Nathaniel Hawthorne

Nathaniel Hawthorne (Salem, Masachusets, 1804ko uztailaren 4a - Plymouth, New Hampshire, 1864ko maiatzaren 19a) estatubatuar eleberrigile eta ipuingilea izan zen. Estatu Batuetako literaturako funtsezko autoreetakoa da. Kontakizun laburrengatik da ezaguna batez ere -berak «ipuinak» deitzen zituen, askotan eduki beldurgarriarekin, garaiko gustuari jarraituz- eta lau eleberri luzerengatik: The Scarlet Letter, 1850; The house of the Seven Gables, 1851; The Blithedale Romance, 1852; eta The Marble Faun, 1860. Haurrentzako liburu asko ere argitaratu zituen.

Nathaniel Hawthorne

enbaxadore

1853 - 1857
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakNathaniel Hathorne
JaiotzaSalem (Massachusetts), 1804ko uztailaren 4a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaPlymouth (en) Itzuli, 1864ko maiatzaren 19a (59 urte)
Hobiratze lekuaSleepy Hollow Cemetery (en) Itzuli
Familia
AitaNathaniel Hathorne
AmaElizabeth Clarke Hathorne
Ezkontidea(k)Sophia Hawthorne (en) Itzuli
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaBowdoin College (en) Itzuli 1825)
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakeleberrigilea, idazlea, diplomazialaria, haur literatura idazlea eta zientzia-fikzio idazlea
Lan nabarmenak
KidetzaPhi Beta Kappa Elkartea
Mugimenduaerromantizismoa
Izengoitia(k)Monsieur de l’Aubépine
Genero artistikoaGothic literature (en) Itzuli
kontakizun laburra
eleberri laburra
eleberria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaunitarismoa
Alderdi politikoa Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokrata

IMDB: nm0370426 Allocine: 197844 Allmovie: p217439 IBDB: 10936
Musicbrainz: 72814fde-3d14-4b85-90ea-0e9d970fac02 Discogs: 3180789 Find a Grave: 459 Edit the value on Wikidata

Nathaniel Hawthorne, Estatu Batuetako lehen eleberrigile belaunaldikoa, XIX. mendeko estatubatuar kontalari nagusia da, gertaera eta pertsonaia aldi berean misteriotsu, beldurgarri eta anbiguoak sortzeko zuen trebetasun bereziagatik, eta baita bere estiloaren edertasunagatik ere. Edgar Allan Poe bezala estatubatuar erromantizismoan kokatuta, bere lanik gehienak Ingalaterra Berria dute gertaleku, eta garaiko giro puritanoa erretratatzen dute. Herman Melville lagun handia izan zen eta hark bere maisulan Moby Dick donkitu zion.

Hawthorneren obraren muina bekatuaren inguruko gogoeta da, eta egiteko horretan sinboloak eta alegoriak erabiltzen ditu. Etika, metafisika eta psikearen alorreko gertakariak darabiltza, baina gizartearen gorabehera konkretuak alde batera uzten ditu. Bikaina da Hawthorneren kontaeraren estiloa, eta oso xehea pertsonaien psikologiaren azterketa. Hawthorneren obrak bere garaiko estatubatuar autoreen zein gerokoen onespena izan du: Edgar Allan Poe, Herman Melville, Henry James, William Faulkner.

Bizitza eta obrak

Nathaniel Hawthorne, 1860ko hamarkadan.

Nathaniel Hawthorne 1804ko uztailaren 4an jaio zen Salemen (Massachusetts), antzinako familia puritano batean (XVII. mendeko asaba bat epaile izana zen Salemgo sorginen aurkako auzi ezagunetan). Lau urte zituela aita galdu eta amak hezi zuen giro ilunean eta puritanismoaren barruan. Hawthorneren obran islatzen dira, alde batetik, tradizio kalbinisten iraupena eta, bestetik, merkatari gizartearen baitan murgildurik bizi beharra duen artista estatubatuarraren bakardadea.

Tradizioak zioenez, Ameriketara heldutako lehen Hawthornetarrak, William epaileak, kuakeroen eta sorginen erasotzaile izan zen hark, bere biktimetako baten madarikazioa jaso omen zuen: «Jaungoikoak emango ahal dizu odola edaten!». Nathanielek istripu bat izan zuen zangoak aldi batez elbarri utzi zizkiona, eta badirudi urkabetik jaurtikitako oihuaren urruneko ondorioa ikusi zuela hartan; ez da harritzekoa, erru eta predestinazioaren teologian bizi zen batengan. Eskolan ezagutu zituen Henry Wadsworth Longfellow poeta eta estatubatuar lehendakari izatekoa zen Franklin Pierce. Eskolatik itzulita, 1825etik aurrera, etxean sartuta egon zen hamabi urtez ia: klasikoak eta ingelesezko literaturako idazle nagusiak irakurtzen jardun zuen, aldi berean bere literatura propioa landuz. Lan horren guztiaren emaitza ipuinen generoko zenbait maisulan izan ziren, aldi berean direnak ipuin kritikoak, alegorikoak eta beldurgarriak.

Bostongo aduana etxea, bi urtez Hawthorneren lantoki izan zena.

Horien artean aipagarriak dira My Kinsman Major Molineux (Molineux maiorra nire ahaidea) eta Young Goodman Brown (Goodman Brown gaztea), aurrenekoz, arrakasta handiz, egunkarietan argitaratu zirenak. Urte batzuk geroago egileak Twice-Told Tales (1837, Bi aldiz kontatutako ipuinak) liburuan bildu zituen ipuin haiek.

Lord Byronen eragina nabarmena du lehen eleberrian, Fanshawe (1828); historia gotiko bihurri horrekin ez zuen inolako arrakastarik izan.

Ikasketetan lizentzia lortu ondoren, hamabi urte eman zituen amaren etxean (1825-1837). Twice Told Tales (1837, Bi aldiz kontaturiko ipuinak), egonaldi hartan idatzitako liburuarekin eman zuen bere burua ezagutzera.

1842an ezkondu ondoren, Concorden bizi izan zen, eta Mosses from an Old Manse (1846, Egoitza zahar bateko goroldioak) da aldi hartako adierazgarri autobiografikoa. Salemgo aduana inspektore izendatu eta handik bi urtera egotzi zuten kargutik, arrazoi politikoak zirela kausa (1846-1848).

Nathaniel Hawthorneren dagerrotipoa, John Adams Whipplek egina (1848).

Geroago argitaratu zuen bere eleberri nagusia: The scarlet letter (1850, Gutun eskarlata). Emakume adulteriogile baten eta haren ezustezko lagunaren historia horrek arrakasta handia izan zuen. Hawthorneren eleberririk ezagunena da, eta segur aski hoberena. Eleberri hori aldi berean da Estatu Batuetako kulturaren oinarrietako bat izan zen sistema puritanoaren azterketa eta salaketa gogorra.

Hawthorneren hilobia.

Lenoxen bizi zela izan zuen aldi emankorrena: The house of the Seven Gables (1851, Zazpi teilatuetako etxea); The Snow Image and Other twice told Tales (1851, Elurrezko irudia eta bi aldiz kontaturiko ipuin gehiago); The Blithedale Romance (1852, Blithedaleko eleberria), Brook Farm komunitate utopikoan izandako esperientziak inspiratua. Orduan ezagutu zuen Herman Melville. Berriro Concordera itzulirik, Pierce lehendakarigaiaren biografia ofiziala argitaratu zuen, eta hark lehendakaritza eskuratu eta Liverpoolgo kontsulatua eskaini zion. Sei urte iragan zituen Europan. The Marble Faun (1860, Marmolezko faunoa) eleberria Italian girotua da. Ameriketara itzulirik, Gerra Zibilak eta familiako zorigaitzek Hawthorneren oreka minbera okerreragotu zuten. Hiltzean, amaitu gabe utzi zituen eleberri batzuk.

Estatubatuar literaturaren abiarazleetakoa

XIX. mendearen hasieran, Ameriketako Estatu Batuek ez zuten kultura berezirik. Literatura, artea eta musika Europatik zetozen, Ingalaterratik bereziki. Ez zirudien Europatik ez zetozen gauzek batere merezi zutenik. Baina 1815-1865 urteetan, kulturaren loraldi bat gertatu zen Ingalaterra Berrian, N. Hawthorne, Henry Wadsworth Longfellow, Ralph Waldo Emerson, Henry David Thoreau, Oliver Wendell Holmes eta William Prescott idazleen lanarekin. Idazleok adiskideak ziren: Longfellow eta Hawthorne ikaskideak izan ziren Bowdoin College ikastetxean, eta Hawthornek eman zion Longfellowri Evangeline bere poema famatuenetako baten ideia. Biak ziren Ingalaterra Berriko historiaren protagonisten ondorengoak. Alabaina, pertsona eta idazle ezin desberdinagoak izan ziren, beren obra bezalaxe. Longfellow eta bere obra baikorrak dira; bizitzaren -Ameriketako Estatu Batuen- pozari eta edertasunari kantatzen diote, eta horrek eman dio arrakasta; Hawthornek, Salemgo sorginen epaile baten ondorengoa bera, Salemen bertan jaioa, bizitzaren -berriz ere Amerikaren, Ingalaterra Berri puritanoaren- alderdi ezkutua, iluna, beldurgarria erakusten du, estatubatuar idazle handienek, Edgar Allan Poek eta William Faulknerrek jarraituko zuten bidetik, eta horrexegatik dago Hawthorne, eta bereziki haren Scarlet letter (Gutun eskarlata), oraindik indarrean.

Estatu Batuetako kontalari handia

Nathaniel Hawthorneren estatua, Salem, Masachusets.

Hiru ezaugarritan oinarritzen da Hawthornek estatubatuar fikzio idazleen artean betetzen duen leku nagusia:

  1. Aurrena, esan beharra dago formaren eta egituraren zentzu berezia zuela. Gutun eskarlataren egitura, adibidez, hain estu dago osatua, non ezin baita kapitulu bat ezabatu, ezta paragrafo bat ere, osotasuna hondatu gabe. Liburuko lau pertsonaia nagusiak (Hester, emakume protagonista, adulteriogilea eta zigor gisa bizitza osoan A letra bat -adulteress-, bularrean josia eraman behar duena; senarra, Chillingworth, mendeku bila etorritako gizon zitala; adulteriotik sortutako alaba txikia, Pearl, sorgina dirudiena; eta Arthur Dimmesdale apaiz ia santua, Hesterren ezkutuko maitale izana), hain daude elkarri lotuak sare nahasi batean, ematen du irtenbiderik ez dutela; kontaeraren haria, berriz, ekintzaren batasunean, halabeharrez bilbatzen da harik eta klimaxera, Dimmesdaleren aitortza publikora, iristen den arte, Hesterren besoetan hil aurretik. Eraikuntza trinko hori bera dute Hawthorneren beste idatziek ere, bereziki kontakizun laburragoek, ipuinek. Era berean, Hawthornek maisutasunez menderatzen zuen idazkera klasikoa, zuzena, argia, sendoa eta ziurra.
  2. Hawthorneren lanaren bigarren ezaugarria moraltasuna da. Idazlea moraltasun zorrotzenaren tradizio puritanoaren ondorengoa zen, eta ororen gainetik sortzezko bekatuaren eta erruaren kontzeptuak, eta legearen eta kontzientziaren betebeharrak arduratzen zuten. Hawthornek ukatu egin zuen transzendentalistek bere ustez gizatasunaren ahalmenei buruz zuten gehiegizko optimismoa (transzendentalismoa Ingalaterra Berriko mugimendu erlijioso demokraziazalea zen, Ameriketako Estatu Batu modernoaren sorreran erabakigarria izan zena), eta haiek ez bezala, idazleak bizitzaren alderdi sakonenei begiratzen zien, eta sufrimendua eta gatazka aurkitzen zituen, baina baita maitasunaren erredentzio indarra ere: maitasunak salbatuko ditu Gutun eskarlatan salbatzen diren bakarrak, Hester eta haren alaba. Baina Hawthorneren lanetan ez dago ihesbide erromantikorik, gizatasunaren gertaera psikologiko eta moralen ikerketa xehea baizik.
  3. Hawthorneren garrantzia agertzen duen hirugarren arrazoia alegoriaren eta sinbolismoaren erabilera bikaina da. Fikziozko pertsonaiek eta gatazkek gizakiaren existentziaren arazo orokorragoak adierazten dituzte. Baina ez dira inondik inora sinbolo hutsak: benetako tragediaren indarra, sendotasuna eta garapen ezin saihestuzkoa dute Hawthorneren pertsonaia eta gertaera nahasi ilunek. Gutun eskarlatan bereziki eraginkorra da sinbolismoaren erabilera, letra gorriak berak hartzen duen esanahiak eta eremuak guztiz gainditzen baitu oihal zati baten literaltasuna.

Horregatik guztiagatik, Hawthorneren lanak eraiki zuen Estatu Batuetako fikzioaren tradizio iraunkorrena, hau da, erruaren unibertsaltasuna beretzen eta gizakiaren aukeren zailtasuna eta anbiguotasuna aztertzen dituen eleberri sinbolikoarena.

Estatubatuar idazleek gutxitan berdindu dute, eta ez dute inoiz gainditu, Hawthorneren istorio labur batzuen eta Gutun eskarlataren sakontasun moral eta psikologikoa.

Lanak

Eleberriak

  • Fanshawe, a Tale (1828)
  • The Scarlet Letter (1850)
  • The House of the Seven Gables (1851)
  • The Blithedale Romance (1852)
  • The Marble Faun (1860)
  • (Amaitu gabeko eleberriak: Septimius Felton (1872); The Dolliver Romance, and Other Pieces (1876); Doctor Grimshawe's Secret (1883); The Ancestral Footstep (1883)).

Ipuinak

  • Twice-Told Tales (1837)
  • Mosses from an Old Manse (1846)
  • The Snow-Image, and Other Tales (1851)

Haurrentzako ipuinak

Midas erregearen mitoaren irudia, A Wonder Book for Girls and Boys libururako Walter Cranek egina.
  • Grandfather's Chair (1841)
  • Famous Old People (1841)
  • Liberty Tree (1841)
  • Biographical Stories for Children (1842)
  • A Wonder Book for Girls and Boys (1851)
  • Tanglewood Tales for Girls and Boys (1853).

Biografia

  • Life of Franklin Pierce (1852)

Ikus, gainera

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nathaniel Hawthorne Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.