Neguko argiak
Neguko argiak 2018an Irati Elorrieta idazleak plazaratutako lehen eleberriaren izenburua da. Idazlearen aurreko lana 2008an argitaratu zuen ipuin bilduma izan zen, Burbuilak, alegia. Neguko argiak eleberriak arrakasta berezia izan zuen, 2019an Euskadi Literatura Saria lortuz. 2020ko otsailean hirugarren edizioa agertu zen. Eleberria Berlingo negu batean garatzen da (idazlea bertan bizi da) eta hortik datorkio izenburua eleberriari. Zentzu askotan liburu berritzailea izan da Elorrietarena.
Neguko argiak | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Irati Elorrieta |
Argitaratze-data | 2018 |
Argitaletxea | Pamiela |
Ezaugarriak | |
Hizkuntza | euskara |
Historia | |
Jasotako sariak |
Gaia
Eleberriak, orokorrean, haien herritik eta sustraietatik urrun dauden pertsonaia deserrotuak aurkezten ditu, nolabait norberak bere bidea bilatu nahian. Zentzu horretan pertsonaien psikologiak garrantzi handia du. Pertsona horien artean protagonismo nagusia bi euskal emakumeen gainean dago, Añes, bizkaitarra, eta Marta, nafarra, biak ala biak gizonezkoekin harreman zailak izn dituzten gazteak. Lehen unean Parisen eta, ondoren, Berlinen, haien arteko harremanak, eztabaidak eta arazoak ezagutuko ditugu. Planteamendu errealista honen barruan hilda dagoen pertsonaia agertuko da, Esteban, eta haren iritziak ere ezagutuko dira. Horrela azaltzen du edukia liburuaren azalak: "Porrotari, erresistentziari, ihesari edota berriz zerotik hasi beharrari buruzko kontakizunak harilkatuz, leku eta denbora ezberdinetako eszenak proiektatzen dira gizatalde solte baten barne munduan".[1] Elorrietaren esanetan, bestetik, gai zentrala «adiskidetasuna» da, «elkarrengana hurbiltzea, hartu-emanak...»[2]
Pertsonaia nagusiak
Liburuan zehar pertsonaia asko agertzen dira, 50 inguru. Bizimodu nahiko alternatiboa daramate, orokorrean, «Antolatu gabeko erresistentzia isila»ren protagonistak dira.[2] Hauek dira garrantzitsuenak:
- Añes: nolabait pertsonaia nagusia. Uribe Kostakoa da baina Parisen bizi zen, Brunorekin. Brunok ez zuen ondo tratatzen. Herrian Esteban utzi zuen, betidanik beraz maiteminduta egon den gaztea baina, hala ere, haien arteko harremana ezinezkoa izan zen. Bere familia eta herritik urrundu nahian Parisera joan zen. Zenbait momentutan egilearen alter ego izan daiteke.
- Marta: Nafarra, Parisen Añesi lagundu zion honek Brunorekin puskatu zuenean. Bere etxean jaso zuen. Marta haurdun dago. Umea Martinena da. Martinek Berlinera joateko esan zion eta Martak horrela egin zuen baina bikotearen harremana ez da ona: Martin ez da haurdunaldian inplikatzen. Añes Martarekin batera joan zen Berlinera.
- Esteban: Añesekin nerabetasunetik maiteminduta gazteak, hala ere, inoiz ez dute haien arteko harremana bideratu. Esteban, Añes Parisen zegoen bitartean, hil zen (ez da oso garbi gelditzen istripuz hil ote zen). Ondoren, Añesen aurrean agertzen da eta haien artean elkarrizketa luzeak izaten dituzte. Añesentzako Estebanen presentzia erabat erreala da.
- Martin: Martaren bikotekidea, berarekin haur bat izango du baina bikotekide gisa oso pertsona hotza da. Ez da Martarekin eta haurdunaldiarekin inplikatzen.
- Bruno: Añes ezagutu eta lana eskaini zion. Harremana lantik haratago joan zen eta elkarrekin bizi ziren Parisen. Brunok ez zuen Añes ondo tratatzen, benetako tratu txar psikologikoak eragiten. Añesek Brunorekin puskatu zuen eta Martarekin Berlinera joan zen, berriro ere ihes egiten.
- Xuan: Vietnamen jaiotako gizon homosexuala da. Familiaren laguntzaz haur adoptatua gisa Berlinera joan zen. Alemaniako hiriburuan bizi da eta Añesekin ondo moldatzen da. Pertsonaia nahasia da zeren eta, batetik, Ekialdeko jakinduriaren jabea ematen badu ere, baditu bestetik erreakzio biolentoak.
- Kappe jauna: Pertsonaia misteriotsua da eta, azkenean, liburuak ez du zein den argitzen. Kappek Berlingo Añesen etxebizitzan bizi zen bera hara joan aurretik. Añesek etxearen sotoetan ezkututa bizi den kaleko gizon batekin identifikatzen du baina azkenean okertuta zegoela esango zioten neskari.
- Lasse: Danimarkako gizona, bere arreba gaixotasun psikiatrikoa du. Haren aitaren heriotzaren ondorioz arreba, Karen, Berlinera eramango du berarekin.
- Kai: Salon Bruit kafetegian lan egiten du. Añesen laguna da eta elkarrekin harremanak izango dituzte.
Egitura
Nobelak 44 kapitulu ditu, gehienak nahiko laburrak, gertaera edo pasadizo baten gainean eraikita, ipuin laburrak izango liratekeen moduan. Guztien artean mosaiko edo sasi puzzle handi bat osatzen dute, sasi puzzle zeren eta pieza batzuk ez dira egoki sartuko, esaterako Estebanen heriotzaren ingurukoak, Marta eta Añesen arteko eztabaida, Kappe jaunaren pertsonalitatearen gaineko informazioa... Hari asko solteak geldituko dira. Liburuaren kontrazalak zera dio: "Eszena eta ahots franko zelatatzen ditu eleberriak, erritmo azkarreko film baten gisan",[1] eta hizkuntza zinematografiko hori sarritan aipatu da baian hori bigarren irakurketa izan beharko da zeren eta, zehaztasunak ez galtzeko, lehenengo irakurketa nahiko geldo egin behar baita.
Deskribapenak, hirienak zein pertsonaienak, garrantzitsuak dira: "Keinuek, begiradek eta elkarrizketek pisu handia dute. Era berean, inguruen, paisaien eta uneen deskribapen zehatzek ere kokatzen dituzte eleberria osatzen duten eszenak".[3]
Euskal literaturaren azken urteei begira, nolabait, 1972ko Luis Haranburu Altunaren Itsasoak ez du esperantzarik eleberriaren oihartzuna dakarkigu Elorrriagaren liburuak, gure literaturan gehiegi landu ez diren gaiekin lotzen.