Nazionalsozialismo
Nazionalsozialismoa edo nazismoa Alemanian 1933tik (eta Austrian 1938tik) 1945era boterean egon zen erregimenaren ideologia da, Adolf Hitler Alemaniako Langileen Alderdi Nazional Sozialistaren (NSDAP) buruzagiak boterera igotzean ezarritakoa. Hitlerrek diktadura bat ezarri zuen, Hirugarren Reich autoproklamatua. Reichak Austria Anschluss-etik bereganatu zuen, baita Sudeteak, Memel eta Danzig ere. Bigarren Mundu Gerran, naziek Polonia, Frantzia, Txekoslovakia, Hungaria, Herbehereak, Danimarka eta Norvegiako lurrak okupatu zituzten. Garai horretako Alemaniari Alemania nazia esaten zaio.
Sorrera
Hitler izan zen nazi alderdiaren sorreraren buruzagia. Adolf Hitler Braunau izeneko herrian, Austrian, jaio zen 1889.urtean. I. MG bolondres modura aritu zen, nahiz eta ezgai zela esan zioten. Aro honek asko markatu zuen. Versallesko itunarekin ez zegoenez ados, sozialistei, komunistei eta juduei gorroto itzela hartu zien eta honen ondorioz, guda deklaratu zien. Laisterrekin harremanetan jartzen da, Alemaniar Langileen Alderdiarekin, abertzaleak zirenak, lehen esandakoen kontra joateko. 1920. urtean, Langileen Alderdiaren 25 puntuak idatzi zituen eta hauek izan ziren Nazismoaren oinarriak eta urte bat geroago, beste alderdi batzuekin batzen da, Alderdi Nazional Sozialista sortuz.
Hedapena
1923. urtean Munichen estatu kolpe bat ematen saiatzen da, “Garagardotegiaren Putsch-a” izenez ezagutzen dena, baina honek ez zuen arrakasta izan eta Hitler preso sartu zuten. Kartzelan zegoela, Mein Kampf (euskaraz "Nire borroka") izeneko liburuaren lehenengo zatia idazten du. Baina ez zen bere bizitza osoan kartzelan egon eta hemendik ateratzerakoan, SSak sortzen ditu, Alderdi Naziaren segurtasuna antolatzeko. 1929ko Krack-aren ondorioz, Alemaniak krisi egoera larri batean murgildu zen eta egoera hau aprobetxatuz, Hitlerren hitzaldia indartu eta zabaldu zen. Urte bat geroago, alderdi naziak 3 miloi militante zituen.
Esan beharra dago Alderdi Nazional Sozialistaren “sozialista” hitzak, apaindura hutsa dela eta langileak erakartzeko bakarrik erabili zutela baina klase ertainak eta kapitala erakarriko ditu batez ere. Hitlerrek kartzelan zegoela idatzitako liburuan ideologia naziaren oinarriak zeuden, sistematizazioa falta zen bakarrik. Hitler ez zuen programa oso zehatz bat jarraitzen, baizik eta ideia sinpleen bitartez gizamultzoak bereganatzen zituen, ideia horiek behin eta berriz eta oso ozenki errepikatuz. Honen helburua gizartearen bihotzean sartzea zen eta jadanik hor egonda, honen instintu primarioak agerraraztea. Horretarako, hedabidea, irrati eta mikrofonoak maisuki erabiltzen zituzten beraien diskurtsoak adierazteko.
Ideologia
Hitlerrek, arraza zuria hobesten du beste guztien artean eta zurien artean berriz arraza “Arioa” indartsuena dela argudiatzen du. Horrela, Alemanian, juduen aurkako gorrotoa zabaldu zen eta beste europar herrien mespretxua ere. Hitler Gobineau, idazle eta pentsalari frantsesak, idatzitako “Arrazen desberdintasunak” liburuan oinarritzen da bere ideologia arrazista argudiatzeko. Bestalde, Alemanek beste herrialde batzuetako pertsonekin ezkontzea debekatu egiten da; hau da, Alemaniarra bakarrik nahastu gabekoa izango da. Alemania naziaren ustez, juduak ahulagoak ziren eta Hitlerren ustez, Lehen Mundu Gerran edukitako porrota juduen errua izan zen eta hainbat arau ipini zituen hauen kontra: juduek baztertuta mantendu behar ziren, alemaniar arraza ez zikintzeko eta Daviden izarrarekin markatuta atera behar ziren kalera. Azkenik, 1993. urtean, juduak kontzentrazio esparruetara bidaltzea erabakitzen dute. Nazi hitza Joseph Goebbels Propagandako Ministro naziak plazaratu zuen mitin batean, Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistako (Nationalsozialistische Deutsche Arbeiterpartei) kideak izendatzeko.
Ideologia politiko Alemanian agertu zen lehen aldiz 1930eko hamarkadan, herritarrak Lehen Mundu Gerra galdu izanaren ondorioak eta 1929ko kraka pairatzen ari zirela. Era berean, Adolf Hitlerri eta haren lanari (Mein Kampf; "Nire Borroka", euskaraz) hertsiki loturik dago.
Nazismoaren ezaugarri nagusiak ondokoak dira:
- Estatu indartsuaren zentralitatea eta garrantzia
- Gizabanakoen arteko desberdintasunaren aldarrikapena: Arraza arioaren gorespena
- Gidari edo "führer"rarekiko (Hitler bera) mirespena
- Inperialismoaren defentsa: Alemaniak bere lurraldeak handitzeko eskubidea zuen (Espazio Bitalaren Teoria)
- Militarismoa eta bortizkerian oinarritutako praktika
- Arau demokratikoak ez jarraitzea
- Hegemonismo sutsua
Bigarren Mundu Gerra osteko nazi-ideologiako pertsonei neonazi esaten zaie.
Nazien matematikako ariketa bat
« | Ero bat 4 marko kostatzen zaigu eguneko; elbarri bat, 5,5 marko; kriminal bat 3,5 marko. Sarritan, funtzionario batek ez du 4 marko baino gehiago kobratzen; enplegatu batek, 3,6 marko; aprendiz batek, 2 marko.
(...) Kalkulatu zenbat kostatzen zaizkigun urtero Alemaniako 300.000 eroak eta epileptikoak. Diru hori aurreztuko bagenu, 1.000 markoko zenbat mailegu emango genieko senar-emazte gazteei? |
» |
Nazien garaiko matematikako testu-liburu batetik hartutako ariketa. |
Gazteen hezkuntza
« | Gazteriarekin hasiko dut nire lan sortzailea, esan zuen Hitlerrek. Gu, zaharrak, gastatuta gaude [...], jada ez dugu sen basatirik. Gu ahulak gara, sentimentalak. Historia umiliagarri baten zama daramagu gainean [...]. Baina, ene gazteria bikaina! Zer-nolako giza materiala! Haiekin nire mundu berria eraiki ahal izango dut.
Nire pedagogia gogorra da. Gazteria heziko dugu, eta mundua beldurrez jarriko da haiek ikustean. Gazteria bortitza, larderiatsua, ausarta, gupidagabea. [...] Batez ere, atletikoa izan dadila: hori da garrantzitsuena. [...] Ez dut inolako hezkuntza intelektualik nahi. Jakintzak gazteak usteldu baino ez ditu egiten. |
» |
—Hermann Rauschning: Gespräche mit Hitler, Zürich 1940.[1] |
Alemaniar Langileen Alderdi Nazional Sozialistaren programa
« | Hitler harremanetan dago Txekoslovakiako eta Austriako alemaniarrekin, eta alemaniar guztiak Alemania handi batean biltzea eskatzen du [...]. Kemen berberaz, Versaillesko eta Saint Germaineko Itunak deuseztatzea eskatzen du, eta Alemaniari koloniak itzultzea.
Mugimendu horren programan aipamen berezia egiten zaio arrazismoaren ideiari [...]. Alemaniar herritartzat alemaniar arrazakoak soilik onartu nahi ditu, eta gainerakoen lege-estatutua atzerritarrena izatea eskatzen du. [...] Hitler parlamentarismoaren aurkakoa da. Hitlerren alderdiak, oraingoz, diktadura ezarri nahi du; diktadura horrek Alemaniako egungo miseria amaitu arte iraungo du. Diktadore hori, noski, Hitler izatea proposatzen da. |
» |
Nazionalsozialismoaren programaren printzipioak, Kreuzzeitung egunkariaren arabera, 1922ko abenduak 28. |
Ondorioak
Nazismoak eta Alemaniako Nazi estatuaren ekintzek herrialde, komunitate eta herri askotan eragin handia izan zuten, Bigarren Mundu Gerra aurretik eta ondoren. Nazien ideologiak bultzatu zuen nazio batzuen suntsipena azpigizakiak zirela argudiatzen; Britainia Handia, Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuetako ahalegin amankomunak geldiarazi zuena Bigarren Mundu Gerra irabaztean.
Erreferentziak
- Rauschning, Hermann.. (2005). Gespräche mit Hitler : mit dem Schlußkapitel "Hitler privat". (Reprint. argitaraldia) Europa-Verl ISBN 3856655158. PMC 179723981. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).