Natxo de Felipe
Natxo de Felipe Alonso (Bilbo, 1949ko irailaren 6a) euskal abeslari eta musikaria da, folk musikaren arlokoa. Ahotsaz aritzeaz gain, gitarra eta perkusioa jotzen ditu.
Natxo de Felipe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Natxo de Felipe Alonso, Ignacio Ángel de Felipe Alonso |
Jaiotza | Bilbo, 1949ko irailaren 6a (74 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria, musikaria eta kantugilea |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Oskorri |
Musika instrumentua | ahotsa |
"Oskorri" taldeko sortzaileetariko bat izan zen 1971n, eta 2015eko bukaera arrakastatsuraino iraun zuen, Anton Latxa eta Bixente Martinezekin batera.[1][2] 2015eko ekainean, iragarri zuten taldea desegingo zela, irailetik azarora bitartean agurreko zazpi kontzertu eman zuten.[3][4]
Horiez gain, beste hainbat kide izan zuen taldeak, besteak beste hauek: Xabier Zeberio (biolina eta ahotsa), Gorka Eskauriaza (baxua), Iñigo Egia (perkusioa), Josu Salbide (alboka, txirula, eta gaita), eta Iker Goenaga (trikitia).
Biografia
Bilboko Zazpikaleetan jaio zen eta bertan bizi da De Felipe. Ikasketei dagokienez, Medikuntza hasi zuen, bukatu ez zuen arren.
Euskara gaztetan ikasi zuen, 16 urte zituenean. Garai hartan, Gabriel Aresti poeta ezagutu zuen, eta Arestik harengan eragin handia izan zuen.[5]
Musikagile
Bertsotarako baliagarri diren 26 doinu jaso dizkio Bertsozale Elkarteak:[6] Aita-semeak tabernan daude, Andre eder gentil batek, Basa andere maitagarria, Behin batean mendi batean a, Biba gure arbola, Biribil-bao zer polita dan, Elikatzen gaituzu, Euskal Herrian euskaraz, Ez naiz kexatu neure denboran, Fueristak gera eta izango, Fueristak gera eta izango II, Gizon asko dabil hortik, Gizona pobre edo aberats, Gure euskera eder maitea II, Gure sukaldaria, Gure Violeta maitea, Heldu behar duen gauza, Horra zenbait zortziko, Itsasoa hasarre dago, Mosen Bernat jakin bahu, Oi euskara lauda ezak II, Pausorik pauso beti, Preso gaudenon ahoetatik, Sareak hedaturik, Zorioneko batasunean, Zu zara gure ama maitia.
Badok.eus atarian 156 kantutan agertzen da egile moduan.[7] Musikagile gutxik lortzen dute zenbaki hori. Etxahun Iruri-ren mailan dago Natxo de Felipe.
Oskorri taldea nola sortu zen kontatu zuten Amaia Okariz-ek eta Jon Sarasuak lau bertsotan ("Amaiaren ipuina").[8][9]
« | Behin batean mendi batean gizon lodi bat zegoen [...] Sinestu zuen lagunak ere |
» |
—Amaia Okariz eta Jon Sarasua. "Amaiaren ipuina". |
Bilboko Aste Nagusiko konpartsakidea
"Txomin Barullo" konpartsa bilbotarraren kidea da, bai eta Bilboko Aste Nagusiaren hasierako bultzatzaileetarikoa ere. 1978an sortu ziren Mari Jaia, konpartsak eta Aste Nagusi parte hartzailea, eta bera izan zen orduko Jai-Batzorde hartako kideetako bat.[10]
Zortzi urte geroago, 1986an, Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izan zen.[11]
1997an "Badator Mari Jaia" Bilboko Aste Nagusiaren abesti ofizial edo himnoaren grabazioan parte hartu zuen bere ahotsarekin. Edorta Jimenez idazleak letrak eta Kepa Junkera trikitilariak musika eta moldaketa egin zituzten, eta parte-hartzaileen artean Ibon Koteron musikaria eta Natxo de Felipe, Anton Latxa, Alex Sardui, Francis Diez, Gorka Sarriegi eta Ixiar Oreja abeslariak agertu ziren.[12]
Sariak eta errekonozimenduak
- 1986an Blboko Aste Nagusiko pregoilaria izan zen.
- 2014an Joseba Sarrionandia poetak Alegrantziaren aldeko konjura abestian Natxo Soinulari aipatzen zuen (Gose taldearen Gosariak diskoan)[13]
« | [...]
Bob Marley ere heldu da |
» |
—Joseba Sarrionandia. Alegrantziaren aldeko konjura. Gosariak |
Erreferentziak
- Iñigo Astiz: «Natxo de Felipe, musikaria: "Handiagoak dira kontatzeko ditugunak kontatutakoak baino"», Berria, 2013-04-05.
- (Gaztelaniaz) Gorospe, Pedro. (2015-11-22). «Santa Cecilia llora por Oskorri» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-12-05).
- Igor Susaeta: «Ikurretako baten agurra», Berria, 2015-06-16.
- «Natxo de Felipe: "Aresti hil zenez gero, euskara gelditu da erdi funtzionario diren batzuen eskutan"» Berria 2013-04-04 (Noiz kontsultatua: 2023-12-05).
- Xabier Mendiguren Elizegi: «Gabriel, Natxo, Oskorri», Nire uste harroan bloga, 2015-06-28.
- Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Natxo De Felipe - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-25).
- «"Natxo de Felipe" egile moduan bilatzearen emaitza Badok.eus atarian (156 abesti)» Badok (Noiz kontsultatua: 2023-01-28).
- Amaiaren ipuina, Oskorri-ren "Landalan" diskotik. Musikasten (Noiz kontsultatua: 2023-01-28).
- Oskorri. (1995). «Landalan» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-28).
- Arteaga, Maialen. «Matxinada txikietatik loratutakoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-25).
- Torre, Josu. (2016-08-25). «Pregoilaria» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-12-05).
- Astiz, Iñigo. «Marijaia kantuan hasi zenekoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
- «Gosariak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-17).