Nasa (trenbidea)

Nasa oro har hormigoi edo zementuzko plataforma da, zurezkoa ere izan daitekelarik, zenbait garraiobidetara sarbidea errazteko eraikia. Batez ere burdinbideetan erabiltzen da, nasen gainetik pertsonak ibiltzen direla, trenbideetatik aldenduz. Nasak geraleku edo geltokian zehar hedatzen dira, eta askotan zenbakituta daude, 1 zenbakitik hasita, 0 zenbakitik hasita edo A letratik hasita.

Gasteizko tren geltokiko trenbideak eta nasak

Nasa motak

Nasa moten artean hurrengoak aipa daitezke: albokoak, zentralak eta kai nasak.

Alboko nasa arruntena da, trenak alde batetik heldu eta beste aldera urruntzen dela. Nasa zentralak alde bakoitzera bide bana du, trenbideak bi aldeetatik hedatzen direla. Horregatik ingelesez uharte-nasa ere esaten zaio. Nasara iristeko zubi, tunel edo pasonibelak egon ohi dira, eskailera, arrapala, igogailu edota horien arteko konbinaketaz hornituta. Kai nasa trenbidea amaitzen den tokian dagoen nasa da. Kai nasara heltzen diren trenek kontrako noranzkoa hartu behar dute.

Zerbitzuak

Geltokiko eraikinari atxikita ez dauden nasetan ere normalean geltokiko zerbitzu batzuk eskaintzen dira. Hala, nasek estalkiak, argiztapena, eserlekuak, zakarrontziak eta abarrez hornituta daude, eta zerbitzuen informazioari dagokionez ordutegi panel estatikoak, pantailak edota megafonoak egon ohi dira.

Irisgarritasuna

Nasa eta tranbiaren zorua kota berera
Burgos Rosa de Lima geltokian trena gelditu gabe jarraitzeko nasa gabeko trenbidea dago
Segurtasun seinaleak nasan

Hasiera batean nasak trenbidearen kota berean kokatutako azalerak ziren, horrek ekartzen zuen irisgarritasun arazoekin, nasa eta trenaren zoruko altuera ezberdintasuna handiegia izateagatik. Gaur egun nasak trenbideetatik gora eraikitzen dira, eta kasu batzuetan trenen zoruko kota berera egiten dira, altuera aldeari dagozkion irisgarritasun arazoak konponduz. Kasu batzuetan nasa trenaren zorua baino gorago gelditzen da.

Euskal Herrian, Bilboko metroa, Euskotren Trena eta Euskotren Tranbia sareetako geltoki guztietan nasak eta tren edo tranbien zoruak altuera berean daude, eta baita Bilboko Renfeko Aldirietako C-1 eta C-2 lineetan ere. C-3 linean, aldiz, altuera ezberdintasuna dago, gainditzeko trenek eskailerak dituztela. Donostiako Renfeko Aldirietan ere altuera ezberdintasuna gainditu beharra dago.

Bestalde, nasa eta trenaren arteko tartea ere aipatu beharra dago.

Segurtasuna

Abiadura Handiko Trenbideak

Trenbide sare askotan, nasaren beheko mailan, ertzean zehar, toki librea dago pertsonaren bat trenbidera erortzekotan bertan sartu ahal izateko, etor litezkeen trenek ez harrapatzeko.

Abiadura handiko trenbideeetatik gelditu gabe pasatzen diren trenek segurtasun arazoak sor ditzakete, pasatzen den trenaren abiadura zenbat eta handiagoa izanik, nasaren izkinatiko segurtasun distantzia handitu behar delako. Hainbat herrialdetan, segurtasun neurri modura, gelditzen ez diren trenek nasa batetik 200 km/h abiaduratik behera pasatzera derrigortuta daude. Arazoari aurre egiteko beste modu bat geltoki ondoan nasarik gabeko trenbidea eraikitzea da, trenak aurrera jarrai dezan geltokitik pasa gabe.

Metro automatikoak

Hainbat metro lineatan nasako ateak daude, nasa eta trenbidearen artean. Oro har metro automatiko lineatan ematen da aipatutako sistema, Mamarigako anezka linean kasurako. Trena geltokira heldu eta bere ateak nasako ateen parean kokatu ondoren, trena gelditu eta ateak automatikoki zabaltzen dira. Hala, trenbidera erortzeko arriskua alde batera uzten da, eta bestalde, geltokian eta trenbideko tunelean airea independienteki girotzea ahalbidetzen da.

Seinaleak

Nasek askotan dute pertsonek trenbideetara ez hurbiltzeko abisu edota segurtasun seinale ezberdinak. Oro har nasaren ertzetik gertu ikusterraz den koloreko banda jartzen da, askotan horia, trena geldi dagoenean besterik ez pasatzeko oharra idatzita. Itsuentzako nasaren ertzetik distantzia jakin batera zoru podotaktil deritzona jartzen da.

Kurbak

Geltokietako nasak zuzenak izatea izan ohi da onena, baina kasu batzuetan trenbidearen ibilbideagatik ezinezkoa da eta geltokiak kurban egon daitezke. Kurbadura handiak dituzten nasetan, trena gelditzean atea ireki eta trena eta nasaren arteko tartea nabaria izaten da, horrek ekar dezakeen arazoarekin. Askotan geltoki mota hauetan oharrak ematen dira bidaiariak kontuz ibil daitezen. Euskotren Trenaren EMU900 serieko trenek tartea gainditzeko arrapalak dituzte. Bilboko metroan eta Renfeko Aldiriko sareetan megafonia bidezko oharrak ematen dira.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.