oro (goldeak, eskuareak, etab.) bai ereile tradizional guztiak. Posizionamendu globaleko sistemek traktoreen eta beste zenbait makinaren gidatzeko lanari ekiten diote. Horrek ahalbidetzen du zehaztasun-nekazaritza, lur-azalera baten kudeaketa ahalik eta hoberen egiteko xedea duena.

Makina motak

Uzta-makina errekolta-lanetan nagusitu delarik ere, nekazaritza modernoan traktoreak gehienbat egin ohi ditu lanak. Erabiltzen dira beste makinak mugitzeko (ereileak, esate baterako).

Horren kasu argi bat laborantza-lana izaten da, non traktoreak burdinazko goldeak higiarazi eta lurrean ildoak eratzen baititu. Aktibitate horren bidez, lurra egokitzen da ereiteko. Gainera, belar gaiztoak hiltzeko eta ureztatze-lanak egiteko lagungarri izaten da.

Traktoreek ereileak ere bultzatzen dituzte. Azken horiek haziak lagatzen ditu ilara luzeetan, distantzia berera banaturik (60 edo 90 cm-ra, normalean). Ereite-lanak burutu eta gero, makina dezente daude lur-lanak egiteko: ongarria sakabanatzeko edota pestizida botatzeko, besteak beste. Lan horiek guztiak ez ezik, fardo-makina ere mugitzen du traktoreak.

Bestalde, ureztatze-lan modernoak zenbait makinatan du oinarria: ponpak, motorrak, etab. Gailu horiek ur-emari handiak lur-azalera zabaletara garraiatzeko erabiltzen dira. Antzeko prozesu bat jazotzen da, adibidez, pestizida eramateko.

Ihinztagailu bidezko ureztatze-lanak.

Nekazaritza-mekanizazioa

Nekazaritza-mekanizazioan, hots, lehenik animaliak eta ondoren makinak ordezkaturiko gizalanean, historian zehar etengabeko aurrerakuntzak izan dira. Prozesu hori bereziki bizkortu zen XIX. mendetik aurrera, lehen makinak agertu zirelarik, eta are gehiago motorraren eta traktorearen agerpenarekin. Mekanizazioak jaitsiera nabarmena eragin zuen laborantzako lanak egiteko denboran, baita horietan inbertituriko esfortzuan ere. Hortaz, kapitalak lana ordezkatu du, eta horrek produktibitatearen hazkunderako bidea eman du.

Adibidez, nekazari erromatar batek 1,3 kg gari ekoizten zuen lanordu bakoitzeko. Gaur egun, berriz, Argentinan bizi den beste nekazari batek 3000 kg gari ekoitz dezake lanordu bakoitzeko[4]. Nolanahi ere, produktibitate-igoera horren kausa ez dago mekanizazioan bakarrik. Haatik, nekazaritzan jazotako mekanizazioak garrantzi berezia izan duela aipatzekoa da, baina oso informazio gutxi dago nekazaritza-mekanizazioaren gainean. Munduko Bankuaren arabera, XX. mendearen amaieran 19 traktore egon ohi ziren 1000 ha bakoitzeko[5].

Datu horiek guztiek adierazten dute nekazaritzako mekanizazioaren erritmoa gero eta gehiago azkartuko dela. Horren ondorioz, gizakiak lanordu gutxiago eskaini behar izango du laborantza-lanak egiteko. Orduan, nekazaritzako-lanetan ari den jendeak beste sektoreetan lana bilatu behar izango du, landa-exodoa areagotuz.

Teknologia berriak etorkizunean

Nekazaritza-makineriako oinarrizko teknologia oso gutxi aldatu da azken mendean. Nahiz eta uzta-makinak eta ereileak hobetuz joan diren, oraindik ere uzta modu berean egiten jarraitzen da eta haziak modu berean ereiten dira. Bestalde, gizakiek makinak maneiatzeko erak aldatzen dihardute. Horren eragile nagusiak dira ordenagailuen kontrol-sistemak edota GPS bitarteko kokapenak, makinarik modernoenei ahalbidetzen dizkietenak lan-zehaztasuna, erregai-kontsumoan egindako aurrezpenak eta bestelako abantailak.

Dron batek lur-eremu baten gainean hegan egiten.

Azken aurrerakuntzak

Nekazaritzari buruz aldiro izaten diren kongresurik inportanteenetan (Demoagro edota Zaragozako FIMAn, esaterako) ikus daitezke laborantzan jazotzen diren aurrerakuntzarik modernoenak. Horietako bat da, esaterako, gidari gabeko edo autonomoa den traktorea. Hobekuntza horrek, denbora pasa ahala, erabat murriztuko du nekazariak traktorea gidatzeari eskaini behar dion ordu kopurua.

Beste aurrerapen batzuk izango dira, hala nola zerealen uzta-makinek darabilten alearen prozesatze-sistema berria eta ereite-sistema berriak. Alabaina, horietatik guztietatik nagusitzen diren aurrerakuntzak dira dronen eta roboten eransketa nekazaritza-lanetara. Azken horiek berotegietan lagunduko dute, hau da, landareak babesteko eraikitzen diren beirazko edo plastikozko aterpeetan[6]. Dronei dagokienez, lur-azaleraren gainetik hegan egin dezakete informazioa batzeko: tenperatura, hezetasuna, etab. landareen gaixotasunak ekiditeko, batik bat[7].

Nekazaritzako kode ireki hornikuntza

Laborantzan ari diren zenbait langile kezkatsu daude goi-mailako teknologiako makinak konpontzeko gaitasunik eza dela medio[8]. Nekazaritza-makineria ekoizten duten enpresek jabetza intelektualeko legea erabiltzen dute baserritarrei tresnak atontzeko ahalmena eman ez diezaieten. Edo behintzat euren gailuak nola konpondu behar diren gaineko informazioari buruz biderik ez izateko[9].

Nekazaritzako kode ireki hornikuntza, egoera horri aurre egiteko mugimendu bat da. Herrialde desberdinetako elkarteek eta ekimenek osatzen dute. Europan, kasu, Farm Labs webgunea badago[10]. Frantzian, aldiz, l'Atelier Paysan kooperatiba existitzen da, nekazariek ikas dezaten nola sortu eta konpondu euren tresnak[11]. Frantzian ere Ekylibre izeneko kode ireki konpainia bada, baserritarrei laborantza-lanetan laguntzeko kode ireki software bat (Saasa) ematen diena[12].

Ekoizle nabarmenak

  • Agrimac
  • Caterpillar
  • Claas
  • JCB
  • John Deere
  • Massey Ferguson
  • New Holland

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «Publicaciones» Colegio Oficial de Ingenieros Agrónomos Castilla León y Cantabria (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  2. (Ingelesez) Quick, Graeme R.. (1978). The grain harvesters.. ASAE., 269 or..
  3. (Ingelesez) Johnson, Paul C.. (1981). Farm power in the making of America.. WH Books., 136 or..
  4. (Gaztelaniaz) Frank, Rodolfo G.. (2017). Trigo y trabajo; ganar el pan con el sudor de la frente.. Dunken., 280 or..
  5. «Maquinaria agrícola, tractores por cada 100 kilómetros cuadrados de tierra cultivable | Data» datos.bancomundial.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  6. (Gaztelaniaz) «【 Novedades Técnicas en Maquinaria Agrícola】» Tractores y Máquinas (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  7. (Gaztelaniaz) El uso de drones en agricultura. (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  8. Wiens, Kyle. (2015-02-05). «New High-Tech Farm Equipment Is a Nightmare for Farmers» Wired ISSN 1059-1028. (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  9. Wiens, Kyle. (2015-04-21). «We Can't Let John Deere Destroy the Very Idea of Ownership» Wired ISSN 1059-1028. (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  10. (Ingelesez) farmlabs.org. «This is the Beginning of a network of open laboratories for agricultural research and experimentation» farmlabs.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  11. (Frantsesez) Gaillard, Chris. «L’Atelier Paysan» L’Atelier Paysan (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  12. «Ekylibre» ekylibre.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.